Francisco Javier Zubiaurren esanetan,
Nafarroan isilik eta zalapartarik sortu gabe aritzen dira lanean
sare bakar bat osatzen duten museoen inguruan. Berak zuzentzen
duena, adierazi digunez, hedatzen hasia den "izebergaren
muturra" baino ez da. Itxaropentsu ageri da Zubiaur etorkizunari
dagokionez: arte garaikideari lekutxo bat egingo zaio Iruñan,
jada egon badauden azpiegiturak aprobetxatuz; Jorge Oteiza Museoaren
geroa hor dago, zentru "zaila" iruditzen zaion arren;
eta Julio Caro Baroja Museoa zabaltzeko asmoa dago, gizartearen
eskariari behingoz erantzuna emango dion "beharrezko"
gunea.
-Nafarroako Museoak bilduma
arkeologikoa eta Arte Ederretakoa, biak biltzen ditu; mistoa
da beraz. Heterogeneitate honek ez al du bere kanpo proiekzioarekin
talka egiten?
Nafarroako Museoa, Nafarroako ondare historikoaren gordailua
da, eta, horrela izanik, egin diren ikerketei makurtuta egon
da; Príncipe de Viana Erakundea sortu zenez geroztik bereziki.
Eta fondo ona dauka: 1940ean hasi zen lanean, eta sistematikoki
joan da garatzen indusketa arkeologikoak eginez, elizak zaharberrituz,
hormetako pinturak berreskuratuz... Material horiek guztiak hemen
daude ikusgai. Gure asmoa, hala ere, gure ondarearen ikuspegi
orokor bat ematea da, arte eder eta dekoratiboak ere tarteko.
Onartzen dut agian ez dela nahikoa izango, ikuspegia mugatua
delako, baina eskura dauzkagun metro erabilgarriak ere hala dira,
7.000 zehazki. Eta artearen historiaren arlo zehatz batzuei buruz
hitz egiten hasiz gero, egoera zailagoa da; arte garaikidean
esaterako. Ikaragarri hazi da egileen kopurua, eta ez daukagu
erakusketa egonkorrik ipintzeko lekurik. Hori dela-eta, leku
falta hau nolabait orekatzearren, aldi baterakoak antolatu ohi
ditugu; urtero antologika edo atzerabegirako bat edo bi izaten
ditugu. Hilabete honetatik aurrera, adibidez, hemen dauzkagun
XX. mendeko sortzaileen obrak erabiliz, muntaia selektibo batzuk
antolatuko ditugu Galeria Urdina deiturikoan, aldi baterako erakusketa
zabalen osagarri modura.
-Zer iruditzen zaizu oraindik
zenbait nafar gazte hona etorri ez izana, eta, aldiz, bai Bilboko
Guggenheimenera?
Konturatu gara horretaz. Bada oraindik Nafarroako Museora etorri
ez denik; unibertsitariak bereziki, eta berengana jo nahi dugu.
Lehenik eta behin irakasleen bitartez, baina era beran leku hau
entretenigarria, atsegina, aldakorra izan dadila nahi dugu, gauza
erakargarriak jasoko dituena. Horretan gabiltza. Obra berri batzuk
egingo ditugu instalazio egonkorra hobetzeko. Aretoetan informazio
gehigarri grafikoa ipini nahi dugu, jendeak hobeto uler ditzan
piezak.
Egia da oraindik ez dugula erabiltzaile hipotetikoen eremu hori
kontrolatzen, eta gugandik nahiko urrun daudenak geureganatzen
saiatu behar dugu. Nolatan doazen lehenago Guggenheima Nafarroako
Museora baino? Inori ez zaizkio konparazioak gustatzen. Guggenheimen
dimentsioa gurearena baino askoz ere handiagoa da, zentzu guztietan;
beste produktu bat da. Eta publizitateari dagokionez oso inbertsio
handia egin du. Eraikina bera ere erakargarria da. Bere irekierak
ondorio positiboak izan ditu, oro har on egin die museo guztiei,
eta agian baita gertuen dauzkanei ere. Dena den, ezin dut ziurtatu
Nafarroakora bisitari gehiago etorri denik. Azken urtean izandako
gorakada -aurrekoan baino 5.000 gehiago hurbildu zitzaizkigun-
erakusketen planari eta komunikazio lanari zor diogu. Guggenheimen
kasuan gertatu dena da modan jarri dela, eta gazteek modak jarraitzen
dituzte.
-Nolanahi ere, batzuek
argudiatzen dute Erkidegoko museo nagusia izan beharko lukeena
ez dela behar bezain erakargarria, eta ez daukala erakundearen
aldetik babes sozial handiagoa jasotzeko moduko proiektu kulturalik.
Nik beti esaten dut hau "izebergaren
muturra" besterik ez dela, eta ur azpian dagoen zatia askoz
ere handiagoa dela. Askotariko lana egiten duen Sail baten euskarria
da gurea; hain zuzen ere Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologia
Sailarena, Kulturako Zuzendaritza Nagusiarena. Museoen sarea
koordinatzeaz arduratzen gara, ondasun higigarri artistiko, arkeologiko
eta etnografikoen inbentarioak egiteaz, obra publikoen segimenduaz,
aztarnategi batzuetan gerorrek egiten ditugu indusketak, lizentziak
ere ematen ditugu... Laister Korellako Museo de la Encarnación-eko
fondoak zaharberrituko dira, eta kontserbatzeko tratamendu bat
emango zaie; eta gerorri arduratuko gara kontratazioaz eta ikuskaritzaz.
Uneotan Tudelako Katedraleko Erretaula Nagusia zaharberritzen
ari gara, Foru Gobernuak egindako kontratatu duena Instituto
del Patrimonio Histórico Español-ekin batera, eta
Guardian Navarraren laguntzarekin. Proiektu hori prestatzeko
azterketak egiten urte bete baino gehiago eman dugu, aldi oro
ikuskaritza egin behar baita. Marcilla-ko Gaztelu Jauregiko hormetako
pintura guztiak ere berreskuratu ahal izan ditugu... Pil-pilean
dago museoan kontua, baina, pertsonalari dagokionez, duela zenbait
urte geneukan zuzkidura berbera daukagu, eta alde horretatik
nahiko larri ibiltzen gara. Dena den itxaropentsu ere bagaude,
gure lana balioetsi egiten dela iruditzen zaigulako, eta, gainera,
gizartearen gero eta handiagoa den eskari kulturalari erantzuna
ematen ari zaiolako.
Nafarroako Museoa, beraz, aurpegia baino ez da. Dinamizatzearren
egiten ari garen ahalegina hartu behar da kontuan, nahiz eta
Administrazioa, dinamizatu arren, beti den zurruna. Guk ez daukagu
funtzionatzeko adina autonomiarik; ez daukagu, adibidez, Planetario
batek daukan malgutasunik.
Hala eta guztiz ere, gure ondarea hobeto ezagutu dadin ari gara
lanean, gizartea hobeto hezitzeko. Interneten daukagun orriak
5.000 bisita baino gehiago jaso ditu, eta sareko web-ak
120.000 inguru. Ahalegin handia egiten ari gara publizitatearen
arloan. Oraindik ez ditugu jaso sarea osatzen duten zentruetako
memoriak, baina gurean behintzat 400.000 bisitari izan ditugula
esan diezazuket. Nafarroa bezalako erkidego txiki baterako, nahiko
zenbateko ona da. Normalean aldiro 13.000 ikasle inguru etortzen
zaizkigu hona. Gidari bolondresen plan bat daukagu, eta ongi
dabil. Hirugarren Adinekoei dagokienez nola hobetu aztertzen
ari gara. Oso pozik gaude minusbaliatuekin egin dugun lanarekin,
berentzako erakusketak eta tailerrak antolatu ditugu-eta. Hala
ere, egia da sendotu egin behar dugula unibertsitariekin daukagun
harremana.
-Hedatzeko xedeaz gain,
zein beste proiektu dauzka Nafarroako Gobernuak etorkizunari
begira? Zertan dira bere instalazio eta jarduerak?
Hedatzeko asmoa daukagu bai Zuzendaritzak eta bai teknikoek,
beti aipatzen ditut teknikoak, laguntza osoa eskaintzeaz gain,
lana egiten dutenak direlako.
Gure jardueren kalitatea hobetu
nahi dugu. Erakusketen maila mantendu eta hobetu egingo dugu,
eta horretan gabiltza. Duela gutxi, Bilboko Arte Ederren Museoko
fondoen erakusketa bat antolatu dugu, izen garrantzitsuak biltzen
zituena; Real Academia Catalana de Bellas Artes de San Jordi-ko
piezak ekarri ditugu Bartzelonatik, Estatuan zehar oso gutxi
ezagutzen direnak. Aurtengorako plana handizalea da, eta 20001eko
denboraldian murgilduta gaude dagoeneko, Nafarroako txanponari
buruzko erakusketa bat prestatzen. Puntakoa izango dela iruditzen
zait, baina ez Iruña mailan bakarrik, baizik eta baita
Estatu osoan eta nazioartean ere, oso ongi osatua dagoelako numismatikako
bilduma hori. Biltegian dauzkagun materialeez baliatuz, XX. mendeko
artista nafar ez hain ezagunei buruzko programa bat abian jartzeko
asmoa daukagu.
Azpiegiturari dagokionez, saneamendu lanak egin ditugu duela
gutxi, lurrazpiko korronteak ekiditearren; kapera ere hobeto
isolatu dugu, eta orain argiztapen guztia birrantolatu eta Historiaurreko
aretoa birmoldatzeko asmoa daukagu.
-1998an Beaumont Fundazioak
bere bilduma Iruñako Udalari eman ziola-eta, arte garaikideko
museo bat sortzeari buruz mintzatzen hasi ziren erakundeak. Zer
dio Foru Administrazioak horren inguruan?
Zalantzarik gabe, kolektibo eta sektore horiek daukaten ilusio
hori Nafarroako Gobernuak ere badauka, baina ikusi egin behar
da nola bideratzen diren ekimen horiek eta azkenean zer egingo
den. Nire ikuspegi teknikotik, borondateak batu behar direla
esango nuke. Museoak oso garestiak dira; inbertsio handiak egin
behar dira, baina ez eratzeko bakarrik, baizik eta baita mantentzeko
eta ongi funtzionatuko dutela ziurtatzeko. Ez gaude Udalak bere
aldetik bat eta Nafarroako Gobernuak beste bat bultzatzeko moduan.
Komenigarriena, eraginkorrena eta egokiena, eremu bakar bat sortzea
dela iruditzen zait, fondo publikoak administratzeari dagokionez
batik bat; horrela, entitate bakoitzak gordailuan emango luke
bere bilduma eta ez lioke jabetzari uko egin beharko.
Hemengo arduradun izanik, iruindarra, eta Alde Zaharrean zentro
bat dinamizatzearen aldekoa -Alde Zaharra bizirautearren lanean
ari den gune bat baita- , Nafarroako Museoa handitzearen alde
nago. Dagoen lekuan kokatuta, erakusketak egiteko baldintzak
hobetu eta bere azalera handituko nuke, horrek abantailak ekarriko
bailizkioke, bai ekonomikoak, bai gizatiarrak, eta bai teknikoak.
Hasteko, pertsona trebeak dauzkagu, behar bezala hautatu direnak,
eta, plantila handituz gero, erantzukizunak jasoko lituzketenak.
Bestetik, instalazio egokiak dauzkagu: liburutegia, arte garaikideari
buruzko dokumentazio zentrua, laborategia, pertsonal tekniko
gaitua. Horrela, hobetu egingo genuke eraikinaren egoera, eta
aldi baterako erakusketetarako leku gehiago izango genuke. Egin
beharreko inbertsioa, solairu berri bat eraikitzeko baino txikiagoa
izango litzateke. Gainera, Iruñako hirigunean ez dago
orube gehiegirik, eta gisa horretako azpiegitura batek hirigunean
egon beharra dauka. Orain bertan 35.000 bisita jasotzen ari gara,
eta ez da hori kopururik handiena izango. Alde Zaharrera doan
jendea da hori, bizitza ematen diona.
Horixe da eskuartean daukagun aukeretako bat. Nafarroako Gobernuari
bideragarria iruditzen zaio, eta, beharbada, baita komenigarri
ere. Aurtengo aurrekontuetan, proiektu arkitektoniko bat prestatzeko
diru kopuru bat dago.
-Nafarroak gaur egun dauzkan
berezitasunen artean, bere biztanle eta lurraldetasuna kontuan
izanik museo ugari dauzkala aipa daiteke. Ez al zaizu iruditzen
halako eskaintza eutsi eta sustatzeko baliabide gehiago esleitu
beharko litzaizkiokeenik?
Bai, noski. Eta hasiak gara horretan. Baina orain arte eskura
eduki ditugun fondo ekonomikoak ez dira sarea modernizatu eta
bultzatzeko aski izan. Hala ere, iaztik egiten ari den ahalegina
goraipagarria da: Museo de la Encarnación-en birmoldaketa,
aurtengoan 80 miliotik gorako inbertsioa izango duena; Jorge
Oteiza Fundaziora 1.500 milioi pezeta baino gehiago bideratuko
dira; Nafarroako Museo Etnologikoa
izango denean ere gogor ari dira lanean... Zentroen egoera ona
da oro har, baina horrek ez du esan nahi hobetzeko ahaleginik
egin behar ez denik; hain zuzen ere horregatik egiten dira inbertsio
txikiak, baina, jarraitasuna daukatenez, nabari egiten dira sarearen
joanean. Hiruzpalau urtetan egoera aldatu egingo delakoan gaude,
aurrekontua haziz joan da-eta, 2000. urte honetan bereziki.
Argi dago hemen ez dela milioi askoko inbertsiorik egin, baina
ez dago halako asmorik ere. Aitzitik, neurriak hartu dira museoak
lurralde osoan zehar ahalik eta ongien banatzeko, gaika sailkatzeko,
eta kostu globalak probintziabakarreko erkidego baterako modukoak
izateko, hau da, aurrekontu mugatua eta 520.000 biztanle dituen
lurralde baterako. Errealista izan beharra dago. Isilik jarduten
dugu. Nafarroak administrazio ona edukitzearen tradizioa dauka;
poliki-poliki egiten ditu gauzak, zalapartarik sortu gabe, egunerokotasunez,
baina eraginkortasunez. Nik garapen bateratu eta harmonikoan
daukat konfidantza, sarearen piskanakako hazkundean. Obra handiek
arrisku bat daukate: bitarteko ekonomikoak helburu bakar batera
zuzentzen dira, eta gainerakoak bigarren maila batean gelditzen
dira, edo baztertuta akaso.
-Zer nolako etorkizuna
ikusten diozu Jorge Oteiza Museoari? Bertako proiektu intelektuala
ezezaguna da askorentzat...
Garatzeke dago proiektu hori. Zehaztu egin behar da zein pieza
egongo diren beti ikusgai, eta kontu handiz hartu behar da erabaki
hori. Ulertzen dut Oteizak bere bizitza guztian zehar izandako
sormenaren ikuspegi panoramiko bat eman beharra, bere lan desberdinei
leku egin nahi izatea; izan ere, ezinegon handiko gizona izan
da eta aurpegi asko dauzka. Orain ari dira egiten hedapen eta
heziketa plana. Lana ongi egin behar da, ez modu isolatuan, baizik
eta gainerako zentru unibertsitario, sozial eta museistikoekin
harremanetan. Elkarri nola lagun diezaiokegun ikusi behar dugu,
Nafarroako Museoa eta Jorge Oteizarena bisitatzeko nola koordina
gaitezkeen. Hala ere, hasiera batean behintzat oztopo bat da
Oteizaren Museoa Iruñako hiri inguruan egotea.
Ikusiko dugu zer egin. Lehenik eta behin, ongi funtzionatzeko
baliabideak lortu behar ditugu. Egoera apur bat kritikoa dela
esango nuke -ez hitzaren gutxiespen zentzuan-, proiekzioa diseinatu
egin behar baita, eta hori egingo duten pertsona egokiak aukeratu.
Printzipioz, eta edukiaren aldetik, oso museo zaila iruditzen
zait. Oteizaren eskultura oso intelektuala da, arte abangoardista
da azken batean, eta arte mota hau esplikatu egin behar izaten
da. Lan handia izango dugu dibulgatzeko orduan. Eta Oteizak berak
dio haurrei, hezkuntza eremura ere zabaldu behar dela... Nazioarteko
irudia ere zaindu behar da. Honek guztiak abantaila bat dauka
nire ustez: Gustavo de Maeztu-ren kasu eredugarrian bezala, monografikoa
dela, eta beraz, biltzeko eta malgutzeko errazagoa, eta materialki
txikia izanik, dinamizatzeko errazagoa da. Gainera, ez du gureak
daukan zama administratiboa izango.
-Nola doa Julio Caro Baroja
Museoaren proiektua?
Abian jarri zenetik oso inbertsio handiak egin dira espazioa
moldatzeko, materialak eskuratzeko eta inbentarioa egiteko. Sei
edo zazpi urte igaro diren honetan, 9.000 pieza daude Museo Etnologikoan,
eta beste hainbeste fitxa informatiko. Hemendik urte batzuetara
agian eskuraezinak izango ziratekeen bilduma batzuk lortu ahal
izan ditugu. Artisautzako ia tailer guztiak bildu ditugu, eta
oso bilduma baliotsuak ditugu, hala nola burdinola artistikoen
bilduma eder bat, buztingintzako beste bat, laborantzarako tresnak...
Elementu hauetan oinarrituz Nafarroako ondare etnografikoari
buruzko zenbait ikerketa egin dira, eta museoa zabaldu ez den
arren lanean dihardugunez, bilduma osatzen darraigu.
Aurtengo aurrekontuarekin, eraikina
birmoldatzeko proiektua prestatu behar dugu orain, eta 2001.
urtean obrei hasiera eman, 2003an jendeari ireki ahal izateko.
Lan handia egin da, antolakuntzaren aldetik batik bat. Eta azkenean
erantzun egin zaio jendearen eskariari, Nafarroan ia mendearen
hasieraz geroztik egin baitira museo etnografiko bat sortzeko
saioak.
Beharrezkoa da halako espazio bat, bertan jasotzen baitira nafarren
bizimodu, izaera eta pentsamoldeak. Ikusmin handia sortuko duelakoan
gaude. Herrietako festen aitzakiarekin antolatutako erakusketa
etnografikoen arrakasta ikusi besterik ez dago, edota Mariscal
Don Pedro de Navarra Fundazioaren Museoak Artetan antolatutako
gaikakoetara zenbat jende hurbiltzen den.
-Nolakoa da Nafarroako
museoen sarearen eta Euskal Autonomia Erkidegokoaren arteko harremana?
Duela zenbait urtetik hona aldiro-aldiro Pirinioetako Museoen
Sarean biltzen gara Euskal Autonomia Erkidegoko teknikariekin.
Bestelakoan, harremanak puntualak dira, zentruka. Bilboko Arte
Ederren Museoarekin, adibidez, oso harreman ona daukagu, bai
maila pertsonalean, bai profesionalean, bai teknikoan, bai funtzionalean.
Duela gutxi, San Telmokoarekin batera hilarri diskoideoen inguruko
erakusketen sare bat abian jartzen saiatu gara, eta laguntza
europar batzuk jaso ahal izateko eskari bateratu bat aurkeztu
dugu, ez dugu baina azkenean eskuratu. Pena da, ibilbide bat
finkatu nahi genuen-eta, baina ez Euskal Herrian eta Nafarroan
bakarrik, baizik eta baita Portugalen eta beste leku batzuetan
ere. Orokorrean harreman ona daukagu, baina, beste arlo batzuekin
alderatuz, ezin da beste mundukoa denik ere esan. Argazkiak: Luis
Azanza
Euskonews
& Media 67.zbk (2000/ 2 / 18-25) |