Hogeita bederatzi urte eman ditu Enkarni
Genuak, herriz herri, antzokiz antzoki, txoko guztietako haurrak
bere txotxongiloekin liluratzen. Bizkarrean, hogeita bi obra
eta hogeita hamar bat liburu eta diska dauzka Donostiako emakume
titiritero honek. 1971. urtean etorkizuneko bere lanbidea zein
izango zen hautatzeko garaia heldu, eta ez zuen zalantzarik izan:
"argi eta garbi jakin nuen nire patua txotxongiloekin zegoela".
Harrezkeroztik senarrarekin herrialde askotako antzokiak bisitatu
ditu, besteak beste, Alemanian, Mexikon eta Kuban ospatutako
hainbat txotxongilo jaialditan izan dira. Gaur, oso harro sentitzen
da aukeratutako lanbidearekin, eta momentuz ez dauka erretiroa
hartzeko asmorik.
-Urte hauetan nola bilakatu
da txotxongiloen mundua Euskal Herrian? Senarra eta biok
hasi ginenean, Euskal Herrian ez zegoen, euskaraz, txotxongilo
emanaldiak eskeintzen zuen talderik. Lehendabizikoak izan gara
eta hasieran eskularruzko panpinekin eskaintzen genituen gure
emanaldiak, besterik ez genuelako. Urteak pasa ahala beste teknika
batzuk jarri genituen praktikan, eta gaur egun mota guztietako
panpinak egiten ditugu. Mundu hau izugarri zabala da, eta eraberritzea
premiazkoa da aurrerapausoak eman ahal izateko. Orain dela urte
batzuk ikusleek ez zuten titiriteroa ikusten, izkutatuta egoten
zen kortina baten atzean, gaur egun txerpolaria bere panpinekin
nahasten da agertokian, eta guztiak aktore bihurtzen dira.
Txotxongiloek bilakaera handia izan dute gure herrian, gaur kolektibo
asko daude, teknika ugari eta istorio anitz eskaintzen dituztenak,
bai haurrentzat eta baita helduentzat ere.
-Zein ezberdintasun somatzen
dituzu garai bateko eta gaur egungo haurren artean? Haurrak haur izango
dira beti, horretan ez dago zalantzarik. Agian orain dela urte
batzuk hamalau urteko gizontxo bat haurra zen oraindik, eta gaur
haurtzaroa motzagoa dela esan daiteke, hamabi urterekin haurrak
beste mundu batera pasatzen dira; heldutasuna azkarrago heltzen
zaie. Dena den, erakusten duten ilusioa bera da, panpinak bizirik
daude haientzat, ipuinak beste dimentsio ezezagun batera eramaten
ditu eta izugarri gustatzen zaie.
-Non
aurkitzen du Enkarni Genuak inspirazioa? non daude bere ipuinen
iturriak? Niretzat garrantzitsuena
zer kontatu nahi duzun erabakitzea da. Azken finean txotxongiloak
adierazpen bide bat dira, eta haien bitartez zerbait komunikatzen
diezu ikusleei. Guk ipuin asko asmatu ditugu, baina gure iturri
handiena Euskal Herriko historiak gordetzen dituen istorioak
dira. Beste batzuen artean, Herensugea; Galtzagorriak,
Gizona ,Sugea eta Azeria eta Erreka Mari eszenaratu
ditugu. Guztiak Barandiaranek edo Azkuek jasotako ipuinak dira.
-Zein da gehien maite duzun
istorioa? Guztiak maite ditudala
erantzun beharko nuke, baina egia esatera badago modu berezi
batean maite dudan ipuina: Erreka Mari. Guk sortutakoa
izanik herrikoi bihurtu da, eta pauso hori ematea ez da batere
erreza. Erreka Marik eman du. Hogeita bat urte daramatzagu
Euskal Herriko azken lamia eszenaratzen eta emanaldi guztietan
arrakastatsu suertatzen da. Denbora asko da, eta amodiozko erlazio
berezi bat daukagu berarekin. Munduko txoko guztietara eraman
dugu, besteak beste, Kuba, Txekoslovakia eta Mexikoko hainbat
eszenatoki ezagutu ditu Erreka Marik gurekin.
-Zure lehenengo emanaldia
eskaini zenuenean, nor zinen? Zeintzuk ziren zure itxaropenak? Senarra eta biok
guraso gazteak ginen, gure alabaren urtebetetzerako ikastolan
txotxongilo emanaldi bat antolatzea bururatu zitzaigun, eta halaxe
egin genuen. Irakasleei asko gustatu zitzaien lana, beste ikastola
batzuetatik hots egin ziguten, eta piskanaka lanbide hau serioago
hartu behar genuela konturatu ginen. Halaxe jardun dugu gaur
arte.
-Noiz eta nola heldu zitzaizun txotxongiloekin
aritzeko grina hau? Txikitatik. Monja
eskola batean ikasi nuen, bueno, egia esan, ikasi ez nuen gehiegi
ikasi, baina antzerki lan asko antolatzen genituen. Izugarri
gustatzen zitzaidan horrelako aktibitateetan parte hartzea, istorio
eta ipuin ezberdinak mozorrotuta kontatzea. Niretzat antzerkia
eta txotxongiloak gauza bera dira: eszenatokira atera eta publikoarekin
harremanetan jarri.
-Zein da eserlekuetan dauden
haurrei helarazi nahi diezun mezua? Emanaldia hasi baino
lehen nire burua aurkeztuz haurrekin hitzegiteko ohitura daukat.
Lagunarteko giroa sortu nahi izaten dut, eta horretarako haiekin
solasaldi bat izatea premiazkoa iruditzen zait.
-Zein izaten da solasaldi
horien gaia? Normalean, haurren
adinaren arabera inprobisatu egiten dut. Ikusi behar duten ipuinari
buruz hitzegiten dut, andereño bat naizela azaltzen diet,
leku batetik bestera istorioak kontatzen ibiltzen den andereño
berezia. Horrela agertzen dut neure burua, eta elkar ezagutzen
saiatzen gara.
-Zer da zuretzat titiritero
izatea? Oso harro sentizen
naiz aukeratutako bizibidearekin. Titiriteroa naiz lanbidez,
eta harro nago. Badakit zer den aktore izatea, urte askotan aktore
izan naizelako, baina askoz pozgarriagoa da niretzat txotxongiloekin
lan egitea. Antzerki lan arrunt baten lehengaia egina dago, lehengaia
aktoreak direlako. Txotxongilo emanaldi baten aldiz, beste guztiaz
gain, lehengaia ere sortzeke dago. Aktoreak sortu egin behar
dira, panpinak; horiei bizitza eman behar zaie, mugimendua, ahotsa...
Hor dago nire ustez, lanbide honek daukan xarma.
-Gaur egun, zaila al da
titiritero izatea? Bizitzeko adina ateratzea erraza al da?
Guretzat ez da batere zaila izan, baina
gure egoera berezia izan delako. Orain dela hogeita bederatzi
urte hasi ginen, eta garai hartan gizartea ez zen gaur egunekoa,
bikote bat izanik beste diru sarrera batzuk izan ditugu eta ez
dugu inoiz dirulaguntzen beharrik izan. Gaur egun zailtasun eta
oztopo gehiago daude, baina badago honetaz bizitzea. Horixe baietz!
-Zer esango zenioke titiritero
hasiberri bati? Animatu egingo nuke,
baina bihotzez esango nioke titiritero profesionala izatea ez
dela batere erraza. Pixkanaka hasi behar da, etsi gabe eta etengabe
eraberrituz.
-Zein da lanbide honetan
eraberritzeko modurik egokiena? Emanaldi ezberdin
asko ikustea, dudarik gabe. Besteek zer eta nola egiten duten
ikusi, eta haiengandik ikasi egin behar da. Gaur egun badago
horretarako aukera Euskal Herrian, badauzkagu hainbat jaialdi
Tolosan, Bergaran eta Bilbon. Jaialdi hauetara joatea gomendatzen
dut, eta posible baldin bada baita Bartzelonan eta Charlevillen
antolatzen diren mostretara ere. Izugarri ikasten da toki hauetan.
-Orduan titiriteroarena
lanbide autodidakta bat izango litzateke... Neurri handi batean
bai, lankideek egiten dutenarekin asko ikasten da, gero norberak saiakuntzak egin behar
ditu eta lanean jarraitu. Ongi gogoratzen dut senarrarekin Bartzelonara
joan nintzen lehen aldia, emanaldi asko ikusi genituen eta aho
zabalik gelditu ginen guztiekin, liluratuta. Donostiara itzuli
bezain laster, gure eszenatoki txikia zakarretara bota eta teknika
berriekin hasi ginen lanean. Txotxongiloen munduak aukera handia
ematen dizu eta ahal diren guztiak harrapatu behar dira, bestela
zaharkitua gelditzen zara, eta orduan bai dela zaila aurrera
ateratzea!
-Haurrak dira zuen ikusleak,
baina zer moduz ezkontzen dira txotxongiloak eta pertsona helduak? Oso ondo ezkontzen
direla uste dut, baina ni ez naiz ezkontza horretako apaiza.
Ez dut inoiz helduentzat antzeztu, eta ez dut uste etorkizunean
egingo dudanik. Urte asko daramatzat honetan, proiektu ugari
dauzkat eta ez dut neure burua helduekin ikusten. Nahiago ditut
haurrak, zalantzarik gabe.
-Proiektuak aipatu dituzu,
ba al daukazu ipuin berririk esku artean? Momentu honetan ez
daukagu proiektu konkreturik. Gure azken lana, "Kattalin
txiki", joan den urtean estreinatu zen. Oso garrantzitsua
izan da, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Bilboko Orkestrarekin
antzeztu dugulako. Ipuin berri bat pentsatzen udan hasiko gara;
momentuan konpromezu asko dauzkagu, emanaldi ugari, lan berri
batekin hasteko denbora behar dugu, bakea. Uda pasa ondoren ikusiko
du Euskal Herriak gure lan berria.
-Titiriteroa
ez bazina, zer izango zinateke? Irakaslea. Urte askotan
andereñoa izan naiz eta bi lanbideak oso lotuta daudela
uste dut, zerikusi handia daukate, haurrekin modu goxoenean harremanetan
jartzea da bizibide bion ardatza.
-Baina titiritero batek
ez die errieta egiten... Irakasle on batek
ezta, edo oso gutxitan.
-Erretiroa hartzeko asmotan
zaude? Momentuz ez. Lanbide
honetan zuk neur dezakezu lana. Gazteagoa nintzenean egun berean
bi emanaldi eskaintzeko gai ikusten nuen neure burua, eta orain
ez, baina osasuntsu sentitzen naiz. Erretiratzea, espainolez,
jubilatzea da, eta hori latinezko "jubilatis" hitzetik
dator, "poztea, alaitzea", alegia. Horrela hartuta,
guztiz erretiratuta nago. Argazkiak: Oihana Pagola
Euskonews & Media 79.zbk (2000
/ 5 / 19-26) |