Konstituzioan oinarritutako kontzeptu
desberdin asko eman izan dira ondasun juridikoari buruz, eta
argi dago lurraldearen antolaketa kontzeptu horretan sartuta
dagoela, gizakion bizitza hirigintzako erasoen aurrean lurzoruaren
jabetza babestearekin lotuta baitago. Ingurugiroan berebiziko
garrantzia daukan baliabide naturala izanik, ez dirudi Zuzenbide
Penalak lurzorua babestu beharrak eztabaidarik eragiten duenik;
izan ere, erabilera arrazionala eman behar zaio, garapen sozio-ekonomikoaren
beharrei erantzun behar die, eta gizakion bizitzaren kalitatean
zuzenean eragiten duten tasunak gorde. Elementu guztiz beharrezkoa
da gaur egungo gizarte sistema konplexuak aurrera egin dezan,
eta gizarteak garatu beharreko habitataren kalitateari lotuta
dago, behar existentzial garrantzitsuak ase ditzan.
Hain formalizatuak ez diren beste
instantzia batzuk ez dira beren babesa behar bezala emateko gai
izan. Lurraldearen antolaketa babestea aurreikusten zuen 1980ko
Kode Penalaren proiektuko Zioen Adierazpenak erabat beharrezkotzat
jotzen zuen lurraldearen antolaketa penalki babestea; izan ere,
Zuzenbide Administratiboa eskasa suertatu zen hiri nahiz paisaietan
kalte itzelak sortu zituen espekulazioa geldiarazteko, eta berrogeita
hamar nahiz hirurogeiko hamarkadetan izandako hazkunde demografikoari
erantzuteko. Ingurugiroaren babesa 347 bis artikulu laidetsiaren
bidez sartu zen 1983an 1973ko Kodean, baina "lurraldearen
antolaketaren aurkako" delituak ez ziren 1995eko Kode Penala
indarrean sartu arte finkatu.
Beste kontu bat da arlo penalak
nola esku hartu behar duen, eta egokia den ala ez babes hori
merezi duena kaltetu edo arriskuan jartzen duten jokabideak aurreikusteko.

Lurraldearen antolaketaren babes
penala aurrean duela, legegileak ezin du ahaztu bere esku-hartzeak
batik bat Zuzenbide Administratiboaren esku dagoen eremu bati
eragingo dionik. Sektore horretako interesak ponderatuz zehaztu
beharko ditu lurzoru motak, erabilera motak, eta abar, eta neurri
edo zehapenak aurreikusiko lurraldearen babesaren eta interes
sozioekonomiko edo enpresarial batzuren babesaren arteko liskarren
kasurako eta ez legezko jokabideentzat. Autore askok jada adierazi
duten bezala, arrisku handia dago Zuzenbide Penala lurraldearen
antolaketan, hain araututa dagoen arloa izanik, legedi administratiboa
indartzeko besterik ez erabiltzeko, ez betetze kasurik larrienak
zigortuz.
Ez baita hori Zuzenbide Penalaren
egitekoa. Funtzio hori emango balitzaio, sinbolismo kutsu bat
aitortu arren, tipo penalak desobedientziak bilakatuko lirateke,
eta babestu beharreko ondasun juridikoei kalte egin izanagatik
eratorritako eduki materialik gabe utziko. Eta hori guztiz bateraezina
izango litzateke Zuzenbide Penalari buruz zabalduta dagoen ikuspegiarekin,
hots, zatikatua eta subsidiarioa den araudia, Estatuak eskain
dezakeen babesik formalizatuen eta indartsuenaren beharrean dauden
ondasun juridikoak babesteko xedea daukana.
Argi dago araudi penala administratiboarekin
lotu beharra dagoela, "ordenamendu juridikoaren batasun
printzipioa"-ri jarraiki ez bailuke inolako zentzurik izango
arlo juridiko batean debekatutako jokabideak
beste batean onartuta egotea. Beraz, Zuzenbide Penala nolabait
araudi administratiboaren menpe egotea egokia eta ekidinezina
dela esan daiteke, urrapen penaleko elementuak araudi administratiboaren
aurka joateak izan behar baitu.
Elementu hori beharrezkoa bai,
baina ez da hala eta guztiz ere nahikoa izango. Izan ere, urrapen
penalaren muina ez betetze administratibo horrek osatuko balu,
Zuzenbide Administratiboaren aurkako ez legezko jokaerak zehatu
baizik ez litzateke egingo, eta, uneotan alderdi honetan gehiago
sakonduko ez dugun arren, esan beharra dago hori ez dagokiola
Zuzenbide Penalari. Urrapen horri, gainera, Zuzenbide Penalak
babestu egin behar duen ondasun batentzako arrisku zehatz bat
gehitu behar zaio, edo hipotetikoa behinik behin, edota kalte
garrantzitsu bat, erasorik larrienen aurrean ahalik eta gutxien
esku hartu behar izatearen ikuspegitik.
Horixe egin da giroaren babesaren
kasuan. Kode Penaleko 325. artikuluak zehapena aurreikusi du
"(...) ingurugiroa babesteko Legeak edo xedapen orokorrak
urratuz sistema naturalen orekari kalte larria eragin diezaieketen
isurketak eragin edo zuzenean nahiz zeharka egin dituenarentzat
(...)". Kalte larria sortzearen aukera
hau da Zuzenbide Penalak, ingurugiroaren babesaren arloan, ultima
ratio printzipioak errespetatu dituela adierazten duena:
ahalik eta gutxien esku hartzea, esku-hartze hori subsidiario
eta banatua izatea, eta araudi administratiboak beste helburu
batzuekin aurreikusten duenaren osagarria izatea. Hain zuzen
ere horretxek aitortzen dio zilegitasuna gainerako kontrol mota
sozialek huts egiten dutenerako aurreikusita dagoen esku-hartze
penalari, eta, edozein kasutan, gizakia modu egokian gara dadin
ezinbestekoak diren interesak larriki kaltetzen dituzten erasoei
dagokiena.
Lurraldearen antolaketaren babesaren
kasuan, zehatu beharrekoak ez luke Kode Penaleko 319. artikuluak
bere 1. eta 2. ataletan finkatutakora bakarrik mugatu beharko,
hots, "(...) eraikinak baimenik gabe egin izatea bideetan,
berdeguneetan, jabari publikoko ondasunetan edo Administrazioak
balore paisajistiko, ekologiko, artistiko, historiko edo kulturala
aitortu dien zoruetan", edo "(...) zoru hiritarrezinean
baimenik eman ezin dakiokeen eraikina egitea". Finkatu beharreko
formula berriek, lurraldearen antolaketaren funtsezko elementuak
hartu beharko lituzkete kontuan: paisaia hiritarrari sortutako
kalte konponezina, espazio komunak behin-behingoz nahiz behin
betiko kendu izana, dagoeneko indize demografiko handia duten
guneetan populazioaren dentsitatea gehiegi igotzea, eta abar.
Administrazioak planifikatu besterik ez du egin nahi, baina Zuzenbide
Penalak bizitzaren nahiz habitataren kalitatearekin ere uztartu
nahi du.
Besterik ezean, modu teleologiko
batean interpretatu beharko lirateke arau murriztaileak, urrapen
formal soilez ari ez gaitezen; horrela baizik ezingo da bermatu
lurraldearen antolaketaren balio materiala izango dela babestutako
ondasun juridikoa, interes orokorrei erantzuten dien zoruaren
erabilera arrazionalean zifratua, eta ez araudi administratiboa.
Bestela, hirigintzaren alderdi bat indartu besterik ez luke egingo
Kode Penalak, eta ez alderdirik garrantzitsuena gainera (legaltasuna,
alegia); bestetik, egozketa penalen maila emango litzaieke inolako
kalte materialik sortzen ez duten desobedientziak.
Beraz, aipatutako tipoetan aurreikusitako
jokaerek ez daukate Zuzenbide Penalaren esku-hartzea justifikatzeko
adina edukin minimorik, baldin eta ez baldin bada tipizitatea
kasu batzuetara murrizten duen interpretazioa egiten, alegia,
ekintza isolatu batek gizakien ingurugiroko elementu den zoruaren
jabetza eta konfigurazioarentzat arrisku handia sortzen duen
kasuetara, hain zuzen ere. Ingurugiroaren aurkako delituetarako
aurreikusten diren irizpideen parekoetan oinarrituz, zoruaren
esplotazio irrazionaleko delitu gisa aurreikusitean bakarrik
izango dira lurraldearen antolaketari buruzko tipo penalak beharrezko
eta legezkoak babes penalaren printzipio gidarien arabera.
Oinarrizko bibliografia:
- Acale Sánchez, Delitos
urbanísticos, Bartzelona: Cedecs, 1997.
- De la Mata Barranco (ed.), Delitos contra el urbanismo y
la ordenación del territorio, Oñati: IVAP,
1998.
- Garcías Planas, El delito urbanístico,
Valentzia: Tirant lo blanch, 1997.
- Silva Sánchez, Delitos contra el medio ambiente,
Valentzia: Tirant lo blanch, 1999.
- Terradillos Basoco, Sanción penal y sanción
administrativa en materia de ordenación del territorio,
Sevilla, 1998. |
Norberto J. de
la Mata, Zuzenbide Penaleko irakasle titularra. Euskal Herriko
Unibertsitatea |