Adolfo Ribeiro Lima doktorea, nazioarteko
ICCAT (Atun Atlantiarra Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordea)
organismoko idazkari orokor exekutiboa da, eta 28 estatu ordezkatzen
ditu. Aipatzekoa da, besteak beste, AZORESko Nekazaritza eta
Arrantza sailburua izana dela.
-Adolfo Ribeiro Lima jauna, ICCATeko (Atun Atlantiarra Kontserbatzeko
Nazioarteko Batzordea) idazkari orokor exekutiboa zaitugu. Zenbat
eta zeintzuk dira ordezkatzen dituzun estatuak?
Atun Atlantiarra Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordean 28 Alderdi
Kontratatzaile daude: Angola, Brasil, Cabo Verde, Kanada, Europar
Batasuna, Txinako Errepublika Popularra, Korea, Bolikosta, Kroazia,
Ameriketako Estatu Batuak, Frantzia, Gabon, Ghana, Ginea Conakri,
Ginea Ekuatoriala, Japonia, Libia, Maroko, Namibia, Panama, Erresuma
Batua, Errusia, Säo Tome eta Printze, Hegoafrika, Tunisia,
Trinidad eta Tobago, Uruguay eta Venezuela. Frantziak eta Erresuma
Batuak Erromako Tratatuaren pean ez dauden itsasoz bestaldeko
beren lurraldeen izenean hartzen dute parte.
-Zein espezie dira Nazioarteko
Organismo honek babestu nahi dituenak?
Lanpo sabelmarraduna, atun hegatz horia, moja, hegalaburra, hegaluzea,
ezpatarraina eta antzeko espeziak dira ICCATek babestu nahi dituen
espezie nagusiak.
-ICCAT organismoa Atlantikoko
tunidoen populazioak ebaluatzeaz arduratzen da, modu sostengarri
batean ahalik eta ustiapen maila handiena mantendu ahal izateko.
Brasilen urteroko osoko bilkura egin berri duzue; zeintzuk izan
dira eman dituzuen aholku garrantzitsuenak?
1999ko azaroan Brasilen egindako bileran 13 Gomendio eta Ebazpen
erabaki genituen. Honakoak azpimarratuko nituzke:
GOMENDIOAK:
1- Arrainen konzentrazioen gailuei
guneetarako/denboraldietarako debekaldiak ezartzeari buruzkoa
(DCPak).
2- Iparraldeko Hegaluzea
ordenatzeko balizko neurriei buruzkoa.
3- Ipar Atlantikoko Ezpatarraina
berreskuratzeko programa bat ezartzeari buruzkoa.
EBAZPENAK:
1- Ipar eta Hego Atlantikoko
Ezpatarrainerako denboraldietarako/guneetarako balizko debekaldiak
ezartzeari buruzkoa, eta Ezpatarrain txikiaren harrapaketa eta
arrantzuagatiko hilkortasuna murriztearren arteetan aldaketak
egiteari buruzkoa.
2- ICCATen ordenazio eta kontserbazio neurrien eraginkortasuna
lermatzen duten ekintzak eragoztearren, ikuskera berrien beharrari
buruzkoa.
3- Hitzarmenaren Eremuan nahiz beste eremu batzuetan arautu eta
komunikatu gabeko arrantzu ilegalen aurkako ekintza gehiago egin
daitezela eskatzeari buruzkoa.
Zenbaterainoko sakontasuna daukan
ikusteko, hara zein debeku finkatzen dituen, eremu zehatz baterako,
Arrainen konzentrazioen gailuei guneetarako/denboraldietarako
debekaldiak ezartzeari buruzko Gomendioak (DCPak), urte bateko
azaroaren 1etik hurrengo urteko urtarrilaren 31ra bitartean:
- Debekatuta dago gauza flotatzaileak
botatzea.
- Debekatuta dago objektu artifizialen
azpian arrantza egitea.
- Debekatuta dago objektu naturalen
azpian arrantza egitea.
- Debekatuta dago arrantza itsasuntzi
laguntzaileekin egitea.
- Debekatuta dago itsasora gauza
flotatzaile artifizialak botatzea, buiak eduki edo ez.
- Debekatuta dago gauza flotatzaileetan
buiak ezartzea, eta gauzei itsatsitako arrainak untzira itsasteko
zain egotea.
- Debekatuta dago gauza flotatzaileak
eremutik at eramatea.
-Ebidentzia zientifikoak
oinarritzat hartuz, kudeaketarako neurri batzuk aholkatu ditu
Batzordeak. Zein neurritan betetzen dituzte kide estatuek aholku
horiek? Zerk du pisu handiagoa: lan zientifikoak ala baliabideak
ustiatzen dituzten enpresek estatuei egiten dieten presioak?
Urratu egiten al da objektibitate zientifikoa? Batzordeak Alderdi
Kontratatzaileetako zientzialariek aurkeztutako ebidentzietan
oinarritu ditu bere aholkuak; hauek dira hain zuzen ere lanaren
zamarik astun eta arduratsuena daukatenak. Azken erabakiak Alderdien
arteko hitzarmenetan jasotzen dira, eta horregatik dira bete
beharrekoak. Aplikatzeko orduan zenbait arazo sortzen badira
ere, argi eta garbi ziurta dezaket Batzordearen baitan adostasunez
hartzen diren azken erabakiak hartzeko garrantzi gehiena daukana
lan zientifikoa dela. Eta ez dugu ahaztu behar Batzordearen helburu
nagusia arrantzu arduratsua mantentzea dela, modu sostengarri
batean ahalik eta ustiapen mailarik handiena edukitzeko.
-Zuk ordezkatzen dituzun
herrialdeek interes desberdinak dituzte, eta batzuetan baita
aurkajarriak ere; dela xede den arrantzuagatik, dela arrantza
egiteko moduengatik, etab. Nola lortzen du Batzordeak interes
ekonomiko indartsuak dauzkaten herrialde eta enpresen multzo
batean ekitate zientifikoaren oreka mantentzea?
Batzordean batzorde zientifiko
bat daukagu, Ikerketa eta Estatistiken Batzorde Iraunkorra delakoa(SCRS,
ingelesezko inizialetan); arrantzuei dagozkien datuak bildu eta
aztertzeaz arduratzen da, eta stock-en egoerari buruzko ebaluazioak
ere berak egiten ditu. Gisa honetako lan zientifikoetan, mundu
osoan berdina den sorta zabal bateko datuak erabilitzen dira;
hasi lehorreratzeetako pisuetatik, eta informazio biologikoa
jasotzeko laginketetaraino -hala nola tailen frekuentziak, oparotasun
indizeak, heldutasun sexual egoerak eta baita ingurugiroko datuak
ere- . Horrela ematen ditu SCRSk biologikoki kontserbazioarekin
lotuta dauden kudeaketari buruzko gomendioak, betiere bilakaera
zientifikoetan oinarrituz, eta Alderdi Kontratatzaile guztietako
adituek jo dezakete horietara. Alderdi guztiak derrigortuta daude
kudeaketa neurriak betetzera, bakoitzak bere eskura dauzkan jarraipen
neurriak erabiliz. Batzordeak, gainera, bi organo dauzka arauak
betetzen ote diren ikusteko (Kontserbazio eta Kudeaketa Neurriak
Betetzeko Batzordea, eta Estatistikak eta Kontserbaziorako Arauak
Hobetzeko Lantalde Iraunkorra) eta indarrean dauden arauak hobeto
bete daitezen gomendioak ere ematen dituzte.
Egitura konplexu honi esker,
arazoak sakon eta gardenki aztertzen dira, eta arrantzu bakoitzeko
alderdi desberdinak goitik behera aztertu ondoren baino ez dira
hartzen erabakiak.
-Arrantzuntzi hauetarako
aurrerakuntza teknologikoei dagokienez, zeintzuk dira herrialderik
aurreratuenak?
Aurrerapena herrialde batzuren aldetik etorri da, eta horiei
esker gaur egun denen eskura dago atun mota desberdinetako arrantzaren
teknologia, baina enpresak dira horiek aprobetxatzea erabakitzen
dutenak. Nolanahi ere, ikusgarriak dira azken urteotan arrantzuntzietan
eta arrantzurako arteetan izan diren aurrerapen teknologikoak,
eta, ondorioz, eraginkortasuna gero eta handiagoa da.
-Zein da tunidoen espeziea
ustiatzen duten itsasuntzien egoera?
Azkenaldian nahiko modu egonkorrean mantendu da atunen zerrenda
mundu mailan. Flotak eskualdatu dira herrialdeen eta ozeanoen
artean.
-Nola ikusten duzu sektore
honen etorkizuna espezie hauek ustiatzen dituzten itsasuntzi
kopuruaren eta baliabideen aldetik?
Txosten zientifikoek aditzera ematen dutenez, kontuz ibili beharra
dago zenbait baliabide ustiatzerakoan, hala nola Hegalaburrarekin,
Ezpatarrainarekin, Atun mojarekin eta Hegaluzearekin -hauek dira
hain zuzen ere kezka gehien sortarazten duten espezieak- . Oreka
gorde behar da baliabide hauen arrantzuaren eta egoeraren artean.
Gaur egungo arazoetako bat flotek gehiegi harrapatzen dutela
da, inolako zalantzarik gabe. Konplexua da arazoa, eta konponbide
praktikoak aurkitzen saiatu beharra dago. Orain artean, orokorrean,
lortu dugu oreka hori ICCATeko Hitzarmen Eremuan, baliabideak
modu egonkorrean mantentzeko asmoarekin.
Etorkizunari dagokionez, apur
bat kezkati agertzen naiz, baina zehaztu ditugun bide eta estrategiekin
jarraituz gero, ziur nago posible izango dela egonkortasuna mantentzea.
-Zer gomendatuko zenioke
sektoreari, arrantzuntziek modu sostengarri batean ahal eta gehien
ustiatzeko?
Harrapaketak kontrolatzen dituzten organismo erregionalen gomendioak.
Argazkiak: AZTI
Euskonews
& Media 64.zbk (2000/1-28/ 2-4) |