|
Jean Haritschelhar Baigorrin jaio zen, orain dela 76 urte,
baina duela 35 Angelun bizi da. Urte horietan guztietan une garrantzitsuak
bizi izan ditu euskaltzainburuak.
Azkena, joan den abenduan, urrezko ezteiak ospatu baitzituen
bere familiartekoez inguratuta.
Gezurra badirudi ere, Haritschelhar orain dela 14 urte jubilatu zen. Jubilatua
den arren, lehen bezala lanean dihardu eta ordu asko eskaintzen
dizkio Euskaltzaindiari.
-Zeintzuk izan dira, Haritschelhar-en bizitzan, urterik garrantzitsuenak?
1962ko urtea berezia izan zen. Urte horretan, Baionako euskal
erakustokiko buru izendatu, Bordeleko unibertsitatean sartu,
eta euskaltzain oso izendatu ninduten. 1986 arte Bordeleko unibertsitatean
egon naiz, eta erakustokian 1988 arte.
Bestalde, 1966an, euskaltzainburu orde izendatu ninduten, eta
1988ko abenduan honoris causa doktore EHUn. Hamabost egun beranduago,
berriz, euskaltzainburu.
-Noiz arte euskaltzainburu?
Ikusiko dugu. Pentsatzen dut orain, adin batetara heldu naizenez,
beharko dudala utzi.
Euskaltzaindia epe desberdinetan ezagutu dut. Batetik, frankismo
garaian, frankismo indartsu eta zorrotzean. 50 eta 60. hamarkadako
garaiak ere ezagutu ditut, Euskaltzaindia ahal zen bezala bizi
zelarik. Orain egoera bestelakoa da, eta ezin da konparatu orain
dela berrogeita hamar urtekoarekin. Giroa erabat aldatu da, eta
Euskal Herria euskalduntzen ari da.
-Iazko azaroan Madrilen
izan zineten euskaltzaindiako hainbat kide, eta zuk esana da
aurrekontuak direla eta, aurrekoak baino eskuzabalagoak suertatu
direla Aznarren gobernukoak. Hala da?
Egia esan gauzak aldatu egin dira, eta urtetik urtera diru gehiago
ematen digute. Duela hiru edo lau urte berrogei milioi jasotzen
genituen, gero laurogei izatera iritsi ziren, ondoren ehun, eta
aurten ehun eta hamabost milioitara iritsi gara. Kopurua nabarmen
gehitu da, baina guk egiten dugun lanerako milioi horiek beharrezkoak
dira.
Arrazoia da, gobernuak
akademien lerroan ezarri gaituela, eta horregatik, diru gehiago
jasotzen dugu. Baina era berean, uste dut hemengo politikoek,
bereziki EAJkoek, lan handia egiten dutela hau horrela izan dadin.
- Frantziako Gobernuaren
jarrera bestelakoa da?
Iparraldean militantismoa bada, borrokatzen gara, baina gure
agintariek badakite elkorrarena egiten. Ez dute entzun nahi.
Onartu dute euskarak onura publikoa izatea, eta hori ez da aise
lortu, baina ez da hegoaldean bezala. Hemen akademien mailan
gaude, baina Frantzian ez. Izan gara Akitaniako burua ikusten,
baina dirurik ez. Ez da berdina dirua galdegitea Espainiako gobernuari
edo Frantziakoari. Hala ere, hemengoek ez didate galdetu ea Frantziak
zer egiten duen. Gure eginahalak egiten ditugu, baina debaldetan.
Bakarrik ukaiten dugu ehun mila libera kontseilu orokorrarengandik.
-Gainontzean zein da iparraldean
euskarak bizi duen egoera? Esaten denez, iparraldean euskara
galtzear dago.
Niretzat egoera ez da hain tragikoa, nahiz eta batzuek erraiten
didaten optimistegia naizela. Egia da beherakadan sartuak garela,
eta azken ikerketak erakusten du euskaraz dakitenen kopuruak
behera egin duela. Hau da, 18 urtetik 25 urtera arteko %11k bakarrik
dakiela euskaraz eta mintzatzen dela euskaraz. Kopuru hori txikia
da, baina orotara %26 gara, eta hori ez da gutxi. Gertatzen dena
da EAEn kopurua igotzen ari dela, eta Iparraldean jaisten.
Ikerketan bestalde, ez da ikastolen eragina jasotzen. Hau da,
18 urtetik abiatzen da, eta ikastoletan, guztira, %17 dira euskara
hutsean edo zerbait euskaraz ikasten dutenak. Kopuru hori, gainera,
handitzen ari da. Pentsatzen dut beherakada bukatua dela, eta
kopurua pixka bat gehituko dela. Hori da nire analisia, baina
batzuek diote optimistegia naizela.
Euskara galduko dela Iparraldean? Ez dakit, beharbada bai. Baina
Euskal Herri guztian ez da euskara galduko, indarra hemen baitago,
hegoaldean. Hala ere, esandakoa, Iparraldean ere bada militantismoa
eta badira gurasoak euren haurrak ikastolan edo B ereduan sartzea
erabakitzen dutenak. Jakina, ez denek, baina bai %17k, eta emeki-emeki
kopuru hori emendatuko da.
-Bestalde, iparraldeari gagozkiolarik,
askotan aipatzen da ofizialtasunaren kontua ere. Ofiziala izateak
asko aldatuko luke euskararen egoera iparraldean?
Hemen aldatu badu, iparraldean ere bai. Hemen, Jaurlaritzak bere
eskuetan du bai hezkuntza eta baita kultura ere, eta hori ez
da guti. Frantses jakobinoek ez dute Frantzian berdina gertatzen
utziko.
Euskaltzaindiak ofizialtasuna galdegina dio Frantziako Gobernuari,
baina hori ez dugu aise lortuko. Hala ere, dudarik gabe, behin
eta berriz egingo dugu eskaria, hori baita gure eginbidea. Euskarak
bi giro ezagutzen ditu, bata hegoaldekoa, bere ofizialtasunarekin,
eta bestea iparraldekoa. Baina hizkuntza bakarra da, eta euskaldunek
ezin dute hori jasaten ahal. Nik uste dut urrats bat aski handia
izanen dela iparraldean ofizialtasuna ukaitea, baina honetan
ez naiz hain optimista.
-Orain dela hamalau urte
hasi zen Euskaltzaindia Euskal Atlasa egiten, eta oraindik ez
da ezer kaleratu. Zein da atzerapenaren arrazoia?
Ez da atzerapena. Lehenik inkestak egin dira, eta inkesta horiek
lan handia ekarri dute. Pentsa, 145 tokitan aurkitu dugu lekuko
bat, eta lekuko bakoitzari 2.800 galdera egin dizkiogu. Gero
horiek behar dira entzun eta ezarri alfabeto internazionalean.
Atlasa agertzen denean, ezingo da konparaketarik egin Bonapartek
egin zuen lanarekin. Lehenengo liburukian izango dira 300 mapa,
denak koloretan.
Diruari dagokionez, bide onean gaude behar den dirua lortzeko.
Argitaratuko dira bi gauza, batetik entzunezkoak, CD ROM gisa,
eta bestetik, atlasa. Lehenengo liburukia prest dago, badira
lau hilabete prest dagoela, baina dirurik ez. Pentsatzen dut
orain lortzeko bidean gaudela, dagoeneko erdia lortu baitugu
eta beste erdiaren zain gaude. Hori gauzatzen denean, argitaratzen
hasiko gara. Orotara hamar liburuki izango dira.
Atlasa zinez ikusgarria izango da. Jendea konturatuko da zer
diren gure euskalkiak, eta argi geratuko da nork egin duen gehiago
euskalkien alde, Euskaltzaindia ez baldin bada.
-Atlasak, beraz, aurrerapen ikaragarria
ekarriko digu.
Nik ez dut ukatzen Bonapartek lan handia egin zuela bere garaian,
baina atlasa, gure belaunaldiak egina ukanen duen lan handia
izanen da. Beraz, batetik atlasa izanen dugu, eta bestetik, Orotariko
Euskal Hiztegia, gramatika, onomastika....
Nik argi eta garbi erraiten dut: gure belaunaldiak egin duen
lana oroitzekoa izanen da. Euskaltzaindian 1960tik 2010garren
urtera arte egina izanen den lana, beste belaunaldiek kontuan
hartuko dute. Garai historiko batean bizi gara, eta garai horrek
erakusten du alde batetik, euskararen berpiztea, eta bestetik,
euskara ez dela sekula hain sakondua izan Euskaltzaindian eta
EHUn. Zinez, lehenbiziko euskaltzainen ametsa gauzatzen ari gara.
Hauek aipatzen zuten hiztegi bat, gramatika bat, atlasa... eta
horiek guztiak guk eginen ditugu. Beraz, sekulako aurrerapen
zientifiko bat ekarri dugu.
-Nola ikusten duzu euskararen
etorkizuna?
Ikusten dudana da, emeki-emeki euskaldunen kopurua emendatzen
ari dela eta Euskal Herria euskaldunagoa izanen dela. Hala ere,
beti izanen gara elebidunak. Nik pentsatzen dut, hegoaldean,
euskara eta gaztelera beharrezkoak direla eta hirugarren hizkuntza
frantsesa beharko lukeela izan. Iparraldean, berriz, euskara
eta frantsesa beharrezkoak, eta hirugarrena gaztelera. Beraz,
euskaldunak behar du izan hiru hizkuntzaren jabe. Hori da etorkizuna.
Argazkiak:
Maria Agirre
Euskonews
& Media 62.zbk (2000/1/14-21) |