Haur bat besterik ez zela jakin zuen Kontxu
Odriozolak bere etorkizuna eszenatoki baten gainean zegoela.
Azpeitiar honek irakasle-ikasketak burutu zituen gaztetan, eta
hamazazpi urte eman zituen irakasle Gipuzkoako hainbat ikastolatan.
Baina bere nahia beti izan da aktore izatea. Hiru haurren ama
zela hasi zen interpretazioarekin zerikusia zeukaten ikastaroetan
parte hartzen. Besteak beste, bikoizketa ikastaroetan eta Eusko
Jaularitzak irekitako lehen antzerki eskolan aritu zen. Beste
batzuen artean, "Ama begira zazu" antzezlanean eta
Andu Lertxundik zuzendutako "Hamasaigarrenean aidanez"
filmean ikusi izan dugu Kontxu. Gaur, berrogeita hamalau urteko
amona gaztea da, Donostiako Antigua auzoan bizi da, eta Goenkaleko
Maria Luisa bezala ezagutzen dute Euskal Herriko etxe gehienetan.
Momentuz, Kontxuk ez dauka bere lana inolaz ere uzteko asmorik:
"etorkizunera begira lan berriak besterik ez dut ikusten,
eta arrakastatsuak baldin badira askoz hobe".
-Noiz eta nola jarri zinen
interpretazioaren munduarekin harremanetan? Inongo lotsarik gabe
onartzen dut niri ez zaidala batere zaila egin aktore izatea.
Gure aitak dekoratuak egiten zituen eta txikitatik eramaten ninduen
antzezlanak ikustera, txoko batean
eseritzen nintzen eta bertatik dena ikusten nuen. Garai hartan
ezagutu nituen lanbide honek izkutatzen dituen sekretu guztiak.
Beranduago, irakasle lanean aritutako urteek ere izugarri lagundu
zidaten, haurrekin ipuinak antzezten nituen eta irrati saio batean
ere ibili nintzen.
Senarra eta biok Azpeititik Donostiara etorri ginen garaian Euskal
Telebista irekitzear zegoen, eta bikoizketa eskola bat ere ireki
zuten hirian. Nik garbi neukan antzerki munduan zerikusia zeukan
edozer egin behar nuela, gogoa nuen horretarako, baina ez nuen
inor ezagutzen. Herri Irratian umeentzako saio bat egiten hasi
nintzen larunbat goizetan eta interpretazioarekin zerikusia zeukaten
ikastaro guztietan izena eman nuen. Baina Gobernuak Euskal Herriko
lehen Antzerki Eskola ireki zuen eta neure buruari esan nion:
"orain ala behin ere ez". Egia esan, garai hartan
emandako pausoaz ez naiz inoiz damutu: ikastaro guztiak utzi
eta buru belarri eskolarekin jarri nintzen.
-Zer ikasi zenuen Antzerki
Eskolan?
Eszenatoki baten gainean sentitzen dena ez da inon
sentitzen. Antzerki Eskolan igarotako hiru urteak zoragarriak
izan ziren niretzat, eta gauza asko ikasi nituen. Egia da antzeztearena
nortasunean daramazula, baina hori landu egin behar da, atera
egin behar duzu barruan daukazuna. Nik erremintak baneuzkan,
eta Eskolak erreminta haiek erabiltzeko gaitasuna eman zidan.
-Zaila izan behar du ama,
etxekoandrea eta aktore izateak... Ez, niretzat ez da
batere zaila izan. Nire haurrak beti ikusi izan naute pailazokeriak
egiten, txikitatik ezagutu dute nire gogo hau. Etxeko lanak batera
egiten genituenean, askotan mozorrotu egiten ginen, eta izugarri
gustatzen zitzaien.
-Zer eman dio Kontxu Odriozola
aktoreak Kontxu Odriozola emakumeari? Lanbide honetan ardura
bakoitzarena da, zu zara zeure lanaren nagusia, ez dago besterik.
Interpretatzen duzun pertsonaia bakoitza ezberdina da, istorio
berri bat da, zuzendari ezberdin bat daukazu, lankide berriak...
Eta hori guztia benetan aberasgarria dela uste dut. Honetan monotoniak
ez dauka tokirik. Gainera, gauero beren etxeetan ikusten gaituztenak
bizkortzat hartu behar ditugu, eta horrek superazio izugarria
suposatzen du aktoreentzat. Telebistan arrakastarik ez baldin
badaukazu berehala baztertzen zaituzte. Labe bat da hau, kontuz
ibiltzen ez bazara bertan erretzen zaituen labe arriskutsua.
-Telebista, antzerkia eta
zinemaren artean, zein aukeratuko zenuke? Nire ustez hemengo
aktoreek ez daukagu horretan aukera egiterik, eta zinean lan
egitea izugarrizko loteria jokatzea da guretzat. Euskal aktore
bakar batzuek daukate zinean
arrakasta izateko aukera, eta gehienetan kanpora alde egiten
dute. Badirudi herrian bizi garen aktoreak txarrenak garela,
eta ez daukagula eskubiderik pelikula baten protagonista bezala
lan egiteko. Guri etortzen zaizkigun lan gehienak laugarren eta
bosgarren mailakoak izaten dira normalean; horrelako bat eskaini
eta ezetza ematen badiozu harroputz bat zarela esango dizute
gainera. Bakoitzak inguruak eskaintzen dizkion aukeren arabera
moldatu behar du, eta momentuan Euskal Herrian antzerkia eta
telebista daude, besterik ez. Niretzat antzerkia dagoen gauzarik
ederrena da, baina gogorregia da bertan aritzea. Antzokiak erori
dira eta frontoietan antzeztu behar duzu, bestela, obra prestatu
eta kanpora atera. Egia esateko, telebista da bertako aktoreoi
lana ematen digun gauza bakarra, eta denetan bezala, ez dago
guztientzat tokirik, aktore asko daude langabezian.
-Zein egoeratan aurkitzen
da, zure ustez, euskal interpretazioa? Hemen oso eskola
ona dago. Hori garbi ikusten da, euskal aktoreak kanpora joaten
direnean oso lan onak egiten baitituzte, eta antzerki munduan
ere antzematen da nolako arrakastarekin zabaltzen diren Euskal
Herriko antzezlanak. Futbolari onak ditugun bezala, antzezle
onak ere badauzkagu, baina gure aberriak ez du inoiz antzerkiaren
mundu hau aintzakotzat hartu. Gutxienez, erdeldunek daukaten
ospea merezi dugula uste dut, eta hori oso zaila dago momentuan.
Antzezle edozein izan daitekeela dirudi, bazter guztietan aktoreak
eskatzen dituzte, eta egunero zure lanaren kalitatea erakusten
egon behar duzu. Gogorra da benetan, baina izugarri pozgarria
ere bai.
-Baina Espainiako telebistetan
gero eta gehiago dira telesailetan azaltzen diren euskaldunak,
zuk ere "Medico de Familia"n parte hartu duzu... Egia da, baina Madrilera
joaten direnak hutsetik hasi behar dira berriz ere, hori da arazoa.
-Zein
puntutaraino sentitzen zara identifikatuta Goenkaleko Maria Luisarekin? Emakume askok txalotu
egiten naute, Maria Luisak pentsatzen dituen gauzak, lotsa gutxirekin,
esaten dituelako. Herri honetako emakume askok, gehienek egiten
duten bezala, benetazko pentsamenduak irentsi egiten dituzte.
Maria Luisa oso emakume lotsagabea da, gogorra, baina benetakoa.
Miramonera heldu bezain laister Maria Luisa naiz egun guztirako.
Badakit nire aurpegiak, nire ahotsak eta nire indarrak pertsonaiari
laguntzen diotela, baina ez nuke bizi guztirako Maria Luisaren
etiketarekin gelditu nahi. Aktore batentzat gauza ederrenetarikoa
erregistro ezberdinak edukitzea da.
-Zer ikusten du Kontxu
Odriozolak aurrera begiratzean? Orain neurekoia izango
nintzateke eta esango nuke nire etorkizuna lan berri arrakastatsuez
blai ikusten dudala. Niri, Euskal Herritik irten gabe lan egitea
izugarri gustatuko litzaidake, eta momentuz lortzen ari naiz,
gerokoak ikusi behar. Argazkiak: Teresa Sala
Argazki zuri-beltza: Auñamendi entziklopedia (Ref. "Habe")
Euskonews & Media 83.zbk (2000
/ 6 / 16-23) |