60ko
hamarkadan, Baztango kazetari bat autoestop eginez heldu zen Donostiara.
Artisautzako azoka batera zihoan, hain gertukoa eta era berean
hain urruna egiten zitzaion mundu hura ikusi eta ezagutzera. Txundituta
gelditu zen. Eta, horrela, artisauen lantegietan, harginen hautsetan
eta tailuen txirbilen artean murgiltzen hasi zen, desagertzear
daudela diruditen lanbide horien erraietara sartzeko asmoarekin.
Gabriel Imbuluzquetak, hain ongi ezagutzen duen artisautzaren
munduari buruz -Nafarroakoa bereziki- argitaratu dituen ikerlanei
esker, ilunpetatik atera ditu lantegiak, eta etorkizuna konplexua
izango dela dioen arren, artisautzak aurrera egingo duelakoan
dago.
-Nolakoa da gaur egungo artisaua? Artisaua,
duela 50 urte arte, XIX. mendean kateatuta zegoen, baina urte
gutxi batzuetan garatu egin da. Lehen lantegiko ilunean zokoratuta
egoten ziren eta gizarteak ez zien inolako baliorik ematen, baina
80ko hamarkadan antolatzen hasitako azokei esker, Nafarroak orain
mirestu egiten ditu, eta erakundeek beren babesa ematen diete.
Hala ere, gizartearen sostengua falta zaie. Zorionak ematea ez
da nahikoa; erosi ere egin behar zaie. Oraindik asko dira lo dauden
artisauak: azoketara joatera mugatzen dira, beren burua promozionatzeaz
edo trebatzen jarraitzeaz arduratu gabe. Baina, tira, denetarik
dago. Azkenaldian gazte asko sartu dira artisautzaren munduan,
baina gehienek eskulanak egiten dituzte, saltokietan ikusten den
artisautza "hippia".
-Zergatik egin du behera artisautzak? Artisautzako
lanbide asko, bi arrazoi nagusigatik desagertu dira: batetik,
industrializazioagatik, produktuak seriatuak merkeagoak direlako,
eta bestetik, mekanizazioagatik. Horren ondorioz, artisauak itzalean
gelditu dira, gizarteak mesprezatu egin ditu, edo behintzat beren
lana gutxietsi. Baina, zulo beltzean zeudela, interes kultural
eta etnografikoari esker, artisautza berpiztu egin da. 1980an
Eusko Ikaskuntzak Artisautza Biziaren I. Erakusketa antolatu zuen
Iruñan, eta, arrakasta ikusita, hurrengo urtean bigarren
bat antolatu zuen. 1982an Nafarroako Gobernuak esku hartu zuen,
eta Nafarroako I. Artisautza Azoka antolatu zuen Iruñako
Gotorlekuan. Halako jendetza hurbildu zen (50.000 pertsona inguru),
artisatuza berreskuratzen saiatu beharra zegoela erabaki zuela.
Ordudanik, urteoro ospatzen da.
-Bultzada ona eman zioten beraz
azoka horiek...
Bai.
Aldi baterako behintzat salbu gelditu zen artisautza. Gainera,
jaiak, azokak, bailaren egunak eta antzekoak Nafarroako beste
herri askotara zabaldu ziren. Baina berehala ikusi zen hori ez
zela nahikoa, artisautzak ezin zuela ikuskizun bat izatera mugatu.
-Orduan otu zitzaizuen Kooperatiba
eratzea... Eusko Ikaskuntzak
antolatutako bi erakusketetan eta Artisautzako I. Azoka Nafarran
artisautzak jende asko erakartzen zuela ikusi genuen, eta orduan
profesional batzuek Eskuz Sozietate Kooperatiboa sortzea erabaki
zuten 1983an. Bere helburua, artisautzaren sektorea modernizatzea
zen, eta artisau nafarrak bitarteko berriak erabiltzen hastea.
Horrela, artisauak enpresa munduan trebatzen hasi ziren, eta,
aldi berean, beren lana garatzen. Diseinatzen ikasteko ikastaro
batzuk egiteko asmoa zegoen, baina azkenean bertan behera gelditu
ziren.
-Zerk eragotzi zion kooperatibari
aurrera egiten jarraitzea? Artisau
gehienek atzera egin zuten, artisauak ez ziren irakasleek ez zietela
gauza berririk erakutsiko pentsatuz. Nire ustez kalkuluetan egin
zen huts, zeren eta mundu honetan lehiakortasunak agintzen du,
eta lanbidean aurrera egin ahal izateko trebakuntza oso beharrezkoa
da, derrigorrezkoa. Ez dut esan nahi berziklapen ikastaroetara
joan beharra dagoenik, baina profesional guzti-guztiek ikuspegi
zabal bat eduki beharko lukete besteek egiten dituzten lanak ikusi
eta aztertzeko, teknikak ikertzeko, lehenagoko edo oraingo artisauen
lanak aztertzeko, eta gaurko gizartearen gustu eta eskariekin
hobeto ezkonduko den planteamendu berriekin ausartzeko. Artisau
batzuek hausnartu egin beharko lukete, aurrera egin ezean eta
produktuei funtzionalitaterik eman ezean.artisautza azoketan lortutako
arrakasta laster batean itzaliko dela konturatzeko.
-Artisauek berdiseina al ditzakete
beren produktuak, erabilera berriren bat emateko? Bai
horixe. Eta horrek ahalegin handiak eskatzen ditu. Argi dago artisautzako
produktu batzuk "ezinhobeak" direla diseinuaren aldetik; hala
nola kaikua, zatoa edota ferreta. Baina, disenatzaile italiar
batek, adibidez, ferreta nafarra oinarritzat hartu, eta produktu
desberdin bat merkaturatu du, oso erakargarria: kafetera bat.
Hala ere, funtzionalitatea ezin da beti aldatu, eta gauza batzuk
garatzea zentzugabea da. Baina egia da artisau batzuek asko aurreratu
dutela eta nazioarteko ospea lortu dutela etorkizunari begira
lan eginez asmatu dituzten diseinu berriei esker.
-Nolanahi ere, produktu batzuek
dauzkaten prezioak ikusita (dekoratiboek adibidez), jende gehienak
produktu industrialetara joko du...
Artisautza
azoketara joaten den jendeak, produktu horiek erosten dituen jendeak,
ondo baino hobeto daki zer den benetan artisaua eta zer ez. Badaki
kalitatea eta prezioa apreziatzen, eta badaki artisautzako pieza
hori bakarra dela. Izan ere, esan beharra dago Nafarroako artisautza
kalitatezkoa dela, eta askotan merkea, nahiz eta industriakoekin
konparatuta garestiagoa izan, baina hori gertatzen da oso artisau
gutxi ausartzen direlako obraren ezaugarriak, materiala eta lanean
pasatako orduak kontuan hartuta benetan balio dutena kobratzen.
Lehiaketa diseinuan, kalitatean nahiz prezioan egoten da, baina
prezioaren aldetik lehiatzerik ez dagoenez, diseinuan eta kalitatean
hartu behar da aurrea. Produkzio industriala ere kalitatezkoa
izan daiteke, baina ez dauka pieza bakarra izatearen xarma.
-Nola bizirauten dute lanbide
hauek teknologien garaiean? Tira,
gaur egun Internet bidez egiten dira salerosketak. Nafarroako
Gobernuak web orri bat prestatu du artisauentzat, eta batzuk dagoeneko
hasi dira modu berri horretan saltzen eta promozionatzen.
-Zein laguntza ematen dituzte
erakunde publikoek? Nafarroako Gobernuak
gauza asko egiten ditu: Internet bidezko merkatua zabaldu du,
urtero antolatzen ditu azokak, nazioarteko azoketara joan ahal
izateko diru laguntzak ematen ditu, eta Artisautzako Diseinuko
Lehiaketa Nafarra antolatzen du. Lehiaketa hau 1984an egin zen
lehenbizikoz, Foru Gobernuaren eta orduko Eskuz Kooperatibaren
ekimenez, artisautzako teknikak erabiliz gaur egungo gustu eta
estetikari erantzuten dioten produktuak bultzatzeko asmoarekin.
Teknika industrialak ere erabil daitezke, lehiakorragoak izateko. Baina
artisautzak ez du behar ez paternalismorik, ez protekzionismorik;
behar duena errealismoa da. Gobernuaren jarduerak bakarrik ez,
baizik eta artisauek ere ahaleginak egin behar dituzte, elkarlanean
arituz merkataritzarako bideak irekitzeko. Artisauak enpresari
batek bezala pentsatu behar du; izan ere, planteamendu komertzialak
ez du inolaz ere artisautzaren karisma biziatzen, salgai jartzen
dena lanaren emaitza da-eta. Onena, merkataritzako egitura bat
sortzea litzateke, baina oso zaila da. Egin zen saio bat, eta
huts egin zuen. Alde horretatik, oso garrantzitsua da Nafarroako
Gobernuko Merkataritza Ganbera prestatzen ari den katalogo bateratua.
Produktu batzuk desagertu egin dira, baina daudenei irteera berriak
bilatu behar zaizkie. Horra hor almadien kasua. Mundu mailako
erakusketak eta guzti egin dira beren inguruan.
-Sektore zaila izanik, zerk
bultzatzen du pertsona bat bizibide gisa artisautza hartzera?
Nolabait
bizi beharrak. Beste edozein lanbide bezain baliozkoa da. Ospe
pixka bat lortutakoan erakundeek nazioarteko azoketara joateko
deitzen dizute, lanak enkargatzen dizkizute, eta horrela bizi
zaitezke. Baina hori ez zaie guztiei gertatzen. Lanbide batzuek
mendeetan zehar zer nolako garrantzia izan duten jakiteko, Iruñako
kaleen izenak ikusi besterik ez dago: Calderería, Pellejería,
Tejería, Errotazar... Baina izan gaitezen errealistak:
industrializazioarekin, bizimodu berriarekin eta gizarteak azaldu
duen estimu eskasarekin, mende honetan zehar artisautzako lanbide
asko pikutara joan dira: sokagintza, gurdigintza, eltzegintza,
errotaritza, zurragintza, alpargataritza, ikazgintza, saskigintza,
nekazaritzako lanabesen ogibidea, aizkorena, txilarrezko erratzena,
etab. Baina nik uste dut elkarteen bidez, eta birdiseinuak eginez,
oraindik ere iraun dezaketela "iragan oparoa izan zuten, orain
bertan hilzorian dauden eta etorkizun lainotsua" daukaten ogibideek.
-Zer diote artisauek teknika
eta erreminta berrien aurrean? Sektore
batzuek makineria sartu dute. Argi dago makinaren bat lagungarri
izango baldin bazaizu, erosi egingo duzula, baina horrek ez du
esan nahi zure lana moldeekin seriean egingo duzunik.
-Zerk bultzatu zintuen artisauen
lantegietan sartzera? Baztango
bailaran sortua naiz ni, Elizondon, eta nire kultura eta lurra
maite ditut. Horrelako zerbait ikusten duzun lehen aldian zirrara
bat sentitzen duzu, eta erakarri egiten zaitu, engantxatu. Donostian
ikusi nuen lehenbiziko aldiz, autoestop eginez joanda: inguruko
kaikugile bat ikustera joan nintzen, Domingo Etxandi, eta asko
gustatu zitzaidan. Gero, ikusten nuen guztia idazten eta argitaratzen
hasi nintzen, eta horretan jarraitzen dut.
Gabriel
Imbuluzqueta Alcasenak argitalpen ugaritan hartu
du parte:
- Artesanías de
España
- Gran Enciclopedia Navarra
- Caja de Ahorros de Navarrako
liburuetan
- Nafarroako Gobernuaren
Panorama Bildumako aleetan
- Diario de Navarra-ko bildumako
aleetan
Era berean:
- Artisautzako Kontseilu
Nafarreko kidea da 1998
- Etniker-eko idazkari probintziala
da
- Informazio Zientzietan
doktorea da
|
Argazkiak: Idoia Marcellán
Euskonews & Media 104.zbk
(2000-12-22 / 2001-1-5)
|