| Paisaiari 
                dagokionez, honekin erlazionatzen diren baloreak aztertzeari ekitean 
                pertzepzioaren eremuan sartzea ezinbestekoa da. Paisaia gizakia 
                bere inguruaz jabetzean lurraldeak irabazten duen koalitatea da, 
                eta inguruaz jabetzearen prozesu horretan gizakiak bere inguruneari 
                baloreak ezartzen dizkio, lurrarekin dituen  loturen 
                adierazle direnak. Lotura eta balore hauek era askotakoak izan 
                daitezke: alde batetik, inguruarekin sortzen diren loturak, eta 
                ondorioz ingurune horri ezartzen zaizkion baloreak banakoak edo 
                taldekoak izan daitezke, eta bestalde, lotura eta balore hauen 
                izaerari dagokionez mota ezberdinetakoak izan daitezke, hala nola, 
                emoziozkoak, nortasunezkoak, estetikoak, sinbolikoak, izpiritualak, 
                eta abar. Paisaia sinboliko 
 edo ikonikoak inguruneari tankera honetako baloreak ematean sortzen 
 dira hain zuzen ere. Paisaia jakin batekin, edo paisaia mota jakin 
 batekin sortutako loturak gizatalde oso baten ondare komunaren 
 osagai bihurtzen direnean, talde horrek paisaia horiek bere nortasunaren 
 adierazle bihurtzen ditu, eta taldeko kideek amankomunean duten 
 ondare kulturalaren zati bat bilakatzen dira. Euskal Herrian, baso-paisaien 
 inguruan honelako prozesu bat gertatu dela esan daiteke, artea, 
 historia, erlijioa, kirola, eta eguneroko bizitzaren zati diren 
 hainbat euskal paisaia ikonikotan mendi eta basoak nagusitzen 
 direla ikus daiteke eta. Honela, literaturan, margogintzan, zinean 
 eta beste arte motetan agertzen diren tokiak; prehistoria eta 
 historiako gertakizun askorekin lotutako tokiak; mitologia eta 
 erlijioarekin erlazionaturiko tokiak; eta euskal kulturaren gordailu 
 diren tokiak mendi eta basoekin erlazionaturik daude gehienetan. 
 Hau dela eta, mota honetako paisaiek garrantzi berezia dute Euskal 
 Herrian, eta ondorioz arreta berezia merezi dute ere. Garai batetan, mendi 
 eta basoak naturaren indar on eta gaiztoen iturri ziren, altxorrak 
 eta pizti beldurgarriak aldi berean gordez, ipuin eta kondairetan 
 erakusten zaigun moduan. Gaur egun, aldiz, baso eta oihanak balore 
 positiboekin lotzen dira soilik: estresa, ustelkeria eta maltzurkeria 
 pairatzen ez dituzten eta naturarekin bat bizi diren azken gizataldeen 
 etxe dira; orain sendaezinak diren gaitzak sendatu ahal izateko 
 sustantziak gordetzen dituzte; gizakiak ezagutu aurretik desagertzeko 
 arriskuan dauden landare eta animaliei babesa ematen diete; eta 
 herri industrializatuenetan Naturaren gordailu dira.  Mendiak, 
 basoak eta oihanak Natura badira, beraien itxura, hau da, osatzen 
 dituzten paisaiak, naturalak beharko dute izan. Baina, zein da 
 itxura natural hau?
 Baso eta oihan naturalen 
 ezaguera, eta gizakiaren pertzepzioa arautzen duten prozesuen 
 azterketa konbinatuz, baso-paisaiak eta naturaltasunaren arteko 
 erlazioaren inguruan basoen kudeaketan baliagarriak suerta daitezkeen 
 ondorio batzuk aurkez daitezke: 
 
  Baso naturaletan lurzoruaren ezaugarriak, 
 erliebeak, eta hauen ondorioz sortzen diren hazkuntzarako baldintza 
 desberdinak direla eta, masaren kanpoko ertzek forma lobulatuak, 
 bihurriak, kurbadunak izaten dituzte; marra zuzenak, eta are 
 gehiago angelu zuzenak oso arraroak direlarik. Paisaian marra 
 zuzenak, paraleloak eta perpendikularrak azaltzea gizakiaren 
 ekintzen arrasto argia da, beraz.Baso naturalak osatzen dituzten 
 zuhaitz, zuhaixka eta landare belarkaren aleen kokapena irregularra 
 izaten da, bai ale batetik bestera dagoen distantziari dagokionez, 
 baita espezie ezberdinen banaketari dagokionez. Gizakiak zuhaitz 
 eta zuhaixkak landatzen dituenean, aldiz, hauen landaketa, hazkuntza 
 eta ondorengo uztaren bilketari ekiteko beharrezkoak diren lanak 
 erosoagoak izan daitezen aleak bata bestearengandik distantzia 
 jakin batetan landatzen ditu, eta espezieak nahasten baditu, 
 banaketa erregular batek eskainitako eskema erabiliz egiten 
 du. Honela, gainera, naturaltasun gutxi duten lerro zuzenak 
 sortzen ditu paisaian. Euskal Herrian hain 
 hedaturik dauden zuhaitz landaketak ekologia eta botanikaren ikuspegitik 
 basoak ez diren arren, ukaezina da zuhaitzak nagusitzen direneko 
 paisaiak osatzen dituztela. Hau dela eta, populazioaren zati handi 
 batek gizakiak kudeaturiko zuhaitz masa hauetan ere naturaltasunaren 
 izpiren bat bilatzen du. Bestalde, ingurugiroa eta naturaren babesa 
 eta hobekuntzarekin erlazionaturiko politika eta ekintzen garapenak 
 zuhaitzen landaketa hauetan balio naturalak areagotzea kudeaketaren 
 helburuetako bat izatea ekarri dute.  Beraz, 
 gizakiak kudeaturiko basoetan, eta zuhaitz landaketetan, ondoko 
 ekintzak faboratu beharko lirateke, hauen ezaugarri naturalen 
 hobekuntza paisaiaren kalitatearen hobekuntzan islatzea nahi bada:
 
 
  Forma lobulatuetarantz jo, horretarako 
 elkarren ondoko lursailen jabeak ados jartzea beharrezkoa dela 
 kontutan hartuz, askotan paisaian unitate bakar moduan ikusten 
 den basoa benetan lursail ezberdinen batura baita. Ahal den 
 neurrian beraien artean paralelo diren marra zuzenak, marra 
 zuzen perpendikularrak, eta sestra-kurbekiko paralelo edo perpendikular 
 diren marra zuzenak sortzea ekiditea garrantzitsua da, bai masak 
 mugatzen dituzten marretan, baita pista, suebaki eta bestelako 
 bideetan, edo landareen banaketan.Paisaian marra zuzenak azaltzen 
 direnean (suebakiak, elektrizitate-lineak, eta abar), hauek 
 beste elementu berriak ezartzeko ardatz moduan erabiltzea ekiditea 
 beharrezkoa da, horrela ez bada erregulartasunaren efektua areagotuko 
 litzateke eta. Basoek zeruertza zeharkatzean, 
 mendien gailurretarik ahalik eta urrunen egin beharko lukete, 
 erliebearekiko eta garrantzitsuen den bistarekiko diagonala 
 den ardatz bat jarraituz. Hau, noski, ezinezkoa da baso guztietan 
 eta ikuspuntu guztietatik lortzea, eta honegatik zenbait basori 
 edo ikuspunturi lehentasuna eman beharko litzaieke.Basoak, orokorrean, paisaiaren 
 eskalarekin bat etorri beharko lukete, hau da, eskala zabala 
 den tokian eta agertzen diren paisaiaren unitateek lur eremu 
 zabalak betetzen dituztenean, basoek ere lur eremu zabala bete 
 beharko lukete; eta aldiz unitate txikiz osatutako mosaiko itxurako 
 paisaietan basoak tamaina txikiko unitateetan banatu beharko 
 lirateke, paisaiaren aldetik integrazio ona lortzeko. Bestalde, gogoan izan behar da 
                orokorrean paisaiaren alde jokatzen duten neurri hauek balio naturalen 
                onurarako direla, eta horregatik paisaiaren kalitatea hobetzeko 
                ematen diren pausoak direla bide, baso hauen ezaugarri naturalen 
                hobekuntza ematen da. Miren Askasibar Bereziartua, 
 Paisaia, S.M.-ko langilea
 |