Trenaren sorrera, erabilera eta zabalkundeak
Euskal Herriko bizitza ekonomiko eta sozialean izandako eragina
eta garrantzia daude
ikusgai, Azpeitiako tren geltoki zaharrean, 1992. urtean Trenaren
Euskal Museoak ateak ireki zituenetik. Urolako tren zaharraren
geltoki garrantzitsuena zen eraikinean kokatua dago, eta beste
garai batzuetan trenez egin ziren bidaiak, Iraultza Industrialak
garraio honetan eragindako eraldaketak eta aspaldiko tranbia
elektrikoen funtzionamendua ikus daitezke Azpeitian.
Museoa Eusko Jaurlaritzako Garraio
eta Herri Lan sailaren ekimenez sortu zen, 1992 urtean lehen
zatia ireki zen, 1994an kotxetegia berritu, eta trenak ekartzen
hasi ziren. 1998tik aurrera baporezko trena inauguratu zen, Azpeitiko
tren geltokitik Lasaoraino egiten du ibilbidea. Urolako tren
zaharraren egurrezko bagoietan, Aurrera lokomotak bultzaturik,
bisitarientzako joan etorria eskeintzen du museoak aste bukaeretan;
5 kilometroko luzera egiteko, 20 minutu inguru behar ditu.
50.
hamarkadatik aurrera, karreterako garraioa garatzen hasi zen
eta guztiz baztertua izan zen trena, ez baitzen batere inbertitu
garraio bide honen modernizaziorako. 80. hamarkadan, Eusko Jaurlaritzak
tren geltoki askotan zeuden tren zaharren inbentario bat egitea
erabaki zuen eta hasiera batean uste zena baino tren gehiago
zeudela ikusirik, museoa irekitzearen posibilitatea indartuz
joan zen. Tren bilduma handia izanik, trenaren inguruko museo
tematikoa egitea erabaki zen.
Trenaren lehen urratsak Euskal
Herrian Garraio bide honen erabilera
nagusitzean, Euskal Herrian gaindi ezinak ziren oztopoak garaitu
ziren. "Hau oso garrantzitsua izan zen bai jendearentzat,
baina are gehiago merkantziaren garraiorako. Trenik gabe, ez
litzateke Euskal Herrian Iraultza Industrialik izango",
hala uste du Juanjo Olaizolak, Trenbidearen Euskal Museoko zuzendariak.
Euskal Herrian martxan jarri
zen lehen trena Madriletik Irunerako bidea egiten zuen linea
zen. 1861ean Araban inauguratu zen lehen zatia eta Madriletik
Pariserako bidea 1864ean bukatu zen; Miranda de Ebrora joaten
den adarra 1863an inauguratu zuten. Juanjo Olaizolak
azaltzen duenez, "garai honetan ekimen pribatuz egiten
ziren trenak eta trenbideak, eta bide hau diru frantsesarekin
eraiki zen. Garraio bide honetan lehen inbertsio euskalduna,
Bilbotik Miranda eta Tuteraraino joaten zen trenaren eraikuntzan
egin zen eta linea hau desastre ekonomiko bat izan zen. Euskal
Herriko enpresariek trena ez zela probetxugarria eta urte luzeetan
ez zuten garraio bide honetan pezetarik inbertitu".
Bide estuko trena Museoko zuzendariaren
ustetan, bide estuko trenak arrakasta izugarria izan zuen Euskal
Herrian eta tren mota honen garapena eta errentagarritasuna izugarrriak
izan ziren Euskal Herrian Juanjo Olaizolaren hitzetan "1882an
Bilbo eta Durango arteko bidea egiten zuen
trena inauguratu zen eta hau negozio bikaina izan zen. Tren honen
ezaugarri nagusia bide estukoa zela zen eta Bilboko jende aberatsak
dirua egiteko posibilitatea ikusi zuten garraio bide honetan.
Euskal Herriko orografía menditsua dela eta, bide estuko
trenaren eraikuntza askoz ere merkeagoa zela ikusi zen eta ordutik
aurrera, diru guztia trenbide estuaren eraikuntzan gastatu zen.
Durangotik Zumarragarako trena eraiki zen, Elgoibarretik Donostiara
zihoana ostean, Roblako trena, Leongo meatzera bidea egiten zuena...
Guzti hauek XIX. mende bukaeran eta XX. mendearen hasieran eraiki
ziren eta honek eragin zuzena izan zuen euskal industrian".
Euskal Herriko industria sortu
zenean ez zuten garraio biderik, ez zen ez kamiorik, ez kotxerik.
Horregatik XIX. mende bukaeran, industriarekin batera, bide estuko
trena garatuz joan zen Euskal Herrian. Garraio honen arrakasta
izugarria izan zen, honen adibide, Bizkaiako Labe Garaiak. Materiala
alde batetik bestera mugitzeko, fabrikaren barnean 100 km. trenbide,
140 lokomotora eta 2000 bagoi zituzten. Horrelako industriarik
ez zen garatuko trenarengatik izan ez balitz.
Honez gain, trenak egiteko ere
industria ugari sortu zen, bagoiak, lokomotorak eta tren bideak
egiteko. Trenaren bilakaerak beraz, industri berrien sorrera
eragin zuen eta lanpostu ugari sortu ziren, besteak beste, CAF-en
bagoiak egiten zituzten, Bizkaiako Labe Garaietan karrilak, Zornotzako
Labeetan zubiak egiten zituzten, Babcock & Wilcox lurrinezko
lokomotorak eta Naval Sestaon trenak.
Urolako trena Urolako trena berezia
zen, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu baitzuen honen eraikuntza.
Sortu zenean,1926. urtean, ekipamendu hoberena
zuen; tren elektrikoa izan zen hasieratik burdinezko bagoiak,
eta azken puntako tren tailerra zuen. Baina urteak aurrera joan
ahala, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez zuen dirurik gastatu zerbitzu
hau berritzeko. 1986ean, tren zerbitzu hau itxi zenean, tailer
berdinean eta tresna berdinekin jarraitzen zuten lanean, 60 urtetan
ez baitzen ezertxo ere berritu.
Museoa, hazi nahiean
Trenaren museoko kotxetegia, bagoi eta lokomotorez goraino dago.
Hala ere, etorkizuneko erronken artean, trenak errekuperatzen
jarraitzeko asmoa dute eta berritzeko falta direnak, berritu.
Baina Juanjo Olaizolak dioenez "erronka nagusia museoak
eskeitzen duen tren paseoa Zestoaraino luzatzea da eta agian,
etorkizunean, Zumaiaraino joan ahal izan dugu Urolako tren zaharrean". Ainara Iraeta Usabiaga, kazetaria
Argazkiak: Ainara Iraeta |