Plastiko-zaborra erabilgarria al da?
* Traducción al español del original en euskera
Jon Aurrekoetxea, Mª Asun Sarrionandia

Gaur egungo gizarteak dituen kezken artean ingurugiroaren kontserbazioak garrantzi berezia du. Kontsumitzaileak produktu bat erosteko jarraitzen dituen erizpideen artean salneurria, erabilgarritasuna eta marka aurkitzen dira, azken urteetan produktua "ekologikoa" izateak ere pisu handia hartu duelarik. Horrela, produktu bat zabor bihurtzen denean ingurugiroarekiko duen eragina funtsezkoa da honen irudi "ekologikorako". Dena den, zaborren eragina bakarrik aztertzeak ikuspegi mugatua ematen du. Emaitza adierazgarria izan dadin lehengai iturriak (harrobi, baso, petrolio iturri, etab.), produktua fabrikatzeko erabilitako baliabideak (energia, materia kopurua, etab.), produktuaren erabilpen efikazia (bizi iraupena, pisua, etab.), eta azkenik, produktuaren erabilpen-bizia bukatu denean ematen zaion tratamendua (berrerabilpena, birziklapena, etab.) ikertu behar dira.

Plastikoek ingurugiroarekiko duten eragin kaltegarria beste material tradizionalena baino txikiagoa da; plastikoen fabrikaziorako beste materialen fabrikaziorako baino baliabide gutxiago erabiltzen dira, arintasuna eta ingurugiroarekiko erresistentzia abantaila handiak dira produktu batzuen efikaziarako (garraiabide, enbalaketa, etab.), eta plastikoak birzikla daitezke. Plastikoak aplikazio askotan topa daitezke, honen lekuko Espainiako hiritar bakoitzak 1998 urtean batez-beste kontsumitu zituen 92,4 kg.

Produktu bat zabor bihurtzen denean bi aukera nagusi daude; a) zabortegira bota, edo b) berreskuratzea. Plastikoak ez dira zabor biologikoa bezala ingurugiroaren eraginez degradatzen (plastiko biodegradagarrien salbuespena alde batera utziz), lehenengo aukera ekologikoki ez da oso egokia, ez eta produktuaren irudirako ere. Berreskuratzea, aldiz, bai. Berreskuratzea kontzeptu zabala da, eta honen azpian beste bi kontzeptu batzen dira; a) berrerabilpena, b) birziklapena. Inolako dudarik gabe, ekologikoki zein ekonomikoki, interesgarriena berrerabilpena da, baliabide minimoak eta produkturen balio-galtze txikiena suposatzen baitu. Baina kasu guztietan, lege araudi, osasun kontu edo produktuaren degradazioa dela eta, berrerabilpena ez da posible. Beraz, kasu hauetan gelditzen den aukera birziklapena da. Hala ere, azken helburua ez da sekula birziklapena bera izango, honen bidez lortzen diren beste helburu batzuk baizik. Helburua zabor kopurua eta lehengai kontsumoa txikitzea baldin bada, birziklapena beti izango da errentagarria. Azken helburua energi kontsumoa murriztea baldin bada, aldiz, birziklatzeko behar den energia lehengaia sortzeko behar dena baino txikiagoa izan beharko da.

Birziklapena lau mailatan sailka daiteke:
 I Produktu baten fabrikazio prozesuan sortzen diren plastiko hondakinak birrindu, erabili-gabeko plastikoarekin nahastu eta lehengai bezala erabiltzeari lehen mailako birziklapena deritzo (birziklapen mekanikoa). Prozesu merke eta errentagarria da, zaborra homogenoa eta gutxi kutsatua baitago. 
II Bigarren mailako birziklapenean, aldiz, plastiko-zaborra erabilitako pieza batetik dator. Kasu hauetan materiala kutsatuagoa eta heterogenoagoa da. Plastiko-zabor heterogeno honen birziklapena konplexuagoa eta garestiagoa suertatzen da, gehienetan diru-laguntza publikoei esker soilik egin daitekeelarik. Zabor heterogeneoko plastiko desberdinak banatu, birrindu, garbitu eta lehengai bihurtu behar dira (birziklapen mekanikoa). Azken urteetan banatze teknologian aurrera pauso handiak eman dira, baina hala ere zenbait kasutan ez da nahikoa. Azkenik, plastikoaren degradazioa dela eta, gehigarri berezi eta garestiak erabili behar dira birziklatutako materialaren kalitatea onargarria izan dadin. 
III Hirugarren mailako birziklapena, edo birziklapen kimikoa (pirolisia, glikolisia, alkoholisia eta hidrolisia). Kasu honetan kate molekularrak erdi-bideko edo hasierako monomeroetara txikitzen dira, eta polimerizaziorako lehengai gisa erabil daitezke. Association of Plastics Manufacturer of Europe-ek (APME) eginiko ikerketa baten arabera 1995. urtean 99.000 tona plastiko-zabor teknologi hau erabiliz birziklatu zen, eta zifra hau hazten joango da datorren urteetan mekanikoki birziklatzea posible ez denean kimikoki birziklatzea aukera aproposa baita. Dena den, gaur egun birziklapen kimikoa garestiegia da. 
IV Laugarren mailako birziklapena, edo energia berreskuratzea. Plastiko-zaborra erregai gisa erabiltzen da. Plastikoak petroliotik lortutako materialak direnez, ia azken honek duen balio energetikoa dute. PP-ak, adibidez, 46 MJ/kg ditu, egurrak berriz 16 MJ/kg. Zabor organikoak duen energi kantitatea plastikoek dutenaren %10 besterik ez da. 0,3 litrotako plastikozko yogur-pote batetik ateratako energiarekin 40W-tako bonbila bat ordu betez argitzeko aukera beste adibide adierazgarri bat da. Azkenik, AMPE-k Suitzako zementu labeetan eginiko ikerlan batek dioenez, erregai bezala erabilitako plastiko-zabor tona bakoitzeko 1,4 tona ikatz aurrezten dira. Honek Europa mailan urteko 3,8 miloi tona ikatz gutxiago suposatuko luke, emisioak era berean gutxituz. Beraz, plastikoen energia berreskuratzeak zabortegietara iristen den material kopurua gutxitu eta erregai klasikoen kontserbazioa ahalmentzen du. 


Europan 1995. urtean 16 miloi tona zabor erabilgarrietatik %7,6-a mekanikoki eta %0,6-a kimikoki birziklatu ziren, %17-a energia bihurtzeko erabili zen, beste guztia zabortegietara bota zelarik.

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Polteknikoko Mekanika Sailean disoluzio/prezipitazio birziklatze metodoaren baliogarritasuna aztertzen ari gara. Teknika honek badu zenbait abantaila:

1-  Birziklatzerakoan polimeroak ez du tenperatura altua, ez eta esfortzu mekaniko handirik ere jasaten. Ondorioz, degradazioa gutxitu egiten da eta birziklatutako polimeroaren balioa neurri txikiago baten galtzen da.
2- Natura berdineko plastiko erabili-gabea eta birziklatua estrusioz nahasteko dagoen zailtasuna disoluzioz gainditu daitekeela suposatzen da. Disoluzioz lorturiko nahasteen propietate mekanikoak hobeagoak direla frogatu nahi da.
3- Plastikoen disolbagarritasuna desberdinetaz baliatuz, banaketa hautakorra egin daiteke. Hau oso interesgarria izan daiteke kapa-anitzeko enbalaketen birziklapenerako. Disoluzioak aldi berean plastikoa garbitu dezake, prozesua erraztuz eta kostuak gutxituz.
4- Konpositeen kasuan karga-indargarriak matrizetik banandu daitezke, bata zein bestea berriz ere erabiltzeko aukera dagoelarik.
5- Ikus daitekeenez, plastiko zaborrak balio handia du, produktu berriak fabrikatzeko lehengai gisa zein energi erregai gisa erabili daiteke. Plastikoek duten kutsatzaile irudia alde batera utzi, eta plastiko-zaborren gestio egokia eginez gero ingurugiroarekiko eragina neurri handi baten murriztu daiteke.

Bibliografia

- Brandrup, Bittner, Menges, Michaeli, (1996) Recycling and recovery of plastics, Carl Hanser Verlag, Munich

- Lund, H. F., (1996) Manual McGraw-Hill de Reciclaje, McGraw-Hill, Madrid


Jon Aurrekoetxea, Mª Asun Sarrionandia, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Mekanika Saila


Euskonews & Media 63.zbk (2000/1/21-28)


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved