Beste
langintza askotan bezalaxe, itsas-arrantzan diharduten euskaldunak
ere lan-elkarteetan, kofradietan batu izan dira ofizioaren arazoei
modu eraginkorrago batean aurre egiteko. Lantxo honetan, azal-azaletik
baino ez bada ere, arrantzaleen elkarte horien iragana eta oraina
aztertuko ditugu, euren ezaugarririk nabarmenenak aipatuz.
1.- Kofradien
bilakaera historikoa.
Arrantza-arloko
kofradien jatorria Erdi Aroan kokatu behar dugu. Hain zuzen ere
Euskal Herriko arrantzaleen anaidirik zaharrenak, Hondarribia,
Donostia, Deba, Lekeitio, Bermeo eta Plentziakoak, XIII eta XIV
mendeetan sortu ziren. Itsas-gremioen sorkuntza-prozeso honetan
bi gertakari nagusik izan zuten eragina:
- Alde batetik, itsasoari loturiko
langintza ekonomikoek –eta oso bereiziki arrantzak- XI mendeaz
geroztik euskal kostaldean izan zuten aurrerapena. Testuinguru
horretan, zenbait arrantzale-komunitate loratu zen euskal kostaldean.
Eta komunitate horiek izan ziren, mendeak joan eta mendeak etorri,
egituratu eta kofradietan bildu zirenak. Arrantzaren sasoi honetako
garapenak aparteko garrantzia izan zuen, bada, kofradien sorkuntzan.
Garapen hura gabe pentsaezina izango baitzen hauen sorkuntza.
- Bestetik, garai hartan arlo bereko
langileek gremioetan biltzeko joerak Europan barrena hartu zuen
indarrak. Gogorarazi beharrekoa da puntu honi dagokionez, azken
Erdi Aroan Europako lan-kulturan erro sakonak bota zituela langintza
berean zihardutenak gremioetan elkartzea. Eta arrantzaleek ere
ontzat hartu zuten beste langintzetan zabaltzen ari zen joera
hori
Baina Euskal Herriko
arrantzale-kofradiak, ez dira, denak, Erdi Aroan erneak. Garai
zahar hauetan kofradiarik sortu ez zuten kostaldeko
herriek ere, XVII mendearen inguruan bakoitzak bere anaidia sortzeari
ekin zion. Sasoi honetakoak dira, besteak beste, Pasaia, Orio,
Zarautz, Getaria, Mutriku, Ondarroa, Ea, Elantxobe, Mundaka, Algorta,
Portugalete eta Somorrostroko arrantzaleen anaidiak.
Ikusten denez, bada,
Euskal Heriko itsas-gremioak bi txandatan sortu ziren: Erdi Aroan
aurrenekoak eta azkenak, berriz, Antzinako Erregimenaren bihotz-bihotzean,
XVII. gizaldian. Hortik aurrera, kofradiak, arrantza-munduari
estuki lotuta agertuko zaizkigu, euskal kostaldean ez ezik Kantauriko
itsas-portu guztietan. Bizkaiko arrantzale batek oso argi adierazten
zuen kofradien txertaketa hori 1708 urtean egin zuen adierazpen
honetan:
"...que
las cofradías como la de dicha Santa Clara de la villa
de Hondarroa (hay) en todos los puertos marítimos de
este dicho Señorío como son la villa de Lequeitio,
Puebla de Hea, Puerto de Elanchobe, Mundaca y esta dicha villa
de Bermeo, en las de Plencia y Portugalete, como también
en Castro, Laredo, Santander, San Martin de Llerena, Comillas
y San Bizente de la Barquera, Laires, Rebelizin, Lastres,
Ribadeo, San Ziprian, Bibero, Barias, Coruña, Pontebedra
y otros puertos del Reyno de Galicia, Prinzipado de Asturias
y de las quatro villas de los puertos de la mar; y en la noble
Probincia de Guipuzcua, en la billa de Motrico, Guetaria,
Ziudad de San Sebastián y otros puertos, todos ellos
teniendo sus santos patronos titulares conforme su devoción
y lo a visto el testigo por haver estado en ellos..."
Baina
kofradien sortze-prozesu luze hau ez zen nolanahi gertatu. Arazo
eta eragozpen asko gainditu behar izan zituzten itsas-bazterreko
arrantzale-komunitateek kofradietan egituratzea lortu arte. Horien
artetik ez ziren txikienak Gaztelako errege eta korteek giza-elkarteekiko
agertu zuten mesfidantza eta horien kontra eman zituzten aginduak.
Agindu hauek bitarteko, Euskal Herriko arrantzaleen kofradiek
ere Agintarien baimena eskuratu beharra izan zuten sortu eta jardun
ahal izateko.
Mendeetan zehar arrantza-sektorea
egituratzen jardun eta gero, eraso indartsua jasan zuten kofradiek,
XVIII. eta, batez ere, XIX mendean, liberalismoaren eraginez langintzen-askatasunaren
hatsapena Europako bazter guztietatik hedatu zenean. Eraso horiek
larrialdi sakon batean murgilarazi zituzten itsas-gremioak, hauek,
jakina denez, langintzen askatasunarekin uztarezineko erakunde
hertsiak baitziren. Doktrina liberalak gremiorik gehienak desagertarazi
zituen. Euakal Herriko arrantzaleek, ordea gogor eutsi zieten
euren kofradiei eta oztopo guztiei aurpegi emanez, hauek bizi-bizirik
irautea lortu zuten. Horren ondorioz, Erdi Aroan sorturiko lan-gremioen
artetik, gaur egunean oraindik bizirik irauten duten bakarretarikoak
direla baiezta daiteke zalantzarik gabe.
Egun,
azken denboretan arrantza mundutik bizi izan diren herririk gehienetan
daude kofradiak, lekuan lekuko itsastarren-komunitateak egituratzen.
Ez dago esan beharrik ez dutela denak bizitasun berdina. Batzuk
kide asko eta asko biltzen dituzte oraindik ere eta lehiatsu dihardute
euren eginkizunak betetzen. Besteak ordea nahas mahas dabiltza
erdi hilzorian, herriko arrantzaren atzerakadari aurre egin nahian.
Nolanahi ere, Kofradiek Legeriaren babes osoa dute. Eusko Legebiltzarrak
onetsitako 1998ko ekainaren 25ko Legeak bete-betean onartzen ditu
eta Zuzenbide Publikoko Korporazio bezala hartzen ditu.
2.- Kofradien
barne-egitura.
Europako lan-korporaziorik
gehienetan gertatu zen bezala, Euskal Herriko arrantzaleen kofradiak
ere goitik eta beherako egitura hierarkiko baten inguruan eratu
ziren. Hiru mailatan sailkaturiko egitura horren burua ontzijabeek
osatzen zuten, alegia, kofradikideek arrantzarako erabilten zituzten
txalupa eta traineroen ugazabak. Erdiko maila arrantzale soilena
zen; tostartekoena. Eta beheragokoa, berriz, mutilek osatzen zuten,
hau da, arrantzalearen ofizioa ikasteko asmoz, ontzibarruko zereginetan
laguntzen ziharduten gazteek.
Somatu daitekeenez,
kofradia barruko agintea ontzijabeen eskuetan zegoen ia leku guztietan.
Eurek ziran jaun eta jabe ofizioari buruzko arlorik gehienetan
eta euren eskuetan zeuden, baita ere, anaidiaren diru eta ondasunak.Ugazaben
nagusitasun hau argi eta garbi ikus daiteke kofradiaren eguneroko
joan etorrian.
Izan
ere kofradiaren barne-gobernua bi organotan oinarritzen zen –batzar
orokorrean eta maiordomoan- eta biak zeuden ontzijabeen menpean.
Batzarrari dagokionez esan behar da, hasierako aldietan lekuan
lekuko arrantzale guztiak biltzen bazituen ere, XVII mendeaz geroztik
ontzijabe soil eta bakarren txokoa bilakatu zela. Maiordomoaren
kasuan, aldiz, ez dugu okerrik egingo esaten badugu beti izan
dela ontzijabeen kargua.
Jakina denez, liberalismoaren
bultzadak, XIX mendean, gremiorik gehienak desagertaraztera eraman
zituenean, ez zein gehiago ugazaba eta langileak leku berean biltzen
zuen lan-elkarterik izan. Harrez gero, ugazabek euren elkarte
bereziak sortu zituzten eta langileek, aldiz, inoren menpeko lana
beren-beregiz defendatuko zuten erkidegoetan bildu ziren, sindikatoetan
alegia.
Baina arrantza arloan,
eragin liberalaren ganetik ere itsas-kofradiak bizirik iraun zutenez
gero, batzuk eta besteak –ugazaba eta tostartekoak- itzalpe berean
jarraitzen zuten. Hortakoz, ezinbestekoa gertatu zen batzuk eta
besteak kofradiaren baitan izan behar zuten pisua ere nola edo
hala parekatzea; ez baitzen onartzekoa inertziari amore emanez
gremioen garaia amaitu ostean ere
ontzijabeek anaidiko aginte guztia eurentza hartzen jarraitzea.
Arrantzale soilak, horrela, kofradiaren egituretan geroago eta
leku handiagoa irabazten joan izan dira. Prozeso honen ondorioz,
gaur egunean, kofradi barruko organoetan parekotasun handiagoa
dago armadoreen eta tostartekoen artean: Batzar orokorrak denak
biltzen ditu ugazaba eta tostartekoei erabateko parekotasuna aitortuz.
Beste horrebeste gertatzen da indarrean dauden legeek kofradietarako
aurrikusten duten Zuzendaritza-batzordearekin: hemen ere parean
daude ontzijabe eta arrantzale soilak. Presidentea eta Presidenteordeari
dagozkionez, egungo legeriaren arabera, armadorea zein tostartekoa
izan daitezke, baina kargu biak ezin daitezke aldi berean talde
berdineko kofradikidez beteak izan. Lehenbizikoa ugazaba bada,
besteak tostartekoa izan behar du nahi eta nahi ez. Eta berdin
alderantziz ere.
3.- Kofradien
eginkizunak.
Bi eratako eginkizunak
burutzen zituzten itsas-kofradiek. Alde batetik, arrantzaren munduari
loturiko arlo guzti-guztietan hartzen zuten esku: arrantza-lana
bera noiz, non eta nola egin behar zen arautu, arrantzaleen itsaso
zabaleko segurtasunaz arduratu; kofradikideek portura ekarritako
arraina saldu, anaien arteko eztabaidak konpobidean jarri eta,
oro har, arrantza-komunitatearen intereseko arazo eta kontu guztien
defentsan jardun.
Baina
itsasoko lanbideari loturiko jarduera hauez ganera, izaera erlijiosoko
hainbat zeregin betetzen zuten, baita, arrantza arloko anaidiek.
Izan ere Deunen baten itzalpean eraikita zeuden itsas-gremioak
–ia denak San Pedropean, baina ez dira falta Santa Klara, San
Nikolas eta San Telmoren ohorean eraikiak ere- eta horrek esangura
erlijioso indartsua ematen zion erakundeari. Hortik dator, herriaren
ustean, kofradiak, patroiaren alde, hildako arrantzaleen alde
zein eguraldi ona eskatzeko eleizkizunekin hain lotuta agertzea.
Gaur egunean alderdi
profesionalak du nagusitasuna itsas-kofradien eginkizunetan. Erakunde
hauek baxurako arrantzan diharduten langile guztiak biltzen dituzte
portu bakoitzean eta lekuan lekuko arrantzaleen lana bideratu
eta antolatzea dute helburu, Administrazioarekin elkarlanean jokatuz.
Iraganean bezalaxe, orain ere arrantzaleen lan-segurtasunaz eta
harrapatutako arrainaren salmentaz arduratzen dira batik bat.
Aitzitik, antzinako eleizkizun oparo eta ugariak, patroiaren eguna
ospatzeko egin ohi diren apurretara mugatzen dira gaurkoan. Josu Erkoreka Gervasio
Argazkiak: Eusko Jaurlaritzaren Portu Zuzendaritzak eginiko webgunetik |