Betidaniko amets irmo eta sustraitua 700
urteko Bilbotarren historian azpimarratuko balitz, bardingotik
at dagoen handitasun puntuaren lorpena, arlo eta une guztietan,
nabarmenduko nuke. Bat adierazi beharko balitz konstantea topatzerakoan
handitasuna.

Duela 700 urte baino gehiago,
Ibaizabalen itsasadarrean "Bilbaoko Portua" zeritzon
tokian, jadanik populazioa bizi zen: Arrantza eta burdingintzaren
inguruko zereginetan ariko ziren seguru asko Beraz zer gertatu
zen duela 700 urte? Bizkaiako jauna zenak, Diego Lope de HaroV.k,
1300 urtean, "Bilbaoko portua" zeritzon tokian hiribildua
antolatu zuela; bertan bizi zirenak eta hara zihoaztenentzat,
agiriaren bidez,
hainbat abaintaila izango zituztela agindu zien. Beraz, hiribilduaren
sorrera urtea dugu, Begoñako elizatearen bazter batean,
itsasadarraren eragina Ibaizabal gora iristen zen tokian.
Maria Diaz de Haro Bizkaiko Andre
Nagusia bihurtu zen 1310an, bere osaba Diego hil ondoren; berez,
bere osabak usurpatu egin zion Jaurerria. Urte horretan bilbotarrek
berriro jo zuten Mariarengana. Honek, beste agiri baten bidez,
onartu egin zuen bere osabaren fundazioa, baina Bilbao indartzeko
agiri berria agindu zuen. Aurrerantzean, Orduinatik Bermeora
Etxebarri zehar zihona, Bilbotik igaroko zela agindu zuen. Bestalde,
itsasadarraren kontrola itsasoraino Bilboren esku gelditzen zen.
Jatorrizko agirian Bilboko eremua
zabala bazen ere, ondoko bi mendeetan inguruan bizi zirenak murrizten
saiatu ziren. Horrela, Abando eta Begoñako elizateak bereganatu
zituzten, Bilboko hiribilduaren lurra zazpi kaletan mugatu zelarik.
XIV eta XV mendeetan berebiziko
garapena hartu zuen Bilboko hiribilduak. Horren froga garbia,
Santiagoko ermitaren tokian, Eliz gotiko ederra 1379an eraikitzen
hasi ziren eta hurrengo mendean, zubiondoko
dorretxea desegin, eta bertan San Antoneko eliza eraiki zuten.
1435an lehenengo meza eman zen. Hala ere, erdi aroko mendeetan,
ez zen faltatu elkarren arteko liskarrik. Inguruko leinuburuak
konturatu zirenean aberastasunak lortzeko eta norberaren balioak
erakusteko, hirian aukera zegoela, hiribilduetan kokatu zituzten
beraien dorreak. Ondorioz, elkarren arteko ikus ezinak eta lehiakortasunak,
hiri barrura zabaldu ziren. Legizamon eta Arbolantxa ganboatarren
leinu buruak baziren, Zurbaran eta Basurto oñaztarrenak
izango ziren.
Horra, bigarren berezitasuna:
lehiakortasuna, euskaldunen artean ondo errotua eta Bibon ere
mende guztietan agirikoa dena.
Hirugarren bat azpimarratzekotan,
itsasadarra izango litzateke. Bilbao alde batetik itsasoko portua
da baina kostaldean bertan barik, barruan kokaturik dago. Barneko
hiri eta herrietatik hurbilago dago, lehorreko garraioak itsasokoak
baino garestiagoak eta zailagoak ziren garai honetan. 1511an
Bilboko merkatariek bere erakunde propioa eratzea lortu zuten,
Burgosekoengandik aparte. Aurrerantzean, Bilboko Kontsulatua
zeritzona Bilboko merkatarien erakunde nagusia, merkatal eta
finantza kultura errotuko zuenaren bilgunea eta topoagunea bihurtu
zen. Merkatarien arteko liskarrak ebazteko erakundea zen eta
bestalde beraien interesen babesle. Baina lehenago Brujasen antolatu
ziren "Bizkaiko naziokoak", hau da, Bizkaia-Gipuzkoakoak,
bertan 1493an Brujaseko agintariek bere etxe eta erakunde propioa
izateko "domus Cantabrica". Ekintzabide horretan sorturiko
arauak eta ebazpenak, XVIII. mendean merkatal kodearen antzeko
edo ordenantzak berridatzi zituzten eta zalantzarik ez, 1738an
argitaratu ziren arau berri horiek Bilbotarren sortu duten monumenturik
handiena dugu. Mundu mailako zuzenbide maritimoarentzat, ekarpena
handia izan zen. Horrez gainera, XIX . mende hasieran jadanik,
merkatal eskola bereziak sortu zituen. Eta 1829an desegin zutenean,
Espainiako merkatal kodea indarrean sarturik, ohizko ekintzak
zituenak beste forma eraginkor batzuetan aldatu zen. Merkatarien
kultura hau kontsulatuaren inguruan sorturiko sormen handiko
historia dugu Bilbaon.
 Bilbotarrak San Anton merkatuan.
XVI mendean jadanik, 1574 munduko
hirien atlas nagusian Bilbaoren ikuspegi ederra dugu. Mende honetan
Bidebarrieta kale berria zabaldu zen. Erdiaoroko hiriaren lehen
zabalkundea. Aurrerantzean, etenik gabeko hedapena egingo zuen
Bilbaok. 1870an, bere eremu murritza, Begoña eta Abandoko
elizateen lepotik emendatu zen eta zabalkundeko plana eraiki.
XV-XVI mendeko modari dagokionez,
jazkeretan moda aldaketa jazo zen. Neskatilak buruko ilea erabat
mozturik, metxoi luze luzeak itxita ibiltzen ziren eta ezkonduek
berriz, burua estalia; F. Mendietaren pintura ederretan buruko
oihalak ederrak ziren. Erbestetik etortzen zirenentzat, jazkeren
kontrastea begi bistakoa zen eta berehala horren inguruan idatzi
edo, C. Weiditz germaniarrak bezala, marraztu egin zuten, bilbotarren
moda erakusteko.
XVI. mende bukaeran Flandria eta Espainietako
erresumaren arteko tirabirek, merkatal ardatza ondatu egin zuten.
XVII. mendean burdingintzak lurra jo zuen. Bizkaiko totxoak ez ziren hain errez saltzen. Lurlandu berriak irabazi
ziren artoaren sarrerari esker eta hirien garapena gelditu egin
zen. Bestalde, gogoratu behar dira, sorginkeriaren aurkako kanpainak,
emakumezkoen bazterketa, kontraerreforma katolikoa, inkizizioaren
erabateko presentzia eta aldi berean, matxinoen indarra 1632ko
matxinadan ageri zen bezalaxe.
XVIII mendea Bilbaon mende bizkorra
eta berritzailea bihurtu zen. Berriz ere Bilboko merkatariak
eremu guztietan. Herri Adiskideen elkarteak hainbat kide zituen
Bilbon, eta berton 1793ko urtean bi gertakizun nagusi gertatu
ziren: Herri Adiskideen elkarteko azken bilera, elkartearen garai
loraitsuaren amaiera. Bestalde Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko batzar
nagusietako ordezkariek bilkura Bilbon egin eta nortasun politikozko
erakundea elkarren artea sortzea, urtero bilkurak eginez, erabaki
zuten. Tamalez, ez zuen jarraipen finkorik izan harik eta 1816ko
urtez geroztik, elkarren arteko bilerak ugaritu.
XVIII. mende bukaeran Frantziako
indar iraultzaileak Bilbaon sartu ziren eta bilbotarren artean,
aurkariak eta aldekoak izan zituzten: Liberalismoa alde batetik
eta kontraliberalismoa bestetik. XIX mendean zehar Napoleonen
aldekoak goi mailako klasekoak izan ziren. Ondoko urteetan Espainiako
konstituzio liberalaren aldekoak eta Espainiako kontraliberal
erresumaren aldekoak edo karlistak. Eten bako gerrak, liskarrak,
euskaltzaletasun politikoren lehen formulazioak agiri zirela
Vicenta Mogel eta J. P. Ullibarrren eskutik. Gerra zibiletan,
karlistek behin eta berriz setioak ezarri zituzten eta Bilbon
mitologia berria gihartzen hasi zen. Bilbo garaitu ezinekoa izango
zelaren ustea finkatu zen. Harik eta 1937arte. Orduan karlistek
Bilbo konkistatzea lortu zuten.

Bitartean, pentsamolde eta jokabide
politiko nagusien kabia eta arragoa bihurtu zen Bilbao, iraultza
industriala arrakasta lortu zelarik. Sozialismoa, errepublika
zaleak, euskal abertzaletasuna, espainiar monarkizaleak izango
ziren mende bukaerako aukera politiko nagusiak. Bakoitzak bere
mitologia eta uste partikularrak adieraziko zituen. XX mende
guztian, hiru edo lau aukera horien inguruan moldatu dira Bilbotarren
pentsakerak. Mende bukaera honetan, industria eredua erabat suntsiturik
gertatu arren, bestelako eredu ekonomikoaren atzetik dabiltza
bilbotarren asmoak. Dena dela, hiria mende bukaera honetan berriz
ere erabateko aldaketa formala eta ideien arloan ausnartzen ari
da. Utopia berriaren atzetik darrai.
Joseba Agirreazkuenaga,
Bidebarrieta. Bilboko giza eta gizarte zientzien aldizkariaren
zuzendaria
Argazkiak: Auñamendi entziklopedia |