Euskal Herrirako inmigrazio espainiarraz
* Traducción al español del original en euskera
Xabier Aierdi Urraza


1

Euskal Herriruntz abiatu den estatu inmigrazioak, gutxi gora behera, ehun urte ditu. Ehun urte ditu ere euskal nazionalismoak. Bien artean ez dago halabeharrezko harremanik, baina historikoki elkar eragin izugarria bai. Horrela, euskal nazionalismoaren teorizazioan inmigrazioari inplizito edo esplizitoki espazio haundia eskainiko zaio. Bestalde, inmigrazioak ere nazionalismo honen hedapenean —mugatu/zabalean— zeharo afektatuko du.

Zergatik da arazo inmigrazio espainiarra? Inmigrazioa, hasieratik, arazo sozial bilakatuko da euskal nazionalismoaren asmoetan. Euskal nazionalismoak, edozein nazionalismok, bere helburuak justifikatzeko lurralde jakin bateko populazioaren homogeneitate kulturala argudiatzen du; homogeneitate horrek herria/nazioa koinstituitu eta naziotasunak autonomia politikoaren eskaera legitimatzen du. Ondorioz, nazionalismoaren oinarrian honako formula dago: lurralde bat, kultura bat, nazio bat, Estatu bat.

Baina oinarri hauxe da inmigrazioak nolabait apurtzen duena. Horrexegatik, nazionalismoarentzako, euskal nazionalismoentzako, Espainiatik etorritako inmigrazioa arazo da. Gauza kuriosoa, zeren Afrikatik etorritakoa ez da maila berbereko arazo. Azken hau arazo sozial bat izatera hel liteke etorkizunean, beronen kopuruak haunditzen diren neurrian. Arazo sozial honentzat badago egon legedi oso bat etorritako edo etortzear daudenentzat traba dena. Gainera, ez zaio hiritar-tasunik errekonozitzen.

Arazo politikoa da espainiar inmigrazioa. Baina zer gertatzen da Estatu inmigrazioarekin? Agian arazo sozial izan litekeela, edo kulturala, edo biak batera, edo bat ere ez, baina gauza guztien gainetik euskal nazionalismoarentzako arazo politiko bat da, esan bezala errotik ukatzen baitu eman gura duen irudi homogeneoa. Politikoa da gainera beste ezaugarri oso nabarmen batengatik: ukatzen duen unitate politikoko biztanleria delako. Hau da, euskal nazionalismoaren tradizioan Espainia ukatzea izan bada benetako funtsa, benetako argumentu sendoa, sendoena, Estatu horrexetatik, errealitate espainiar horretako kideak, dira Euskal Herrira heltzen direnak.

Honek arazoa areagotu egiten du, zeren honela matrioskharen sindromea agertzen da. Matrioskhak panpin errusiarrak dira, eta dakigun legez haundienaren baitan beste bat sartzen da, horretan beste bat, eta horrela... txikienaraino. Gure kasuan nagusiena Espainia da (nazionalistentzat Estatu espainiarra), bigarrena Euskal Herria, hirugarrena Espainiako populazioa. Honelako egoerak konpontzeko ingeniaritza konstituzional haundia behar da, eta orain dela hogei urte arte ez dago egon izan inolako saiorik, historikoki Euskal Nazionalismoak Espainia ukatu duelako eta Espainiak Euskal Herri politiko desberdinduaren esitentzia errekonozitu ez duelako, beraz konponbide errazik ez, konponketarako elkarren errekonozimendua, edo, gutxienez, esistentziaren errekonozimendua, behar baita. Gainera, ingenieritza konstituzional hauek oso egoera labankorrak konpontzera eta konpontzeko etortzen dira, baina hala eta guztiz ere etengabe dagoz oreka ezegonkor batean, joztun egokiak eta etengabe lanean dihardutenak behar baitira. Honelako ezer ez dago gurean.

Zein zentrutatik eutsi kontu honi? Zentruan Euskal Herria ipintzen badugu honelako egoera bat daukagu. Badago lurralde bat, bertako zenbaitzuek —nazionalistek— bere konsideratzen dutena, bi administrazio estatatalen menpe eta hiru auto-hetero-administrazio eratan banandua dagoena. Nazionalistek esaten dute lurralde hori bat baino ez dela eta bertan bizi direnek direla sujetu bakar eta erabakiorra. Ahopeka, agian, edo ageriki zenbaitzutan, nazionalista askok kontsideratuko du ez direla naziokideak bertan bizi diren guztiak, batzuk kanpotik etorriak baitira eta gainera leialtasun nazionala ezberdina luketelako; beraz, askoren ustez, hauek ez lukete inolako eskubiderik geroa erabakitzeko. Beste batzuek uste dute kanpotik etorritakoek ez dutela inoiz eskubiderik. Azkenek, ordea, uste dute egungo biztanleria dela erabakitzailea, hala bertan nola kanpoan jaiotakoak.

Zentruan Espainia ipintzen badugu egoera honelakoa da. Estatuak lurralde bat du, zatiezina eta nazio baten isla da, nazio horretan azpi-nazioak (?) egon arren. Lurralde azpinazionaletako kideak kopuruz gehiengo ez diren moduan, lurralde osoko populazioak agintzen duenera egokitu egin behar dira, ez baitute banantzeko inolako eskubiderik.

Zentruak eta identitatea. Bi zentruen artean hezurmamizko populazioa dago, zeinari identitateari eta leialtasun nazionalari buruzko bi proposamen alternatibo heltzen zazkion. Zentru bakoitzak populazio honen identitatea berak dioena dela aldarrikatuko du. Honela identitatearen inguruko borroka sinbolikoa sortzen da. Sujetu batek duen errealitate ikuspegia gizartean eransteko eta bakar (edo monopolio modura) agertzeko egin asmoei deitzen zaio borroka sinbolikoa. Sujetu batek Euskal Herria funtsean Espainia dela eta beronen identitatea espainiarra dela esango du; besteak, ordea, Euskal Herria funtsean euskalduna dela gaineratuko du. Hona helduta bi nabardura hemen behar dugu.

1. Borroka honen kanpo aspektuari dagokiona. Kanpo dimentsioaren oinarrian bi zentruen arteko lehia legoke. Lehia hau askotan baretu egiten da, beste zenbaitetan barerazi, eta beste zenbaitetan suspertu.

Urte luzeetan, eta batez ere, inmigrazioa masiboki etorri zeneko Frankoren garaietan euskal nazionalismoak ezin izan zuen plazaratzeko aukerarik; beraz, ezin izan zituen inmigrariak bere kodeetara sozializatu. Geroago, behin Trantsizio politikoa martxan jarrita, Euskal Nazionalismoak sekula eduki ez duen arrakasta historikoa eskuratu zuen eta monopolikoa bilakatu zen bere ikuspegia.

Egun, lehia (borroka) ia gerla bihurtua dago. Okertzeko beldurrik gabe, esan genezake euskal nazionalismoaren eta aldarrikatzen duen ezberdintasunaren kontrako borrokarik latz eta gogorrena plazaratua dagoela. Borroka sinboliko suspertu honen atzean honako faktoreak leudeke: nazionalismoaren gainbehera geldoa eremu sozialean, monopolioaren ondoko pendulo efektua, ETA-ren ekintzak, eta batez ere ETA-ren kontrako gizarte errebolta Ermuan gertatu gertakariak direla eta.

2. Borrokaren barne aspektua: euskalduntasunaren definizioa. Borrokak badu ere euskaldun izatea zer denari buruzko barne dimentsioa. Historikoki, euskalduntasuna zer den definitzeko zenbait euskarri objektibo edo objektibagarri erabili izan dira: arraza (-erlijioa), hizkuntza, bertakotasuna eta abar. Geroago, aspektu subjektiboei eman zaie garrantzia, euskaldun izateko borondateari batipat. Bestalde, sistema demokratikoaren ezarrerarekin hiritartasun administratiboak ere euskalduntasuna bideratzen du. Era guzti hauek, batzuetan bakarka agertzen dira, beste batzuetan gainezarrita, baina bai kasu batean zein bestean elkarren artean borrokatzen dauden ikuspegiak dira. Nolanahi ere, euskal nazionalismoak ez du oraindik ere erizpide amankomun bat plazaratu edo adostu. Erreztasun haundiz batetik bestera pasatzen da. Teorian definizio zabalak onartzen ditu, horrela borondatean oinarritutakoa lehenduko lukeela ematen du, baina borondate soila gutxi iruditzen zaio, borondatea oso aldakorra baita. Horrexegatik konpromezu gehiago eskatuko lukeen erizpidearen bila ari da etengabe.

Borroka sinbolikoaren bi dimentsiook elkar eragiten dute eta etengabe espazio sozial (eta politiko) euskalduna berdefinitzen ari dira, bakoitzak ura bere errotara eraman nahi du eta.

Erizpide erabiorrik? Dena dela, Euskal Herrian eta nazionalismoaren baitan badago erizpide erabior bat. Ez da maila kulturalean kokatzen, horrela egon daiteke «euskaradun ez euskaldunik». Ez da bertakotasunean oinarritzen, bertako asko kanpoko eta kanpoko asko bertako kontsideratu da eta. Zein da erizpide hau, ba? Erizpide politikoa. Azken finean eta ezelango zalantzarik gabe euskaldun da euskal nazionalista dena, euskara jakin edo ez, bertan jaioa izana edo ez. Areago, bakarrik erizpide honetatik ulertzen dira aurreko kontraesan logikoak, esaterako euskaldun ez konsideratzea euskara dakienari edo alderantziz. Erizpide politiko hau onmipresentea da, nahiz eta diskurtsoaren mailatik ukatu nahi. Askotan, eta hortixek dator bere sendotasuna, erabiltzen dugunaren kontzientzia ere ez dugu izaten.

Aurrekoaren laburpen gisa. Euskal Herrian bi leialtasun nazional dago, horrek politika zentruan jartzen du eta integrazioaren neurria pertsona bakoitzak aukeratzen duen leialtasun nazional (eta dagokion alderdia)-aren mende dago. Kontua da nork agintzen duen gizartean, hau da, zein ikusmoldek, nazionalista euskaldunak edo espainolak. Azken urteetan euskal nazionalismoak garaitu izan du eta egun indarrak parekotuta dagoz. Nolanahi ere, lurraldeak badu euskal nazionalismoaren alde bere garrantzi sinbolikoa geroago ikusiko dugun moduan, zeren logikoki badirudi Euskal Lurraldea euskaldunen lurraldea dela.

2

Inmigrazioaren zenbait aspektu

Euskal Herrira etorri den inmigrazio ulertu ahal izateko oso baliagarria izango zaigu Migrazioen teoria. Horrela,

1. Gizarte modernuetan migrazio ia gehienak kausa ekonomikoengatik gertatu direla esaten digu teoria honek, nahiz eta gero oso arrunta izan migrariek euren mugimendua azaltzeko zio pertsonal edo kulturalen aipamena, hau da, norberaren aukera edo erabaki pertsonal bihurtu derrigorrezkoa izan den irteera.

2. Migrariek gizarte sare inplizitoa osatzen dute, etorri den lehenak bere familiko, adiskide, auzoko, herriko jendea deitzen duelako. Horrek azaltzen du sorterri berbereko jende ugari aurkitzea gure herri industrialetako zenbait auzotan. Honek, alde batetik, lasaitasuna eta errefugioa ekartzen du eta, bestetik, egoera berriaren aurrean permeabilitate eskasagoa.

3. Gehienetan, migrariak landa gunetatik zentru urbano-industrialetara mugitzen dira. Bi aldaketa daramatza erantsiak mugimendu honek: 1. Ihardueretan: baserritar izatea baztertu eta langile bilakatu, eta 2. Kulturan: euren baserri-herri kulturaren ordez urbanoa eskuratu behar izatea.

4. Asimilazio kulturala eta politikoa bakarrik da guztiz beharrezkoa estatuarteko inmigrazioetan.

Aurreko 3. eta 4. puntua errazteko honako adibidea ipini daiteke: demagun Palentziar baten helmuga Madril, Hamburgo edo Euskal Herria direla. Madrilera badoa, seguruenik 3. puntuko trantsizio eman beharko du baina ez 4.koa. Hamburgora badoa biak esperimentatu beharko ditu. Euskal Herrira badator 3.a bai eta nolabait 4.a ere. Hau da Euskal Herria helmuga bezala, ez da ez Madril, baina Hamburgo ere ez, nahiz eta azkenetik zeozer daukan. Hamburgok bezala Euskal Herrian badago egon beste kultura bat, badago egon beste kultura politiko bat. Besterik da, eta oso garrantzizkoa da, ia zein neurritan dauden presente elementu hauek etorkingoa kokatzen deneko espazio geografikoetan, hau da, zein neurritan espazio geografiko diferentzial hau espazio kultural eta politiko diferentziala ere baden.

3

Inmigrazioa Euskal Herrian

Euskal Herrira etorri den inmigrazioa batik bat Bizkaian kokatu izan da, Bilbo Haundian zehazki. Egungo Euskal Erkidegoko populazioaren erdia Bilbo Haundian bizi da eta etorri den etorkingoaren %70-a baino gehiago. Jatorriz, etorri izan direnetatik ia erdia Leoi-Kastelakoak dira; horien ondotik, Extremadura, Andaluzia eta Galizia dira inmigrari gehien aportatu duten Erkidegoak. Leoi-Kastelakoentzat Bilborako bidea erosoena zen, euren jatorritik hurbil baitzegoen.

Taula honetan ikus daiteke Erkidegoko populazioaren konposizioa.

(Sakatu hemen taula ikusteko)

Gipuzkoan inmigrazioa eskualdeka modu beretsuan banatzen da, nahiz eta Irun eta antzeko zenbait herritan presenteago egon. Extremaduratik etorritakoak pisu demografiko haundiagoa dute lurralde honetan. Arabari dagokionean, ikuspegi demografikotik Gasteiz hiriburuak arabar lurraldea irentsi egiten du, Gasteizeko populazio kopuruak (ia lurraldeko %85-ak) lurralde osoko pauta markatzen baitu. Gasteizek, jatorriaren datuen arabera, Bilbo Haundiko pauta jarraitzen du.

Nafarroaren kasuan bi datu nabarmendu behar ditugu: 1) Etnikoki puruena dela, nafarroan jaiotako populazioa %85-a delako, eta 2) Purotasun etnikoak ez duela halabeharrezko harremanik leialtasun nazionalekin. Areago, identitate eta leialtasun nazionalak aztertzeko Euskal Herrian ezin da pauta teoriko homogeneoa erabili, ez baitira berdinak Iparraldeko eta Hegoaldeko bi Erkidegoen kasuak. Eredu bakar probable batetik gehien nabarmentzen dena Nafarroakoa da, ze agian, asko fortzatuta, bitara erreduzitu daitezkeen hiru leialtasun eraginkor baitaude: euskalduna, espainola, nafarra.

Ondokoa taulan ikus genezake nola Euskal Erkidegoan 15.000 baino biztanle gehiago duten herriek (populazioaren 76 baina gehiago dutenak), etorkinen % 82-a duten. Hau da, usteak dioen bezala, inmigrazioa batez ere gertakari urbanoa da. Gainera, udalerri ezberdinen konposaketa ikusita, errez dakusagu non kokatu diren etorkin gehienak, nola zenbait udalerritan ia gehiengoa diren eta, azkenik, nola etorkinak kokatu direneko udalerriek bertako errasgu —euskara, batik bat— gutxien dutenak diren.

(Sakatu hemen taula ikusteko)


Atara daitekeen lehen garrantzizko ondorioa honakoa da: historikoki, euskalduntasunaren errasguak indartsuenen dauden guneetatik kanpo kokatu dira espainiar etorkinak. Honela, etorkinak euskarak presentzia eskasena zuen tokietan kokatu dira batipat. Honek eragin izugarria du, zeren nahita ere, etorkinek ezin izan dute euskara ikasi. Areago, etorkinak honelako aspektuetan ispilu funtzioa betetzen dute. Bilbo Haundian, Gasteizen, eta beste zenbait toki txikiagotan etorkinek bertako askok egin izan duten gauza berbera egin dute, ez gehiago, ez gutxiago. Bertako asko ere lantegi baten lan egitera, auzo berri baten bizitzera, egunerokotasuneko harremanak mantentzera mugatu egin da. Horretan, nahiko antzekoak izan dira. Badagoz, gainera, gerla ostean industrializatu egin diren zenbait herri, non kanpotik etorritakoak eta probintzi baitakoak era berean heldu diren: Galdakao, Basauri, etab. Honelako kasuetan, industrializazioa, inmigrazioaren etorrera eta Frankismoaren antolamendu politikoak koinziditu egin duten moduan, ez zen posible pauta alternatibo bateri ere eustea. Beraz, adibidez, Gipuzkoako edo Bizkaiko kostaldeko zenbait herriren kasuan izan ezik, etorkinek ez dute euskararen beharrik izan eguneroko bizitzan, bertakoak behar ez zuten moduan. Hori bai, kanpokoei ez zitzaien suposatzen bertakoena: bertakoak bertako zirela eta halaxe izango zirela beti. Bertako, kasu honetan, ez da jatorriari dagokion kategoria, politikari baino.

Integrazioari beraz, nahitaez, kutsu politikoa emango zaio bertako ikuspuntuetatik. Etorkinen kasuan, ordea, integrazio batez ere pragmatikoa da. Eurek funtsean famili proiektu bat garatzera etorri dira, lanbidean espezializazio nahikoa eskuratu dute, bizi maila dezentea lortu dute hala eurentzat nola seme-alabentzat, arrakasta biografikoa eduki dute, beraz hor leudeke integrazioaren gakoak. Integrazio kulturala esan bezala planteiaezina da, kulturaz hizkuntza ulertzen badugu. Integrazio politikoari dagokionean, etorkin gehienek hemen garatu duten bizitzan bi fase bereizi egiten dute: politikagabekoa (frankismoa), politika molestia ez zenekoa, hau da autodefinitu beharra ez zegoenekoa eta politikaduna. Bigarren fase hau deserosoagoa da. Hau da, lehenean, politika ez zen publikoki esistitzen, sistema berak uzten ez zuen eta. Bigarrenean, euskal nazionalismoa eta beronen hegemonia somatzean bizitza zaildu egiten da, aurretik eskatzen ez ziren esigentziak azalera ateratzen direlako: politikan eta identitate mailan auto-identifikatzearena, batik bat.

Identitateari dagokionean kanpotik, nazionalismotik, definitua eta kategorizatua dela badaki etorkinak. Baina, nahiz eta pauta guztiz dominanteena ez den, bai oso ohikoa identitatea izaera natural modura ulertzea. Hau da, identitatearen, gu-tasunaren, definizioa, aipatu den moduan, aldatu egin du nazionalismoak. Borondatean oinarritutakoa da etorkinari pragmatiko eta logikoki ondoen datorkiona, baina ez da hori gehiengoak aukeratutako era. Etorkin gehienek uste dute identitatea naturaren emanazioa dela, hau da bertan jaio ez diren neurrian ezin daitezkeela euskaldun izan. Areago, euren seme-alaben artean ere bereiztu egiten dute, bertako kontsideratuz bertan jaioa eta kanpoko kanpoan jaioa. Lortzekoen ordez, ikuspegi oso adskriptiboak aukeratzen dituzte. Ez dute uste jauzi etnikoa eman daitekeenik. Hemen ere ispilu faktorea ikus dezakegu. Alde batetik, ikusi den moduan, bertako eta nazionalistak euskarri objektiboetara jotzeko joera dute, bestela uste baitute euskal izaera ahuldu egiten dela. Bestalde, erizpideen ahulezia etorkinak hobeto inkorporatzeko tresna izan daiteke. Baina muga labankorretara jo beharrean, labankorra baita euskaldun izatearen borondatea, objetibogarritasunaren sendotasuna besarkatzen dute inmigrariek. Beharbada ereindutako landarea da gero agertzen dena.

Dena dela, ondoko taulan ikus genezake zeintzu diren bertako, etorkin eta hala bikote mistoetako nola bikote etorkinetakoen seme alaben autoidentitateak. Identitate bikoitza da hala etorkinetan nola misto eta etorkinen seme alaben kasuan aukeratzen dituzten identitateak. Bertakoek, ordea, identitate euskalduna hobesten dute.

(Sakatu hemen taula ikusteko)


4

Amaitzeko

Inmigrazioa arazo sozial izan da euskal nazionalismoarentzako, baina neurri haundi batean arazo da euskal nazionalismoak, alde batetik, historikoki baldintza eskas eta kontrakoetan garatu egin behar izan duelako bere iharduera eta etorkingoa etorri zenean ez zuelako tresna nahikorik bere kodera etorkinak asimilatzeko. Bestetik, nazionalismo beraren elementu intrinsekoak ere badaude, zeren euskalduntasuna ulertzeko moduan ez du behar hainako neurria bilatzen jakin, etengabe ibili baita borondatetik adskripziora edo alderantziz. Areago, etorkingoa gainera kokatu egin da nazionalismoak eta euskarak indar eta presenzia gutxien zuten tokian, edo nazionalismoak bere eskariak justifikatzeko erabiltzen zituen osagai kulturalak presentzia gutxien zuten tokian. Guzti horrek asimilazio eza ekarri du.

Nolanahi ere, egungo egoeran, bai nazionalista, ez nazionalistek,bertako, kanpoko edo matrimonio mistoetako seme alabak, erkidegokoak, nafarroakoak, iparraldekoak egoera anitza osatzen dugu. Etorkizunean, anitza dena, aniztasuna jarrera modura bilakatzea izango da erronka, ezberdinen artean itunak baino ez du egoera desataskatzen eta.


Xabier Aierdi Urraza, Soziologiako irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatean

Euskonews & Media 101.zbk (2000 / 11-24 / 12-1)


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved