Lerro hauetan laburbiltzen den doktorego-tesi
hau egungo gure gizartearen islada da neurri handi batean. Egungo
gizarte kulturanitzetan geroz eta ohikoagoa da, egoera elebidun
eta kulturbidunak, hobeto esan eleanitzak, aurkitzea. Egoera
honek, gizabanakoarengan eragiten du bi hizkuntza eta bi kultura,
edo gehiagoren arteko erlazioak mota batekoak edo bestekoak izango
direlarik.
Bigarren hizkuntzen jabekuntza,
diziplina ezberdinetatik modu ezberdinean aztertua izan bada
ere, eta prozesu horretan parte hartzen duten aldagaiak ere mota
askotakoak izanik, guk aldagai psikosozialak hartu ditugu batik
bat kontutan: sare sozialak, bizitasun etnolinguistikoa, identitate
etnolinguistikoa, jarrerak eta bereziki motibazioa.
Lan honetan bi lagin erabili
ditugu. Lagin orokorra euskara bigarren hizkuntza -2H- bezala
ikasten duten 566 helduk osatzen dute orohar, hauetatik %61.4a
emakumezkoa izanik. Hauek: gazteak dira, ia %75ak 30 urte baino
gutxiago ditu; erdia baino gehiago euskaldunen presentzia populazioaren
%20a baino baxuagoa den herrietan jaio eta bizi dena da; gutxi
gora behera erdiak bi gurasoak Euskal Herrian jaioak ditu; gurasoak
erdaldunak dira gehiengoaren kasuan eta sujetuen ama-hizkuntza
ere gaztelania da kasurik gehienetan.
Bigarren lagina euskara transmisio
kanpainetan ikasten duten helduek osatzen dute, 451 guztira,
eta hauetatik %90a emakumezkoa da. Hauek: batazbeste 35 urte
dituzte; laurdena Euskal Herritik kanpo jaioa da eta hemen jaioak
direnak orohar gune erdaldunetan; bizi ere gune ia erabat erdaldunetan
bizi dira erdiak inguru; erdiek gurasoak ere Euskal Herritik
kanpo jaioak dituzte; gurasoen lehen hizkuntza gaztelania da
eta baita beraiena ere.
Lagin orokorreko galdesortak
Euskal Autonomi Elkartean eta Nafarroan pasa ditugu eta transmisio
kanpainako laginekoak Euskal Autonomi Elkartean bakarrik. Gainera,
kontutan izan dugun beste aspektu bat euskaltegia kokatua zegoen
herriko euskaldunen presentziaren portzentaiarena izan da, horrela
bost gune soziolinguistiko ezberdindu ditugularik: %0-20, %20-40,
%40-60, %60-80 eta %80a baino gehiago euskalduna izatea.
Aldagai psikosozial hauek kontutan
izanik eredu bat proposatu dugu eta gure laginetan betetzen den
ikusi nahi izan dugu (ikus 1 Irudia). Diseinu korrelazionala
eta eredu kausalak (LISREL) erabili ditugu proposaturiko eredu
hori gure laginean frogatzeko, eta emaitzek zera adierazi dute:1)
badaude sujetuarengan garrantzitsuak diren zenbait aspektu (jaioterria,
gurasoen lehen hizkuntza eta sujetuaren gertuko sareak duen euskara
ezagutza maila) hauek sujetu horren sare soziala baimentzen dutelarik,
hau da, sujetuak gertuko nahiz urrutiko sarean eta norbanako
erabilpenetan egiten duen euskara erabilpen maila aurrez aipatu
ditugun aspektuek markatua dago; 2) sare honek, aldi berean,
sujetuarengan gertatuko diren azpiprozesu psikosozialetan eragingo
du, eta sarearen arabera, identitate bat, jarrera jakin batzuk
eta orientazio motibazional jakin bat garatuko dira. Horrela,
zenbat eta euskara ezagutza handiagoa izan sujetuaren sarean
eta ondorioz erabilpen handiagoa egin, sujetuak identitate euskaldunagoa
garatuko du, euskaldunekiko jarrera positiboagoa eta orientazio
motibazional integratzaileagoa izango ditu; eta, 3) sare sozialak
eta aspektu psikosozialek sujetuaren portaera, edo bestela esanda
euskararen jabekuntza mailan, eragingo dute. Beraz, eta gure
ereduan proposatzen genuen bezala, sujetuaren sare soziala eszenatoki
moduko bat litzateke, eta hemen gertatzen denaren arabera, azpiprozesuak
modu batera edo bestera gertatuko dira sujetua eta objektuaren
(kasu honetan euskararen) arteko interakzioan.
Eredu hau lagin orokorrean frogatu
dugu, esanguratsua izanik (c =27.61, 22 a.g., p=0.18; GFI=0.97
eta AGFI=0.94), baina transmisio kanpainako laginean ez da esanguratsua.
1 IRUDIA: Ukipenezko 2Hen jabekuntza
eredu soziopsikologikoa.
Emaitza eta ondorioei dagokienez,
bi motatako ondorioak atera ditugu: 1) teorikoak, eta 2) aplikaziorako
baliagarriak izango direnak.
1) Teorikoen artean lehenengo
motibazioari buruzkoak aipatuko ditugu: a) Gardner-ek
(1985) planteaturiko orientazio integratzaile, komunikatzaile
eta instrumentaletik, integratzailea dena aurkitu dugu eta antzera
funtzionatzen du gure egoeran ere. Baina orientazio komunikatzailea
ez da bereziki gure testuinguruan agertzen, orientazio mota honi
dagozkion itemak orientazio integratzaileari dagozkionekin batera
agertzen direlarik. Honen arrazoia izan liteke beste bigarren
hizkuntza batzuk atzerriko jendearekin komunikatzeko balio dutela
eta euskarak ez duela gaitasun hori. Modu honetan baieztatzen
da, zeharka bada ere, 2H-atzerritarra eta 2H-ukipenezkoen arteko
ezberdintasuna garrantzitsua dela: 2H-atzerritarretan orientazio
komunikatzailea orientazio motibazional berezia izango da, baina
2H-ukipenezkoetan orientazio integratzailean barneratua agertzen
da; b) orientazio instrumentala orientazio motibazional
berezia dela esan genezake, gure testuinguruan ere aurkitu dugulako.
Baina hau ere modu berri batean aurkitu dugu, bitan banatzen
baita: b1) lan munduarekin soilik lotzen den irabazia alde batetik,
instrumental-laborala edo deituko dioguna eta, b2) bestelako
irabaziak, hautazkoagoak direnak gizabanakoarentzat eta instrumental-pragmatikoa
deituko geniokeena; eta d) bestelako orientazio motibazionalak
ere aurkitu ditugu lan honetan, transmisio motako orientazio
motibazionala hain zuzen ere, lagin bereziek dituzten helburu
bereziekin lotzen dena izanik azken hau. Ondorio teorikoekin
jarraituaz, eta gure eredu psikosozialari dagokionean
berriz: a) lortutako eredu kausala baliagarria da literaturako
ereduen berrikusteken etengabeko bilakaeran ere parte hartzeko;
b) prozesu psikosozialen artean motibazioa, identitate
etnolinguistikoa eta jarrerak garrantzitsuak gertatzen dira (baina
ez bizitasun etnolinguistiko subjetiboa), baita beraien arteko
erlazioa ere, guzti honen bitartez euskalduntzea ulertzeko, eta
d) euskalduntzea zuzenean esplikatzen da aipatutako prozesu
psikosozialen arabera, baina baita sare sozialaren arabera ere,
azken hau emaitza enpiriko berria izanik.
2) Ondorio aplikagarrien artean,
lehenengo lortu den eredu psikosozialari dagokionez: a)
egoera soziala neurri batean bakarrik aztertu dugu, egoera
mikrosozialaren ezaugarri batzuk kontutan hartuaz: gizabanakoaren
testuinguru soziodemografikoa eta soziolinguistikoa hain zuzen.
Egoera honetatik hasten da prozesu kausala, hau da, egoera honetan
ematen diren ezberdintasunen arabera bide ezberdinak jarraituaz,
eta errazagoa ala nekezagoa suertatuz, gertatuko da helduen euskalduntzea.
Ondorioz, Euskal Herriko ikerketa soziolinguistikoek lortu dituzten
emaitzak kontutan hartu behar dira azpi-egoera bakoitzerako zein
motatako hizkuntz plangintza egin behar den jakiteko, horrela
euskalduntzea arrakastatsua gerta dadin; b) azpi-egoera hauetako
aldagai esanguratsuak zeintzuk diren aurkitu dugu gure ereduan:
b1) sujetuen jaioterria (soziodemografikoa), eta b2) gurasoen
lehen hizkuntza (soziolinguistikoa). Horrela, hauen arabera multzokatu
beharko litzateke helduen populazioa, multzo bakoitzarentzako
plangintza egokitu berezia egiteko; d) sare sozialak erdigunea
betetzen du lortu dugun ereduan guzti honegatik: d1) gizabanakoaren
egoera soziala eta prozesu psikosozialen artean lotura egiten
duelako; d2) zuzenean ere eragina duelako helduen euskalduntze
prozesuan, horregatik helduen populazioa multzokatzeko beste
bide egoki bat litzateke esanguratsu gertatu diren aldagaiak
ezagutzen ditugulako kasu honetan ere: gertuko sareak duen euskara
ezagutza maila, sujetuak gertuko nahiz urrutiko sarean egiten
dituen euskara erabilpenak eta norbanako kanpo nahiz barne erabilpenak;
eta e) gizabanako egoera psikosoziala ere erabil daiteke
populazioan azpi-multzoak egiteko, hau biderik egokiena izan
daitekeelarik: e1) prozesu psikosozialak eragin zuzena duelako
euskalduntzearen emaitzetan; e2) prozesu honen arabera multzokatze
sakonagoa eta finagoa egin daitekeelako; e3) honen arabera esplika
daitezkeelako euskalduntzearen arrakasta nahioz porrota eta azkenik
e4) hauek aukerazkoenak direnez aldakorrenak eta zentzu horretan
maneiagarrienak direlako euskalduntze arrakastatsuraino iristeko.
Ondorio aplikagarriekin jarraituz, baina tipologia psikosozialari
dagokionean: a) motibazio prozesuaren arabera, aztertu
ditugun bi laginek tipologia antzekoa bakarrik azaldu dute, neurri
batean berdina baina beste neurri batean ezberdina; b) ondorioz
euskaltegiek orain artekoaz gain ia aurrez azpi-populazio
berezietarako ikastaro bereziak prestatu behar dituzte eta beste
batzuetan, malgutasun handiz, ikastaro bakoitzean egongo den
populazioaren ezaugarrien arabera gauzak berrantolatu, emaitza
arrakastatsuetaraino heldu nahi bada eta d) helburu eta motibazio
mota guztiekin lor daitezke emaitza onak, motibazio mota
bakoitzaren perfil soziodemografiko, soziolinguistiko eta psikosoziala
nolakoa den, alde batetik, eta nolako helburuak lortzeko baliagarria
den bestetik, ezagutzen dugulako, badirudi tipo bakoitzarekiko
ondo planifikatuz gero, lortuko diren emaitzak onak behar dutela
izan kasu guztietan.
Nekane Arratibel
Insausti, Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia
Saila-Psikologia Fakultatea, Tolosa hiribidea, 70, 20080 Donostia |