Duela hogei urte lehen euskal espedizioa
Everesteko gailurrera heldu zen. Sei urte lehenago saiakera bat
egon zen, baina huts egin zuten. Bigarrenean lortu zuten beren
asmoa. Angel Rosen, Luis Mari Saenz de Olazagoitia, Felipe Uriarte,
Ricardo Gallardo, Juan Ramon Arrue, Joxe Urbieta, Emilio Hernando,
Kike de Pablos, Xabier Erro eta Javier Garaioa Martin Zabaletaren
itzuleraren zain zeuden, bera izan baitzen tontorra egin zuen
kide bakarra. Taldekideen artean Juan Ignacio Lorente ere aurkitzen
zen, espedizioko burua.
-Igoera hartaz zeintzu
oroitzapen gordetzen dituzu? Gauza asko gordetzen
ditut, agian horietako batzuk lausotuta. Baina gehienbat prestakuntzaren
inguruko oroitzapenak dira, ez bakarrik duela 20 urtekoak, 74ko
espediziokoak ere. Pertsona nagusia naiz eta gainontzekoek bezala
duela 30 urte gertatutakoa, duela bi astetakoa baino freskoago
gogoratzen dut. Batez ere niretzat eta taldearentzat gauza haiek
izan zuten garrantziagatik. Gaur egun igoerak gehiegi pertsonalizatzen
dira. Garai hartan talde bat osatzen genuen eta taldeko helburua
zen tontorra egitea. Garaipena dudarik gabe denona zela sentitzen
genuen. Denok zerbait pertsonala bezala hartu genuen. Guztioi
Martin izatea gustatu izan zitzaigukeen baina nik uste poztasun
handiko zerbait izan zela guztiontzat. Martin itzultzen ez zelako
igaro genituen une gogorrak gogoratzen ditut, etxeratzerakoan
egin ziguten harrera ikaragarria izan zen. Euskadin garrantzi
handia izan zuen eta une ahaztezinak izan ziren.
-Zergatik
Everest eta ez beste edozein gailur? Mendizale guztiak
ideiekin jaitzen dira. Gustokoak dituzten tontorrak egitearekin
amesten dute beti, tontor ederrak. Andeetatik gentozen, espedizio
hark arrakasta handia eduki zuen, mendi erreskate batean errespontsabilitate
handia eduki genuen eta guzti horrek taldea gehiago lotu zuen.
Gogoratzen dut nola Dato kalean hiru gasteiztar biltzen ginen:
Rosen, Juan Carlos Fernandez eta neu. Umetan amesten den bezala
sortu zen ideia. Informazioa biltzeari ekin genion eta 65ean,
bertan egon ziren amerikarrei idatzi genien. Dirua ere behar
genuen. Toki askotan galdetu genuen; garai haietan KAS enpresa
indartsua zen baina denek ezetz esan ziguten. Orduan CEGASAra
jo genuen. Haiek ere zorotzat hartu gintuzten baina ideia interesgarria
iruditu zitzaien eta baimena lortzea izan zen hurrengo urratsa.
Garai hartan teorikoki urtero baimen bakarra ematen zuten. Gainera,
Everestera igotzeko udaberria urtarorik egokiena zela uste zuten.
74. urterako britaniarrek soilik egina zuten gailurra baina ordura
arte ingeles, frantziar, italiar edo austriarrek ez zuten bertara
igotzerik izan. Herrialde haiek geuk genuena baino mendi esperientzia
handiagoa zeukaten. Amerikarrek, indiarrek eta japoniarrek tontorra
egin zuten baina oraindik jende asko falta zen berau egiteko.
74an gailurrera iritsi izan bagina Everesteko tontorrera heldutako
bosgarren nazioa izango ginatekeen.
Baina 8.500 metrotara gelditu ginen. Ondoren frantziarrak, italiarrak
eta poloniarrak igo ziren. Baimena lortzeak zailtasun handiak
zekartzan. Enbaxadarekin hitz egin behar zen eta politika kontuak
nahasten ziren bertan. Baimenen atzean nazio indartsuak aurkitzen
ziren eta geu Euskal Herriko gixajo batzuk baino ez ginen. Gainera,
diktadura garaian euskal kutsua zuen orok... Filtrazioen bidez
jakin ahal izan genuen lehen espedizioaren irteera Ministrarien
Kontseiluan izan zutela eztabaidagai. Azkenean aurrera atera
zen Espainiako Mendi Federazioko presidentea zen Jose Antonio
Odriozolari esker, eta eragin handia eta benetan estimatzen gintuzten
hemengo hainbaten laguntzarekin. Hala ere, ez zen euskal espedizio
bezala atera,Tximist espedizio moduan baizik. 80an lortu genuen
euskal espedizio gisa Everestera joatea.
-Euskal
espedizio bat izateak, beraz, buruhausteak ekarri zizkizuen. Espainiarrek gailurra
kontrolatzeko nahi handiak zituzten. 74an Alfil agentziako Lacalle
izeneko erreportaria bidali zuten behe kanpamentura, euskaldunak
gailurrera iristekotan albistea kontrolatzeko. Oso gaizki pasatu
zuen. Noski, garai hartan albisteak bidaltzea ez zen gaur bezalakoa.
Astebete behar zuten hona heltzeko.
-Espedizioak iraun bitartean
une latzak biziko zenituzten: sherpa baten istripua, gailurretik
bueltan Martinen itzulera luzea... Bai. Lhotseko gailurra
egiteko asmoan zebilen espedizio bateko sherpa bati ere laguntza
eman genion. Baina erabat zaurituta zegoen eta hil egin zen.
Sherpek horrelako gauzei ez diete garrantzi handirik ematen.
Beren erlijioak dituzte eta berpizkundean sinesten dutenez, oso
fatalistak dira. Gure sherpetako bat zulo batera erori zen eta
hura bizirik atera genuenean ez zuen aparteko ezer sentiarazi.
Atera eta bizirik iraun zuen. Gero Katmandun eskerrak eman zizkigun.
-Zeu ere gailurra egitetik
gertu ibili zinen.
Saiatu izan banintz, baliteke gaur hura
kontatzen ez egotea. Martinek eta biok gailurrera igotzea erabaki
genuenean, nik jadanik hilabete inguru neraman altuera handian
eta 6.000 metrotik gora kalteak handiak dira. Espedizioko buru
bezala nire zeregina behe kanpamentura indarrak berreskuratzera
jeisten zen orori laguntzea zela uste nuen. Kasualitatez Martin
bertan zegoen, eguraldi ona egiten zuen eta bera eta biok, bi
sherpekin batera, gailurrera iristen saiatu behar ginela esan
nion. Horrela egin genuen tontorra. Martinekin abiatu nintzenean
bi ordu eta erdiren ostean oso nekatuta nengoen. Elurra sakonegia
zen eta atzean gelditu nintzen. Martini aurrera egiteko esan
nion, sherpa hartu eta
bere kabuz jarraitzeko. Gelditu ginenean, Martinek bere oxigeno
botila ia hutsik zeukan eta nirea eman nion. Neurri batean, horrek
lasaitasun handia eman zidan. Martinek esfortsu izugarria egin
zuen, mendiko baldintzak ez baitziren gaur egungoen modukoak.
Garai hartan bakarrik zindoazen, ez gaur bezala taldeka eta soka
finkoak edonon edukita. Zeuk zabaldu behar zenuen bidea. Itzuleran
oxigenorik gabe gelñditu ziren. Sherpa erabat ahulduta
zegoen eta gaua zulo batean igaro behar izan zuten, hego gailurretik
8.600 metrotara. Hurrengo goizean deshidrataturik zeuden eta
jeisteko indarrik ez zeukaten. Martinheldu zenean eraman nuen
sustoaz gogoratzen naiz. Ia gaua zen. Lehenengo sherpa iritsi
zen, zutik iraun ezinik. Soka arrastaka zeraman eta atzean inor
ez. Handik hamar minutura heldu zen Martin baina ilun zegoenez
ia ez genuen ikusten. Minutu haiek oso dramatikoak izan ziren
eta bere itzulera hunkigarria izan zen.
-Gailurretik hain gertu
egon izanak ez al zaitu atsekabetzen?
Tontorrera heltzea gustatuko zitzaidakeen
baina Martinek sufritu zuena ikusita hemen egoteaz pozten naiz.
Zeren seguraski saiatu izatekotan bertan gelditu izango nintzatekeen.
Ilusio eta gogo handiak neuzkan baina indarren mugara heltzen
zarenean eta gauzak eskuetatik joaten zaizkizunean... Gainera
nire oxigenoa Martini emateko arrazoi bat bazegoen. Oxigenoa
eduki izan banu agian aurrera jo izango nuen, baina ez dakit.
-Itzulera zelan bizi zenuten? Ezin genuen halakorik
sinetsi. Norberaren mendi giroan bizi izatetik gaia pixkanaka
gainontzeko arloetara hedatuz joan zen. Euskadirentzat zenbateko
garrantzia eduki zuen horrek. Sondikako aireportura iritsi ginenean,
ikaragarria izan zen. Oso hunkigarria.
-Duela gutxi Martinek adierazi
du Everesteko gailurra errepikatzea gustatuko litzaiokeela baina
aurreko espedizio harekin eta gaur egungo egoeran. Ausartuko
al zinateke? Ausartzeagatik bai,
baina duela hogei urte indarren mugara heldu banintzen, egun
gailurrera heltzeko aukera gutxiago edukitzea litekeena da. Dudarik
gabe gauza askok
hobera egin dute. Besteak beste, mentalitatea, elikadura, materiala,
aklimatazioa. Berriro egiteko aukerak bagenitu, ni neu apuntatuko
nintzateke eta talderean barruan, batzuk tontorrera heltzeko
gai lirateke. Kontua da atsekabe handia hartuko genukeela. Bertan
egon ginenean geu bakarrik geunden eta bestelako sentsazioa zen.
Gaur egun espedizio ugari biltzen dira han. Ez dauka lehengo
izpiritualitatea, gailur handien bakardadea. 74an lehen aldiz
joan ginenean oso emozionantea izan zen. Bigarrenez zoazenean
beste modu batera ikusten duzu, ez diozu hainbesteko garrantzirik
ematen eta hirugarrenean, zirkunstantziak aldatuta espedizio
gehiago daudelako eta mentalitate ezberdin ugari, atsekabe handia
eramaten duzu.
-Azken urteetako hobekuntzek
meritoa kendu al diete igoerei? Noski, baina dena
aldatu da. Ez dira bakarrik gailurrak egiten, zailtasun handiko
bideak ere erabiltzen dira. Egun, gehiago eskatzen da. Baina
teknika, prestakuntza, elikadura, altuerari buruzko ezagutza,
pertsonak noraino irits daitezkeen, oro garatu da. Horrek guztiak,
igoera erraztu egin dute. Lehen gehiago zen abentura, eta abentura
handiagoa izan zen britaniarrek
lehen aldiz igo zirenean. Behin egin daitekeela jakinda ateak
irekita daude edonorentzat. Gaur egiten denari ez diot meriturik
kentzen baina ez dute hasierako horiek egin zutenaren meritu
bera. Beti esan dut Everestek altuera bera izaten jarraitzen
duela eta gailurrera iritsi nahi duen edonork esfortsu ikaragarria
egin beharko du.
-Ospakizunetan zabiltzatela,
epe laburrera mendi proiekturik al duzue? 76an Rosen eta biok
Aconcagua igo genuen lehen euskaldunak izan ginen. Nire ametsa
orain 61 urte dauzkadala hura berriro igotzea da. Datorren urtean
25 urte beteko ditu igoera hark eta gabonetan hara bidaiatuko
dut, berriro saiatzera. Jainkoak hala nahi badu eta gorputzak
uzten badigu lortuko dugu. Argazkiak: Estibalitz Ezkerra
Everesteko argazkiak Felipe Uriarteren "Euskaldunak Everesten"
liburuan argitaraturik daude
Euskonews & Media 81.zbk (2000
/ 6 / 2-9) |