Eugenio Ibarzabalek Ekonomia Zientzia
ikasketak burutu zituen Bilbon eta handik gutxira irratian eta
prentsan lan egiten hasi zen. Geroago politikan murgildu zen,
lehenik Gipuzkoako Diputatu Nagusiaren Aholkulari Tekniko bezala
(1983) eta ondoren Lehendakaritzako Idazkari Nagusia eta Eusko
Jaurlaritzako izendatu zuten (1985). 1987an politika utzi eta
telebistara igaro zen. "El otro punto de Vista" zuzendu
zuen ETB-2n eta "Punto y Aparte" saioko editore izan
zen TVE-1en. Azken honek Ondas saria jaso zuen 1989an. Urte berean
Iceberg Prospectiva elkartea sortu zuen, iritzi publikoaren eta
merkatuaren azterketara zuzendutako gabinetea. Franklin Schargellekin
Kalitate Osoa ikasi zuen New Yorken eta Kalitatearen Amererikar
Elkarteko kide da. ISO kalitate kontrolaren ziurtagiria jaso
du, lehen aldiz pertsona bati eman zaiona. Bi liburu idatzi ditu
("La pasión de mejorar" eta "Piensa bien
y acertarás") eta 1994tik Euskal Herriko Unibertsitateak
antolatzen dituen Udako Ikastaroen barruan kalitateari buruzko
mintegia zuzentzen du.
-Zer esan nahi du kalitatearen
hobekuntzak bai enpresa mailan bai hezkuntza mailan? Gai honen inguruan
badago oso gustoko dudan esaera bat eta horren arabera egin beharrekoa
hobeto egin behar dugu. Horretarako zer egin behar dugun jakin
behar dugu eta aldi berean, hobetu. Bi gomendio hauek enpresa
mailan, hezkuntza mailan nahiz beste edozein arlotarako balio
dute. Arazoa da ez dakigula zer egin behar dugun. Batzuetan benetako
arazoa zer egin nahi ez dugun esatean datza, eta esperientziak
erakutsi digu askoz errazagoa dela gauzak bertan behera uztea
probetan barneratzea baino. Hobetzeari dagokionez, hobera egitea
dela esango nuke. Askotan aldatu baino ez dugu egiten baina horrekin
ez da nahikoa. Nekatuta gaude inora ez daramaten aldaketez
-Zertan
datza Iceberg Prospectivaren lana? Beren lana hobetu
nahi dietenei laguntza ematen diegu. Horretarako beharrezko formazioa
eskaintzen diegu, ekipoak erraztu eta ebaluaketak egin. Ahal
dugun neurrian geure helburua lana garapen pertsonalaren, elkarlanaren
eta gozamenaren sorburu bihurtzea da. Gehienbat bi kontzeptu
irakatsi nahi diegu. Lehenik, norberaren aldaketa. Gure ingurukoak
aldatzera ohituta gaude baina oinarrizko aldaketa gugan eman
behar da. Horregatik besteek zelan egin behar duten erabaki baino
lehen, norberak zelan hobetu behar duen erakusten diegu. Besteei
arreta gehiago eskaini behar diegula diogu maiz, hobetu antolatu
behar garela, elkarlanean aritu, baina beti ingurukoengan pentsatuz
diogu. Hala ere, norbera adibide izanda hobeto ikasiko dute besteek.
Taldeei dagokienez, beren lana hobetzeko beharrezko tresnak errazten
dizkiegu. Beraiek dira profesionalak eta badakite zer egin behar
duten. Horregatik guk soilik laguntza eskaintzen diegu hasieratik
izan dituzten ideiak aurrera eraman ditzaten. Ildo horretan,
enpresen lana errazten duten bitartekariak gara.
-Zein izaten da enpresek
orokorrean izaten dituzten arazoen muina? Sarritan komunikazioan
eta talde lanean dago. Batzuetan ez dakigu gauzak behar bezala
azaltzen edo ez dakigu besteek esandakoa entzuten. Horren arrazoiak
askotan ez du zerikusirik ea gauzak borondate onarekin edo txarrarekin
egiten ditugun. Arazoa da maiz uste dugula besteek badakitela
zertaz ari garen. Taldeei dagokienez, irtenbideak bilatzeak ez
du esan nahi arazoa konponduko dugunik. Egiten duguna zelan egiten
dugun pentsatu behar dugu nahiz eta askotan berau kritikatzat
hartu.
-Zuen
bezeroen artean udaletxeak nahiz enpresa elkarteak, gobernuak,
komunikabideak, unibertsitateak eta zientzi eta kultur erakundeak
daude. Loturarik al dago bakoitzak duen arazoen artean? Bai. Hartzaile anitzekin
lan egiten duten erakundeak diren heinean eta zeregin hori identifikatu,
garatu eta hobetu beharreko lan prozesua den neurrian, bakoitzaren
arazoek elkarren arteko lotura handia dute. Gu prozesu hori fokalizatzen
saiatzen gara.
-New Yorken Franklin Schragellekin
Calidad Total ikasi zenuen eta Kalitatearen Amerikar Elkarteko
kide zara. Zein da ikasketa hauen egoera hemen? Zer nolako ezberdintasun
dago hemen eta EEBBetan egiten denaren artean?
1995 urtean Franklin Schragell eta Amerikako Elkartearekin lanean
nengoela, kalitatearen inguruan lan egiten zuten enpresen artean
% 5 edo 6a amerikar erakundeak ziren. Une honetan kopururik ematera
ez naiz ausartzen baina ordutik hona garapen azkarra ezagutu
du, nahiz eta arlo batzuetan besteetan baino gehiago aurreratu
den. Hezkuntza mailan oso astiro doaz eta industrian, berriz,
asko aurreratu dute. Bizitza komunitarioaren kalitatea deritzon
arloan ere lan egiten hasi dira.
Hemen bide beretik goaz nahiz eta osagaiak xumeagoak diren. Hala
ere, bidezidorra irekita dago. EEBBetan bide ugari ireki dituzte
eta oraingo helburua norabide berean lan egitea da. Hainbeste
bide ezberdin egonda, eztabaidak piztu dira eta hemen horrelakorik
eman ez den arren, gutxi barru gure artean izango ditugu. Eztabaida
horiek ziurtagirien ingurukoak dira, kalitate kontrola, etab...
-"Piensa bien y acertarás" liburuan arazoak konpontzeko beraiek
analisatzearekin nahiko ez dela diozu. Zeintzuk dira konponbidera
heltzeko jarraitu beharreko urratsak?
Lehenik
eta behin nora heldu nahi dugun jakin behar dugu. Joku arauak
egon behar dira, oinarrizko printzipio batzuk eduki, eta hortik
azken emaitza lortu arte imajinazioa landu behar dugu edo beste
modu batera esanda intuizioa, azken finean hori baita praktikan
gertatzen dena. Zer eta zergatik gertatzen den jakitearekin bakarrik
ez da nahikoa; gehienetan beste era batera zelan egiten zitekeen
asmatzea izaten da garrantzitsuena. Beti ahazten dugu hori.
-Intuizioaz hitz egiten
duzu baina ez al da arriskutsua horretan sinistea, are gehiago
gauza guztiei frogatzeko modukoa den azalpena bilatzen zaienean? Ezagutzari buruz
hitz egiten dugunean bi kontzeptu nagusi ditugu. Bata logika
da eta bestea intuizioa. Nik esan nahi dudana da logikan hain
modu itsuan sinisten eta bultzatzen dugun moduan, intuizioa ere
landu behar dugula. Intuizioa bide zoragarria da, barnekoa, eta
ezinhobeto funtzionatzen du. Askotan alde batera utzi dugu emakumeen
ezaugarritzat jotzen genuelako. Badirudi kontu logiko eta garrantzitsuak
gizonen ardura direla eta intuizioa, hau da, huskeriak, emakumeena.
Eztabaidaren muina erabat matxista da. Guztiok dugu intuizioa,
batzuek besteek baino gehiago, baina intuizioa garatu daiteke
eta berau egiteko metodologiak badaude.
-Liburu horretan bertan
hobekuntza geure buruetatik hasita lortu behar dela azaldu duzu.
Lehen begirada batean ez dirudi gauza erraza denik. Zeintzuk
izaten dira aurre egin behar diegun oztopo nagusiak?
Etsairik handiena geure barruan dugu eta nia da.
Zerbait aurrera atera nahi dugunean niaren eta proiektuaren artean
hautatu behar dugu eta oso gogorra da hori. Goizero harrokeria
alde batera uzten ikasi behar dugu.
Gomendiorik garrantzitsuena norberaren harrokeria aztertzen ikastea
litzateke, horretan askorik pentsatu gabe. Aztertu eta modu errazean
esanda, berau askatzen ikasi, berarengandik libratu.
-Askotan enpresen kalitate
kontrola lehiakortasunarekin nahasten da. Zeintzuk dira bata
eta bestearen arteko aldeak? Kalitatea den oro
hobekuntza esateko beste modu bat da. Etengabeko hobekuntzak
elkarlanarekin harreman estua du. Kanpokoekin lehiatu baino lehen
etxekoekin kolaboratzea oinarrizko zeregina da. Kolaboratzeari
esanahi morala eman ahal diogu, baina edozeren gainetik praktika
hutsa da. Bere buruarekin lehiatzen dabilen taldeak ezin du lasterketarik
irabazi. Horregatik aspalditik esan digute zatikatu eta garaile
irtengo zara esaera.
-Zu zeu hezkuntza arloan
kalitatearen kultura zabaltzen aitzindari izan zara. Zergaitik
ez zaio behar besteko garrantzia eman kalitate kontrolari arlo
honetan? Kalitate sistemak
ezartzen hasi izanak ez du esan nahi orain arte hobekuntzarik
egon ez denik. Eskolek asko hobetu dute. Guk hobekuntza modu
sistematikoago batean gauzatu zedin beharrezko tresnak eskaini
dizkiegu.
-Kalitateari
dagokionez, enpresek hoberantz egin dutela esan daiteke? Zerbait
gelditzen al zaie hobetzeko? Kalitatea modan zegoen
zerbait izatetik funtsezko tresna izatera igaro da. Baina askotan
gertatzen da helburu batzuen bila abiatzen den zuzendaritzari
kalitatea deitzen diotela, eta kontzeptu ezberdinak dira.
Nik uste dut betetzeko dagoen kontua komunikazio eta lan taldearekin
zerikusia duen oro dela. Lan prozesu osoa zelan burutzen den
aztertzen badugu, arazoak bukaeran sortzen direla antzeman dezakegu.
Baina hobetzeko aukera bakarrak prozesuaren hasieran daude, eta
planifikazio eta komunikazio egokiarekin harreman handia dute.
Horregatik oso aukera gutxik dute diruarekin zerikusirik.
Argazkiak: Estibalitz
Ezkerra
Euskonews & Media 88.zbk (2000
/ 7 / 21-28) |