Mario Salegirena ez da historia arrunta.
Mario Salegi Ostolaza Donostian munduratu zen 1918ko apirilaren
17an, gaztaroan Gazteria Komunistak taldekoa izan zen, eta gero
Jagi Jagikoa. Gerra Zibilean ANVko boluntario gisa esku hartu
zuen (geroago Euzko Indarra batailoia), eta konspiratzailea izan
zen Britainia Handiarekin Francoren aurka. Orobat, Bigarren Mundu
Gerran nazien barneko liskarretan parte hartuz hasi zen, eta
EEBBetako Itsas Armadan amaitu. Atzerriratu politikoa Londres,
Paris, Mexiko eta EEBBetan, Salegi amerikar hiritarra da 1946tik.
Donostiar honek mota guztietako lanbideak izan baditu ere, nabarmentzekoa
da kazetari eta idazle gisa burutu duen jarduera. Kolaboratzailea
izan zen Novedades eta Daily News-en, eta Mexikoko Patria eta
Cesarman argitaletxeetan, bai eta La Opinión-eko korrespontsala
Brasil, Guatemala, Costa Rica eta Panaman. 1959 urteko amaieran
New Yorkeko Library Journal-en lan egin zuen eta zenbait hilabete
geroago bere argitaletxea sortu zuen. Bi liburu argitaratu ditu:
"Operación Carlomagno" (Libertarias, 1988) eta
"Morir en Irún" (Elkar, 1980), 1977ko Planeta
Sariko finalista.
Bere Manhattango etxebizitzatik, Salegik esaten digu Donostiara
itzuli ohi dela "urtean behin gutxienez; gustatuko litzaidake,
bai, behin betiko Euskal Herrira joatea".
-Zer oroitzapenak dituzu
Donostiako haurtzaroaz? Nire bizitzaren lehen
urteak aldi berean atseginak eta ezatseginak izan ziren; zergatik
ez nekiela, konturatzen nintzen zerbait bitxi gertatzen zitzaidala.
Nire ama hemeretzi urteko gazte ezkongabea zen munduratu ninduenean.
Haren anaiak esan zion egoera hartan haur bat etxean izatea ezinezkoa
zela eta inklusan sartzeko. Amak ni ez galtzeko nire izebaren
etxera eraman ninduen, eta hori azkenean benetako sorgin bat
izan zen niretzat. Portuan bizi ginen eta han, nik izan ezik,
mundu guztiak ezagutzen zuen nire aita. Bazen gizon bat, ikusten
ninduen bakoitzean ogerleko bat ematen zidana, dirutza bat garai
haietan. Diru horrekin liburuak erosten nituen beti, eta eguna
irakurtzen pasatzen nuen. Aitak eskolak ordaintzen zizkidan hiriko
eskola pribatu onentsuenetan, ni bankari izatea nahi zuen, bera
bezala, eta kontabilitate eta delineazio eskoletara joan nintzen.
Ikasle libre gisa ikasi nuen batxilergoa, barru-barruan nik filosofia
eta letrak ikasi nahi nuen eta.
-Nolakoa
izan zen "Euskadiko Gazteria Komunistak"en egin zenuen
egonaldia? Oso gaztea nintzen,
hamalau edo hamabost urte izango nituen, eta militante gisa alderdiaren
kazeta saltzen nuen, "Euzkadi Roja", aita gogaitzeko,
EAJkoa baitzen hura. Txoko tabernan hartu ohi zuen kafea
eta ni atean jartzen nintzen oihuka eginez: "Euzkadi
Roja, Órgano del Partido Comunista de Euzkadi".
Aitaren lagunek, ezagutzen baininduten, kazeta guztiak erosi
eta zakarrontzira botatzen zituzten. Ni alderdiko lokalera itzuli,
ale gehiago hartu eta berriro ere lan berari ekiten nion.
-Zergatik utzi zenuen Alderdi
Komunista? 1935eko udan Parisen
batzar antifaszista handia egin zen, frantses intelektualek Mutualité-n
antolatua. Ni Gerra eta Faszismoaren aurkako Gazterietako idazkari
gisa joan nintzen hartara. Bi lagunekin joan nintzen, oinez Donostiatik,
30 edo 40 kilometro egiten genuen egunean, lo izarpean eta jan
edozein lekutan egiten genuen. Hogeita bost egun behar izan genuen
iristeko. Kongresuan literatura munduko jende ospetsua ezagutu
nuen, hala nola Louis Aragon, André Malraux edo André
Gide. Liberalak ziren bertara bilduriko gehienak, nahiz eta Europa
guztiko jendea eta emigrazio alemana ere han egon. Gustav Regler,
Moskun erbesteraturiko komunista alemanarekin izan nuen elkarrizketa
labur batek aldarazi zidan alderdiaz nuen iritzia. Batere gustatu
ez zitzaidan zerbait kontatu zuen, ez naiz ongi oroitzen zer,
baina bai Moskuko "sorgin-ehizarekin" zerikusia zuela.
Donostiara itzulirik, Gazteria Komunistak utzi eta Jagi-Jagira
hurbiltzen hasi nintzen.
-Zer deritzazu gaurko Euskadiko
egoera politikoari? Gaur egungo euskal
arazoa nahiko korapilatsua da . Mundu guztiak badaki ezker abertzalearen
joerakoa naizela, ezker abertzalean den-dena gustukoa ez
badut ere. Azkeneko urteei begiratu bat emanez, Lizarra-Garazi
aurkeztu zaigun apusturik onena da nire ustetan. Aldioro ETAri
egotzi diote hitzarmenaren porrotaren errua, baina Lizarra izan
da ezertxo ere egin ez duena. "Euskal Herria eraikitzeaz"
hitz egiten dute baina nire ustez "Euskal Herria
berreraikitzeaz" hitz egin beharko litzateke.
-Zertan oinarrituko litzateke
berreraikuntza hori? Euskal Herritarrokek
zazpi herrialdeen subironatasunaz hitz egiten du
Nik ez
dut hau oso garbi ikusten, Nafarroako hegoaldea oso espainoldua
dagoelako. Nire ustez Nafarroa erakartzeko modua bilatu beharko
genuke ekonomia, kultura eta hezkuntza alorreko politika adimentsu
baten bidez. Gaur egun denok hitz egiten dute indarkeriaz eta
indarkeriaren aurka, baina, eta ni horretaz guztiz seguru nago,
Euskal Herria berreraikitzeari ekin eta lanean hasteko urrats
sendoak emango bagenitu, indarkeria desagertuko litzateke zentzurik
ez lukeelako.
-Nondik jo beharko genuke? Zoritxarrez euskaldunak
ez gara oso irekiak
Ez litzateke batere gaizki Euskadiko
jendeak hamar edo hogei urte kanpoan ematea. Nire iritziz oso
garrantzitsua da ikuspegi orokorra izatea gai zehatz batean lan
egin ahal izateko. Nire ustetan, lehen, bigarren eta unibertsitate
mailako hezkuntza sistema ona antolatzea litzateke lanik garrantzitsuena,
euskaraz hitz egitea eta euskarazko hezkuntza hartzeko bidea
emango lukeen denbora bitartea barne. Hezkuntza eta kulturak
Euskal Herria berreraikitzeko oinarri izan behar dute. Nire ustez,
Unibertsitateak jendea kanpora bidali beharko luke munduan den
hezkuntza-biderik onena aurki dezan. Zerbait egitekotan, hori
ahalik eta hobekien egin beharra dagoela pentsatzen dutenetarikoa
naiz ni.
-Zure
iritziz, Euskal Herriaren batasuna egin daitekeen gauza da? Une honetan Euskal
Herriaren batasunean pentsatzea utopia dela iruditzen zait. Nire
iritziz, Europaren eraberritze osoa gertatuko denean izango da
Euskal Herria estatua. Batasuna planteatzea oso garrantzitsua
da, baina ezinbestekoa da, halaber, kontraproposamen bat aurkeztea.
Horrenbestez, ni prest nago autodeterminazio eskubidean oinarrituriko
Espainiako Federazio baten alde lan egiteko. Aldi berean, Europako
gutxiengo batuen mugimendu bat sortzearen alde nago, globalizazioari
aurre egiteko ahalmena izan dezaten.
-Zure ustetan, zein da
euskal gazteriaren eginkizuna gatazka honetan? Euskadiko gazteriaren
indarra eta kemena ez dira beste inongo gazteen artean aurkitzen;
arazoa, ordea, indar hori ibilbide konstruktiboetara bideratzea
da. Gazteei askoz irtenbide zabalagoa eta garrantzitsuagoa eman
behar zaie, maila kultural eta intelektualekoa. Gazte euskaldunak,
komentziturik nago, espainarrak eta are iparramerikarrak baino
indartsuagoak dira.
-Diasporako euskaldunak
noraino ohartzen dira Euskadiren arazoaz? Kanpoan Euskal Herria
oso gutxi ezaguna da; nire ustez Euskal Herria zer den garatzea
da Ameriketako euskal kolektiboen eginkizuna, gero beren kokalekuetan
ezagutarazteko. Horrek euskal gatazka nazioartekotzea ekarriko
luke. Duela bi urte, egin zidaten elkarrizketa batean Nazioarteko
Euskal Kongresu bat sortzearen alde azaltzen nintzen, horretan
euskaldunek eta amerikarrek izango
lukete sarbidea, eta haren eginkizuna elkarrekin lan egitea izango
litzateke euskal arazoaren errealitatea ezagutaraztearren. Estatu
Batuetan ia 50.000 euskaldun dira, baina Uruguai, Argentina eta
Txileren artean milio erdi baino gehiago dira, horien kopurua
Euskadin bizi diren euskaldunena baino handiagoa da. Gustukoa
dut Euskal Herritarrok egiten ari dena: sinadurak biltzea nortasun
karneta sortzeko. Gustatuko litzaidake diasporako euskaldunei
Euskal Herrira itzultzeko bide emango ligukeen karnet bat izatea.
-Zure irudiko, Ameriketako
Euskal Etxeek gehiago esku hartu beharko lukete? New Yorken euskal
ikasgaietarako bulego bat dago, lan batzuk egiten ditu, nahiz
eta nire ustez gehiago mugitu beharko lukete. Euskal Etxea mende
hasieran sortu zen, honaino itsasontziz etortzen ziren Bizkaiko
marinelen ekimenez. Horiek gune bat izatea erabaki zuten bilerak
egiteko, joko eta jai areto gisa
Gaur egun oso ondo daudela
uste dut baina gehienbat folklorea eta alderdi ludikoak nagusi
dira horietan, eta zentzu horretan, bai, gehiago nahasi beharko
lukete. Hemen bizi den emakume donostiar batek eta biok New Yorkeko
euskal etxe baten proiektuan hasi gara lanean; hona etxe horren
ezaugarriak: hotel txiki bat ikasleentzat edo oporretan etorriko
litzatekeen jendearentzat, euskal sukaldaritzako klaseak emango
lituzkeen euskal jatetxe bat, hitzaldi areto bat, non pertsona
ezagunek Euskal Herriarekin zerikusia duten gaiak azalduko lituzketen,
bai eta ongi antolaturiko liburutegi bat, Euskal Herriari buruzko
tesiak egiteko bidea emango lukeena. Orobat, Nazio Batuei begira,
bulego batzuk sortzeko posibilitatea ikusten ari gara, Euskadi
nazioarteko mailan bultzatu ahal izateko.
-Zu
amerikar hiritarra zara 1946tik, zuk gomendatuko zenuke Estatu
Batuak bizileku gisa? New Yorken bizi naiz
1960tik, nahiz eta Kalifornian eta Wisconsingo herri txiki batean
ere bizi izan naizen. Herrialde honetan gauza asko ezagutu ditut
eta kazetari, editore, eta baita delineatzaile gisa lan egin
dut. Jazarpena jasan nuen macartismoaren garaian, komunistatzat
salatua, eta are Kominterneko errusiarren aldeko espioia nintzelakoan.
1975ean onartu zuten lege baten bitartez, nahi zuten amerikar
hiritar guztiek beren espedientea kontsultatu ahal zuten. Nirea
eskatu eta txunditurik geratu nintzen "secret" ezarri
eta ezabaturik zeuden datu, izen eta data kopuru gaitza ikusita.
Ez dut gomendatzen Estatu Batuak bizitzeko herrialde gisa, nire
ustez aukera anitz eskaintzen dituen lekua da, hori bai, eta
gauza asko ikasi daiteke bertan. Hona etortzen den jendeari honako
hau esaten diot: "Gelditu zaitez denbora batez, ikasi
ahal duzun guztia, eta etxera itzuli".
-Ahal izanez gero, aldatu
egingo zenituzke bizitzan hartu dituzun erabakietariko batzuk? Eusko Jaurlaritzaren
gutun bat hartu berria dut, eta hori dela medio pentsioa ukatzen
didate. Horrek asko pentsarazi dit gudariei egiten ari zaien
bidegabekeriaz. Batzuetan horrela pentsatzen dut. Ez naiz ezertaz
damutzen, ezin naiz kexatu, ondo bizi naiz, baina amerikar zerbitzu
sekretuen informatzaile izan banintz,
askoz hobeto biziko nintzateke, seguru. Wisconsinen elkarrizketa
bat izan nuen horiekin, Washingtonen Nazioarteko Brigadaren aurkako
testigantza ematea eskatu zidaten. Erantzun nien nitaz nahi zuten
guztia kontatuko niela, baina gainerakoez ideiarik ere ez nuela.
Hori 1950 inguruan gertatu zen, geroago etorriko ziren zelatak,
telefono-entzuketak
inoiz ez nien bidea eman ene kontrako
salaketarik egin zezaten. Argazkiak: Oihana Pagola
Euskonews & Media 87.zbk (2000
/ 7 / 14-21) |