Lan honetan Euskal Autonomi Erkidegoko
ekonomian manufaktura industriako enpleguak beste herrialdeekin
alderatuz duen garrantzia eta enplegu hau sektore eta tamaina
desberdineko enpresetan 1985 eta 1997eko aldian nola banatzen
den ikusi ondoren lortu ditugun zenbait ondorio aipagarri laburbilduko
ditugu.
- Euskal Autonomi Erkidegoan manufakturako
industriako enpleguak ekonomian duen pisua beste herrialde garatuetan
baino (Europa-15en, EEBBetan eta Japonian) altuagoa da.
- EAEko industriako enpleguan
metalen eraldakuntzako sektoreetan dago enplegu gehien (industriako
enpleguaren %58)
- Enpleguak sektoreka izan duen
bilakaera aztertzen bada, Altzairungintzako sektoreko enpleguak
1997an 1985ean zuen pisuaren erdia du, sektore honetan azken
hamarkadan lanpostu asko galdu baitira.
- Azken hamarkadan pisua irabazi
duten sektoreak Material Elektrikoak, Garraio Materiala eta Egurra
eta altzariak izan dira.
- Manufakturako enpresen %86ak
20 langile baino gutxiago ditu EAEn eta %97ak 100 langile baino
gutxiago. Beraz, enpresa txikiek pisu handia dute gure ekonomian.
- Manufakturako enpleguaren %50a
100 langile baino gutxiagoko enpresetan dago, %33a 100 eta 499
langile bitartekoetan eta %17a 500 edo langile gehiagokoetan.
- EAEko manufakturako enpresa
batek batez bestean 16 langile ditu.
- EAEko manufakturako industrian
enpresa txikietan dagoen enpleguaren pisua %36tik %50era igo
da 1985 eta 1997 bitartean. Enpresa txikietan dagoen enpleguaren
pisua igotze hau sortzen diren enpresa txikiak isten direnak
baino gehiago izateagatik gertatzen da. Fenomeno hau ez da EAEn
bakarrik ematen, baizik eta beste herrialde aurreratuetan ere
aurkitu dezakegu, eta badirudi aldaketa honen atzean bai globalizazioari
eta bai teknologiaren aldaketei loturiko arrazoiak daudela.
- 1997an 1985ean baino %15 lanpostu
gutxiago daude EAEko industrian. Enplegu gehien galtzen duten
sektoreak Altzairugintza, Kautxua eta pneumatikoak, eta Ontzigintza
dira. Enplegu gehien irabazten dutenak berriz Metalezko eraikuntza
eta Automobila eta piezak. Enpresen tamainaren arabera enpleguak
izan duen bilakaera aztertuz, 20 langile baino gutxiagoko sektoreetan
ia urteoro enpleguak gora egiten duen bitartean, enpresa ertain
eta handietako enpleguak ia urteoro behera egiten du.
Mari Jose Aranguren |