Merkataritza elektronikoaren bidetik
*  Traducción al español del original en euskera
Josemari Velez de Mendizabal

Errealitate bizia da, sare telematikoan e-commerce bezala ezagutzen den fenomenoa. Egia bada ere oraindik bere egituraketan hasberria dela, ezin uka aurrerapena esponentziala duela, eta laster egundoko neurria hartzera helduko dela. Bere garapenean noraino ailegatuko den ezezagun zaigun Interneteko erakusleiho zabalean, gizakiaren irudimenak inoiz gauzatu duen azokarik erraldoiena burutzen ari da. Egunez egun irekiagoak ditugu merkatu birtualeko ateak, edozeinek esku har dezakeelarik bertako salerosketan.

Milaka urte igaro dira, mundu honetako biztanleek merkatalgintzako lehen mugimenduak eman zituztenetik. Auskalo noiz izan zen hori eta auskalo zer nolako eragina izan zuen aitzindari haien bizitzan. Eta ohiko merkatal sistemaren egitura oraindik guztiz eraiki gabe dagoenean, horra hor, beste modu berri baten lehen erreferentzia materialak. Eta, aurrekoarekin ez bezala, ziberespazioaren aukera aprobetxatuz sortutako merkataritza berri honen hastapenak non koka daitezkeen gauza jakina da. Beraz, fenomeno berriaren jaioteguna zehazkizun osoz eman genezake, noiz arte iraungo duen eta gizartean nolako aldaketak sortaraziko dituen galdegai handia bazaigu ere.

Merkataritza elektronikoaren uhin erraldoiak bere aurreneko eraginarekin harrapatu gaituelarik, mundu osoan egundoko iraultza baterako prestatzen ari gara, merkataritzako usadioak zeharo alda litzakeena, epe labur batean. Lehen nioen, edozeinek har dezakeela parte merkatu birtualean, baina baieztapen borobil horrek bere ertzak baditu, orain arte grosso modo-z bakarrik identifikatu badira ere. Esparru guztietan bezalaxe, praktikak ekarri ohi du zailtasunen sailkapen zehatza eta merkataritza modu berri honetan ere eguneroko jardunak erakutsiko dizkigu arazoak. Baina, hala ere, badira dagoeneko arras mugatuta daudenak eta mundu osoko adituak irtenbideen bila ari dira, salerosketaren mugak ahalik eta garbien jartzearren.

Jauzi ikaragarria ematen ari da merkatal planteamenduei dagokienez, eta enpresarik tradizionalenek ere euren eskemak aldatzeko lehen neurriak hartu dituzte, lasterketa honetan atzean gera ez daitezen. Zer bilatzen ari da? Une hauetan, esango nuke, aktorerik gehienek inbertsioaren alde jo dute -epe luzerako berreskurapena dela dakiten arren- gainera datorkigunaren aurrean gertu egon ahal izateko. Denok dakigu merkatua ez dela egun batetik bestera hankaz gora jarriko, salerosketen bideei dagokienez, eta beraz ohiko sistemak oraindik indarrean iraungo du zenbait urtetan. Baina business to business arloari dagokionez behintzat, hau da enpresen arteko mugimenduetara mugatuta, operazioek salto kuantitatibo irudiezina izango dute laster batean, Internet-i esker.

Esan daiteke, Internet izango dela XXI mendearen lehen laurdeneko merkaturik biziena. Ez naiz harantzagoko iragarpenik egitera ausartzen, telekomunikabideetako munduak orain daraman abiadurak berean jarraituz gero, inork ezin baitezake esan nolakoa izango den 2025eko merkatua. Fikziozko gaia bilakatu zaigu horren gaineko balizko galdera. Gauden, beraz, une hauetan eta presta gaitezen etorri zaigun iraultza horretarako, gure merkatal-ohiturak bestelakotuko dizkiguna.

Altzairua saldu nahi diozula Txinako bezero bati? Azkar ibili nahi baduzu eta ahalik eta kosturik txikienekin…presta ezazu azpiegitura elektronikoa! Berdin, noski, hozkailu, arrain, ortuari, paper, aisialdiko produktu, sendagailu, liburu, arte lan,…, hau da, merkatal eskaintzarako gai den edozer gauza. Baina kontuz! Estrategia berriak eskema zaharrak alboratu beharko ditu, enpresen baliabideak errentagarriak izan daitezen. Inork ez du pentsatu behar, sistema aldaketak, berez, arrakastaren atea irekiko duenik, beste ezer gabe. Ezta urrik ere! Inork ez du aspalditik Eldorado amestua eskaintzen, eta ergelek bakarrik itxaroten dute ogerlekoak inoiz hiru pezetatan eskuratzea. Beste batzuek, berriz, denbora hobeak datozela esan dute. Ez dut uste. Desberdinak izango dira, hori bai, baina ez dute derrigorrez hobeak izan behar. Datorrenerako prestatzen denak abantaila izango du, erabakirik hartu gabe geratzen denaren aurrean. Eta, ohiko legearen arabera, hurrengo urteetan ere ahaltsuak arrakastarako probabilitate gehiago izango ditu, makalagoak baino.

Salerosketarako kultura aldatu beharko dugu. Eta hori ez da egun batetik bestera lortzen. Merkatari onek, orain arte bezala, hezkuntzaren beharra izan duten bezalaxe, aurrerantzean ere gauza bera gertatuko da. Ohiko merkatarien birregokitzapena ezinbestekoa da, merkataritza elektronikoaren baliabideetan barrena egiteko. Batek daki zenbat ordu beharko dituen interesatu batek, sistema berriaren gutxieneko parametroetara ohitzeko! Terminologiaren esparrutik hasita nazioarteko legeen kasuistikaraino bada tarte luze bat, merkatari elektroniko izan nahi duenak gainditu beharko duena, hezkuntzaren bitartez.

Zer esan, adibidez, sinadura elektronikoaren arazoaz? Edota, datuen konfidentzialitateari buruz? Zertxobait jakin beharko da, esaterako, giltzarrien kudeaketa eta ziurtagirien gain. Hori guztia, legeriaren arazoetan sartu gabe. Jabego intelektuala, klabe publiko eta zerbitzuetako azpiegituretan sortu beharreko seguritatearen politika, salerosketako aldeen eskubide eta beharkizunak, nazioarteko lege-markoa, hitzarmenak, eta abar luze bat.

Eta, noski, horren gainetik, saltzaile eta eroslearen arteko harremanak "zuzenduko" dituen etikaren gorabeherak daude. Internet, oraingoz bederen, seguritate larregirik eskaintzen ez duen lanabes ezezaguna dugu. Eta, zoritxarrez, sareari buruz askoz gehiago entzun dugu, noizean behin ematen diren okerkeriengatik, sareak eskain dezakeen zerbitzu zuzenarengatik baino. Izan ere, oker ala zuzena den, gizakiaren jokaerari dagokio, ez baitugu ahaztu behar, merkatal mundua –bere osotasunean eta edozein arlotan- pertsonok eragiten dugula eta gure jokabideen arabera egituratzen da emaitzaren laukia. Beraz, azken finean, geure esku dago merkataritza elektronikoaren fidagarritasuna.

Euskal enpresek erronka handia dute merkataritza elektronikoari berme osoz heltzeko. Orain arte, nahikoa txikia izan da eragina, enpresa handiek ohiko merkatal-bideei ematen baitiete lehentasuna, esperimentu berrietarako preparatzen ari badira ere. Enpresa txikiek, berriz, gehiago nabarituko dute aldaketaren emaitza, epe laburrean. Katalogo on batek maila irudiezinetara eraman dezake enpresa, baldin eta merkataritzaren formula berrirako egoki prestatu bada. Eta badira sektore batzuk, honez gero eta urte amaierako salmentei dagokienez dezente aurreratu dutenak, euren eskaintza birtualari esker. Ildoa irekita dago. Baina hortik abiatzea zaila ez bada ere, bertatik osasuntsu irautea nekezagoa gerta dakieke euskal enpresei.
Josemari Velez de Mendizabal, idazlea

Euskonews & Media 63.zbk (2000/1/21-28)

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko aleak | Números anteriores | Numéros précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved