Euskal mintza-lagunaren bila nabil
* Traducción al español del original en euskera
Arantxa Ugartetxea

Euskarak eta nire euskal munduak nire bizitzako zenbait portaerekin zer ikusi handia du, nire emozio, hitz, maitasun, lan, kidetasun, hau da nire bizi osoarekin. Dudan euskal izaeratik egiten dut baita ere dagokidan munduaren irakurketa. Nire ikur ezinbestekoa da. Hau ez da kaxkarkeri bat baizik eta nire sentidu guztiak duten ezaugarri berezia. Bizitzari buruzko ikuspegi bat. Singulartasunez jantzitako ikuspegi sakona. Nire magia propioa. Eraldaketaren iparra, noraezean munduan zehar arlote gisara ez ibiltzen laguntzen didan argi ezin hobea. Horregatik nire amets politenetako bat, han eta hemen euskaldun izatearen bizipoza konpartitzea da.

Horrela hausnartu eta sentitzen dut nigan bizi den euskal zirrara eta horrela ekintza bitxi eta arrunten bidez bizi nahi dut besteengan gure hitz euskaldunak sortzen duen hunkipen harrigarria. Euskarak sortzen duen harridura kanpoko herrietan gabiltzanean edo ez dakien batek bere alboan entzuten duenean, munduan zehar egin dezakegun irakurketa bitxia eta polita izan daiteke. Ibilitako euskaldun berrien inguruan ere gauza bera dastatzeko aukera izan dut, hau da: euskaldun berri batek gai dela zerbait adierazteko euskaraz esperimentatzen duenean eraldaketa bidean kokatzen da sentitzen duen emozio baikorraren babespean.

Uste dut etapa berri baten aurrean aurkitzen naizela. Gure herriko hitz euskalduna naturalki bizi nahian alegia, garai batekoak bezala, oinarri eta helmuga dituen emozioetatik arrazonamendurainoko bideetan zehar, konfidantza, motibapena, askatasuna, sinesmena, poza eta samurtasuna, argibide ditudala.

Beharrezkoak iruditzen zaizkit leku eta denbora bereziak antolatzea, nor banako leku eta denboraren ager leku izanaz gain, bizitzen ditugun berrantolaketak erosoago gerta daitezen, euskal eraldaketen etengabeko jolas emozionalaren ildoan, ludikotasun girora gehiago hurbiltzen garelarik. Hizkuntza formalegietik eguneroko leku apalerako mugimenduan, era malguagoan egin daitekeenez euskarari buruzko zenbait burutapen, eta elkarrizketa naturalak.

Euskal hunkipenaren indar ahuleziak sarritan sentitzen ditugu. Hau da niretzat abiapuntu historiko bat. Indar eta ahuleziaz ohartzea une baikorrenetako bat bihurtu daitekeelako. Euskal historiaren gunean gaude. Arazoak, zailtasunak, infrabalorazioak, onartua dugun alienazioa e.a., baino, baita ere, ahaleginak, lorpenak, eta etorkizunari begira nolabaiteko aire eta eredu berriak. Euskararen garapenaren bidean gabiltza. Arazoak daude, baina honek adierazten digu gizaki historikoak garenez, arazoak dauden lekuetan garapen eta sormen ugari gertatzen direla, mugimenduaren ezak eta lozorroan egoteak emozioaren izpirik ez dagoela adierazten digu, eta emoziorik gabeko bizitzak gehiago du zer ikusia heriotzarekin gaitasunarekin baino.

Ez dut sinesten euskararen irakaskuntza inposatuan jarrera natural eta abegikorrean baizik. Liluragarria izan beharrean dago gure hitz euskalduna. Badakit historian zehar inposaketa eta boterearen erabilpenean ezarritako hizkuntzez josita dagoela mundua baina ez da nire ametsa horien artean lasai kokatzea. Gutxiengoek dugun duintasunaren partaide izanaz hobeki aurkitzen naiz. Gainera gutxiengoek gehiengoak ez al gara ba munduan?.

Euskara munduan dagoen zerbait da, ukitu daitekeena. Euskaldunak ere ukigarriak gara, ez gara eskura ezinak. Badirudi euskararen bila, ez euskaldun etxe batean gabiltzala, arrotza den etxe batetan. Ez daukagu zergatik identifikazioaren bila ibili behar, gure hitz euskalduna behin eta berriro legearen babespean jarri nahian. Gure legea natura da. Euskal Herrian gaude eta euskaldunak gara.

Euskaldunok baita ere mundua kontutan daukagu baina ez nolanahiko mundua baizik eta emozionalki mintzatuz eraikitzen doan mundu konpartitu horretan. Gure ahulezia gainditzen laguntzen diguten emozio tinkoen leku errespetagarrienetan bakoitzaren hitza erakartasunez jazten den hizkuntz paradisu naturalean. Ez inposaketa eta gehiegikeriaz jantzitako hizkuntza gogaikarri nazkagarrian.

Gugan dagoen hitz euskaldunaren indarra konstatatuz euskal gizarte osoaren indar kulturala bizi nahi nuke. Barrutik argitzen gaituen indarrak sortzen baitu geure arteko lilura komunikazioaren bidez: ditugun harremanetan hau da, mintzatzerakoan erabiltzen ditugun emozioz eta argitasunezko hitzen bidez. "Mintzalaritzan" ibiltzeak, hizkuntza eta emozioen arteko txirikordaren erdian bizitzea suposatzen du. Euskal gizakiak garenez geure euskara mintzatzerakoan dabilzkigun hitzetan gertatzen den errealitatea baita.

Euskal mintza lagunen beharrean aurkitzen gara. Mintza lagunen artean nire euskara erraldoia bihurtzen bai doa geure arteko solasaldian. Elkarrizketa eta solasaldiz jositako hizkuntzaren partaideak gara. Historian zehar euskarak gordetzen dituen emozioen jasotzailea naizela garbi daukat, eta ez ditut nahi geure hunkipen historiko horiek bazter batean utzi, alderantziz, horrelako elikadura gozoaren dastatzailea izanaz bizi nahi nuke. Dastatzen dudanak energia ongi bideratzearen lana suposatzen duela nahi du esan, nire hitzetan gordetzen diren zenbait emozio eta galderei, era berean solaskidearen mintzatzeko moduan dauden emozio eta galdera piloei, bideak zabaltzea hain zuzen.

Bizirik dagoen euskal gizakiaren defendatzaile sentitzen naiz batez ere. Nor banakoak eraiki ditugun etengabeko gurekiko eta besteekiko mintzalaritza emozionalean sustraitutako hitz sortzaileen miresle. Denok garenez baieztapen, zalantza eta gogoeta pilo baten artean, emozioz beteriko gizakiak.

Euskara nire mintzatzeko era denez, nire euskal gizartean mintzalaritzan erabiltzeko eskubide osoa izan behar dudala ez dut inoiz zalantzan jarriko. Hau ez da eztabaidagarria baizik eta ondorio naturala, biologikoa. Biofilia bideetan nabil nahiko nekrofilia badagoela jakinda. Euskara bizirik dagoela nigan konstatatu daitekeen nire lehenengo emozioa da, eta hau abiapuntu ezinbestekoa dudalarik, dagokidan euskal gizartean eta munduan zehar, zenbait belaunaldietako mintzalaritzan eraikitako kultura euskalduneko mintza laguna izan nahi dut.


Arantxa Ugartetxea, pedagogoa

Euskonews & Media 111.zbk (2001 / 2 / 16-23)


Artikulu honi buruz zure iritzia eman - Opina sobre este artículo

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved