"Gauza bakar batek justifikatzen
du intelektual bat: bere ospea, bere ustez egin behar denaren
alde arriskatzeak". Eugenio Trías.
"Nire ustez,
arteak beti hartu du parte "mundua benetakoagoa" izan
dadin "goitik behera" aldatzeko iraultza horren maila
desberdinetan". Txomin Badiola.
Artelekuk, bere hamabi urteetan zehar,
ikerketa garaikidearen sorrera eta ikerketa bultzatzearen aldeko
politika gauzatu du, eta, asmo horri erantzuteko erabili dituen
irizpideak ohiturazko materiale klasikoen (zura, harria, burdina,
etab.) eta diziplina artistiko klasikoen (pintura, eskultura,
grabatua, argazkia, etab.)
gailentasunean oinarritu dira.
Laurogehigarren urteetan boom-a ezagutu zuten Arte Ederretako
fakultateetatik eta Arte eta Ofizioen eskoletatik ateratako artisten
eskari eta iradokizunei erantzuteko prestatu ziren Artelekuren
arkitektura, espazioen konfigurazioa, eta barne egitura. Arte
garaikideari eskainitako zentruak ugaritzean, eta objektu artistikoak
sustatu, hedatu eta saltzeari lotutako jarduerak gero eta gehiago
izatean, gizartea garaikidetasunaren diskurtsoa bere egiteko
prest zegoela zirudien, baina irudikeria horrek, ostera, arteari
babes publiko eta pribatua emateko politikak adina iraun zuen.
Objektu eta artifizioak ugaritzera bultzatu zuen honek berak,
aurkako ondorioa sortu zuen azkenean: gogaitasuna eta akidura.
Azken urteetan, atzeraldi ekonomikoarekin
eta hain esku-hartzaileak ez diren politiken susperraldiarekin,
azken hamarkadako premisetatik urrun dabilen sortzaileen belaunaldi
berri bat sortu da. Zalantzan jartzen eta birdefinitzen hasiak
dira euskarri ekonomiko
publikoarekin landutako egitura artistikoa eta enpresa pribatuak,
eta antzeko birdefinizio prozesu batean sartu da kultura artistikoa
ere, egitura horietan arteak kulturan eta gizartean behar duen
lekuari buruz hausnartzeko gune bat aurkitzen zuena.
Nire ustez, artearen egungo egitura,
sorkuntza garaikidean sartzeko mekanismoak agortzen ari da. Ikuskizun-kulturaren
tenpluetan izan ezik, inor ez dabil museoen sarean, arte guneetan
eta ohiko galeriatan, fluxu endogamikoak kanpo utzita, bota egin
dituztelako gainerako hiritar guztiak, eta artea bizitzatik urrundu.
Ordezkaritzarako ohiko ereduak agortu egiten dira, "gertakari
garaikideek" "bahitu" eta urrundu egiten dutelako
gizarte errealarekin alderatzeko aukera. "Efektu garaikideak"
deitzen diedan gertakari hauek hiriaren maila guztietan egon
beharko lukete present, hiritarrek beren erreferente sinbolikoak
(komunikabideak, ikus-entzunezko sistemak, sare telematikoak,
iragarkiak eta beste gune ekonomiko autonomoak) aurkitzen dituzten
ordezkaritza markoetan alderatzeko.
Autokritika
honetatik abiatuz, bai erakunde publikoek -beren agente kulturalen
bitartez-, bai ekimen pribatuak -aldaketak eragiteko duen erantzukizuna
bere gain hartzen duen heinean-, arteari irekita dauden testuinguruen
garapena bultza dezakete. Horrela, posible izango litzateke adierazpen
garaikide guztiak zeharkako gune batean elkarbizitzea, behe kulturaren
eta goi kulturaren arteko mugak hautsi eta eskema zaharrek inposatutako
hierarkia akademikoak behin betiko apurtuz.
Gaur egun oraindik ere egon badagoen
mitologia kontserbadore eta elitista batek, honela ikusten du
artista: gizarteko pribilegiatu gisa, bere askatasunaren eta
nortasun paregabearen ondorio gisa besterendu gabeko lana egiten
duena, eta, gainera, botere politiko eta ekonomikotik aske dagoena.
Mendebaldeko tradizio kulturalean errotutako estereotipoek iraun
egiten dutela ikusten dugu, hau da, artistaren indibidualismoak,
jenioari zaion kultuak, egiletzaren legitimazioak, kulturako
objektu bilakatu den artelan kontzeptuaren zaharberritzeak, nahiz
ikuslearen pasibitateak.
Arte Ederrek inposatutako hierarkiei
muzin eginez hedatzen da artea gaur egun, eta horretan datza
hain zuzen ere uneotako zailtasuna. Artea, azken batean, ez da
objektuen materialitatera mugatzen; aitzitik, hiritarren eguneroko
bizitzan dauzkan ondorioen bidez neur daiteke.
Hannah Arendt-en hitzak bere
eginez, honela definitzen du Roterdamgo Witte de With-eko zuzendari
den Bartomeu Mari-k fenonemo hau: lehen zena izateari utzi ez
dion gauza bat, baina gauza berria bailitzan azaltzeko adina
ere errotu ez dena.
Diziplina artistikoen gailentasunak
eta objektuak nonahi egoteak, erabat aurkakoak diren jarreretara
eraman dituzte gaur egungo artista
asko. Fenomeno honetan badute zerikusirik teknologia aurreratuen
sarrera, demokratizazio eta sozializazioak, eta ikus-entzunezkoen
nahiz komunikazio sistema eta telematikoen eraginak. Eragin horien
nahasketaren ondorioz sortutako adierazpen artistikoek, ia beti
gurutzatze eta ertzetan agertzen direnak, "diziplinez haraindiko"
moduak hartzen dituzte askotan; ez dituzte derrigorrean artearen
ohiko egiturak hartzen. Asko dira diziplinarteko jarrera mestizo
hori daukaten artistak eta obrak, azken hamarkadatan nagusitu
diren mitologia diziplinarretatik urrun dauden sormenezko adierazpenak.
Jardueren elkargurutzatze honetan, diziplina artistikoen mugen
gainetik igarotzeko eta esparru desberdinak elkar ernaltzeko
ahalmen partikular gisa agertzen da hibridoa. Pluralismoaren
une "ez purua" bizi dugu. Artelekun lankide ditugun
artista askoren lan metodoa, sarritan, beren mugei buruzko etengabeko
hausnarketaren ingurukoa izan ohi da. Urrutira joan gabe, hara
zer dioen Txomin Badiolak bere lanari buruz, Madrilgo Soledad
Lorenzoren galerian egindako erakuskusketako katalogoan: "Nire
lanik berrienak aurkezteko, esan nezake buxaduren behin-behineko
trama besterik ez dutela helburu, "forma txarrak" hartzea
alegia, desioaren dinamikan harrapatuta dauden elementuak izango
baitira. Osatu gabe eta zabalik dauden irudi, forma edo espazioak
dira, faktoreak behin eta berriro antolatu eta desegiten dituen
matrize batean daudenak, beti partzial eta behin-behinekoak diren
"bestearen" itxiturei eskainitako ikurren joan-etorri
batean".
"Hidralux" Técnica
mixta. Jon Mikel Euba.
Eta zera adierazi du Juan Luis
Morazak, Lleidako Leandre Cristofol Aretoko erakusketako katalogorako
Gloria Picazori eskainitako elkarrizketan: "Denok dakigu
pentsatzeko, gogoratzeko, sentitzeko eta ikasteko daukagun moduetan
leku bat daukagula, hitzen, irudien, sentimenduen eta ekintzen
arteko desberdintasuna oso lausoa denekoa. Hain zuzen ere gune
horretantxe hasten edo amaitzen da askotan lan artistikoa. "Performantzia
artistiko global" gisa daude hor". Artean eta munduan,
hau da, bizitzan bertan, irudiak gainezarri edo nahastu egiten
dira, errepikatu edo alboratu, eta traizionatu. Irudi bakoitza,
beste irudi batzuk ukatu edo berresten dituelako existitzen da,
beste batzuengan oinarritzen delako edo beste batzuk ordezkatu
eta ezkutatzen dituelako. Eta interferentzia eta polifonien elkartruke
horretan, irudi eta ekintza bakoitza akulturazioen kate zital
bateko istant iragankor bat baino ez da. Erreferentzia, hortaz,
matxinatu egiten da zigorrik jasotzen ez duen eskuratzearen aurka,
originalaren handitasunaren aurka, eta edozein orden klasikoren
aurka.
Jarrera
hauek lotura handia daukate, besteak beste, orain artean garrantzia
garbia izan duten objektu artistikoen ekoizpenaren krisiarekin.
Atzerapen ekonomikoak, lan eskasiak, gizartearen iragankortasuna
eta azken belaunaldien nomadismoak, ordea, jarrera desberdinak
sustatu dituzte. Eta hauei, arrazoi teknikoak ere gehitu behar
zaizkie: estudioek proiektuak gauzatzeko ekoizpen leku gisa galdu
duten balioa, hauen ordez proiektuak gauzatzen diren espazio
errealek hartu dutelarik indarra; teknologia aurreratuen presentzia
eta autoekoizpenak ematen dituen erraztasunak, lana jarraitasun
gehiagoz eta modu proiektiboagoan egitea ahalmentzen baitute;
gainera, erraztu egiten dute transportabilitatea, eta diziplinarteko
dinamikak sortzen dituzte sormenezko sektoreko beste jarduera
profesionalekin (diseinua, eraikina, musika, moda, arkitektura,
hirigintza).
Hausnarketarako marko honetan
proposatzen ditu Artelekuk kudeaketarako formula eta lanerako
dinamika berriak: teknologiarik aurreratuenetara jotzeko aukera
emango diete sortzaileei, beste diziplina artistikoetako sortzaileekin
harremanetan jartzea erraztuko, eta lanerako eremu berriak ere
eskainiko dizkiete. Gaur egungo egiturek sortzen dituzten zailtasunek,
behatzeko eta emaitzak sortu nahiz aurkezteko moduak birpentsatzera
behartzen dute. Artearen ohiko egituren eszenario/ikuskizunaren
aurrean (museoak, galeriak, erakusketa aretoak, etab.), ikusleengana
hurbiltzen saiatzen diren proposamen berriak azaltzen dira, haiekin
begiradaren konplizitatearen esperientzia sortzailea elkarbanatzeko,
eta, kasu askotan, sorkuntzaren beste segmentu asko ordezkatuta
dauden hiriko egitura ekonomiko eta sozialetan. Jarrera hauek
hiriko zirkuituetako gune eta sare berriak sortzeko aukera ematen
dute, eta berritu egiten dituzte bai artearen zeregina eta baita
artistaren funtzio soziala ere, geroko belaunaldiekin lotuta
dagoen sorkuntza garaikidearekin gero eta konpromiso txikiagoa
daukan gizarte batean.
Artelekuko erakusketa aretoa.
Santi Eraso,
Artelekuko zuzendaria
Argazkiak: Lehenengoa Riev 42-1-an argitaratuta dago, gainontzekoak
katalogo desberdinetatik atera dira eta Lur-en "Nosotros
Los Vascos" entziklopediatik |