Duela
lau urte entzun zuen lehenbizikoz interneti buruz, Informatikako
Fakultatean ikasle zela, eta berehala sentitu zuen mundu horrekiko
erakarpena. Horrela, arabar gazte honek "Kaixo" bilatzailea
sortu zuen, eta gaur egun Arabako Parke Teknologikoan kokatua
dagoen "Guay" izenekoaren zuzendaritzan dago, askoz
ere baliabide ekonomiko handiagoak dauzkana. Nolanahi ere, "Kaixo"-ri
eskaintzen dizkio aisialdiko orduak, eta ideiak ez zaizkionez
falta, ez omen da geldituko Idiazabal gaztak internet bidez saldu
arte. |
-Zerorrek sortutako "Kaixo"
bilatzaileari lehia egiten ari zarela esan daiteke?
Ez zait iruditzen lehia egiten ari natzaionik. Kaixo,
internauta euskaldunei zuzendutako proiektu pertsonal bat da;
beraz, ez diot lehia zuzenik egiten. Guay internet, hispanoei
zuzendua dago, askoz ere jende gehiagorentzat da. Orain bertan
egunean 3.000 pertsona inguruk erabiltzen du Kaixo; Euskal
Herriko web-ik erabilienetarikoa da, baina hala ere Kaixon
bakarrik aritzea ez da oraingoz bideragarria.
-Zergatik ez?
Oso arrazoi xume batengatik: Euskal Herriko enpresak oraindik
ez direlako kontzientziatu. Begira, Euskal Herritik kanpoko enpresek
egiten duten publizitateari esker mantentzen da Kaixo.
Merkaturatu zenetik jada hiru urte igaro diren arren, oraindik
ez dut lortu Euskal Herriko enpresa edo erakunde batek berak
ere Kaixon publizitatea ipintzerik.
-Hala ere, aurrera darrai
"Kaixok".
Hortxe aritzen naiz. Ezin nuen guztiarekin eta lankide batzuk
ari zaizkit laguntzen. Zenbait ideia eta proiektu dauzkat buruan.
Kaixon ez dut oraingoz zerbitzu berririk sartu, baina
jada badaudenak eguneratzen ari naiz: albisteak, abizenen eta
lanaren bilaketa, bilatzailea bera ere hor dago..., eta egunetik
egunera jende gehiago konektatzen da, gero eta erabiltzaile gehiago
dauzka.
-Zein da "guay.com"-en
eskaintza? Eta nork finantzatzen du?
Araba eta Nafarroako enpresarien
proiektua da, eta interneten sartzeko atari bat da. Kaixoren
antzekoa, baina askoz ere zerbitzu eta baliabide gehiagorekin,
eta hispanoei zuzenduta.
Beste edozein atarik eskaintzen dituen zerbitzu berdinak dauzka:
dohaineko posta, bilatzailea, albisteak, etab., baina besteen
ildotik atera eta gauza berriak eskaini nahi ditugu. Wap teknologia
daukagu, hau da, telefonia higikorraren bitartez sar daiteke
gure orrietan, eta era berean, on-line orriak edozein hizkuntzatik
gaztelerara itzultzen dituen itzultzaile bat ere badaukagu, interneteko
orri gehienak ingelesez baitaude.
Gainera, hiru denda birtual prestatzen ari gara: disko eta liburuena,
informatikakoa, eta bidaiena.
-26 urte baino ez dauzkazu,
eta enpresa bateko zuzendari teknikoa zara dagoeneko. Gazteen
gidaritzaren esku al dago interneten mundua?
Interneten atzean ideia eta proiektu berriak daude; horretan
datza hain zuzen ere interneten arrakasta, ideia berritzaileak
behar dituelako, eta gazteei otzen zaizkie gehienak.
-Ezer aldatu al da Euskal
Herrian internetekiko egoera azken hiruzpalau urteetan?
Erabat. Duela lau urte, Kaixo ipintzeko zerbitzari bat
behar nuela-eta enpresetara jo nuenean, interneti buruz hitz
egiten nienean oso arrotza egiten zitzaien mundu hau. Orain,
aldiz, internet aipatu eta berehala zabaltzen dizkizute ateak.
Pixkanaka hobetzen ari da egoera. Gainera, gaur egun duela bi
urte baino gauza gehiago daude edukiaren aldetik. Iaztik Kaixo
bezalako bilatzaile gehiago dauzkagu. Hala ere, gauza berri gehiago
egin behar dira nire ustez.
-Zer
adibidez?
Nik ideia asko dauzkat, hamar-hamabost bat (jakina, barrez dio
ez dizkidala kontatutako). Denbora faltagatik ezin ditut orain
gauzatu, baina egingo ditut, Kaixon edo beste nonbait.
Nik, interneten filosofiari ez diot erabat jarraitzen. Nire proiektu
pertsonalak Euskal Herriari zuzenduta daude. Badakit ez daukala
zentzu gehiegi interneten horrelakoak egiteak, zeren eta hispanoei
begira egingo banu, askoz ere erabiltzaile gehiago lortuko nituzke.
-Internet gehiago erabili
behar dela esaten dute, baina ez al zaizu zaila iruditzen hemen
areagotzea?
Hemen arazo bat daukagu: Estatu Batuetan daukaten maila bera
eduki nahi dugu, baina guk ez daukagu haiek daukaten oinarria.
Interneten erabilera areagotu nahi dugu, baina kontua da ez daukagula
Estatu Batuetan dauzkaten azpiegitura eta kableaketak, ezta haien
ideia eta edukiak ere. Euskal Herrian oso berde gaude oraindik,
edukien aldetik batik bat.
-Egoera hau aldatuko denaren
zantzurik ikusten al duzu?
Horretarako dago Euskadi 2000-2003 Plana. Halere ez ditut xehetasunak
ondoegi ezagutzen eta ez dakit noraino jo nahi duen, baina erakundeek
zerbait egin nahi dutenaren seinale da. Duela hiru urte erakundeei
interneti buruz hitz egitean ez zuten garapen industrial eta
teknologikoarekin lotzen; orain ordea gauza batzuk egiteko asmoa
daukate.
-Elkarnet-en sustatzailea
zara, Euskal Internauten Elkartea. Zeintzuk dira bere helburuak?
Euskal Herrian interneten erabilera bultzatzea. Foro bat osatu
dugu 150 bat lagunen artean, hemen gauzatzen ari diren proiektuei
buruz hitz egiteko. Kanpotik jendea ekarri eta egiten ari direnaren
berri ematea gustatuko litzaiguke, nolabait bidera gaitzaten.
Oso pozik irten zen jendea lehendabiziko forotik, inguru berdinekoekin
harremanetan jartzea lortu baitzuten.
-Interneten edukiak falta
zaizkigula esan duzu lehenxeago.
Bai, hala da, gutxi dago edukiaren aldetik. Nolanahi ere, hemendik
gutxira internet bidez aldizkari
guztietara jotzeko aukera izango dugu, Eusko Jaurlaritzaren ekimen
bati esker, beraz edukia handitu egingo da. Oraindik ez daukagu
edukirik, eta hala ere merkataritza elektronikora egin nahi dugu
jauzi.
-Nola ari da Euskaltel
hau guztia gidatzen?
Eman dituen pausoetariko batzuk onak izan dira; internetera dohain
sartu ahal izatea oso pauso garrantzitsua izan zen, erabiltzaileek
begiak ireki ahal izan zituztelako, baina nik uste dut aurrera
egin behar duela, ez duela hor gelditu behar. Interneterako sarrerak
kalitate handiagoa behar du, eta hainbeste desio dugun tarifa
laua ere lortu behar dugu.
-Interneten ba al da benetan
negoziorik?
Nik uste dut gaur-gaurkoz publizitatetik erator daitekeen negozioa
dela interneteko negoziorik handiena. Baina hori atzerrian gertatzen
da.
-Kezkatzen al zaitu interneteko
segurtasunak?
Nik uste dut segurua dela erosketak internet bidez egitea; kontua
da jendeak ez daukala erosketak internet bidez egiteko ohiturarik.
Gainera, askotan internetetik kanpo huts egiten du segurtasunak,
baina gero interneti leporatzen zaio.
-Eta hacker-ek?
Horiek bai kezkatzen nautela. Ahal diren neurri onenak hartzen
ditugu, baina ez dira nahikoak.
-Hemendik urte batzuetara
telebistaren aurrean eseri eta posta jaso, eguneko aldizkaria
irakurri, aste osorako erosketak egin, afaltzeko pizza bat eskatu
eta azken filma ikusi ahal izango omen dugu; abantailak besterik
ez. Desabantailarik somatzen duzu?
Bai. Jendearekin harremanik ez izatea izan daiteke arazoa. Nik
hiru hilabete eman nituen etxean Kaixo berriztatzen, eta
ez zitzaidan ona iruditu. Interneten alderdirik txarrena, edo
oraintxe ipini didazun egoerarena, horixe da hain zuzen ere:
ordenagailuaren aurrean bakarrik gelditzea, inorekin erlazionatu
gabe. Ez zait oso logikoa iruditzen bizitza guztia ordenagailuaren
aurrean ematea. Argazkiak: Maria Agirre
Euskonews & Media 69.zbk (2000/
3 / 3-10) |