Armando Llanos Ortiz de Landaluce, 64 urteko gasteiztarra,
behar ditugun lekuan beti aurkitzen ditugun gizon geldigaitz horietako
bat da. Hutsuneak betetzeko grinak bultzatuta, hamaika dira bere
karrera luzean zehar izan dituen kargu eta erantzukizunak. Bereziki
aipatu behar da, hala ere, 12 urtetan Eusko Ikaskuntzako Arabako
lehendakariordea izan zela. Alderdi asko dira, eta, beraz, galdera
ugari ere gure protagonistarentzat.
-Armando Llanos, diseinatzailea,
arkeologoa edo Arabako turismo sustatzailea? Nire bizitzako hiru
arlo ezberdinak dira. Lanbidez diseinatzailea naiz, arkeologia
da nire zaletasuna, eta ditudan kezken artean, turismoa Araban
sustatzearena dago.
-Ederki. Lanbidearekin
hasiko gara: Diseinua. Hamar urtez Heraclio
Fournier enpresako deseinu departamentuko zuzendari artistikoa
izan nintzen. Gero, aldaketa handia egin nuen eta museoak eta
erakusketak diseinatzen, muntatzen eta instalatzen ibili nintzen.
Azken urteotan 30 museo gune baino gehiago koordinatu ditut.
Bestalde, arkitektu eta diseinatzailea naizenez, Barneko Arkitektuen
Nazioarteko Federakuntzako kidea naiz.
-Arkeologia zure zaletasuna
dela aitortu duzu. Nahiz eta Brontze Aroaren amaieran eta Burdin
Aroan espezializatuta egon, ez duzu inoiz erabaki arkeologia
zure lanbide bihurtzea.
Beste garai batzuk ziren, orduan geuk
ordaintzen genuen dena. Beti izan ditut oso gogoko gizakion historiari
lotutako gaiak, eta bereziki gure lurrari, Euskal Herriari, eskaini
diot arreta. Hau aspalditik dudan zaletasuna da, gaztetan, beste
gazte batzuekin batera, Arabako Espeleologia Taldea sortu nuen
eta. Taldeak bi alor zituen: batzuek, geologian lan egiten zuten
eta besteek, giza aztarnak aztertzen zituzten. Orduan ezagutu
genuen Jose Miguel Barandiaran. Gure maisu bilakatu zen eta landa
lan ugari egin genituen hainbat aztarnategitan. Aita Barandiaranek
arkeologi indusketak egiteari utzi eta bildutako datuak aztertzera
dedikatu zenean, lekukoa jaso nuen estali gabeko aztarnategietan
lan egiteko, horien artean Oro eta La Hoya. Horren guztiaren
ondorioz, Brontze Aroa eta Burdin Aroa izenekoak aztertu eta
lan batzuk argitaratu genituen, biltzarretan parte hartu genuen
eta hainbat unibertsitatetako arkeologia departamentuek gonbidatuak
izan ginen. Guztira, 30 bat arkeologi indusketetan parte hartu
dut, horietako askotan zuzendari gisa, eta atzerrian ere izan
naiz (Italian eta Frantzian). Argitalpenei dagokienez, Arabako
arkeologia kartan hasi eta labar arteari buruzko azterlanetarainoko
lanak argitaratu ditut. Nik beti azpimarratu izan dut ikerkuntzaren
sistematizazioaren garantiza. Horregatik, Jose Ignacio Vegas
eta biok zeramikak tipologiaren arabera sailkatzeko metodo informatikoa
sortu genuen. Gauza asko ezagutzen genituen, jakina, datu ugari
zeuden, baina antolatu gabe, ez ziren argiak edo falta ziren.
Sistemarik ez izateak ezagutza eza sortzen zuen.
-Hala ere, askoz ere zailago
ikusten dugu dauzkan kezken arteko bat betetzea, lan nekeza izan
behar baitu Araba ezezaguna turismo gune bilakatzeak. Beti ahalegindu izan
naiz hutsik dauden espazioak betetzen. Nire ustez, turismoa Araban
leundu gabeko diamantea da, eskaintza urria delako eskaera zabalagorik
ez duen merkatua. Egoera hori areagotuta zegoen "Protur
Alava" entrepresa sortu nuen garaian, ordutik hona eskaintza
hobetu baita. Erakundeek ez digute sekula onartu guk egindako
lana; hain garrantzitsua den turismoaren merkatuan, eskaintza
ez zegoela egiaztatzen zutenez, ez zituzten gure proiektuak onartzen,
bazter uzten gintuzten, eta, okerrago
dena, ate guztiak itxi ondoren, gure proiektuak bere egin eta
gauzatu egiten zituzten. Alegia, lagundu beharrean, bazter uzten
gintuzten, ezentzunarena egiten ziguten. Aitzindariak ginen Arabako
turismoan, baina ezin zuten hori onartu. Gogoratu ezazue duela
urte batzuk Araban ez zegoela turismo sustapenik, eta ez naiz
20 urtetik honako tarteaz hitz egiten ari. Esan besterik ez dago,
La Florida parkeko informazio eta turismoko bulegoa, Eusko Jaurlaritzak
bultzatuta, baizik ez zegoela.
-Ezetzak jaso arren, zuek
sinestu egin zenuten proiektua gauza zitekeela. Bai, argi eta garbi.
Guk turismoari etorkizuna ikusten genion. Hori bai, ordenatu,
antolatu eta planifikatu egin behar zen. Ez genuen ezer asmatu
behar, zeuden eredu onenak kopiatu, gure lurrari egokitu eta
eskaini, besterik ez. Horretarako, elkarrekin lan egin genuen
ekonomista batek, bidaia antolatzaile batek, biltzar antolatzaile
batek eta laurok. Ezagutarazteko eta merkaturatzeko kanpaina
egin ondoren, hainbat urtetan lan egin genuen: Fitur-era (Madril)
joaten ginen (Estatuko turismo azoka garrantzitsuena), Londresa
,
baina erakundeek laguntzarik ematen ez zutenez, atzera egin genuen.
Orain, «Protur Alava» baztertuta dugun gaia da. Erakundeek
ez gintuzten ontzat hartu, horixe da dena.
-Egunak 24 ordu izanik,
nola liteke hainbeste tokitan batera egotea? Egunei etekin handia
ateratzen zaie, batez ere ondo antolatzen badira. Betidanik izan
naiz gizon geldiezina, bide berriak jorratzeko gertu. Lehenago
esan bezala, Espeleologia Taldea sortu genuen, horrez gain, Arabako
Arkeologi Institutoa eta Landazuri Elkartea; Araba Eusko Ikaskuntzan
birsartzean parte hartu nuen... Bidean aurkitu ditudan hutsuneak
betetzea izan dut beti buruan. Bestalde, 1984ean Arabako Foru
Aldundiko Kultur zuzendari izendatu ninduten eta lau urtetan
aritu nintzen horretan, eta, bi legealditan,
Eusko Alderdi Jeltzaleko parlamentaria izan nintzen. Azkeneko
hori, nire alde politikoa alegia, ez da nire bizitzan garrantzi
handikoa izan, nik ez baitut neure burua politikaritzat hartzen;
bizitzan sortzen diren gauzak dira, aintzat hartu beharrekoak,
eta ekarpenen bat egiterik badago, egin egiten da.
-Bi hilabete barru 65 urte
beteko dituzu, erretiratzeko garaia... Nik ez dut erretiratzea
pentsatzen. Nire lanbidearekin, nire zaletasun eta kezkekin jarraituko
dut. Gustuko dut egiten dudana, eta hori zorte handia da. Ez
dut lana balitz bezala egiten. Hainbeste saltsatan aldi berean
egoteak, jarduera etengabe aldatzeko bidea ireki dit, eta guztiz
merezi izan du.
-Lan alorrera itzuliz,
eta puri-purian dagoen gaia hartuta, berriki Artium izenaz bataiatua
izan den Arte Garaikideko Euskal Museoaz galdetu behar dizut.
Epe guztiak betetzen badira, 2001. urtearen amaieran irekiko
ditu ateak museoak, azkenaldi honetan Arabako kultur inbertsio
handienak. Eraikuntzak kritikak jasan ditu jadanik, kokalekua
eta eraikina bera direla kausa. Eraikinari dagokionez,
zerbait adierazgarriagoa egin zitekeela uste dut. Araban beti
motz geratzen garelako irudipena daukat, ez dugula etekinik ateratzen,
bestela esanda, erdibidean geratzen garela. Esaten dudan horrek
gizarte arabarraren arlo eta alderdi guztietarako balio du. Zergatik
ez aldamenekoari zerbait kopiatu, funtzionatzen duela ikusten
badugu? Jakina, gure izaerari egokituta. "Eboluzionatu ala
hil" esaerari kasu egin behar diogu.
-Beraz, arkeologiak ere
egin beharko dio kasu esaera horri, Arabak aztarnategi garrantzitsuak
dituela, besteak beste Iruña-Veleia edo La Hoya, kontuan
hartuta. Arkeologi alorrean
aldaketa handiak gertatu dira. Gure garaian, geuk ordaintzen
genituen indusketen gastuak, behar genuen materialetan hasi eta
bidaietaraino. Denborarekin, laguntza ematen hasi zitzaizkigun,
baina ez ziren haietatik bizitzeko adinako dirulaguntzak, aztarnategietako
betebeharrei erantzuteko kontusailak baino ez. Hala eta guztiz
ere, Araban badugu, esaterako, Iruña de Oca herrixka,
duen zabalkuntzaz gain, aztarnategia oso ondo kontserbatuta dagoelako
ere Euskal Herriko aztarnategi garrantzitsuena, zalantzarik gabe.
Antzinako beste herrixka batzuetan dauden aztarnak suntsituta
daude, ez dago ia ezer osorik. Urrutira joan gabe, hortxe dugu
Iruñearen kasua. Egia, antzinateko beste leku garrantzitsu
bat izan zen, baina sekula ez dugu jakingo zehatz-mehatz zer
zegoen bertan, gaur egungo Iruñea herrixka haren gainean
eraiki baitzen. Zaragoza dugu beste
adibide aipagarri bat. Horren guztiaren arrazoia azaltzea erraza
da: kasu gehienetan haren gainean eraiki zen beste hiri edo herri
baten sorburua izan zen aztarnategia. Iruña de Oca, ordea,
erromatarren osteko herri garrantzitsua izatetik ereiteko lursaila
izatera igaro zen, eta, hortaz, aztarnategia osorik aurkitzeko
aukera oso handia da, lehengo goldeek eta gaurko traktoreek suntsitu
dutena bazter utzita.
-Azken asteotan, hain zuzen,
indusketa kanpaina bati ekin zaio Iruña de Ocan. Horko
arduradunek behin baino gehiagotan adierazi dute aztarnategian
museo egokia sortzeko beharra, ondare historikoa izateaz gain,
etorkizunean Arabako turismoaren erreferentzi puntua ere izan
daitekeelako. Eskumena duten erakundeek
erabaki behar duten lehenengo gauza da jendearentzat zabalduko
den ala ez. Irekitzea erabakitzen bada, bisitariari giltza eman
behar zaio hura zer den, haren alderdi fisikoa zein historikoa,
uler dezan. Iruña herrixka izan baitzen Brontze Aroaren
amaieraz geroztik, herri handi bilakatu zen Burdin Aroan, eta
gero erromatartu egin zen. Hau da, lehendik antolatutako gizartean
sartu ziren erromatarrak, ordurako sortua zegoen egituran, eta
haien beharren arabera moldatu zuten. Ez zuten ezer suntsitu,
hor dago herrixkaren garrantzia.
-Armando Llanosen bizitzako
hiru alderdi garrantzitsuenak Iruñako herrixkan nahasirik
daudela esan genezake: arkeologia lanak, aztarnategiak izan lezakeen
museoaren diseinua egiteko aukera eta zona horretako turismo
sustapena.
Nolabait, hori bera da Laguardiako (Arabako Errioxa) La Hoya
herrixkan, egin genuena. Garai hartan, La Hoya eta hango museoa
aitzindariak izan ziren arkeologi aurkikuntza hura interpretatzerakoan.
Guk hain maitasun handiz ireki genuen museoak gaur egun duen
egoera lotsagarria da, eta, hala ere, urtean 20.000 bisitari
joaten dira. Hori egiteko, eta edozer gauza egiteko ere bai,
lehenengo sentsibilitatea behar da, eta bigarren neurririk gabeko
borondatea. Ez da beharrezkoa esatea gurea gaindituta dagoen
lana dela, hortxe dugu Merida.
-Eman dezagun bidaia-operadore
ingelesa naizela eta Araba saldu behar didazula. Zer eskainiko
didazu? Araban denetarik
aurki dezakezu inguru txikian: Arabako Errioxako paisaiatik Aramaioko
berderaino, arkeologi aztarnategietatik altxor gotikoetara, kirol
instalazio ugari... Ez dago nabarmentzeko
ezer zehatzik, osotasuna bai, ordea. Euskadiko turismoaren sustapen
makinerian beste pieza bat izan behar dugu. Gipuzkoak, esate
baterako, turismo tradizio luzea dauka, Bizkaiak turismoaren
martxan sartu da Guggenheim museoarekin, baina denok ikasi behar
dugu beste komunitate batzuetatik, Asturias edo Galizia kasu,
turismoa haien ekonomiaren ardatz garrantzitsu bilakatu baitute.
Turismoa ez da berehala emaitzak ematen dituen lanbidea, lan
asko egitea eskatzen duen eginkizuna baizik. Ildo horretan, Arabako
kasura itzuliz, zerbait mugitzen hasi da, adibidez, Israeldik
iristen diren charter hegaldiak; baina, hala eta guztiz ere,
ilusioa falta zaigu, egiten ditugun proiektuetan oso lotsati
azaltzen gara, eta baita hala-moduzkoak ere. Eta, gainera, zerotik
edo zero azpitik hasi garela kontuan hartzen badugu, are zailagoa
da .
-Orduan, orain baztertuta
daukazun Protur Alava zure enpresarekin hasitako bideari jarraitu
beharko diozu. Ez, momentuz hor
dago gaia, geldirik. Berriro diot, guk, gure garaian, hainbat
bidai pakete sortu genituen, Arabaren eskaintza egin genuen eta
handizkariekin harremanetan jarri ginen, baina ez genuen inolako
laguntzarik izan. Erakundeen laguntza eza, edo hobe esanda, bidean
jarri zizkiguten oztopoak zirela eta, proiektua baztertu genuen,
buruko mina besterik ez baitzigun sortzen. Argazkiak: Ismael Diaz de Mendibil
Euskonews & Media 97.zbk (2000
/ 10-27 / 11-3) |