Ilargiak
badu eragin nabarmena naturarekin lotutako jarduera ezberdinetan.
Duela urte batzuk Euskal Herrian, ilargiaren arabera antolatzen
ziren, neurri handi batean, baserriko zereginak: txerria noiz
hil, sagardoa noiz botilatu, artoa, babarruna edo arbia noiz erein,
zuhaitzak noiz moztu...Migel Murua, orain dela hirurogeita hamar
bat urte eta hamasei hilabetetako haur bat besterik ez zela, heldu
zen Altzoko Otsein baserrira. Geroztik, nahiz eta denboraldi batez
lantegian lanean ibili, baserritar gisa aritu da. Mota guztietako
garaiak ezagutu ditu Muruak, eta beti, gizaldiz gizaldi trasmititu
dizkioten ohiturak gauzatzen ahalegindu da, ilargiaren inguruko
sinesmenak izanik honen erakusgarri. Egun, bere fedea mantentzen
du eta ziur dago "ilargiak izugarrizko eragina duela bai
baserriko zereginetan eta baita beste gauza askotan ere. Niri
honetan sinesten irakatsi zidaten eta sinesten jarraitzen dut".
-Zeintzuk dira ilargiaren faseak
eta sasoiak? Nik bi
garai ezberdin ezagutzen ditut: ilbehera eta ilberria. Ilargia
betetzen den garaian ilbehera hasten da, hamabost edo hamasei
bat egun behar izaten ditu hazteko, ondoren ilberri garaia dator.
-Nola antzematen duzu ilargiaren
fase bakoitza? Ilargia hazten ari
den garaian, itaiaren ahoa ezkerretik eskubira dihoanean, ilberritzen
ari da. Gastatzen ari denean, aldiz, itaiaren ahoa eskubitik ezkerrera
dihoanean, ilargia ilbehera sasoian dago.
-Ba al du ilargiak eraginik
baserriko zereginetan? Bai horixe, lan askotan
eragin handia du. Etxean, ilargiaren arabera antolatzen genituen
zeregin ezberdinak. Duela hogei bat urte, baserriko laboreak alde
batera utzi zirenean, ilargiaren inguruko kontuak gutxiago sinesten
hasi omen ziren. Baserritar asko lantegietan hasi ginen lanean.
Aspaldi,
laboreak egiten zirenean, asko erreparatzen zitzaion ilargiari. Gaur egun, agian gutxiago antzematen
da eragin hau; lan guztiak presaka eta azkar egiten dira. Gainera,
ez da babarruna ereiten, eta ezta artoa ere. Labore lanak ez dira
duela urte batzuk bezalakoak, eta, beraz, ilargiaren eragina ere
eskasagoa da.
.Soro eta baratzei dagokienez,
zeintzuk dira ilargiaren eragina neurri handiago batean somatzen
duten zereginak edo barazkiak? Aspaldiko ohiturak
esaten dutena jarraituz, eta etxean egiten genuenaren arabera,
barazki eta fruitu gehienak ilbeheran erein beharko lirateke.
Azken ikerketa batzuk diotenez aldiz, baratzuria, tipula eta lur
azpian hazten diren barazki guztiak dira ilbeheran erein behar
direnak. Artoa, tomatea, babarruna eta horrelakoak aldiz, ilberri
garaian.
-Zeintzuk dira, konkretuki,
ilbeheran erein behar diren barazki eta fruituak? Artoa,
babarruna, patata, arbia, tomatea, letxuga...ia gehienak ilbeheran
erein behar dira. Garia ereiteko orduan aldiz, ez zitzaion ilargiarai
jaramon handirik egiten. Ahal baldin bazen, garia azaroan egiten
genuen. Baratzuriak San Martin aurreko ilbeheran ereitea komeni
da. Porrua, berriz, San Joaneko ilbeheran. Ni txikia nintzela,
gure aitonak esaten zuen arbia abuztuko amabirjina eguneko bezperan
erein behar zela. Guk hala egiten genuen eta izugarrizko arbia
ateratzen zitzaigun, oso ona.
-Zer da, orduan, ilberri egunetan
soroan egin behar dena? Egia
esatera, ilberri egunetan ez zegoen gauza handirik egiteko soroan,
ilgoran jorratzen ariten ginen gu.
-Jorratzea
aipatu duzunez, zein da asuna galtzeko modurik egokiena? Makilarekin jotzea
da asuna galtzeko modurik onena, ebakitzea baino hobea. Niri hala
esan zidaten eta hala saiatu naiz, nahiz eta asuna guztiz galtzea
nahiko zaila izan.
-Eta menda galtzeko, zein da
garairik aproposena? Esaten
dutenez, menda belarra galtzeko abuztuko ilbehera da garairik
onena.
-Ilargiaren zein fasetan landatu
behar dira zuhaitzak? Etxean
ikasitakoaren arabera, hosto borobila duten zuhaitzak ilberrian
landatu behar dira, eta hosto luzea dutenak aldiz, ilbeheran.
Esandakoari jarraituz, pagoa eta urritza ilberrian bota behar
dira eta haritza, intxaurra eta gaztaina, berriz, ilbeheran. Kimatzerako
orduan ere, arau berdina jarraitu beharra dago.
-Nahikoa hazi direnean, zein
da ilargi sasoirik onena zuhaitzak botatzeko? Botatzerakoan ere hostoari
begiratu behar zaio. Hosto borobila duten zuhaitzak ilberrian
bota behar dira, eta besteak aldiz, ilbeheran. Pagoa, ilberrian
bota behar da beti, ilargia jaisten hasten denean bota eta txikitu.
Sua egiteko garaian, ongi baino hobeto somatzen dira ezberdintasunak
egurraren kalitateari dagokionez behintzat. Pagoa ilbeheran bota
ezkero, denbora gutxira pipia agertuko da. Artea, aldiz, ilbeheran
bota behar da eta gurdi ardatzetarako oso ona omen da. Haltza,
maiatzeko ilberrian zuritu behar da eta hurrengo urteko maiatzean
bota. Akazia ilberrian bota behar da, azaroan edo abenduan. Intxaurrondoa,
aldiz, ilbeheran, oso material ona da, baita eskuare buruak egiteko
ere. Haritza ere ilbeheran bota behar da, eta neguan hobe. Aspaldi,
baserri honetara heldu ginen garaian, ikuiluko lurra zeharo hautsita
zegoen, moztuta zegoen pinu bat zerratu genuen eta egur horrekin
konpondu genuen lurra. Hiru urte igaro ondoren, egur hori guztiz
usteldu zen. Nik uste dut garai okerrean erein edo bota zutela
zuhaitz hura.
-Simaurra zabaltzeko ilargiari
begiratu behar zaio? Lehen,
simaurra ikuiluan nahasten zen eta beti ilbeheran. Ilberrian nahastu
ezkero, simaurra zuri-zuria gelditzen zen, arin-arina, eta ez
zuen ezertarako balio. Ilbeheran nahastutakoa, aldiz, oso ongi
mantentzen zen, oso indartsua ateratzen zen beti.
-Noiz
botilatu behar da sagardoa? Sagardoa ilbeheran
botilatu behar da. Egun, oso gutxitan egiten dugu sagardoa etxean,
baina garai batean sagardoa ilberri egunetan botilatzen bazen,
askotan, eta hego haizearen ondorioz, botiletako kortxoak atera
egiten ziren.
-Ilargiaren arabera, zein da
txerria hiltzeko garairik onena? Txerria
zikiratua bazen, ilbeheran hil behar zen, eta zikiratu gabekoa
bazen, ilberrian. Garai batean gatzetan jartzen ziren txerriak,
amonak esaten zigunez, txerri zikiratu bat ilberrian hiltzen bazen,
ez zuen gatza behar den moduan hartuko. Gaur egun, ahaztuak daude
kontu hauek guztiak, hiltzen diren txerriak hozkailuetan gordetzen
direlako.
-Eta..ba al du ilargiak pertsonengan
eraginik? Bai, ilea
mozteari dagokionez behintzat bai. Ilbeheran, beti ilbeheran moztu
behar da. Ilea soiltzen hasi bada ere, ilbeheran mozten bada,
gutxiago galtzen omen da. Nik ilbeheran moztu dut beti eta primeran
nago.
-Ilbete garaian zer egin behar
da? Ilbetean kontuz
ibili eta etxera goiz itzuli, bestela...
-Ezagutzen al dituzu ilargiari
buruzko kondaira edo esaera zaharrak? Euskal
Herriko etxe guztiak baserri txikiak ziren garai hartan, aitonak
esaten omen zigun, baserri behartsuen bizimodua aurrera atera
ahal izateko, urriko ilargia aprobetxatu beharra zegoela. Urrian
ilargia oso argia da eta gauez oso ongi ikusten da, beraz, urria
da besteen baratza eta soroetan lapurretan aritzeko hilabete egokia.
Izango dira, hor nonbait, beste istorio eta esaerak, baina nik
ez ditut gogoratzen.
Argazkiak: Teresa Sala
Euskonews & Media 108.zbk
(2001 / 1-26 / 2-2)
|