Garraio aukera anitz dago baina oraindik
kotxeak nagusi izaten jarraitzen du. Azpiegituren aldetik hoberantz
egin dugun arren, etorkizunean errepide istripuek gora egingo
dutela uste du Iñigo Agirrek. Deustuko Unibertsitatean
Geografia Katedraduna da Iñigo Agirre eta bere hitzetan,
herrialdeen azpiegiturek bat egin beharko lukete beren ezaugarri
fisikoekin.
-Zeintzuk izan dira garraiobideen inguruan azken hogei urteotako
aldaketarik azpimagarrienak? Lehenik eta behin
autobide eta autopisten zabaltzea, eta bigarrenik hiri nagusietako
zirkunbalazio eta sarrera berrien irekiera. Hortik aparte oraindik
Maltzagatik Gasteiza doan autobidearen proiektua bete gabe gelditzen
da. Erabat bukatuta egon behar zuen, bariante batzuk eginda daude
baina oraindik gauza asko gelditzen dira egiteko eta oso premiazkoak
gainera.
-Zenbateko garrantzia izan
dute aldaketa horiek? Handia, oso atzeratuta
geundelako horretan. Azken hogei urteotan egin denarekin berritu
gara hirugarren mailako egoera batean geundelako. Bilbotik Donostiara
doan trena hartuta 100 km egiteko hiru ordu eta erdi behar al
dira? Estrategia aldetik, politikoki, hori mantentzea egokia
al da? Agian ekonomikoki bai. Trenbide sare berria sortzea baino,
ez ote da egokiagoa gaurko trenbideaz baliaturik, Donostiarekin
eta Europako sarearekin lotzea? Bizkaian bakarrik une honetan
oztopo galantak dauzkagu trenbidea, errepide arrunta eta autobidearekin.
Askotan klasean esaten dut, Leizarango gora-behera astuna eta
beldurgarria izan zela baina Abiadura Handiko Trenarekin etorriko
den eztabaida askoz handiagoa izango da. Inpaktu bisualak eta
patrimonioa alde batera utzita, beldur naiz zer pasako ote den
hor.
-Azken urteotan errepideetako
istripuek gora egin dute. Garraio publikoa bultzatzea irtenbidea
izan al daiteke?
Soziologiako ikasleen artean inkesta
bat egin nuen eta ia gehienak garraio publikoaren alde zeuden.
Diru sari bat irabaziz gero zer egingo luketen galdetu nien:
etxea erosi, alde batetik bestera bidaiatu ala berebila erosi.
Erdiak baino gehiagok, garraio publikoarekin ados zeudenek autoa
erosiko lukete. Teoria alde batetik doa baina gero inor ez dago
konforme autorik gabe ibiltzearekin. Frantzian familia bakoitzak
kotxe eta erdi dauka bataz beste. Gu oraindik ez gara horretara
heldu baina %40-25 bat falta zaigu maila horretara heltzeko.
Nire ustez neurri batzuk hartu beharko dira; Europan eta hiri
barruan zirkulatzeko zer egiten den ikusi, gero hemen aplikatzeko.
Ezin pentsa daiteke, hemen automobilaren moda galdu eta garraio
publikoaren erabilera haziko denik. Hori ez da posible eta beharbada,
ezta egokiena ere ez, atzetik datozen lanpostuak ez baitira beteko.
Horregatik etorkizunean gaur egun baino istripu gehiago egongo
direla uste dut, baina zirkulazioa handiagoa izango delako eta
errepide sarea kentzea erraza ez delako.
-1996an Europar Batzordeak
hartutako erabakiaren arabera, 2010 urterako bidegorrien sarea
zabaltzea espero dute. Guretzat oraindik
automobila prestigio arlokoa da eta hori ez bada burutik kentzen
ez dugu zereginik. Bizikletak-eta ondo datoz Danimarka edo Holandarentzat
han dena lautada delako. Hemen ere ibil daiteke baina erliebea
eragozpen handia da. Herrialde bakoitzak bere azpiegiturak, bere
egitura fisikoarekin ados joan daitezela behar du. Orain dela
hogei urte bidegorria zabaltzen hasi zirenean jendeak uste zuen
bizikletaz alde batetik bestera ibiliko zela, eta denborak erakutsi
du horrek zer erabilera dakarren.
-Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan
herrialdetik herrialdera ezberdintasun handiak daude garraiobideen
azpieguturei dagokienez. Zer dela-eta hori? Jakina. Baina ezberdintasun
horiek herrialde bakoitzak dituen biztanleekin lotuta daude.
Ez dauzkate premia berdinak Arabako 250.000 biztanleek eta Bizkaian
bizi diren milioiak. Nire ustez premien arabera eskabideak konpontzen
joatea egokia da. Baina proportzioa gorde behar da beti. Ezin
zaio herrialde bakoitzari banaketa berdina eman bestelako kriteriorik
gabe.
-Bizkaiak lehentasuna eman
dio trenbide sareari. Normala da. Komunitate
Autonomoan bi milioi biztanle inguru badauzkagu, Bizkaian 1.300.000
bizi gara. Beraz, eskabide gehiago daude hor. Bilboko portua
ere kontuan hartu behar da. Espainia mailan bigarren portua da,
eta urteko 25.000 tona merkantzia garraiatzen dira. Horrek sarrera
eta irteera batzuk dakartza. Sarrera eta irteera horien konexioa
bermatzeko, hau da, portuak bere influentziako lurraldearekin
lotzeko nortasuna eduki behar du. Horregatik normala da une honetan
garraioari dagokionez inbertsio gehienak bertan erabiltzea. Kontuan
eduki behar da demokrazia baino lehen Arabak zelan zeukan antolatuta
autonomia finantzieroa. Une hartan geu baino askoz hobeto zeuden,
bazeukaten beren hazienda nortasuna eta Bizkaiak eta Gipuzkoak
ez. Eusko Jaurlaritzarekin hasi ziren horiek Arabako maila hartzen
eta hortik aurrera atzetik zetozen premiak asetzen.
-Abiadura Handiko Trenaren
inguruan ezadostasuna da nagusi. Onuragarria izango al da berau
sortzea? Ez dakit hemen Abiadura
Handiko Trenbidea behar den edo ez benetan aztertu den. Ez nago
hain ziur ez baitago hainbeste distantzia. Abiadura Handiko Trena
400 km-ko distantzia egon ezkero egokia da. Baina 400 km horiek hasieratik bukaera arte, eta gainera
sarritan desplazamendu horiek egiten dituen biztanle masa kritiko
bat beharrezkoa da. Hemen ez daukagu ez distantziarik ezta masa
kritikorik ere. Egunero Bilbotik Donostiara, Donostiatik Gasteiza
edo Gasteiztik Bilbora zenbat pertsona doazen aztertu beharko
litzateke. Ez bakarrik eskola sasoian, urte guztian baizik. Horiek
guztiak gai al dira beraiek bakarrik Abiadura Handiko Trena mantentzeko
eta justifikatzeko? Beste gauza bat izango litzateke Frantziarekin
eta Europako trenbide sarearekin konexioa egitea eta beharbada
Bilboko portua Frantziarekin. Hori bai premiazkoa dela. Atlantiko
osoko porturik garrantzitsuena une honetan Bilbo da, potentzial
gehiago dakarrena bere kalatuagatik. Portuan bertan, milioi erdi
tona garraiatu ditzaketen itsasontziak atrakatu dezakete. Noski,
merkantziaren garraioa samurra eta arina izan dadin, trenbidez
joan behar da. Lotura hori Abiadura Handiko Trenarekin egin daiteke
baina nire ustez interesgarriagoa litzateke merkantzietarako
erabiltzea alde batetik bestera pertsonak eramateko baino. Beste
aukera bat Madrilekin konexioa bilatzea litzateke. Horrek beste
justifikazio bat dakar. Hortik abiatuta egokia izango litzateke
Europako zabaltasuneko trenbide bat egitea nahiz eta abiadura
handikoa ez izan.
-Aireportuei buruz zer
iritzi duzu? Aireportuei dagokienez
hemen gertatzen dena Europa osoan ez da ematen. 200 km distantzian,
Santanderren hasi eta Baionara arte, eta itsasotik 80 km barru goazela bost aireportu dauzkagu.
Bost aireportu hiru milioi biztanleentzat. Hori larregi da. Horrek
dakar aireportu asko infrautilizauta egotea, linea gutxi edukitzea.
Gasteizkoa espezializatzen ari da baina gainontzekoek zer lotura
dute egunero Bartzelona eta Madrilekin? Seguru Bilbon egun bakar
bateko zerbitzuak baino askoz gutxiago. Nire ustez hemengo elkar
norberakeriarengatik, hiri inportante bat izateko zazpi bat gauza
behar ditugu: gobernadore zibila, gotzaina, katedrala, lehenengo
mailako futbol zelaia, erakustazoka, kongresuetarako jauregia
eta aireportua. Biztanleei dagokienez Madrilgo erdia izanda,
dena daukagu hirukoiztuta, nahiz eta gero mantendu ezinik ibili.
Pentsa zer gertatu zen Gasteizko aireportuarekin. Ez zeukaten
biztanle kritikorik loturak mantentzeko eta horregatik espezializatuz
joan da. Nik uste dut bi aireporturekin nahikoa izango litzatekeela,
bata Miarritzen, Donostiatik hara joan daitezen, eta bestea Bilbon.
Eta hori da biztanle kopuruak ematen duena.
-Orokorrean hoberantz al
goaz? Nik baietz uste dut.
Honek gauzak zuzen ditzake. Hemen gure posibilitateak baino hobeto
bizi gara eta horrek eragozpen bat dakar: oso garestia da berau
mantentzea, eta beste gauza batzuetara aplika zitezkeen denbora
eta errekurtso asko galtzen dira. Ona da? Eskasa? Ez dakit, baina
horren arabera erabaki politikoak hartzen dira, eta kasu honetan
ez dira arrazoidunak, arrazoi politikodunak baizik.
-Europarekin konparatuta, zer gelditzen
zaigu hobetzeko? Ez dut uste ezberdintasun
handirik dagoenik. Gu txikiak gara. Europan herrialde handiak
daude eta autobide asko debaldekoak dituzte. Baina hori hemen
egitea ez da hain samurra. Horregatik azpiegitura fisikoek dituzten
ezaugarriak ezin dira aldatu, zaila da hori egitea. Bertoko
arazoak konpontzeko irtenbide berezi batzuk aplikatu beharko
lirateke. Hemen Erdi Europako edo Frantziako konponbideek ez
dute balio ezberdinak garelako. Ez pertsona moduan, egitura fisikoagatik
baizik. Hemen dena da harana eta mendia. Errepideak hortik eraman
behar dira. Mendi aldapatik egin zitekeen baina horrek gastu
ikaragarria dakar eta gainera, ekologistak inpaktu bisuala dela
eta ez dela esanez etorriko lirateke. Baina nahiz eta beraien
kontrako iritziak izan, erabaki bat hartu beharko dute.
Argazkiak: Estibalitz
Ezkerra
Euskonews & Media 80.zbk (2000
/ 5-26 / 6-2) |