Lanaren zergatiak
Betidanik, Oihenartek XVII. mendean aurkeztu
zuen euskalkien sailkapenetik hasita, esan izan da Bizkai aldeko
euskara berezia dela. Baina XIX. mende amaieraz gero, eta batez
ere XX. mende honetan zehar, bizkaieraren eta gipuzkeraren arteko
etena bat-batekoa eta erabatekoa dela aldarrikatu da, eta antzina
dialekto nagusi bi izan zirela esateraino ere iritsi gara: bizkaiera,
alde batetik, eta gainerako guztiek osatutakoa, bestetik. Iritzi
horretakoak ziren Koldo Eleizalde, Uhlenbeck eta Gorostiaga,
besteak beste. Uste horren egia edo ustela ikusi beharra zegoen,
eta Deba ibarreko hizkerak aztertzea zen bidea, ibar hauxe dagoelako
Bizkaiaren eta Gipuzkoaren arteko mugan.
Beste eztabaida bat ere bada
euskal dialektologian: ea zein ote den Arabako euskararen kokagunea.
Gipuzkeratik gertu ikusi zuen Oihenartek eta bizkaieraren barruan
Larramendik, nahiz eta honekin zeharo berdindu ez zuen. Bonapartek,
berriz, bizkaierarekin batera sartu zituen XIX. mende erdialdean
bizirik ziren hizkera arabarrak. Etena Mitxelenak egin zuen.
1958an, Landuchio italiarrak XVI. mendean osatutako hiztegia
argitara eman zuenean, euskalki berezitzat jo zuen Araba aldekoa,
eta "hegoaldekoa" deituraz izendatu zuen.
1958tik hona, baina, Arabako
euskararen gaineko lekuko eta argibide berriak agertu dira, eta
gauzak beste era batera ikusteko bidea zabaldu zaigu. Euskal
dialektologia bera ere, bai antzinakoa eta bai egungoa, sakonago
eta zabalago ezagutzen dugu, eta horrek ere gauzak beste era
batera ikusteko bidea eskaini du.
Deba
ibarreko hegoaldeko alderdiak, Oñatik eta Leintz ibarrak,
Arabarekin egiten du muga, eta Gasteizekin izan du, eta du, hartu-emana.
Gasteiz da bertakoendako gertuengo hiri nagusia, bai Bilbotik
eta, zeresanik ez, Tolosa edo Donostiatik baino hurrago dagoena,
eta ez da, beraz, harritzekoa administrazio mugak gorabehera,
Gasteiza jo izana hango bizilagunek. Uste izatekoa denez, hizkuntzan
ere nabaritu egin behar hartu-eman horren eragina, eta alde honetatik
ere bazuen interesa Deba ibarreko euskara aztertzeak.
Bestalde, dialektologiaren aldetik
ez ezik, soziolinguistikaren aldetik ere oso esanguratsua da
ibar hau. 150.000 bizilagun inguru ditu, eta herri hazi samarrak
dira tartean: Arrasate, Oñati, Bergara, Eibar, Elgoibar
eta Ermua batez ere. Herri industrializatuak dira, eta industriaren
osagarri, teknologia eta ikerkuntza garatu da. Horren lekuko
dira, besteak beste, Arrasateko eta Eibarko unibertsitateak.
Hau guztiau dela eta, etorkizun handiko alderdia da, eta erakargarri
egiten zuen horrek ere bertako euskara aztertzea.
 Aretxabaleta.
Euskara eta euskalkia ondo samar
gorde dira gainera, eta esanguratsuagoa dena, etorkizunean gordetzeko
ere urrats sendoak egin dira. Arrasaten sortu zen Euskal Herri
osoko lehenengo euskara elkartea ("Arrasate Euskaldun Dezagun"),
eta gaur egun ibar osoan hedatu dira tankera horretako elkarteak.
Euskarazko hedabideak ere aldizkariak gehienbat ia
herri denetan daude, eta euskara lan munduan sartzeko saioak
ere egin dira: "Emun" Elkartea da horren eragile.
Metodologia
eta ondorioak
Metodologiari dagokionez, aurretiaz
egindako deskripzioak aztertu nituen lehenbizi. Lanabes ugariak
eta zehatzak aurkitu nituen herri batzuetan:
Antzuolan, Bergaran eta Eibarren batez ere. Aramaion, Arrasaten,
Oñatin, Ermuan eta Mutrikun ere aurkitu nituen zenbait
argibide, eta lanabes horietan guztietan oinarrituta, 252 itauneko
galdetegi bat osatu nuen. Denetarik sartu nuen galdetegian: fonologia,
morfologia, sintaxia eta lexikoa. Azentuaren gaineko galdera
bi ere baziren tartean.
Ibarra osatzen zuten hamazazpi
herrietan egin nituen galderak, eta laster ohartu nintzen bazirela
hizkera berezi bi: Debakoa eta Mallabikoa. Debakoa gipuzkeran
sartu beharrekoa begitandu zitzaidan eta Mallabikoa, berriz,
ez zitzaidan homogeneoa iruditu. Berriz aldera jotzen zuen auzo
batek eta Markiña aldera beste batek, eta hori dela eta,
Mallabia ere alde batera uztea erabaki nuen.
Gainerako hamabost herriak ere
ez dira euskara aldetik berdinak. Hiru eremu egin ditut: Debagoiena
(Aramaiok, Gatzagak, Eskoriatzak,
Aretxabaletak, Arrasatek eta Oñatik osatua), Debaerdikoa
(Antzuolak, Bergarak, Elgetak, Ermuak, Eibarrek eta Soraluzek
osatua) eta Debabarrena (Elgoibarrek, Mendarok eta Mutrikuk
osatua).
Debagoiena eta Debaerdikoa mendebaleko
euskararen barrukotzat jo daitezke, nahiz eta Antzuolan eta Bergaran
euskara giputzaren eragina nabarmena izan. Debabarrena, berriz,
ezin da euskalki horretan sartu. Ez mendebalekoan eta ezta giputzean
edo erdialdekoan ere. Tarteko euskara da hemengoa, bateko zein
besteko ezaugarriak dituena.
Hasierako hipotesiei dagokienez,
hauexek dira ondorioak. Batetik, bizkaieraren eta gipuzkeraren
arteko etena ez da inondik inora bat-batekoa eta erabatekoa.
Debabarreneko hizkerek, Bergarak eta Antzuolak egiten dute eremu
bien arteko lotura.
Bestalde,
Debagoiena da bizkaieratik gertuen dagoena. Gertutasun hori ezin
etorri Debagoienak Bizkaiarekin hartu-eman estuagoak izatetik.
Hau da, kontua ez da Aretxabaletak, esate baterako, Soraluzek
baino hartu-eman estuagoak izan dituela Bizkaiarekin. Kontua
da Arabarekin izan dituela Deba ibarrak bere hartu-emanak, eta
sendotu egiten du horrek beste argibide batzuek ere erakusten
zutena: Araba gehiena mendebaleko euskalki barrukoa zela. Nire
ustez, Arabak, Bizkaiak eta Deba arroak osatzen zuten euskalki
hori antzina eta baita, ziurrenera, Burgosko eta Errioxako alderdi
euskaldunak ere.
Euskalkien
etorkizuna
Epilogo bezala, euskalkiek euskararen
etorkizunean eta normalizazio bidean izan dezaketen balioaz egin
dut saiotxo bat. 1968an euskara batua egin zenetik oso baztertuta
izan ditugu euskalkiak, eta hainbat iritzi oker zabaldu da gainera:
euskara batua dela euskara jasoa, aberatsa, modernoa eta euskaldunok
batzen gaituena, eta euskalkiak, berriz, adin handiko jende ezjakinak,
baserri giroan gehienbat, erabiltzen dituztenak direla ikusarazi
zaigu, gaurregungo gizarte hiritar eta industrializatuan lekuz
kanpo daudenak eta euskaldunon hartu-emanak oztopatu besterik
egiten ez dituztenak. Ikuspegi oker horretatik kalte larriak
etorri zaizkigu, eta ondorioak ikusten eta ordaintzen hasiak
gara dagoeneko. Galdutako bidea berriro aurkitu nahirik, gogoeta
eta proposamen batzuk aurkeztu ditut saio honetan.
Koldo Zuazu,
EHU-ko Irakaslea |