Aspalditik zuen Anton Mendizabalek euskal
artea eta kultura garatzeko gune bat sortzeko ideia, baina 1.997ko
urrian eman zioten ekimen honi behar zuen bultzada. Imanol Irigoien,
margolari eta poeta, eta Anton eta Mikel Mendizabal anaiak, lehenengoa
eskultorea, eta bigarrena bideo ekoizlea, elkartu eta Oiartzungo
Ergoien auzoko Poligono Industrialean Pagoarte Kultur Elkartea
zabaldu zuten. Hiru urte hauetan beste bi bazkide batu dira,
Xabier Mendarte margolaria eta Maite Arratibel, berriztatzaile
artistikoa.
Anton
Mendizabalek azaldu digunez "Pagoartek bi alde ditu:
batetik Pagoarte osatzen dugun kide bakoitzaren lan pertsonala,
bakoitzak bere bizibidea izanik, eta bestetik, Pagoarte Kultur
Elkartea, bazkideen artean sortu dugun bilkura. Azken honetan
erakusketak eta ekitaldien antolaketa eta programazioa bazkideek
egiten dugu eta Kutxak, Eusko Jaurlaritzak, Diputazioak eta Oiartzungo
udaletxeak finantzatzen dute".
Eskultorearen hitzetan, "Pagoarte Kultur Elkartearen
helburu nagusia euskal kultura indartzea eta bultzatzea
da, giro artistikoa duen gunea garatzea". Sorkuntza
eta esperimentazio munduan oinarritua dago Pagoarteren aktibitate
nagusia eta kreazio hau serioski hartzen duten gazteei behar
duten bultzada eta laguntza ematea da beste puntu garrantzitsu
bat. Honetarako artista gazteen lanak ezaguna den beste baten
artearekin batera aurkezten dituzte, bigarrenak jendetza erakartzen
bait du gazteen ezagutza erraztuz.
Sormen lanaz aparte, arte eta kultura hau ezagutzeko erakusketak
ere antolatzen ditu Oiartzunen kokatua dagoen kultur elkarte
honek. Baina erakustaldi hauek ere bereziak dira. Pagoarteko
bazkide den Antonek dioenez, "guri ez zaigu erakusketa
arrunt bat interesatzen. Esperimentazio lana izan behar du edo
bitxitasuna behar dute izan bertako erakusketek, sorkuntza indartzeko
asmoz".
 |
FRONTALDI
"Ezkerrez txokora". 1994
50 x 35 x 34 zm.
Aritza |
Euskal Kulturaren arlo ezberdinen
nahasketa
Esperimentazioaren atal honetan, euskal kultura osatzen duten
baina bananduak egon diren alor ezberdinak elkartzen dituzten
esperientziak jarri ditu martxan Pagoarte Kultur Elkarteak. Hala
nola, "bertsolaritza eta poesia batu genituen. Andoni
Egaña bertsolari ezaguna eta Harkaitz Goikoetxea bertsolari
gaztea elkartu genituen Harkaitz Cano idazlearekin eta musikari
batekin".
Jose Luis Zumetaren erakusketa ere berezia izan
zen. Koadro bakarra erakutsi zuen margolariak baina koadro hura
Gernika izan zen, zazpi metroko zabalera eta hiru metro
eta erdiko altuera duen artelana. Beste esperimentazio bat bertso-pelota
saioa izan zen, kirola eta bertsolaritza nahastuz.
Orain Euskal Herriko Informatzaile Grafikoen Elkartearen lanak
daude Pagoarteko erakusketa aretoan ikusgai. Euskal Herriko ipar
eta hegoaldeko argazkilariak elkartu dira eta erakunde sortu
berriaren lehen erakusketa antolatu du kultur elkarteak.
Pagoarte sortu zen momentutik,
argi zuten promotoreek bere lanaren zabalkunde eta dibulgazioak
zuen garrantzia. Antonen hitzetan, "orain bidea jorratua
dago eta gizarteak Pagoarte ezagutzen du, baina hasieran ez zen
hala izan. Horregatik hasieratik hedabideekin akordio batzu lortu
genituen eta bertan egiten diren ekitaldiek jarraipen egokia
izan dute".
Etorkizuneko erronken protagonistak:
gazteak
Orain arte bertako kideek izan dute elkartearen ardura eta lana;
Pagoarte Kultur Erakundearen antolakuntzan jende gazteak ekimena
hartzea da etorkizuneko erronka nagusia. Oiartzunen bizi den eskultorearen ustetan "gaur
egun Pagoarte normalizazio fase batetan dagoela esan daiteke,
eta orain antolakuntza berria behar du, gestio berri bat. Gazteen
parte hartzea eta ekimena beharrezkoa da. Euskal kulturaren sormen
eta ezagutzan gazteen lana ezinbestekoa da".
Euskal artea gaur
Artea gaur egun ikuspuntu komertzial batetik ezagutzen dugu gehienok,
museo eta galeria handietako obrak ikuskizun modura jasotzen
ditu gizarteak Anton Mendizabalen ustetan. Baina honetaz aparte,
artea beste modu batetara ulertu eta egiten dutenak ere badaude.
Gabezi handia somatzen du euskal gizartean eskultoreak, artearen
planteamendu herrikoia falta dela uste baitu.
"Alde batetik, gazte
euskaldunek artea uler dezaten eskoletan ez da hezkuntza egoki
bat ematen. Beraz, arte didaktika berri bat garatu behar da eta
haurrei artea ulertzen eta bertan parte hartzen erakutsi behar
zaie. Bestalde, herri instituzio mailan dezente gehiago egin
behar da eta modu inteligenteago batean egin behar da, koordinaketa
hobetzea beharrezkoa da".
Herritarrei zuzenduriko erakusketek eranskinak
behar dituztela uste du Mendizabalek, jendeari bertan erakusten
dena ulertzen lagundu behar baitzaio, artea hurbildu eta ikuslearen
partehartzea dinamizatu. Honen adibide Anton Mendizabalek Ordiziako
Barrena Kulturetxean antolatu zuen erakusketa; artistak erakusketara
hurbiltzen zirenei bere lanaren emaitzak zuen esanahia eta zergatia
azaltzen zien, nahiz haur nahiz nagusiei. Honez gain, bertan
materiale ugari jarri zituen ikusleen esku Anttonen lanek sortarazten
zietena islatu nahi izanez gero, beraien obrak sortzeko aukera
emanez. Arrakasta izugarria izan zen eta Anttonen artelanak espontaneoki
sortutako obren artean izkutaturik geratu ziren.
Ikusleek artea ulertu eta beren obrak sortu zituzten.
Ainara Iraeta Usabiaga, kazetaria
Argazkiak: Ainara Iraeta
Oharra: Artelanen argazkiak Anton Mendizabalek Ordiziako Barrena
Kultur Etxean egindako erakusketaren aurkezpen liburutik atereak
dira. |