Josu Legarreta, Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaria
"Munduan zehar eta batez ere Ameriketan ezagutzen bagaituzte, euskal etxeen fenomenoagatik da, besteak beste"
* Traducción al espanol del original en euskera
Maria Agirre

1986. urteaz geroztik, Euskal Etxeekin harremanak edukitzeaz arduratzen da Josu Legarreta, berau baitugu Eusko Jaurlaritzak horretarako izendatutako pertsona. Bere lanak hala eskatuta, asko bidaiatzen du Josu Legarretak, urtean, bataz beste hiru hilabete igarotzen ditu kanpoan. Elkarrizketa hau egin bezain laster ere atzerrira joan behar izan zuen. Bederatzi egunetako epean, Argentinako 24 euskal etxe bisitatu zituen eta Santiago de Txilen ere izan zen.


-Zein da zehazki zure eginbeharra. Esan daiteke euskal identitatea atzerrian iraunaraztea dela?

Zehazki, munduan zehar dauden Euskal Etxeekin harremanak edukitzea. Euskal Etxeak aipatzerakoan, hala ere, beharrezkoa da gogoeta egitea, sarritan pentsatzen baita, gobernuak sortutakoak direla.
Munduan zehar dauden Euskal Etxeetatik zaharrena, Montevideoko "Laurak-bat" da, dagoeneko gaur egun desagertua dagoena. Euskal Etxe hau 1876an eratu zuten.
Beste batzuek, berriz, Euskal Herritik kanpo antolatutako lehenengo elkartea Perukoa izan zela diote, hain zuzen ere, 1612ko La Cofradía de Nuestra Señora de Aranzazu. Horien ustez, kofradiak zituen helburuak, gaur egun Euskal Etxeek dituzten berberak dira, hau da, elkar laguntzea, euskal identitatea zaintzea, etab...
Hala ere, gehienek Montevideokoa jotzen dute lehen euskal etxetzat. Beraz, lehenengo Euskal Etxeak Eusko Jaurlaritza baino zaharragoak dira.

-Eta noiz indartu ziren Euskal Herriaren eta Euskal Etxeen arteko harremanak?
1910etik aurrera eta irlandar ereduari jarraituz, EAJ alderdi barruko mugimenduek eta herri honetan zeuden arazo politikoen arabera, planteatu zen komenigarria izango litzatekeela kanpoan zeuden euskaldunekin harremanetan jartzea, euren laguntza jasotzeko. Horrela, lehendabizi EAJ eta gero ANV, hasi ziren Ameriketan zueden Euskal Etxeekin harremanak edukitzen.
Gerra zibilaren ostean, Jose Antonio Agirrek, bai EEBBetan egon zen garaian eta Parisera joan zenean, harreman ugari izan zituen Euskal Etxeekin, baina horrek ez du esan nahi Euskal Etxeetan ikuspegi bakarra zegoenik, pluraltasuna nabaria baitzen. Zer gertatzen da gerra zibilaren ostean?
Gerra zibilaren ostean, berriz, erbesteratu asko izan ziren eta euskal etxeetan elkartasuna emateko mugimendua sortu zen. Hori dela eta, batzuek uste dute Euskal Etxeak abertzaleek sortuak direla, baina ez da horrela.
Beranduago, Franko hil zenean, Euskal Etxeek eskatu zuten Eusko Jaurlaritzarekin harremanak izatea, eta ondorioz, 1982an munduan zehar zabalduta zeuden euskaldunen kongresua ospatu zen.

-Euskal diasporatik datozkigun albiste gehienak jaiekin lotuta daude. Badirudi Euskal Etxeetan jaiak baino ez dituztela antolatzen.
Euskal Etxeak, munduan zehar dauden euskaldunek sortutako egoitzak dira, eta garai batean erabiltzen zen terminologiari jarraituz, esan dezakegu egoitza horiek euskaldunen klubak direla. Klub batean gauza asko egiten da, baina askotan, jaiaren kontu hori geratzen da nabarmenduta. Normalean, klub batean egin daitezkeen bilerez eta ez da hitz egiten. Euskal Etxeekiko dugun irudia zein da? Pelotan jokatzen den tokiak direla edo jatetxeak dituzten egoitzak. Komunikabideetan hori azaltzen da, baina ez dira horretara mugatzen. Gaur egun, euskaldunekiko irudia oso desberdina litzateke Euskal etxeak existituko ez balira. Munduan zehar eta batez ere Ameriketan ezagutzen bagaituzte, euskal etxeen fenomenoagatik da, besteak beste.

-Euskal Etxeen etorkizuna nola dakusazu?
Arazo soziologiko bat dute. Hau da, gaur egun ez dago emigraziorik, eta oso epe laburrean Euskal Etxeetan ez da Euskal Herrian jaiotako inor egongo. Hemendik hogei urtera Euskal Etxeetan izango direnek guk herri honekiko daukagun ikuspegi berbera izango dute? Nik uste dut beste ikuspegi bat izango dutela. Baina belaunaldi berrien arazoa ez da Euskal Etxeena bakarrik. Adibidez, gaur egungo gazteek ez dute guk dugun mundu honekiko ikuspegia.
Zer izango dira Euskal Etxeak? Beraiek nahi dutena. Dena den 1994an, Euskal Etxeei buruzko legea atera zen, eta lege horretan planteatzen da, lau urtean behin antolatuko dela munduan zehar dauden Euskal Etxeen nazioarteko kongresua. Azken kongresuan, iazko urrian egindakoan, ondorio batzuetara iritsi ziren. Kongresu horretan argi eta garbi geratu zen, Euskal Etxeen etorkizuna zaindu nahi bada, gaur egun Euskal Etxeetan dauden gazteak motibatu behar direla. Gazteak motibatzeko, Euskal Etxeetako buruak konprometitu ziren Euskal Etxeetako zuzendaritza batzordeetan gazteen parte hartzea bultzatzen. Jaurlaritzaren aldetik, berriz, proposatzen da, lehentasuna eman behar zaiola Euskal Etxeetako kide diren gazteen formazioari. Era horretan, formazio hori bultzatzeko laguntza ekonomikoak aurreikusten dira. Batetik, herri hau ezagutu dezaten laguntza ematea. Bestetik, gazteen formaziorako aurreikusten da, Euskadin master edo doktoradutza bat egin nahiko luketen Euskal Etxeetako kideei dirulaguntza ematea. Horrez gain, herri honek enpresak ere baditu, ez bakarrik unibertsitateak, eta une honetan aztertzen ari gara lan praktikak ere euskal enpresetan egiteko aukera. Era horretan, gazte batek hemengo unibertsitate edo enpresetan egonaldi bat egiten badu, herri hau ezagutu egingo du.
Bestalde, Euskal Etxeetan asko dantzatzen da, eta dantzatzen ikasi nahi duen jende asko dagoenez, zentzu horretan ere ematen dira laguntza batzuk.
Gainera, azpiegituretarako laguntzak ere ematen zaizkie.

-Orain arte Ameriketako emigrazioa aipatu dugu. Gaur egun, berriz, oso gutxi dira Ameriketara joaten direnak baina emigrazioa bada. Egun Europara jotzen du Euskal Herriko hainbat jendek.
Londonen, Bruselan, Parisen, Burdeosen eta Bonn-en, hiri bakoitzean Euskal Etxe bat dago. Estatuan ere badira: Madrilen, Bartzelonan, Valentzian, Saloun eta Valladoliden.
Gaur emigrazioa dagoela esaterik badago, baina jendea ez doa Ameriketara, baizik eta Europako estatuetara. Nahiz eta sortu berri diren Euskal Etxeak kontzeptu klasikoan sortu diren, euskal emigrazioaren norabidea aldatzen doanez, etorkizunean penduloa Europara alda daiteke.

-Zenbat Euskal Etxe daude gaur egun?
Eusko Jaurlaritzak onartuak, 125. Horiez gain, badira beste 30 ofizialtasuna lortzeko lanetan ari direnak.

-Eta euskal diaspora zenbatekoa den esaterik badago?
Diaspora hitza ez zait gustatzen, gurago dut euskaldunak munduan kontzeptua erabili. Kontaketa hiru irizpideren arabera egin daiteke: mundu osoko Euskal Etxeetan dauden kideak, guztira 17.760 dira. Euskal Etxeak alde batera utzi eta botoemaileen erroldara jotzen badugu, une honetan atzerrian bizi diren 30.000 lagun inguruk eman dezakete EAEn botoa. Bestalde, euskaldunak euskal jatorria dutenak direla uste badugu, eta horretarako abizenetara jotzen badugu, horrelako lau milioi eta erdi inguru aurkituko ditugu.

-Diasporan bizi direnek nola ikusten gaituzte Euskal Herrian bizi garenok?
Latinoamerikan ekonomia lurjota dagoenez gero, miretsi egiten gaituzte, herri honetan guztia erraza izango balitz bezala. Idealizatuegiak gaituzte.

-Euskal identitateak, Ameriketan, zenbat iraungo du?
Nik uste dut luzaroan iraungo duela. Herri honek adiskide asko ditu munduan, asko dira kanpora joan behar izan duten euskaldunak. Asko iraungo du, baina identitate guztiek dituzten arrisku berdinekin.


Argazkiak: Maria Agirre



Euskonews & Media 72.zbk (2000 / 3 / 24-31)


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved