Pentsatu al duzue inoiz egunero egiten
ditugun bazkariak, lanerako garraioak, argi eta bestelako kontsumoek,
telebista ikusi edota labadora jartzeak tamaina jakin bateko
aztarna edo inpaktua uzten dutela ingurugiroan eta lurraldean?
Ba horrelaxe da. Gizabanako bakoitzak "aztarnaekologiko"
ezberdin bat daukagu, gure oinetakoen tamainarekin zerikusirik
ez daukana. Aldiz, erabiltzen ditugun errekurtsoen eta ekoizten
dugun zaborraren arabera haunditu edo murriztu egiten den aztarna
ekologiko bat da.
Bizitzeko, gizakiok ekosistema
ezberdinek bermatutako zerbitzu ezberdinak ura, airea,
uholdeetatik babesa eta elikadura behar ditugu, eta baita
ere ingurugiroak kutsadura eta zaborrak jasateko duen ahalmena
ez bakarrik etxean sortzen duguna, baizik industriaren
prozesu produktiboetan edota garraio aktibitateetan sortzen dena.
Azken batean, zerbitzu ekologiko horien erabilpena neurtu egin
daiteke beren oinarria diren ekosistemak behar bezala funtzionatzeko
behar duten lur zabaleraren arabera. Jakina da ekosistema guztiek
behar dutela lurralde eremu bat existitzeko. Aztarna ekologikoa,
zentzu honetan, kontabilitate tresna bat bezala erabiltzen da:
Giza kontsumo mota ezberdinak errekurtsoen erabilera eta
kutsaduraren asimilatzea direla medio errealitate egiteko
behar den lur zabalera kalkulatzen du.
Baina bizidunentzako gizaki,
animali eta landare erabilgarria den lur zabalera finitua
da. Munduan dagoen lur biologikoki emankor guztia batu (hau da,
zerbitzu ekologiko ezberdinak ekoiztu dezakeen lurra, adibidez
janaria, fruituak, egurra, oxigenoa etabar) eta munduko populazioagatik
zatituko bagenu, munduko biztanle bakoitzari 1,7 lur hektarea
(ha) dagozkiola aurkituko genuke. Hoietatik 0,25
ha nekazal lur; 0,6 ha larre; 0,6 ha baso; eta gainontzekoa eraldatutako
lurrak hiriak, bideak, etabar izango lirateke.
Munduko biztanle bakoitzak 1,7
lur hektareako aztarna ekologikoa eduki beharko luke planetaren
ahalmen ekologikoaren baitan bizitzeko hau da, oreka ekologiko
bat lortzeko planetaren ekoizpen biologikoaren eta gizakion errekurtso
naturalen eskaeraren artean. Errealitate ekologikoaren erreferentzi
bat izan beharko luke 1,7 lur hektareako zenbaki hori, eta gaur
eguneko mundu populazioarekin, biztanle bakoitzaren aztarna ekologikoa
tamaina horretara atxekitu beharko litzateke.
Baina errealitatea beste bat
da. Alde batetik, jakina da munduko janari, egur eta energia
kontsumoen aztarna ekologikoa haundiagoa dela munduko ekosistema
guztiak bermatu dezaketena baino. Munduko ekosistema guztien
jasapen ahalmena % 30 batez gainditzen dela estimatzen da gaur
egun (munduko biztanle bakoitzaren batazbesteko aztarna ekologikoa
2,3 hektareakoa izanik). Munduaren aberastasun ekologikoa "jaten"
edo suntsitzen ari garela esan nahi du honek, batezare garapen
ekonomikoaren abiadurak eta honen ez-sostengarritasunak eragina.
Bestalde, kontsumo globalaren
% 75 inguru munduko biztanle guztien %17-en eskuetan dago, gainontzeko
kontsumo guztia (% 25) beste 5.000 milloi pertsonen artean banatuta
dagoelarik. Datu honek
erakusten du sostengarritasun dilemaren dimentsio etikoa. Adibidez,
munduko gizaki guztiak Ipar-Amerikar biztanle ertain bat bezala
biziko balira, gutxienez hiru planeta beharko lirateke energia
eta material eskaera maila hornitzeko. Planeta bakarra dugunez,
honek esan nahi du errekurtsoen jabetza eta erabilerarekiko ezberdintasun
haundiak daudela munduan: batzuk errekurtso asko erabiltzeak
suposatzen du beste batzuentzako gutxiago geldituko direla dakar.
Beste modu batean esanda, pertsona eta herri aberatsek biosferaren
ekoizpen ahalmena bereganatu dute hein haundi batean, pobreagoak
direnentzako zati txiki bat utziz.
Modu ximple batetan esanda, herrialde
askoren aztarna beraien lur biologikoki emankorren zabalera baino
haundiagoa da. Beraz herrialde askok batez ere lur zabalera
txikia, populazio dentsitate haundia
eta per capita kontsumo maila haundi bat dutenak
"defizit ekologiko" bat dute zeren beraien lur zabalerak
ezin du haien biztanleen kontsumo maila hornitu. Kasu hauetan,
herrialde horiek bereganatu edo importatu egiten dute falta zaien
ahalmen ekologiko hori beste herrialde batzuetatik gehienetan
ekonomikoki pobreak baina errekurtso naturaletan aberatsak diren
herrialdeak, eta ondorioz "superabit ekologiko" bat
dutenak.
1997 urtean 52 herrialdeen aztarna
ekologikoaren azterketa bat egin zen (Centro de Estudios para
la Sustentabilidad, Universidad Anahuac de Xalaka, Mexiko). Azterketa
honek erakutsi zuen herrialde hoietatik 10 bakarrik bizi direla
beraien ahalmen ekologikoaren barruan. Aztertutako herrialdeetatik
Estatu Batuak dira biztanle bakoitzeko aztarna ekologiko haundiena
duena (10,3 hektarea), eta Bangladesh berriz txikiena (0,6 hektarea).
Estatu espainolean, biztanle bakoitzaren aztarna ekologikoa 3,8
hektareakoa da batazbeste, 1,6 hektareako defizit ekologikoa
erakutsiz (hau da, Estatu espainoleko biztanle bakoitzak atzerriko
1,6 lur hektarearen ahalmen ekologikoa erabiltzen du).
Beste Europako herrialdeekin
konparatuta, Estatu espainoleko biztanle bakoitzaren aztarna
ekologikoa erlatiboki txikiena da (Portugalekin batera). Baina
halaere, Estatu espainolaren defizit ekologiko globala Suediak
okupatzen duen lur zabalera baino haundiagoa da. Hau da, Suediaren
lur zabalerak hornitu ditzazkeen zerbitzu ekologiko haina importatzen
ditu Estatu espainolak bere kontsumo maila hornitzeko.

Zer nolako konklusio atera daitezke
aurreko irakurketaz?
Aztarna ekologikoak haundiegiak
dira. Aztertutako herrialde
gehienetan defizit ekologiko bat dago. Herrialde hauek beste
herrialde batzuen ahalmen ekologikoa bereganatu egiten dute,
edota herrialde beraren oinarri ekologikoa progresiboki suntsitzen
da kontsumo beharrak hornitzeko.
Sostengarritasun ekologikoari
dagokionez non gauden jakitea.
Argi dago gaur eguneko garapen ekonomiko eredua ez dela sostengarria
eta limite ekologikoak gainditzen ari garela. Etorkizunera begira
politikoek eta beste aktore batzuek ezin dezakete ez-jakintasuna
argudiatu.
Ezberdintasun sozial eta
ekologikoak. Munduko
populazioaren zati txiki bat beste zati haundiago bati dagozkion
baliabide ekologikoen kontura bizi da. Herrialde aberatseko biztanle
bakoitzaren kontsumoa munduko batazbestekoa baina hiru aldiz
haundiagoa izatea posiblea da soilik zeren herri pobreetako hiru
biztanleen kontsumoa batazbesteko horren heren bat besterik ez
delako.
Populazioa eta kontsumoa. Batez ere herrialde aberatsen kontsumoa
da planetaren ahalmen ekologikoa gainditzera daramana. Hala ere,
proiektatutako munduko populazioaren hazkuntzak datozen hamarkadetan
oso zaila egingo du bizitza kalitate on bat lortzea guztiontzako.
Oharra:
Zuen aztarna ekologiko pertsonala zein den jakin nahi baldin
baduzue, hurrengo Internet lekuan (ingelesez bakarrik) dagoen
inkestari erantzun eta jakingo duzue zenbat lur zabalera behar
den zuen kontsumo maila hornitzeko: http://www.lead.org/leadnet/footprint/default.htm |
Mikel Insausti
Muguruza, Merkataritza eta Inbertsio Koordinadorea. WWF-Europear
Politika Bulegoa- Tel: 0032 2 7438809-Fax:0032 2 7438819
E-mail: Minsausti@wwfnet.org |