LOIOLA,
DONOSTIA eta GASTEIZko HERRI IRRATIAk milurte berriaren aurrean
bi erabaki garrantzitsu hartu ditu: batetik zuzendaritza osatzea
eta bestetik programazioa sendotzea. Kontuok argitzen hasi baino
lehen aipa ditzadan etorkizun hurbilaren aurrean HERRI IRRATIAK
dituen erronka nagusiak: euskararena lehendabizi eta nolabaiteko
irrati sarea osatzea (gutxienez Eusko Autonomia Erkidegoan eta
gehienez Euskal Herri osoan).
Has gaitezen dagoeneko harturiko
erabakiak azaltzen:
l) lehenengoa ZUZENDARITZA
OSABERRITZEA esan dugu eta 2) bigarrena PROGRAMAZIOA
SENDOTZEA..
l) Zer esan hahi du ZUZENDARITZA
OSABERRITZEAK? Hauxe besterik ez: aldaketa handiak egin
direla zuzendaritza batzordean. Orain arte 3 pertsonak osatu
dute talde hau: zuzendariak berak, zuzendariordeak eta gerenteak.
Egun, berriz, 6 lagunek (zuzendariak, produkzioburuak, gerenteak,
Loiolako ordezkariak, euskara eta euskal kulturaz arduratzen
denak eta informatiboburuak) osatzen dute. Honek --barne
funtzionamenduari dagokionez-- aldaketa nabarmenak ekarri
ditu bai pertsonen aldetik bai erabakiak hartzeko aldetik
(bide hau konplexuago eta, aldi berean, aberatsago egin
baitu).
Honako hauek dira Zuzendaritza
Batzordekideak: Juan Lekuona, Karmele Eraso, Iñaki
de Mujika, Laxaro Azkune, Ramon Ibeas eta Txema Auzmendi.
2) PROGRAMAZIOA SENDOTZEA izan
da aipaturiko bigarren erabakia. Honekin funtsean hauxe
adierazi nahi dugu: batetik saio edo programa berri batzuk
sortu ditugula eta bestetik pertsona berriak ere jarri ditugula. |
Esan dezagun argitze aldera programazioak
5 sail nagusi dituela: informatiboena, magazinena, kirolena, kulturarena
eta musikarena.Denborari dagokionez, alegia sail edo zati bakoitzak
hartzen duen astiari dagokionez, %20 dela gutxigorabehera bakoitzarena.
Sail bakoitzak bere arduradun edo erantzulea du: Ramon Ibeas,
Iñaki de Mujika, Laxaro Azkune eta Jose Joakin Forkada
"Forki", hurrenez hurren. HERRI IRRATIAren programazioari
dagokionez, hauexek dira ezinbesteko oinarri edo zutabe nagusiak.
Saio berriak direla eta, ahalegin
berezia egin dugu albistegi edo informatiboetan. Horrela, astelehenetik
ostiralera bitartean, albistegi laburrak egiten ditugu orduero
goizeko 9etan hasi eta gaueko 9ak arte. Gainera, albistegi lokala
egiten dugu egunero arratsaldeko 6.30-7.00 tartean (Loiolan eta
Donostian guztiz ezberdina delarik, bai egilearen aldetik bai
edukiaren aldetik. Asteburu eta festegunetan, berriz, goizeko
albistegi laburrak eskaintzen ditugu eta bai-eta EUSKADIN GAUR
informatibo berezia ere (arratsaldeko 2etan igande eta festegunetan).
Ez dut saio honi buruzko informazioa bukatu nahi larunbat arratseko
saio berezia aipatzeke: astean zehar nahiko izkutuan gelditu edo
zarata handirik gabe pasa diren zenbait berri garrantzitsu berreskuratu
eta lantzen dituzte gure albistegietako lankideek 7.30etan.
Lan talde honetan bi lagun berri
ari dira: Ramon Ibeas koordinatzailea eta Goreti Dañobeitia
igande eta festegunetako arduraduna.
Bestelako berrikuntzarik ere badugu
aurtengo programazioan: ALO, ALO arratsaldeko magazina, egunero
astelehenetik ostiralera, 3.30etatik 6etara bitartean, Xabier
Riezuk zuzentzen duena. Lankide hau HERRI IRRATIAn lehenagotik
baldin bazegoen ere, orain erabat inkorporatu da lan taldera.
Gurea bezalako irrati pribatuak,
publizitate hutsetik bizi denak eta inongo sostengu edo babes
ofizialik ez duenak, zaila du etorkizuna: alde batetik eguneko
24 orduz baliabide pertsonal eta material askoz handiagoak dituzten
irrati indartsuekin (bai Euskal Herriko EUSKADI IRRATIA eta RADIO
EUSKADIrekin bai espainiar Estatuko SER, COPE, ONDA CERO, RADIO
NACIONAL DE ESPAÑA eta abarrekin) lehiatu behar delako
eta bestetik inolako irrati sarerik ez osatzean publizitate agentzi
sonatuak ez direlako sarri gurekin gogoratu ere egiten.
Eta amaitzeko artikulu honen hasieran
aipatu ditudan bi erronka nagusiei heldu nahi nieke laburki: l)
lehenengoa euskararena dugu, ene ustetan, eta 2) HERRI IRRATIen
sarea sortzearena bigarrena.
LOIOLA HERRI IRRATIA duela ia 40
urte sortu zen, Francoren diktadura garai beltz eta gogorrean.
Sorreratik beratik beti izan du euskara eta euskal kulturarekiko
atxekimendua eta horrek, besteak beste, eman dio, nire irudiko,
Euskal Herriarengan txertatua izatea. Gaur egun euskararen presentzia
gure programazioan %25-30ekoa da, baina bi sail garrantzitsutan
(informatiboenetakoan eta kirolenetakoan) askoz murritzagoa da.
Hementxe ikusten dut, beraz, gure irratiak bete beharko lukeen
hutsunea.
Bigarren erronka zailagoa dela esango
nuke: irrati sarea sortzeaz ari naiz, noski. Azken urte honetan
Eusko Autonomia Erkidegoko HERRI IRRATIAk elkar lanean aurrerapauso
handiak egiten saiatu gara, nahi genuena ez dugu lortu baina.
Agian azkarregi eta arinegi egin nahi izan dugu ibilbide ezberdinak
ditugula ahaztuz, euskarari eman beharreko tratamendua gerorako
utziz e.a. Proiektua ez zegoela nahiko landua, nahiko heldua uste
dut. Elkarrekin lanean jarraitzeko asmoa dugu eta aurrerantzean
saio amankomunak eta elkarren arteko loturak mantsoago baina sendoagoak
eginen ditugula espero dut. Txema Auzmendi, Herri Irratiko
kazetaria |