Pausoz pauso burdina lortu arte
* Traducción al español del original en euskera
Ainara Iraeta Usabiaga

Harrigarria izan daiteke, ezagutzen ez duenarentzat behintzat, garai batean baliabide naturalez egiten zen erabilpena. Honen adibide, Agorregiko burdinola eta errotak. XVIII. mendeko instalazio hidraulikoa errespetatuz, Gipuzkoako Foru Aldundiak zaharberritu duen "lantegi" honetan, burdinolaren eta erroten funtzionamendua islatzen dira.


 

Pagoetako parkean, Aiako Udalerrian daude Iturraran baserria eta Agorregiko burdinola eta bi errotak. Gipuzkoako Foru Aldundia 1986 urtean hasi zen lantegia berritzen, 1990ean errotak ireki, eta 92an, burdinola jarri zen martxan.

Bertako gidaria den Iosune Azpirozek dioenez, "inguru honetan Erdi Aroaz geroztik erabili izan da ura energia sortzeko. Badirudi itsasorainoko bidean, hiru burdinola zeudela eta baserri askok bere errota propioa omen zuten, garia eta artoa txikitzeko. Errota batek ura erabili ahala, errekara bertara askatzen zuen eta beherago zegoen baserriak goikoak botatako ura aprobetxatzen zuen". Iosuneren hitzetan, "ur kantitate izugarria behar zen, ur etorri handiekin. Errekan beti behar hainako urik ez zegoenez, bi urtegi eraiki ziren ura almazenatzeko, eta ubideak ere egin ziren. Gaur egun, XVIII. mendean erabiltzen zuten teknika berberaz, uraren indarraz beraz, burdinolaren instalakuntzak eta errotak martxan jartzen ditugu".

Bi lantegi elkarlanean
Baina zerk batzen ditu bada errotaren ehotze lanak eta burdinola?
Ura aprobetxatzeak, hain zuzen. Ura kanalizatu eta urtegiak eraiki behar zirenez, bi lantegiak batera jartzen ziren. Alde batetik errotetan garia eta artoa txikitzen ziren, gero ogia egiteko. Burdinolan burdina lantzen zen.


 

Aran Aldai gidariak azaltzen duenez, "bi burdinola mota zeuden Euskal Herrian: burdinola nagusiak eta burdinola txikiak. Burdinola nagusietan, agoa zen lortzen zen produktua, hau da, burdin masa bat eta hau burdinola txikietara eramaten zen, bertan lantzeko. Burdinola txikietan azpiegitura ez zen hain garrantzitsua, burdina lantzeko behar zen tenperatura ez baitzen hain altua. Agorrekiko burdinolan, burdinola nagusia, 1300-1400 gradu bitarteko tenperatura lortzen zen labeetan eta 5 edo 6 ordu behar ziren burdin eta zikinkeriaren arteko banaketa emateko".

Pausoz pauso agoa lortu arte
Burdina lortzeko prozesua luzea zen eta denbora eta ur kantitate handia behar zen. Aranek azaltzen duen moduan, "burni-harria ekartzen zen eta bertako zuhaitzak erabiliz egiten zen ikatzarekin eta egurrarekin nahasten zen labean. Bost edo sei ordutan zehar, 1300 eta 1400 graduko tenperaturan berotu ostean, burdina banatzen zen. Baina tenperatura altu hauek lortzea ez zen batere erraza eta honetarako, eta mailua martxan jartzeko, erabiltzen zen uraren indarra".

Esan bezala bi ur depositu zeuden, haietara ura ubideetatik iristen zelarik. Hauetako depositu batetako ura, hauspoen gurpil gainera erortzen zen eta hauspoa martxan jartzen zuen, haizea emanez, tenperatura altuak bermatzeko.

Beste urtegiko ura, errotari eragiteko eta mailua martxan jartzeko erabiltzen da. Alde batetik, errotan garia eta artoa ehotzen ziren eta dira, eta mailua, zikinez beteriko agoa garbitzeko erabiltzen da.

Aranek azaltzen duenez, "Agorregiko mailuak 700 kiloko pisua du eta hau martxan jartzeko ur-indar handia behar da. Mailu honekin gori-gori zegoen burdin orea garbitzen zen, burdinola txikietara eramateko. Agoa edozein motatako tresnak egiteko prest zegoen".

Iturrarango baserria
Agorregiko burdinolaz gain, Iturrarango baserrian, Informazio eta Interpretazio Zentroa dago. Bertan, Pagoetako parkeari buruzko informazioa biltzen da eta erlategi eta lorategi garrantzitsu bat daude ikusgai. Iturrarango Arboretum-a, munduko landaretza eta bere dibertsitatearen isla da, horregatik ahalik eta bilduma zabalena osatu dute.


Ainara Iraeta Usabiaga, kazetaria
Argazkiak: Arantza Cuesta Ezeiza (azkenaurrena: Ainara Iraeta)

Euskonews & Media 87.zbk (2000 / 7 / 14-21)


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved