Euskal Autonomia Erkidegoan, 1993an, ebatzi
zen Euskal Eskola Publikoaren Legeak hautsak erabat harrotu zituen.
Momentu hartan, lurralde honetako ikastolek sare publikora biltzeko
edo sare pribatuan geratzeko erabakia hartu behar izan zuten.
Ordurarteko egoera atipikoari amaiera eman gura izan zitzaion
lege harekin, ondorio
praktiko guztietan, ikastolek sare bereizi bat osatzen baitzuten.
Jakina da zelango tirabira mikatzak gertatu ziren non-nahi, eta
nolako zatiketa giroa indartu zen mundu abertzalean. Eta deigarria
izan zen, itxuraz behintzat, lerro politiko eta ideologiko antzetsu
batean kokatzen ziren abertzaleek ere, batzuetan, oso ikuspuntu
kontrajarriak adierazten zituztela auzi hartan. Eta are deigarriagoa
abertzale den-denek esaten zutela euren proposamena euskal gizarteak
-alegia, euskal nazioak- behar zuen hezkuntza ereduaren mesedean
zihoala.
Hezkuntzari buruzko eztabaida
hark hartu zuen ohiartzun sozial eta politiko itzelak koloka
jarri zuen gure artean luzaz agertu den ideia bat, hau da, euskal
nazionalismoaren berezko joera dela ikastolari eustea,
eta, ondorioz, eskola publikoa eragin eremu bezala zokoratzea.
Alabaina, ikastolek hartu behar izan zuten erabakiak hil ala
biziko arazoa zirudien, eta dudaezina da jarrera kontraposatu
bi horien azpian eskola publikoak irabazitako legitimitate berria
egon zela. Hori horrela,
talde abertzaleek ikastolaren geroaz proposamenik egitean, eskola
publikoaren zeregina zuten gogoan, eta alde biok banaezinak izan
ziren.
Izan ere, eraketa autonomikoaren
ondorioz, aldaketa eskergak jazo ziren Hego Euskal Herrian. Bi
dira, besteak beste, aipagarri. Lehena, mugimendu abertzalearen
baitako aniztasuna. Multzo nagusi bitan banatu zen: nazionalismo
moderatua eta arradikala, bai jokaera politikoan bai ikuskera
ideologikoan. Eta bigarrena EAEko hezkuntzaren eraldaketa izan
zen. Alde batetik, eskola publikoaren arian ariko euskalduntze
prozesua garatu zen; eta, bestetik, ikastolak onespen instituzional
eskerga jaso zuen. Eskola publikoa ez zen abertzaleentzako ezin
sartuzko eremua, eta ikastola ez zen euskarazko irakaskuntza
bermatzen zuen bakarra ezta abertzaleen bilgune ere. Nola edo
hala, nazionalismoa bien arteko hautua derrigorturik egon zen,
eta, aukerarik egin ezean, sare bien osagarritasuna justifikatu
behar izan zuen. Hortaz, frankismoaren garaian ikastolaren inguruan
lortutako adostasuna erabat ahuldu zen. Baina, hala eta guztiz
ere, abertzale guzti-guztiak batu zituen Hezkuntza Sistema
Propio baten aldarrikapenak.
 Ander Deuna Ikastola.
Sopela.
Hartara, ezinbestekoa da gai
honen azterketan talde abertzaleen artean garatu ziren adostasunak
eta ezadostasunak aztertzea, mundu nazionalista, diogun berriro,
baturik eta banaturik agertu baitzen urte horietan zehar,
eta, alde komun eta bereiz horiek hezkuntzaz zabaldu zituzten
diskurtsoetan eta mantendu zituzten jokaeretan beha daitezke.
Diskurtsoetatik harago, alabaina,
hiru ardatzen inguruan koka daitezke talde abertzaleen arteko
aliantzak eta aurkamenduak ikastolarentzako irtenbide jakin bat
hobesteko orduan.
Lehena,
ardatz linguistikoa da. Nire iritziz, ez du azalpen nahikorik
eskaintzen jarrera ezberdinak ulertzeko. Izatez, euskararen izenean,
eta batzuetan ikuspegi arradikaletatik abiaturik, topa zitekeen
eskola sare publikora biltzea argi eta garbi defendatzen zuenik.
Bestela esanda, euskal eskolaren aldarrikapenak abertzale
guztiak batu zituen; eta, hain justu, horixe izan zen indar abertzale
eta ez-abertzaleen arteko tirabira iturri nagusia.
Bigarren ardatza ikuskera ideologikoak ezarri zuen. Horren
arabera, ezkerreko abertzaleak nolabait baturik agertu ziren
EAJri egindako kritikan, 80ko hamarkadaren erdialdera arte, batez
ere. Eskola publikoarekiko utzikeria egozten zioten, eta ikastola
sektore priblegiatuentzako
eskola bihurtu nahi zuela salatu.
Eta hirugarrena eta,
duda barik, inportanteena- ardatz politikoa izan zen; hots, ikastolen
publifikazioa batik bat auzi politiko bezala ulertu behar
da. Beste era batera esanda, 1978tik 1993ra arteko abagune politiko
ezberdinak guztiz esanguratsuak izan ziren prozesu horretan.
- Lehenengo aldian, botere instituzionalaren
jabe zen nazionalismoa eta oposizioko abertzaleak jarri ziren
aurrez aurre. EAJk, prozesu autonomikoa amaitugabetzat jotzen
zuen neurrian, ikastola sareari eustea defendatu zuen. EAJrekiko
areriotasunak, berriz, EE eta HB bildu zituen, ikastolaren balizko
ghettizazioaren aurka jarri zirelarik.
- Bigarren aldian -alegia, EAJk
eta PSE-PSOEk gobernu koalizioa osatu zuten momentutik aurrera,
hiru bloke gauzatu ziren, nola edo hala, normalizazioa versus
borroka eztabaidaren ingururan kokaturik:
a) EAJ, aipatu itun politikoaren kariaz, hezkuntza
sistema normalizatzearen alde jarri zen, eta ikastolaren erabakiari
zama politikoa kentzen saiatu zen. Euskadiko Ezkerrak, Alderdi
Sozialistarengana hurbiltzen zen neurrian, ikastola sarearen
desagerpena gizartearen normalizazio politikoaren baldintzatzat
jo zuen.
b) EAk, EAJrekin zeukan lehiak eraginda
batik bat, Euskal Eskola Publikoaren Legea hezkuntza sistema
propioaren eraikuntzarako oztopotzat jo zuen, baina ez zuen jarrera
argirik erakutsi ikastola sare bereizi bezala mantentzeari begira.
ELA ere erdibide batean geratu zen, baina alde sindikalak eraginda,
ikastola sare publikora biltzea hobetsi zuen.
c) HBk eta LABek, aldiz, ikastolari esangura politiko
eskerga eman zioten, eta hura sare publikora biltzea administrazio
autonomikoaren -eta, batez ere, Alderdi Sozialistaren- arrakasta
bezala atzeman zuten. Beldur hori zela eta, ikastola sare pribatuan
geratzea defendatu zuten indar handiz. Eurekin bat egin zuen
Ikastolen Elkarteak, EAJrekin harreman onak zituen arren, ikastola
sarearen biziraupena ziurtatu nahi izan baitzuen. Eta, azkenik,
EILAS sindikatuak -batik bat alde ideologikoak eraginda- gogoz
defendatu zuen ikastola sare publikora biltzea, PSE-PSOEren asmoen
kontra agertu bazen ere.
 Haurtzaro Ikastola. Oiartzun.
Hala ere, Ezker Abertzalearen
inguruko taldeak eta norbanakoak izan ziren jarrera ugaritasun
handiena erakutsi zutenak eta, ondorioz, barne urradura sakonena
nozitu zutenak. Horrela, esparru hartan bildu ziren, batetik,
herritar guztientzako eta euskaldun atzematen zen eskola publikoaren
aldeko militante sutsuak; eta, bestetik, ikastola sareak ustez
islatzen zuen nazio proiektuaren defendatzaile gartsuak. Neurri
batez, hortaz, bateraezin bilakatu ziren ezkerreko ikuspegi ideologikoa
eta jokaera politiko arradikala
Txoli Mateos,
Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia Irakaslea
Argazkiak: Ikastola bakoitzeko webgunetik |