Hamarkada honetako nazioarteko testuinguruan,
arte-adierazpen berrienganako egoera laguntzailea dela medio,
abangoardia-artearen tentsio utopikoa jarrera autonomo edo formalistago
bilakatzen da. Ostera Euskal Herrian, berrikuntza nahiaren eta
berau oztopatzen duten baldintza politiko eta sozialaren arteko
gatazka bizirik dirau, honekin batera artisten kontzientzia utopikoa
sakontzen delarik, abangoardia artistikoa eta politikoa identifikatuz
etikoki. Beraz, 60ko hamarkadako euskal arte eta artistengan
abangoardia historikoaren izaerak bizirauten duela esan genezake.
Hizkuntza
artistikoa modernizatzeko konpromisua bezain esanguratsua berezko
identitatea bilatzea izango da, bi alderdi horiek 30eko hamarkadan
euskal artea suspertzeko proiektuaren inguruko kezkekin bat eginik.
Proiektu horrek Jorge Oteizaren (Orio, 1908) partaidetza eraginkorrari
esker jarraitu ahal izango du, berak antolatzen baitu 60ko hamarkadako
Euskal Herriko artearen bizitzan nabarmentzen den Euskal Eskolako
taldeen egitaraua.
Lokalismo/unibertsalismo, tradizio/modernitate
bikoiztasuna, Euskal Eskola izeneko mugimenduaren ezaugarri,
XIX. mendearen bukaerako eta ia XX. mende osoko Espainiako kultura-baldintzaren
adierazpen amankomuna izango da. F. Calvo Serrallerek adierazi
duenez, Espainiako historia politiko zailaren eraginez"...
identitate nazionalaren definizioa eta herriaren modernizazioa
bezalako gai larriak, azken finean Espainiako Estatu nazional
moderno baten formulazio politikoari dagozkionak, beti konpontzeko
dauden arazoak dira, irtenbidea eman ez zaien gatazkak, alegia".
Egoera horrek bizi diren garaiari eta inguruneari dagokien erantzun
bat emateko konpromisua hartzen duten Espainiako artisten artean
bi nahi hauek eragingo ditu: batetik, lengoaia artistikoak lehen
bait lehen eguneratzea nazioarteko abangoardiekin bat eginik
eta, bestetik, oroimen historikoa berreskuratzea nazionalismo
kritiko baten begiradapean.
98ko belaunaldiaren izpiritu
berriztatzaileak kezka horiek iragarri zituen iadanik, nahiz
eta bere idealismo erromantikoak modernitatearekin konpromesu
zuzena hartzea eragotzi egin zion. Pedro Manterolak dagoeneko
adierazi du Oteizaren ideiagintzaren eta 98ko belaunaldiaren
arteko harremana; eskultoreak Pio Barojarekin eta, batez ere,
Unamunorekin bere testu adierazgarrienetan garatzen dituen elkarrizketa
kritiko bizietan nabarmen agertzen zaigu lotura hori.
Espainian abangoardia artistikoa
nolabait nazionalizatzen lagunduko duten nortasun ezaugarrien
bilatze saiakerak oso norabide ezberdinak aukeratzen ditu: Alberto
Sanchezengan eredu-balioa jasotzen duen paisaia baten aurrean
(Vallecas Eskolako "Cerro Testigoa", 1927) izandako
egoera emozionaletik hasi eta Altamira Eskolan (1948)
historurreko pinturen mirespeneraino, edota El Paso (1957)
taldearen Espainiako pintura tradizio "tenebrista"-raino.
Agina
gaineko euskal harrespil txikiak nortasun ezaugarrien proposamen
guzti horiekin zerikusia du, nahiz eta besteengandik bereizten
duena bere kontzepzioaren aberastasun teorikoa den , Quosque
tandem...! Ensayo de interpretación estética del
alma vasca-ko (1963) proposamen dimentsio estetiko sakona,
alegia. J. Oteizaren testu hau penintsulako testuinguru ekarpen
teoriko urrietako bat da eta nazioarteko abangoardien artista
aipagarrienarekin konpara daiteke.
Ikuspegi orokor hau lagungarri
izan dakiguke Euskal Eskolaren beste alderdi polemiko
batzuk ere argitzeko. Hala, eskola izaera bera, hain zuzen ere
maisu baten jarraipideen inguruan definitutako estilo artistikoaren
dizipulu edo jarraitzaile talde baten tradiziozko kontzeptura
egokitzen ez dena. Izan ere, modernitateak eta batez ere abangoardiaren
izaera esperimentalak balio artistikorik gabe utzi zuen eskolaren
kontzeptu historiko hori. Dena den, termino hau 60ko hamarkadan,
Madril, Katalunia, Valentzia, Andaluzia etabarreko eskolak behin
eta berriz aipatzen dituzten hainbat argitalpenetan erabiltzen
jarraitzen da, zehaztasun garbirik ez duten modalitate espresibo
berekin lan egiten duten artista taldeak aipatzerakoan.
Terminoaren erabileran antzematen
den inertziaren gainetik, Euskal Eskolaren kasuan, berau
hautatzeko ageriko borondatea ikusten da, talde itxi bat edo
lengoaia artistiko zehatz bat baino gehiago, giro eta arimaren
aldarte berri bat sortzeko asmoa duen iharduera bat izendatzeko.
Hori da, hain zuzen, Euskal Eskolaren funtsezko helburua,
hasiera batetan beste ekimen batzuen asmo bera, esaterako Altamirako
Eskolarena. Oteizak, ordea, gehiago arriskatzen du: hizkuntza
artistiko batean baino gehiago gizakiaren konstante existentzialean
hezurmamitzen den euskal estiloa badagoela defendatzen baitu.
Lengoaia batean zehaztu beharrik ez izatea konstante existentzial
horrek dakar berekin, hain zuzen ere berau
osatzen delako lengoaia artistikoen gainditze edo amaieraren
ondorioz, gizakiarengan bizi-jarrera gisa integratzeko. Historiaurreko
euskal eskultoreak harrespil hustu horretan aurreratzea lortu
zuen arimaren irtenbide hori. Hutsune horrek "eragiketa
artistikoa uztea eta isiltasunaren jaiotza estetikoa adieraziko
luke, natura menperatzeari dagokion arimaren isiltasunarena (...)
gizakiari artearen beharrik ez izateko eta bere barneko denboratik
eta berezko ordena (...) berri batean egingo duena egiteko (...)
arimaren askatasunaz hornitzen diona". [Q.T.]
Euskal kulturak beste kultura
batzuekin harremanetan barneko estilo hori galduko luke, herri-tradizioak
bere ondare izpirituala gordetzen jarraituko ez balu. Era berean
isilune batean, "isiltasunen eta ezabapenen diziplina
batean", sartu den arte garaikideak Euskal Herriak bizitzarentzako
duen antzinako estiloarekin zuzeneko kidetasuna izango luke.
Historiaurreko artearen eta herri-artearen
balorazio horretan, hain zuzen, arteari bere hastapenetako purutasuna
itzultzeko konpromisua hartuta duten abangoardia historikoen
ezaugarri den jatorrietara itzultzeko joera hori antzematen da.
Ordea, Margit Rowellek adierazi bezala, Oteizarengan helburua
ez litzateke lanari berrikuntza formalak bilatzea, erlijioaren
zereginaren eta, azken finean, artearen etika lehengoratzea baizik.
 Jorge Oteiza, "Estudio para la Piedad de
Aranzazu", 1969.
Oteizaren estetikan irudimen
mitikoa erabakiorra da. Mitoak gizakiari zuzpertzen lagunduko
dio, bere bizitzari berriro era sortzailean ekiteko indarra eskainiz.
Cartas al Principen (1988), honela dio: "amets egiten
hasi behar dugu berriro, ezer ere ez egiteko gure kulturan eta
nagitasunean hainbeste errepikatzen eta ospatzen dugun hain lehenaldi
misteriotsua duen herria berriro ere imajinatzen. Galdu dugun
eta osatzen gaituen oroimen kulturala, mitikoa, estetikoa, erlijiosoa".
Bere eraikuntza mitikoarekin, Oteizak tradizio artistiko urri
bat leporatzen zaion kultura periferiko xume bat nazioarteko
egoera sortzaileetan itzularazten du, arte garaikideak helburutzat
duen isiltasun estetikoa historiaurrean lortu izanak eskainitako
abantailarekin: "...pentsatzea nahikoa zen sekulako konfiantza
gureganatzeko".
Gaur egungoko artistaren zeregina
ez litzateke arte lanak produzitzen jarraitzea, gizarteari hezkuntzaren
bitartez itzuli behar dion sentsibilitate estetikoa lantzea baizik.
Hezkuntzan, Oteizak norabidezko zeregina ematen dio estetikari:
gainerako ezaguera guztiak bateratzen diren gunean kokatzen den
ezaguera izanik, gizakia errealitate existentzialean itzularazteko
gaitasuna du. Hezkuntza estetikoa, beraz, Euskal Eskolaren
ardatza izango da, lehentasunezko tresna gisa Ikerketa Estetiko
Konparatuen Institutoa sortzea eskatuko duena. Proposamen
horretan, Bauhaus eskolaren diziplinarteko eredua antzematen
da, hamarkada guztian zehar saio anitzetan hezurmamitzen ahaleginduko
dena, bai nazioartean (André Malrauxekin eta Giulio Carlo
Arganekin izandako harremanak) bai eta bertan ere (Donostiako
Kursaal eraikineko Euskal Artearen Herri Unibertsitate-Laborategiak,
Debako Eskola Pilotua...).
Gaur, Orain, Emen eta Danok taldeen
erakusketa-estrategiak ere (1966) , guztiak Iruñean elkartuz,
Euskal Artisten Unbertsitatea sortzea izan behar zuen
helburu: "...Euskal Eskolan, artista euskaldunon asmoa gure
Unibertsitatea sortzea zen eta Euskal Herriko hiriburu kultural
gisa Iruña hartzea". {Q.T.3 argitaraldiko oharra,
1975 }. Gogorarazi beharra dago Euskal Herriko irakaskuntza
artistikoa oso eskasa zela. Baina irakaskuntza arazoa ez zen,
ordea artearen eremura mugatzen; arazo globala zen.Estatuak Euskal
Herriko hezkuntza- azpiegituran egindako inbertsio txikiak eraginda,
Unibertsitatearen eskaintza urria izateaz gain Elizaren menpekoa
zen. Horri, gainera, euskal kultura beraren babesik eza eta errepresio
zuzena ere, erantsi behar zaio.
Baina, paradoxa badirudi ere,
hutsune instituzionalak hezkuntza-programaren gaurkotzea erabateko
oinarri berrietatik proiektatzeko aukera eskaintzen zuen. Gaur
taldearen manifestuan (1966) adierazi bezala: "...behin
eta berriz, bertarako eta gure artisten informazio, ikerketa
eta prestakuntza profesionalerako aurreratuenak izango diren
institutuak sortzea proposatu izan dugu gure artean (inoiz ez
digute entzun nahi izan), gure hezkuntza estetikoa irakaskuntzaren
maila guztietan transmititzeko saioak egiteko eta gure herri-tradizio
artistikoa indarberritzeko eta munduan herri-arte berriaren korronteekin
batera egun-egunean jartzeko asmotan". Ikusten dugun
bezala, hezkuntza estetikoaren programa ez da ohi bezala artisten
prestakuntza profesionalera mugatzen: proiektu kolektibo bat
da.
Lehentasunez, haur-pedagogia
hartzen da kontuan, "gizaki berri"aren prestakuntza
gisa. Honela, Gaur taldeak antolatutako hainbat erakusketatan
haurrek egindako lanak hartzen dute parte (Jose Antonio Sistiagak
eta Esther Ferrerek zuzedutako Academia de los Jueves
adierazpen libreko tailerrean eginikoak). Elorrioko Haur-Unibertsitate
Pilotuaren entseiuak ere (1964-1965) interes berezi horri
erantzun nahi izango dio.
Diziplinarteko proiektu kolektibo
gisa, hezkuntza estetikoaren lehen erakusgarritzat har ditzakegu
hainbat herritan garatuko diren programa artistiko zabalak, non
arte-erakusketaz gain hitzaldiak zein musika, antzerki eta dantza
ekitaldiak antolatuko diren, euskal kulturari buruzko liburu,
diska eta musikatresna heritarren erakuspenekin batera.
Hasieran,
Euskal Eskola Euskal Herriko adierazpen artistiko berritzaile
guztiak batera biltzeko gai den proiektu gisa zehazten zaigu.
Artearen baliabide eta estilo anitzenak parte har dezakete bertan:
zilegitasuna izango dute gaurkotasuna izanez gero. Horregatik
Gaur taldearen manifestu fundatzaileak ez du inolako aukera
estilistikorik definitzen eta euskal artista guztiak proiektu
horri lotzea erreklamatzen du.
Gipuzkoar informalismoak "gure
arimaren itxura sakon eta tradizionalaren dokumentazio espontaneo
eta zuzena" { Q.T.} eskain lezake , bitartekaritza kulturalista
heltzen ez den ekintza automatikoaren, inkontzientziaren bitartez.
Bere zereginik argiena hezkuntza estetikoan adierazpen libreari
bide ematea izan lliteke. Emen taldeak Bizkaiko Estampa
Popular (1962) taldeko kideen indar mobilizatzailea ekar
lezake: hauek errealitate sozialaren arte-testigantza aldarrikatzen
dute, bereizketarik egin gabe "gure herriaren une historikoa
adierazteko gai den edozein suposamendu estetiko"ren
partaidetza defendatzeaz gain. Arabako taldeari dagokionez Gaur
taldearen aurkezpenaren aurreko asteetan Oteizak Carmelo Ortiz
de Elgearen erkusketa-katalogoan honela dio: "Arabako
artisten Orain taldea eratzen ari zarete eta zuen jarrera pertsonaletatik
pop-art esperientzia proposatu behar duzuela hitz egin genuen
Fraileekin..." (Donostiako Udal Arte Aretoetan egindako
erakusketa, 1966ko martxoa). Nafarroan berriz, lehen kontaktuak
egin arren, Danok ez da iritsik osatzera talde bezala.
Jarrera ireki hori argumentazio
estetiko batekin justifikatzen da Euskal Eskolaren ideiagintzan.
Erabakiorrena ez da lengoaia artistikoa, berarekin lan egiteko
modua baizik: artistak prozesu esperimentalean bereganatu duen
sentsibilitatea bizitza kolektiboan integratzeko duen azken borondatea.
Baina argumentazio hori alde batera utzita, komeni da kontuan
hartzea modernitatea bereizketarik egin gabe defendatzea, testuinguru
ukatzaile batean murgilduta dauden talde abangoardisten ezaugarri
amankomuna dela. Ezberdintasunen gainetik, lehentasunezko helburu
gisa berrikuntza artistikoa gizartean hedatzea baieztatu beharra
dago, nahiz eta gerora berrikuntza hori ulertzen den moduan diferentziak
sortu. Honela Gaur eta bereziki Orain taldeetan
nagusituko da premisa estetiko batzuren exijentzia.
Pinturak
protagonizatu bazuen gerra zibilaren aurreko euskal artearen
susperraldia, orain eskulturak hartuko du bere txanda, nazioarteko
panoraman antzematen den joerarekin bat eginik. 60ko hamarkada
honetan, pinturak batipat abstrakziotik -Euskal Herriko artearen
modernizazioak oraindik onartzeko zuena- euskal kultura gaiaren
bitartez adierazi zuen errepresentazioaren tradizioari erantzuteko
erronkari aurre egin behar izango dio. Gizartearen harrerari
dagokionean, esan daiteke pintura abstraktoak abangoardia eta
nortasun ezaugarriak batera biltzeko igurikapena ez duela lortuko
betetzea. Tradizio-zama hain handirik ez duen eskulturak ordea,
iritsiko da igurikapen hori osatzera: errepresentazioaren ausentzia
antzinako materiaren beraren adierazgarritasunak beteko du (
harria, egurra, burdina...), bai eta eskulturan erabilitako teknikek
eta prozesuak ere, artisautzaren tradiziozko tratamenduei dagozkionak
izanik. Errepresentazioa , beraz, eskulturaren fisikotasunak
ordezkatzen du, euskal identitate kulturala berriro interpretatzeko
zereginean.
Amaitzeko, komeni zaigu Euskal
Eskolak izan duen tratamendu historiografikoa aztertzea. Mendearen
bigarren erdian Espainian sortutako arteari buruz azken urteotan
kaleratu diren azterlan panoramikoetan, Euskal Eskolaren proiektua
nola baztertu den ixiltasunera baieztatzea harrigarria da benetan.
Behin eta berriz J. Oteizaren eta E. Chillidaren ekarpen indibidual
aipagarria nabarmentzen da, ondoren parte hartu zuten proiektu
kolektiboa gertakari bat besterik ez balitz bezala aipatzeko.
Hemen Koldo Mitxelena Kulturuneko erakusketa katalogoan {1} Gaur
taldeari buruz aurreratu nituen konklusioak berrartu ditzakegu,
orokorrean Gaur taldearen ezaugarri propioak Euskal
Eskolako proiektuaren ondorio zuzenak baitira. Proiektu honek
abangoardia mogimenduari dagokion entitatea du : bere programa
erdibidean geratzeak ez du esan nahi bere emaitza gutxietsi daitekeenik.
Artearen promozio instituzionalaren gainetik herri-proiektu baten
utopia gailentzen denean, bere patua bestelakoa izatea gertagaitz
bilakatzen da.
Azken finean, Euskal Eskolaren
proiektuaren singularitateaz ari gara, bere oinarri kontzeptuala
Quousque tandem...! en sortua izanik eta arte lanaren
produkzioaren gainetik dimentsio artistikoa bizitzan bertan atzera
sartzeko hezkuntza-proiektu kolektibo bat nabarmenduz. Nazioarteko
iharduera sortzailearekiko gure bertako abangoardiek duten izaera
eta zentzua argitu nahi baditugu, Euskal Eskolaren asmoa
ulertzeak garrantzi handia du. Kontutan hartzen badugu Quousque
tandem...! bezelako testu estetiko batek espero ez den harrera
kolektiboa jasotzen duela, ohartuko gara ezin daitekeela baloratu
azkarregi gai hau. Izan ere, Txomin Badiolaren hitzetan testu
hori izango da beharbada "euskal identitate nazionalaren
kontzientziaren sorreran eragin handiena izan duen liburua".
Guzti honek adierazten digu Euskal Eskolako proiektuaren
analisia eta balorazioak duten konplexutasuna: bere ekarpena
gehitxo mitifikatu da, ondoren arrazoi beragatik gutxiesteko.Proiketu
horren baitan aurki daitezke hainbat ezaugarri amankomunak direnak
bere garaiko testuinguru hurbilean baina hauekin batera beste
ezaugarrri batzu singulartasun aberatsaz agertzen zaizkigu. Ezinbestekoa
dugu ikerketa zabalago bat definitu ahal izateko emaitza bat
erabakiorra izan dena Euskal Herriko artearen modernizazio prozesuan,
bere energia dinamizatzailea 60ko hamarkada zeharkatuz, 70kora
ere hedatzen delarik.
(1) Autore anitz:
Euskal artea eta artistak 60ko hamarkadan.
Koldo Mitxelena Kulturunea, Donostia, 1995.
Ana Olaizola, Arte Ederretako Fakultateko irakaslea
Euskal Herriko Unibertsitatean
Argazkiak: Euskal Artea eta Artistak 60ko hamarkadan liburutik |