Mixel Labéguerie Lapurdiko Uztaritzen
sortu zen 1921 urtean. Bere aita, Léon Labéguerie,
arotza edo errementeria zen eta ama, Marie-Jeanne Hairak, piano ikastaldiak
emaiten zituen. Batxilergoa bildu ondoan, Bordelen eginen ditu
mediku-ikasketak eta Parisen bukatuko, bularretako eritasunen
edo hetikaren tratatzeko berezitasuna hor bilduz. 1947ean Kanbon
plantatzen da mediku oroko, lehenik Camino-ren lagun, zenbait
oren sartzen dituela herri hortako eritetxe batean. 1952an ezkonduko
da, Augustine Peyrot, uztariztar neska gaztearekin. Hau 33 urtetan
supituki zenduko da. Bortz seme eman dizkio eta lehena, Beñat,
16 urtetan istripuz hilen da. Bortz iturri kantua karia
hortara idatziko du. Berriz Rita D'Oberndorff-ekin ezkonduko
da 1975an. 1980 urtean, uztailaren 27an, Frantziako Tolosan zenduko
da.
POLITIKA GIZONA
Michel Labégueriek kargu
hauk bete ditu:
- 1962 urtetik eta 1967era deputatu
da. Michel Inchauspé gaullista, urte hortan izan hauteskundeetan
nagusitzen zaio.
- 1964 urtetik 1980a arte, Ezpeletako
kantonamenduaren izenean kontseilu orokor da Pauen.
- 1965 urtetik 1980ean hil arte,
Kanboko auzapez egonen da.
- 1974 urtetik 1980ean hil arte,
senatore da.
Zertan oinarrituko ote du Mixelek
bere politika? 1976ean, Enbata kazetan, publikatu elkarrizketa
batek hauxe dio: «14 edo 15 urte nituenetik nere eskola
demokrazia girixtinoaren familia hortakoa izan da eta egun ere
hala da (
) Espainiako demokrazia girixtinoarekin harreman
hertsiak baditut eta P.N.B. edo E.A.J. hortan da (
)».
1934ean Piarres Lafitte apezak
Aintzina izeneko aldizkari bat sortu zuen eta Euskalerrizaleak
elkartea xutik eman. Hor azaldu ideologiaren haritik ereman du
Mixelek bere politika, helburutzat hartuz:
- Frantziaren egiazko eskualdekatzea
- Euskararen alde jokatzea
- Etxea edo familia eta emaztearen
zuzenak aldarrikatzea
- Baserriaren aldeko bai eta sozial
mailan politika aurrerakor eta eraginkor bat sustatzea.
- Frantziak dituen bertze eskualdeetako
herritzaleekin batean lan egitea. Zendu zenean, Alain Poher senaturren
ganbarako lehendakariak hauxe zioen: «Baztertu eta suerte
txarrak jo guzien izenean ari izan da, hori baitzen justiziaz
zuen aburua».
Hauteskundeen bidez eskuratu
karguetan alor horietan da Mixel bermatu.
1960eko hamarkadan, Mixel Labéguerie,
bertze lagun zonbeitekin, Enbataren sortzaileetan izan zen. Hunen
helburuak Itsasuko hitzarmena deritzaionean azalduak dira
eta milako bat jendez onartuak izan ziren Bazko astelehenez,
lapurtar herri hortan, 1963ko apirilaren 15ean. Hitzarmenak galdatzen
du euskal departamendu bat eta euskararen ofizialtasuna. Helburutzat
dauka ere zazpiak bat egitea Europa batuaren barnean bertze eskualdeekin
federaturik.
Laster, Michel Labéguerie
Enbata-tik urrunduko da. Berak dioenaz (Deia, 1979-X-6),
«aldendu banintzen ez zen helburuarekin bat ez netorrelako,
metodo kontuagatik baizik». 1976 urtean bertze aldizkari
batean idatzia zuen: «Enbata sortu zenean, hunen helburua
populuari kontzientzia bat sortaraztea zen». Azpimarratzekoa
da Mixelen 10 bozemaileetarik 9 etzirela abertzaleak.
KANTU BERRITZAILEA
Mixel Labéguerik bere
ama musikaria zuen eta piano ikastaldiak emaiten zituen. Bertzalde
oraino haurra zelarik txistua joiten ikasi zuen bere herrian
Aita Hilario Olazaran Lekarozko komentutik etorri kaputxinoarekin.
Horrela iparraldeko lehen txistulari multxoan parte hartu zuen
Mixelek. Gero Bordelen, ikasle zelarik, Irrintzi izeneko kanta-dantza
talde bat sortu zuen hiri hortan.
Bigarren gerla denboran, 1943
urtean, Eskualdun Gazteen Batasuna elkartea kreatua izan zen
Uztaritzen bere sortherrian. Hunen helburuetarik bat denbora
haietan emaiten ziren euskal kantu eta dantzen biltzea zen. Berrogeita
hamar bat bildu ditu inguruko herrietan eta beren eres-zatietan
ekarri. Dantzari eta ihauterieri buruzko artikuluak Aintzina
agerkarian agerrarazi ditu, hilabetean bat, sei hilabetez.
Euskal kantu berriaren sortzaile
izan denak ez ditu beraz bere obrak uste gabetarik sortu. Gure
kulturaren altxorra gazte gaztetik beretua zaukan. Erran behar
da ere bertsozale haundia izan dela Mixel eta gai emaile bai eta epai mahaiko
izaitea ere gertatu zaiola, dela Iparraldean dela Hegoaldean,
Euskal Herriko bertsolarien lehen txapelketa nagusian, 1960 urtean.
Hor ziren Basarri, Uztapide, Xalbador, Mattin, Michelena eta
bertze.
Nehork ez du eta ez dezake gutietsi
Mixelek euskal kantuaren berritzean ukan duen eragina. «Euskal
kantaren lehen urratsetan, Mixel Labéguerie dago»
dio Xabier Letek, eta Jose Antonio Arana Martijak azpimarratzen
du eragin haundia izan zuela Michel Labégueriek euskal
kantagintza berrian, hizkuntza eta euskal kontzientziaren errepresioaren
kontra jarri baitzen orduko kantarien uhin berria, Ez dok
hamairu taldea eta bertze. Honela bukatzen du : «Michel
Labéguerieri zor diogu uholde berriaren sortzea».
Ez diote bertzerik Manex Pagola, Peio Ospital, J. Etchamendy
eta bertze batzuek. Gaien aldetik Mixelek bizia bere osotasunean
du kantatzen. Abertzaletasuna, ingurumena, mendi eta bertze,
gauaren eta elurraren ixila, kabaleak (gatua, astoa), fedea,
gizonaren biziko gertakari alai ala trixteak, poetak
Bertzalde, euskal kantuaren melodia
berritu du Mixelek zortziko erritmoa hortan sartuz eta tematika
aberats bat sortuz «zabala, ez beti berdina, anplia, berria
eta freskoa», Manex Pagolak dioen bezala.
Elkarlanean argitaletxeak plazaratu
berri du liburu bat, titulu hunekin: Mixel Labéguerie,
kantu berritzaile eta politika gizon. Hor ekarriak dira,
bertzeak bertze, Mixelen 23 kantu ezagutuen bertsuak bai eta
ere bertze olerki ezezagun batzu. Ipar Euskal Herriko literaturaren
altxor balios bat badugu bilduma hortan. Mixel Itzaina, idazlea |