-Aberdeengo Unibertsitateak Honoris Causa
doktore izendatuko zaituela adierazi berri du. Aintzatespena atzerritik
datorrela ikusita, zein da zure iritzia?
Kritikarik onenak Alemanian eta Frantzian
jaso ditut. Nire ustez, kontua da Espainian ez dagoela women's
studies edo emakumeen literaturaren katedrarik, eta kritika
feministarik ia ere ez. Alde horretatik, Erresuma Batuan hemen
baino tradizio handiagoa dagoenez, logikoa da han nire literatura
hobeto ulertzea.
-Zer da zehazki Aberdeengo Unibertsitatean
egiten duzuna? Nola bururatu zitzaizun hara joatea?
Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan tesiak
eta ikerketa unibertsitarioak egin dituzte nire obraren inguruan.
Ikerketa horietako bat, oso interesgarria, Aberdeengo
Hispaniken Saileko irakasle batek egin zuen, eta berak egin zuen
izendapen horren proposamena. Eskozia bihotz-bihotzez maite dudanez,
beka bat eskuratzeko aprobetxatu nuen aukera ("idazle egoiliarraren
beka"), denbora bat han emateko.
-Idazle batek, zein literatura mota idatzi
nahi duen aukeratu behar du: sormenezkoa, konprometitua... Idazle
baten literaturak inguruarekin duen konpromisoa islatu behar al
du? Ala gaiak librea izan behar du? Ala bi gauzak?
Nik ez dut uste idazle batek, idazle izateagatik,
ezer aukeratzeko obligazioa duenik. Pertsona bakoitza mundu bat
da, eta bakoitzak bere irizpideen arabera hartzen ditu erabakiak,
edozer gauzari buruz: bizitzari buruz, sentimenduei buruz, lanari,
arteari edo politikari buruz, etab. Nik literatura konprometitua
egiten dut, baina horrek ez du esan nahi beste idazleek ere egin
behar dutenik. Niri metaliteratura ez zait interesatzen, niretzat
ez duelako inolako erronkarik suposatzen. Lehendik dauden gaiak
"bertsionatzea" iruditzen zait. Borgesek oso ongi egin zuen bere
lana, eta nik ez daukat Borges imitatzeko inolako asmorik. Nire
kasuan, eta nirean bakarrik, nahiago dut nire esperientziak nire
modura kontatzea. Baina berriz diot, hori NIRE kasua da, bizitzaren
aurrean NIK daukadan jarrera da. Ez du zertan idazle guztientzat
berdina izan behar.
-Zure ustez zein egoeratan dago emakumeek
idatzitako literatura? Hainbatek "biguinegia" izatea leporatzen
dio. Horren aurrean, emakume batzuek emakumeena den literaturarik
ez dagoela adierazi dute. Zer esango zenuke honen inguruan?
Hara, topikoari erantzuteko, emakumeek idatzitako
liburu batzuk aipatuko dizkizut. Ea biguinak iruditzen zaizkizun:
Historia de O, The talented Mr Ripley, La ingratitud, La pianista,
Bastard Out of Carolina... Arnasik hartu gabe, eszena bortitz
edo sexualetan Celine edo Miller baino askoz ere gogorragoak diren
ehun eleberri baino gehiago aipatuko nizkizuke, guztiak ere emakumeek
idatzita. Emakume idazle kursiak egoteak ez du ezer esan nahi.
Badira gizonak diren idazle jasanezinak ere. Ñoñokeria
hori aurreiritzi sexista bat iruditzen zait.
-Liburuez gain, gidoiak ere idazten dituzu,
eta inoiz telebistan ere agertu zara. Letretatik bizi nahi duenak
edozertarako prest egon behar al du?
Gustatzen zaidalako idazten ditut gidoiak.
Gidoiak idazteko klaseak ematen ari naiz orain. Eta telebistan,
liburuak promozionatzeko bakarrik agertu naiz. Ahaztu egin zaizu
lorazaina eta sukaldaria naizela esatea (nire etxean), eta alokairua
ordaindu ahal izateko hamaika gauzatan aritu naizela hamar urtez.
Ni ez naiz egiten dudana, baizik eta naizena. Hau da, idatzi egiten
dudan arren, eta nire alderdirik ezagunena idazlearena izan arren,
ni naizena naiz. Beste gauza asko interesatzen zaizkit.
-Beste
idazle eta artista asko bezala, Madrilen bizi zara. Zer dauka
hiriburuak hainbeste jende erakartzeko? Etxetik kanpora joan behar
al da ospea lortzeko?
Orain bertan Aberdeenen bizi naiz, Eskozian,
Unibertsitatean eskolak ematen. Madrilera arrazoi sinple batengatik
joan nintzen: aitaren lan kontuak zirela-eta, nire sendia hara
joan zelako. Beraz, nire kasuan, etxetik kanpora joatea, Bermeora
itzultzea izango zen. Hala ere, liburuak gordetzeko leku bat edukitzearren
daukat Madrilgo etxea, zeren eta urtean hiru hilabete inguru bakarrik
ematen ditut han.
-Nola ikusten duzu euskarazko zein gaztelerazko
euskal literatura? Zein desberdintasun ikusten dituzu hizkuntza
batean eta bestean idatzitako literaturen artean (dela kritikak
ematen dien trataeran, dela jasotzen dituzten laguntzetan, dela
lortzen duten ospean...)?
Atxaga izugarri gustatzen zait (baina ni gustatzen
ez natzaiolakoan nago). Nire ustez, mendeak eman duen idazlerik
onenetariko bat da. Baina oso gai zorrotzak ukitu dituenez (El
hombre solo eta Esos cielos liburuetan), ez zaio daukan
merezimendua behar bezala aitortzen. Euskarazko literaturari bide
luzea gelditzen zaio oraindik, zeren eta ahozko tradizioa baduen
arren, idatzian ez du hainbeste. Euskara batuaren kontuarekin,
oraindik amaitzeke dago ahozko euskara idatzizkora pasatzeko prozesua.
Ni ez naiz inor euskarazko literaturaren geroa iragartzeko; hori
filologoek egin beharko lukete. Gainera, nik ez dut euskararik
egiten (nire gurasoek bai); nik irakurri bakarrik egiten dut,
eta kostata. Dakidan apurra da euskarazko literaturarik onena
poesia dela. Eta ziur aski ahozko tradizioagatik izango da (bertsolariengatik),
euskarak, deklinazioari eta genero desberdinei esker, aukera handiak
ematen dituelako.
-Ezertan baldintzatuta egon al zara euskal
idazlea izan arren gazteleraz idaztean?
Bai, baina ez dut uste euskalduna izatearekin
zerikusirik duenik. Gaur egungo euskal idazleen artean gehien
miresten dudana Atxaga da, eta bizirik ez daudenen artean, Baroja.
Ez zait iruditzen naziokotasunak ezertan baldintzatu nauenik,
ez onerako, ez txarrerako. Kritikaren aldetik behintzat ez. Egia
da tradizioak baldintzatu egiten duela, baina ni ez naiz euskaldun
tipikoa. Bizitza erdia Madrilen eman dut. Ez naiz inongoa sentitzen,
eta agian inongoa ez sentitze horrek baldintzatu nau gehien. Ezin
dut guztiz euskalduna sentitu, ez bainaiz Euskal Herrian bizi,
baina beste inongoa ere ez naiz. Espainiatik kanpora ere bizitu
naiz, eta nire ustez leku desberdinetan bizitzeak irekiagoa bihurtzen
zaitu, toleranteagoa.
-Atxaga miresten duzula diozu, baina mirespen
hori ez dela aldebikoa. Beste euskal idazleekin harremanik ba
al daukazu?
Ez dut Atxaga pertsonalki ezagutzen,
eta beraz ez dakit zer pentsatzen duen nitaz, baina, zurrumurruen
arabera, ez nau gehiegi atsegin. Baliteke oker egotea.
Hala ere, niri buruz sekulakoak esango balitu ere, berdin-berdin
mirestuko nuke. Jaureguizarrekin badut traturik. Kasu bitxia da:
Bermeokoa izan arren, galizieraz idazten du! Espido Freire ere
ezagutzen dut. Eta kitto, beste inor ez. Ez daukat harremanik
euskal idazleekin, baina ez Euskal Herrikoekin, ez beste inongokoekin.
Ez naiz literatur giroan gehiegi mugitzen. Oro har, gehiago gustatzen
zait idazle bat bere obraren bidez ezagutzea, pertsonalki ezagutzea
baino. Baina ez desilusionatzearen beldurragatik bakarrik (hori
ere gertatu izan baitzait), baizik eta, batez ere, errespetuagatik.
-Azken egunotan, gaurkotasun berezia hartu
du literatur iruzurraren gaiak. Zer pentsatzen duzue idazleek
horrelakoetan? Zein neurri hartu beharko lirateke horrelako kasuak
ekiditeko?
Julián Hernándezek dioen bezala,
ez dago plagiorik, "bertsio" bat baizik, musikan bezala. Nik ez
dut uste Ana Rosa Quintanak plagiorik egin zuenik. Hizkera teknikoan
"intertestualizazioa" deitzen zaio horri. Aspaldikoa da; Homeroren
garaian ere erabiltzen zen. Badira intertestualizazio hutsak diren
bi eleberri, Finnegan's Wake eta Me senté y lloré,
Elizabeth Smartenak. Horrelakoetan, beste idazle batzuen esaldiak
hartzen dira, edo iragarkietako esloganak. Plagioa, aldiz, beste
norbaitek idatzitako obraren muina kopiatu, eta norberaren sormenekoak
direla esatean egoten da. Quintanaren kasua ez zen hori. Baina
ez dut honi buruz gehiago luzatu nahi; nahikoa esan da dagoeneko.
Beste alde batetik, aski ezagunak dira argitaletxeek erabiltzen
dituzten sistemak, eta ez dut ulertzen zergatik sortu den hainbesteko
iskanbila honen inguruan. Gainera, orain kritikak botatzen ari
diren batzuek onartu egiten dituzte beren argitaletxeek eskainitako
editing-ak, eta horiek, praktikan, Ana Rosaren "kolaboratzailea"
bezalakoak dira. La Eva Futura liburuan esaten dut zerbait
beltzei eta editing-ei buruz.
-Zein proiektu daukazu epe laburrera?
De todo lo visible y lo invisible izeneko
eleberri bat bukatzen ari naiz. Ea behingoz amaitzen dudan. Bi
urte daramatzat horrekin bueltaka, eta dagoeneko kokoteraino nago
Ruth gaixoarekin (protagonistarekin).