Xabier
Diharce, "Iratzeder" izenarekin ezaguna, 1920. Urtean,
Donibane Lohizunen sortu zen. Apaiz beneditar sartu Bastida eta
Bardozeren artean kokatzen den Belokeko frailetxean. 60 urte baino
gehiago han iragan ditu fraileen Abade izan zela garai batean.
"Otoizlari" euskarazko aldizkaria han plazaratu zuen
urte askoz, Corde Magnoîrekin batera. "Salmoak"
obra nagusiaren egokitzaile izan denak toki nagusia hartu du euskal
liturgia berriaren hedapenean, Batikanoko Kontzilioaren ostean
60.eko hamarkadan hedatu zenean. Poesi idazlea gaztarotik,
poesi bilduma nagusi batek "Biziaren Olerkiak", 1983an,
biltzen ditu bere lan nagusiak. "Pindar eta lano" lehen
olerki bilduma 1946.an argitaratu zen. Belokeko mendixkan, bere
aspaldiko izerumendian aurkitu dugu Xabier Diharce Iratzeder.
Bere biziaren eta poesiaren urratsak apaltasun handienean agertu
dizkigu udazkeneko eguzkiak argitu zuhaitz ederren gerizan.
-Ezagutzen ez zaituztenentzat,
Iratzeder izen hori, nondik heldu zaizun orroitarazten ahal duzu? Ene
izena zen Diharce eta bilatzen nuen nundik ateratzen zen izen
hori eta, orduan pentsatu nuen "ihartz", iratzetik heldu
zela eta orduan iratz izenaren edertzeko, eman nuen Iratzeder.
-Ez duzu estakuru aski haundia
hori: iratzeak baditu bertute berezi batzu behar bada eta edertasun
berezi bat ere, hori azpimarratu nahi izan duzu? Iratzeak
mendian bizi dira larre zokoetan, eta orduan iratzea, libertatearen
izen bat izaitean, eta ez bakarrik libertatea, bainan mendi tokietan
sortzen den landarea, iratzea.
-Gauza guttirekin hazten denak
beharbada lur puska ttipi bat aski baitu... Bainan ura beharrezkoa
du. Bai, bainan haizeak bizi
ematen dio iratzeari eta orduan pentsatzen nuen bertsularia hola
dela eta, mendiko haizeak edo itsasoko haizeak jotzen duela haren
gogoa eta orduan pertsuak sortzen zaizkiola.
-Ez da sekretu handi baten
salatzea bizi luze bat eramaiten ari zarela. Bainan, egungo egunean
zer da zure eguneroko bizia hemen Beloken, zer egiten duzu egun
batez eman dezagun? Sei
orenetan jeiki, seiak eta erditan bertze fraidekin Salmoak kantatu
egunaren eskaintzeko, gero zortzi orenetan gosaldu eta lanari
lotu, ene lanetan, ene liburuetan. Eta gero, eguerditan, meza
kantatzen dugu elgarrekin haundizki eta, arratsaldean berriz ene
lanean hasten. Eta arratsean badugu elgarrekilako bilkura bat.
Aita Abadea mintzo zaiku eta bakotxak bere eguneko berriak ematen
ditu. Elgarrekin bizi gira, alo. Ene lana da egunean bortz aldiz
Salmoak kantatzea, eta gero artetan egiten ditu lanak, eta ahal
dutanean pertsuak egiten ditut ere.
-Eta
zer liburu mota irakurtzen duzu, euskarazko liburu asko, agertzen
diren liburuak, eman dezagun? Ez dut ainitz irakurtzen.
Bainan amets frango egiten dut, amets eta otoitz, eta orduan hor
atxemaiten ditut ene pertsu gaiak.
-Salmoen itzultzaile, egokitzaileetarik
edo egokitzaile nagusietarik zara Euskal Herrian. Hortako erabili
duzun euskara nolakoa izan da? Nola lantu duzu hori? Egokitze
lan hori, euskararat egiten den hori ez baita erretxa... Salmoak
latinez ikasi nituen hemen. Latinez kantatzen ginituen, eta orduan,
bainuen usaia edo ohitura, pertsuen egitea, bertze fraideekin
latinez Salmoak kantatu eta, euskaraz kantatzen nituen ene bihotzean,
eta batzuetan agertarazten sortzen zitzaizkidan bertsuak.
-Erraiten da ainitz latina
ikasi dutenek, hots apezek, Axularren etsenplua emanez, latin
forma horiek euskaran ainitz gehiegi sartu dituztela. Zuk hori
lanjer bat bezala senditu duzu ala kasu eman duzu herriko euskarari?
Edo, nolako euskara erabiltzen duzu: Donibaneko euskara hortarik
abiatu zara, bixtan da... Bai,
gustatu zaizkitanak dira euskal kantu zaharrak, eta orduan kantu
horiek izan dira ene erakasleak. Euskara ikasteko, ez dut erakaslerik
izan, baizik etxekoak. Bertzenaz, pertsuetan eta kantuetan ikasi
dut nola erabili behar ziren gogoetak.
-Gogoeta horiek zure bizian
ere oinarritzen dira. Xabier Diharce "ttipi" horrek
izan duen kulturak efektu haundia izan du, ala ez, eskuararen
eta zure produkzione edo ekoizpen hortan? Haurretik ainitz euskal
kantu ikasi dut eta euskal kantu horiek izan dira ene erakasleak.
-Maiz erraiten duzu zure aitak, apezteko gogoa agertzearekin,
kasik bortxatu zintuela euskararen ikastera! Eskolatik sartzen
ginenean, hasten ginen frantsesez mintzatzen, eskolan bezala,
eta orduan aitak oihu egiten zuen: "Euskaraz!". Eta
atxikiak izan gira euskarari hola. Eta gero euskal kantu anitz
ikasi dut. Euskal kantu etarik ikasi dut nola erabili behar zen
euskal mundu pollita, hunkigarria. Errabiatua nintzen euskal kantuen
ikasten, eta han nituen kantu guziak ikasi nituen. Ohartzen nintzanean
norbaitek bazakiela kantu bat nik ez nakiena, orduan ez nion bakerik
uzten nik kantu hori ikasi artino, eta hola anitz euskal kantu
ikasi dut. Gogoan nituen, markatzen nintuen ere, gogoan atxikitzen.
-Aipatzen dituzu kantu xaharrak.
Noiz egin zinuen junta euskarazko literaturarekin? Liburuetan
ere anitz ikasi baituzu bixtan da...Zer izan dira zure modeloak
edo erabili dituzunak? Erakaskea
izan dut Jean Barbier senpertarra. "Piarres" liburua
egin zuen. Liburu hori hurbiletik irakurtu nuen eta ikasi.
-Jean
Etxepare medikuaren lan guti publikatu bazen ere, haren artikuluak
"Eskualduna"n leitzen zinituen? "Buruxkak",
haren liburua, hurbiletik irakurtu nuen. Anitz ikasi nuen hortan.
Bainan ene erakasleak euskual kantak izan dire gehi gehienik.
Banazkien ehun eta eztakit zenbat kantu, gogoz ikasiak.
-Zure olerkietan ikusten da,
aipatzen duzula asko Euskal Herria. Aipatzen duzu ainitz zure
fedea, zure familia, zure arrebari egin bertsu ederrak eta gauza
hunkigarri frango ere. Lekuko nahi izan duzu ere ixkiriatzean.
Erraiten da orduan bakotxa bere ingurumenaren lekuko dela. Itsasoa izan da ene erakaslerik
hoberena. Itsas ondoan sortua naiz eta. Itsasotik ehun metrotan
sortu nintzen: beti ekarria nintzen itsasoaren aipatzeari.
ITSASOAN (1950-10-29ª)
Itsasoan, itsasoan, Uhain zabal zoroan, Urrunerat itsasoan. Zurekin maiz nindoan.
Ez zen han neurririk, Ez zen han mugarik! Zu kapitain ni lemazain, Ez zen hain gu bezain Bihotzez alarik.
Urrunerat itsasoan Zurekin maiz nindoan.
Ai! Hango solasak, Kantuak, ametsak! Uhain zoroz, amodioz Betez han betikotz. Elgarren bihotzak.
Itsasoan, itsasoan, Uhain zabal zoroan...
Geroztik nun gaude? Zu hezur, ni fraide: Zu zeruan, ni munduan, Biak bat kantuan, Eskualdunen alde.
Itsasoan,
itsasoan... Jainkoaren itsasoan, Bozkario zabal eta osoan.
Eta hor aipatzen dut gerlan hil zitzaitan
anaia, anai zaharrena.
-Horrek ainitz hunkitu zintuen
gauza da ez? Bai, bai,
izigarri atxikia nintzen hari. Harek eman zautan euskual amodioa.
Errabiatuki zen euskarari atxikia.
-Xabier Diharce Iratzeder,
zure poemak aipatzen direlarik, maiz Gernikako zure bihotzeko
ohiu hori ere aipatzen da. Horrek erran nahi du Euskal Herriko
gerlaren gertakari horiek ere biziki hunkitu zaituztela. Donibanen
bizi nintzelarik etorri ziren iheslariak mendiz bertzaldetik.
Heiekin ibili nintzen ainitz, Garbizu eta bertze batzuekin. Euskual
kantu ainitz ikasi nuen heiekin eta orduan heien sua piztu zautan
bihotzean.
-Zure denborako euskaltzale
batzu politikan sartu ziren, eta, zuk maiz erran duzun bezala,
beste hautu bat egin zinuen, apeztearena. Apeztearekin ez duzu
senditu uko egiten ziniola euskaltasun zerbait? Politika baita
batzuendako erremedio nagusia? Bihotzean sartua nuen
xede hau, nahi nuela Euskal Herria salbatu eta egin ahalak egin
behar nituela hortarako. Orduan, pentsatu nuen hoberena zela Jainkoaren
indarra Euskal Herrian sarraraztea. Eta orduan, aitari esker,
ikasi nuen ainitz eskuara.
-Erraiten da fraileak mundutik
aparte direla; hala ere, kanpoko oihartzunak izan dituzue. Joan
den gerlako gertakariak eta geroztik Euska-Herrian berrogei eta
hamar urte hauetan diren gauza lazgarri frango... Euskal mende
hori nola senditu duzu, hainbeste gauza kanbiatu direlarik? Pentsatu nuen Euskual
Herriak behar zuela zeruetako Jaungoikoaren indarra, bertze indar
guztiak maiz indar faltsuak zirela, gezurrezkoak. Jainkoari lotzen
banio Euskual Herriaren bizia, orduan, mendez mendeko bizia izanen
zuela Euskual Herriak eta geroari nagusituko zitzaiola.
-"Hitzaren
harma", ez dakit hola erran behar den, hitzaren indarra segurik,
zuk erabili duzu gelditu gabe. Hitza ainitz erabili duzu, euskarazko
hitza, zuk, zure aldetik! Bihotzean nintuenak,
nahi nintuen aipatu. Eta orduan hitzak behar nintuen ene gogoetak
adiarazteko. Nazkikan euskal hitzak behar nintuen ibili.
-Zure erakasle eta laguntzaile
segurik izan da Urteaga konpositore eta organojolea Donibane Lohizunen.
Harekin lan ainitz egin duzu. Lagundu zaitu zure bide hortan? Bai.
Nik emaiten niozkan ene pertsuak eta harek soinutan emaiten zaizkidan
kantuak. Asmatzen zituen nik emaiten niozkan kantuetarik.
-Eta kontrarioa ere, harek
emaiten zuri musikak eta zuk hitzak sortzen gero... Hori
bai, elgar lagundu dugu ainitz. Belokerat etortzen zen eta maiz
penatua, ikusiz nola Donibane Lohitzunen uzten zuten euskara.
Orduan harekin ari nintzen, harek pianoan eta ni kantatzen, euskal
kantu ikasten eta euskal kantu berri egiten.
-"Ezkila", Belokeko
argitaletxea izan da momentu inportante bat: zer egin zinuten? Sortu
zen Elizan hasi zenean liturgia euskaraz egiten. Orduan ohartu
nintzen behar zirela kantu berri batzu egin, bertzenaz frantsesez
sartuko ziren Parissetik heldu ziren kantu guziak. Salmo guziak,
ehun eta berrogoi eta hamar Salmo badire, eman nintuen euskaraz,
euskal kantutan kantatzeko moduan.
-Hori lan luze eta handia izan
da, ez? Bai, eta nola
atxeman astia, denbora, lan horren egiteko? Orduan eritu nintzen.
Eritu, eta, bi urtez egon etanik. Bularretarik eritu nintzen,
eta orduan Salmo giak ohean eman nintuen euskaraz, eskutan nintuen
kantu guziak eskuaraz.
-Hori izan zen "Ezkila"
argitaletxearen lan bat. Aldizkariak ere baziren, "Otoizlari"
eta "Corde Magno". Noiz eta nola sortu ziren? Hasi
zuten komentuan frantsesez "Corde Magno", hilabetekari
bat. Orduan pentsatu nuen behar zela euskuaraz ere egin. Euskal
aldizkari bat asmatu nuen eta eman nion "Otoizlari"
izena. Zenbait urtez argitarazi dut.
-Elizako otoitz eta beste bazen,
baziren ere olerki batzu. Emaiten zen sainduen berri, elizako
berri eta... Elizaren
bizia aipaten nuen eta haren lehengo euskaldunak. Lehengo sainduak
eta aipatu nituen.
-Izan duzu ere esperientzia
inportante bat Afrikan hor "Belokeko komentua" Sananado
herrian Dahomey-en. Hasi
zuten Afrikan komentu bat. Eta orduan pentsatu nuen nik ere hola
hola, joan behar nuela harat. Galdetu nuen eta baimena eman zautaten.
Eta harat joan nintzen, osoki eritu arte. Bainan bizpahiru urtez
egon nintzen.
-Hango bizia eta fedea parekatu
behar bazinu hemengo biziarekin, arrunt beste mundu bat zen ala
fede berdina aurkitu duzu? Badu
egite haundia hemen direnekin ere. Ez nakien ongi hango mintzaira.
Ez nakien, bainan hala ere baginituen hartu-emanak.
-Eliza katolikoak Afrikan egin
dituen komentu edo lanak batzuetan kritikatzen dira, kanpoko kultura
bat bezala dela eta alderantziz erraiten da ere eliza beti egokitu
dela tokiko sinesteeri eta. Holako gauzarik, gogoetatu duzu han?
Kritikatzea,
beti errex da. Bainan gu ez ginen harat joan frantsesaren erakusteko.
Joan nintzen Ebanjelioa heien bizian sarrarazteko eta hortako,
behar ginuen lehenik, heien mintzaira ikasi. Hasi ginen heien mintzairan
eta heien kantuak ere ikasi ginituen. Eta kantikak euskaraz emaitea
egin nuen bezala, han ere egiten niozkaten kantu batzu.
-Zure euskararen kalitatea
nola ikusten duzu egungo egunean? Ni
ahalaz lapurtarrez mintzatu naiz, ez nahasiz baxenabartarrarekin
ere, bainan ahalaz lapurtarrez eta beti segitzen dut hori. Euskaldun
guziek konprenitzen dute lapurtarra. Ni lapurtarrari atxikia naiz.
Iratzeder poetak galderei olerki
batekin erantutea maite du. "Biziaren olerkia" liburu
gotorra ireki digu eta irakurtu digu "Munduan iragan da".
Munduan iragan da
Jainkoaren soa: Harek du xuriz jauntzi mendien
kaskoa, Izarrez ilunbeak, zeruz itsasoa.
Munduan urtu zaiku Jainkoaren soa: Harek du amen baitan ixuri
goxoa, Haurnoen begietan goiko irrinoa.
Munduan iragan da Jainkoaren soa: Hartarik du gizonak bere balioa, Hartarik bere Amets neurri
gabekoa.
Munduan badabila Jainkoaren soa: Hargatik zaiku eder geroko
geroa, Geroko Euskal-Herri betierekoa.
Guri so iragan da Jainkoaren soa...
-Senditzera emaiten duzu zure
gazte denborako sineste hortan beti tinki atxikitzen duzula eta
lehengo hitzetarik ez duzula deus aldatu. Hala da ez? Ez
naiz gezurrez ari. Bihotzean dutana emaiten dut ene pertsuetan
eta ene mintza moldea ere halakoa da.
-Ebanjelioa eta fedearen inportantzia
beti agertzen da zure erran moldeetan. Zure olerkietan aipatzen
duzu geroa pixka bat, Ebanjeliok balio duela gerorako eta betirako.
Errepikatzen ahal duzun gauza da ez? Jainkoaren eta Euskal
Herriaren amodioa biak batean sortu zaizkit bihotzean eta
biak hazi ditut. Bai, otoitzaz atxikia izan naiz Euskal Herriari
eta Euskal Herriaren amodioz, Jainkoari atxikia. Eta biak baditut
ene bihotzean.
-Erran zinuen behin, "Euskal
Herria otoitzarekin salbatu behar zela", salbatuko zinuela
partez. Egungo egunean diren bortizkeri guziekin gogoeta berdina
atxikitzen duzu? Segurki, gero eta gehiago.
-Zure olerki liburuetan, lan
batzu maitiago ote dituzu? Ene bihotzean zirenak eman ditut pertsuetan, beraz atxikia
naiz pertsu horieri.
Eta horra Iratzederrek agertu
nahi zigun olerkietarik bat:
EUSKAL – LURREKO...(1951-10-28ª)
Euskal-lurreko ama
bihotzak, oi ama bihotz sainduak! Joan semeeri pentsa ta pentsa,
denen ixilik urtuak. Nere ahotik igan ditela heien
otoitz pleinuak, Jaun zerukoa hunki dezan gaur
euskal-lurraren oihuak.
Euskaldun amek buba-bubaka goxatu haurren barnea Herriko mendi eta zerupek nihundik
ezin asea. Urrungo minak noizbeit harturik
uzten dute etxea, Ama-begiak utziz ardura hil
arte beha ta beha.
Ai egiazko nigar-zelaia mundu huntako bizia! Zuk ere, Jauna, gabiltzan lur
hau odolaz duzu bustia. Onesten dugu kurutzearen besarkada
gorria Ai, bainan dugun, semekin goza
zeru-gaineko Herria.
Guk semen baitan eman fedea nolaz urrundik begira, Ez diten nunbeit bakar-bakarrik
hiltzearekin leizera. Hara uruski euskal-fraideen
Belokeko gain hura: Denen zain eta denen biltzaile
deika daudela zerura.
Molda gain hortan, fraide ixilak, euskal-bihotzen bihotza Molda munduko euskal-semeen
mendez-mendeko eliza. Eliza horrek biziak eta...
hilak ere zain bitza, Iganaraziz gau eta egun Euskal-lurraren
otoitza. Argazkiak: Euskaldunon Egunkaria, Eusko Ikaskuntza
Euskonews & Media 114.zbk
(2001 / 3 / 9-16)
|