Ia
hogeita hamar urte daramatza Pilar Arósteguik Gasteizko
Udal Artxiboko arduradun nagusi gisa. Bertan jasotzen da hiriburu
arabarreko historia, hiria sortu zuen agiritik hasi, eta udaletxean
izan den azken udalbatzako aktara bitarteko guztia. Arósteguiren
esanetan, udalak hiritarrekiko dauzkan eskubide eta betebeharrak
bermatzeko dago artxiboa, eta alderantziz. Era berean, leku aparta
dela dio, "nor garen, non gauden eta norantz goazen jakiteko".
-1881. urtean, egun Euskal
Autonomia Erkidegoko hiriburua dena, Gasteiz izeneko eskualde
txiki bat baino ez zen. Data horretakoa al da artxiboa? Bai.
Gasteiz izeneko eskualde zahar horretan Erdi Aroan hiria sortu
zuen gutuna da artxiboko lehen agiria, Nafarroako Antso VI. erregeak
emana. Gerora hiria hainbat aldiz erre zen arren, guk ez dugu
hutsune kronologikorik izan. Guztira, Erdi Aroko agirien laurehun
erregistro baino gehiago dauzkagu.
-Hortaz, XII. mendetik aurrera,
aldizka-aldizka sortzen ziren agiriak. Bai, Erdi Aroko agiri
gehienak Gaztelako Kantzelaritzak eman zituen, Gasteiz Nafarroako
Erreinuaren baitan egon zelako 1200. urtera arte, eta handik aurrera
Gaztelako Erreinuan. Orduko agiri gehienak errealak dira. Hurrengo
mendeetan, erregistroak gehiagotzen joan ziren urtetik urtera. Agirien
bigarren multzo batean, akten liburuen bilduma egongo litzateke.
Zaharrena 1428koa da; kontuan izan behar da garai hartako oso
liburu gutxi daudela. Eta ordutik gaur arte, ez da inolako hutsunerik
egon.
-Inprenta
asmatu zenean areagotu egin al zen agiri erregistratuen kopurua? Ez, arrazoi batengatik:
udalaren agiriak eskuz idazten zirelako. Zenbait gauza bai, inprimatzen
ziren, baina ez zeukaten garrantzi handirik. Gasteiz eta Arabako
ordenantzak, adibidez, ezagutzera emateko kopia batzuk behar zirelako
inprimatu zituzten, baina, idazmakina agertu arte, agiri gehienak
eskuz idazten ziren.
-Hiriko lekurik onenetako batean
dago artxiboa, Artxibo Probintzialarekin batera Arabako campuseko
zati handi bat hartuz. Lekualdaketa asko izan al ditu historian
zehar? Batzuk bai. Hiri
askotan, agiriak elizetan gordetzen ziren, bertan egiten zirelako
udalbatzak, eta Gasteizen kasuan San Miguel eliza zaharra zen,
oraingoaren aurretik zegoena, biltegi lanak egiten zituena. Eliza
gotikoa eraikitzerakoan, XVI. mendean, Santa María del
Cabello Ospitalera eraman zuten artxiboa, gaur egun Postetxea
dagoen lekura, baina sute bat sortu zen eta banatu egin behar
izan zituzten agiriak: zaharrenak Santa Mariako katedralera eraman
zituzten, eta berrienak San Frantziskoko Konbentura, hor biltzen
zirelako agintari publikoak udaletxea eraiki artean.
-Antza, artxiboak ez zuen kokaleku
finkorik izan udaletxea Plaza Berrin eraiki zen arte. Hain
zuzen ere. Justo Antonio de Olaguibel arkitektoak udaletxea proiektatu
zuenean, artxiboarentzat areto bat diseinatu zuen. Horregatik,
XVIII. mendearen bukaeraz geroztik, agiri guztiak batera egon
dira. Mende hasieran, lehen solairutik beheko solairura eraman
ziren gauza guztiak, eta hor egon ziren 1972ra arte. Ni sartu
nintzenean, Alava Generala kalera joan ginen, baina behin-behinekoa
izan behar zuen egoera 18 urtez luzatu zen. Agiri guztiak banatu
behar izan genituen: berrienak alde batera, argazkiak bestera...
Gainera, 60 eta 70, hainbeste hazi zen biztanleria, ezin izan
genuela materil berririk jaso, ez geneukalako horiek gordetzeko
leku fisikorik.
-Pozez
kabitu ezinik egongo zineten orduan Flandesko kuartel deituriko
hauetara etorri zinetenean. Leku aparta da. Artxiboa
ekartzeko berritu zuten. Berez 4.000 metro karratu dauzka, baina
guk 3.000 erabiltzen ditugu. Zerbitzuz betetako gune batean gaude,
inolako trafiko arazorik gabe. Udalak trenbidea kenduz gero, oso
etorkizun polita izango genuke (Abiadura Handiko Trenaren etorrerarekin,
gaur egun dagoen trenbidearen desagerketari buruz ari da Aróstegui).
Ikertzaileentzat ere garrantzitsua da unibertsitateetatik eta
Arabako Foru Aldundiaren agirietatik bi pausotara egotea. Gainera,
laster artxibo berri bat izango dugu hemendik gertu: Artxibo Historiko
Probintziala, Estatuaren esku egongo dena. Baina, era berean, hamabost
urtez dokumentaziorik jaso gabe egotearen ondorioak pairatzen
ari gara. Azkenaldian, informatikan izan diren aurrerapenekin,
asko aldatu dira lan tresnak eta artxiboaren edukia, baina oraindik
ez gara maila gorenera iritsi.
-Zenbat tona agiri daude artxibatuta
3.000 metro karratu horietan? Ez
dakit zenbat tona izango ote diren. Guk beti metroa erabili dugu
erreferentzia gisa: dokumentazio guztia apaletan linealki ipiniz
gero, kilometro eta erdiko luzera hartuko luke.
-Gaur egun ia 220.000 biztanle
ditu Gasteizek. Nolako jendea hurbiltzen da artxibora? Jende
asko etortzen da, gauza desberdin askotarako. Hasteko, aipatu
behar da artxiboak udaleko bulego eta sailei eskaintzen diela
bere zerbitzua, askotan gai zehatzei buruzko aurrekinak behar
izaten dituztelako. Kontsultak ikuspegi teknikotik nahiz politikotik
egiten dituzte. Kontsulta asko establezimenduak zabaltzeko baimenen
ingurukoak izaten dira, horrelakoak ipintzearen zergatia jakin
nahi den bakoitzean artxibora jo behar izaten da-eta. Hirigintza
plan handien aurrekinak ezagutzeko ere jotzen da hemerotekara
edo agirietara, aurreko udalbatzaren batek inoiz halakorik proposatu
ote zuen ikusteko, atzera bota ote zen, eta abar.
-Artxibozain gisa daramatzazun
hogeita zortzi urte hauetan izan al duzue bereziki zalapartatsua
izan den gairen bati buruzko agiririk?
Ez
dut bitxikeria gehiegi kontatzeko, baina gogoan dut Ospital Militar
zaharra dagoen lursailari buruzko informazioa eskatu zigutenekoa.
José Ángel Cuerda alkate ohiak lur horiek berreskuratu
nahi zituen, baina Defentsa Ministerioak ezezkoa eman zuen; dirua
eskatzen zuen trukean. Cuerdak, orduan, horren inguruko agiriak
eskatu zizkigun, eta horrela aurkitu ahal izan genuen udalak lurrak
garai hartan "Ramo de la Guerra" izenekoari doan lagatu zizkioneko
agiria. Lagapen hori baldintza batzuekin egin zen, eta horien
artean bi aipatzen ziren: batetik, lursaila ekintza militarrak
burutzeko erabili beharra zegoela, eta bestetik, klausula batek
zioen lursailak ez balira halako ekintzak egiteko gehiago erabiliko,
orduan Gasteizko udalak lurrak berreskuratzeko eskubidea izango
zuela. Horregatik, Cuerda alkateak ez zuen lursailak eskuratzeagatik
ordaindu behar izatea onartu.
-Artxibora mota guztietako
jendea etortzen dela diozu. Udalak
erabiltzeaz gain, beste jende asko etortzen da udalaren aurka
daukaten gairen baten inguruko informazio bila, dela eraikitzeko
espediente bat edota erreklamazio ekonomiko bat, eskubideak aitortzen
dizkion espedientea bilatzeko. Beste alde batetik, ikerlari asko
etortzen zaizkigu: doktore tesiak prestatzen ari diren lizentziadunak,
jakintsuak, kuriosoak...
-Zein tresna erabiltzen dituzue
kontsultak egiteko? Agiri originalak kontsultatzen
dira. Hala ere, Erdi Aroko dokumentuak eta akten liburuen bildumak
digitalizatzeko aurreproiektu bat prestatzen ari gara. Arabako
Foru Aldundiak oso lan ona egin du arlo horretan; zortzi pertsonak
urteak
eman dituzte hori prestatzen. Originalak erabiltzeak arazoak sortzen
ditu, eskuizkribuak izatean kaligrafian aditu direnek bakarrik
kontsulta ditzaketelako antzinako agiriak.
-Ezin ahaztu mende honetan
zehar bildutako argazkien fondoa ere. Ez
horixe. Artxiboak 1921ean jaso zuen lehenengo argazkia, Enrique
Guinea argazki zaletuak bere lan grafiko guztia udalaren esku
uztean. Oso garrantzitsuak dira Santiago Arina funtzionarioak
eta Arocena eta Querejazu argazkilarien "Arque" markako doantzak
ere. Gaur egun fondo, doantza eta eskurapenen artean, 430.000
irudi dauzkagu. Gasteiztarrentzat hauxe da artxiboaren alderdirik
ezagunena, honen inguruan difusio bat egin genuelako, oso harrera
ona izan zuena. Edonork eska ditzake agirien erreprodukzioak;
aski da eskaria betetzea.
-Urte hauetan zehar gobernu
talde eta alkate asko ezagutu ditu Pilar Arósteguik. Zaila
gertatu al zaizu honelako zerbitzu baten garrantzia azpimarratzea? Bai.
Izan ere, ez da ez gairik presazkoena, ezta garrantzitsuena ere.
Baina ulertzekoa da, politikariei eguneko kontuak interesatzen
zaizkielako, eta guri, aldiz, historia osoa. Lehenengo hamabost
urteetan pertsonal eta leku gehiago behar nituela errepikatzen
nien behin eta berriro. Orain pertsonala bakarrik behar dut. Kontuan
izan behar da hogei urtetan Gasteizen 50.000tik 200.000ra hazi
zela biztanleen kopurua, eta ondorioz biderkatu egin zirela agiri
eta argitalpenak. Orain bertan ez daukagu leku arazorik, baina
bospasei urtetan metro gehiago beharko ditugu, eraikina txikia
geldituko zaigu-eta. Agiri berriak jasotzeko egoitza berriren
bat beharko dugu.
-Zein argudio erabili izan
dituzu politikariak konbentzitzeko? Artxibo bat bi arrazoi
nagusigatik da garrantzitsua. Batetik, agiriak sortzen dituen
erakundearen eta hiritarren eskubide eta betebeharrak bermatzen
dituelako, eta bestetik, ikuspegi kulturaletik, artxiboak hiri
eta kolektibo gisa nortasuna daukagula adierazten duelako, ez
besteek baino hobea, ezta okerragoa ere, baina bai desberdina.
Nortzuk garen, non gauden eta norantz goazen adierazten digu.
Kokagune geografikoak, ekonomiak eta bilakaera historikoak
ere eragiten dute horretan.
-Bukatzeko, gogoratzen al duzu
artxiboari esker ezagutu ahal izan duzun gertaera bitxirik? Gaur egun guztiok ezagutzen
dugu Ernestina de Champourcin idazlea, baina duela hogeita bost
urte inork ez zekien Gasteizen jaioa zenik. Artxiboko langile
batek kasualitatez aurkitu zuen datu hori, agiri batetik bestera
joaz. Bere amaren ginekologoak uda hemen pasatzen zuela jakin
zuen, eta orduan, hemen jaio zela ondorioztatu zuen, "La casa
de las jacquecas" izeneko etxean pasa zutelako uda. Argazkiak: Ismael Diaz de Mendibil
Euskonews & Media 111.zbk
(2001 / 2 / 16-23)
|