Umoregintza grafikoaren euskarri nagusiak
egunkariak zein aldizkariak dira. Prentsako ilustrazio nahiz
txisteen erreinuan, mundu grafiko emankorra zabaltzen da.
Antton Olariagak Zeruko Argiako
atea jo zuenean, euskal grafismo modernoari hasiera emanez.

Adituek diotenez, Olariagarekin
euskal umorearen aro berriari hasiera eman zitzaion. Hori orain
dela 25 urte izan zen. Orduz geroztik hainbat eta hainbat egilek
jarraitu dute Olariagak umoregintza grafikoan urratutako bidea.
Grafismoa indar handiz sartu
da prentsan. Urte batzuetatik hona idatzizko komunikabideetan
gero eta garrantzi gehiago ematen zaio marrazkiari. Zergatik?
"Diskurtsoa erreza da, begietatik aise sartzen da. Hori
dela eta, agerian geratu da testuaren eta marrazkiaren arteko
lotura eraginkorra dela" dio Mauro Entrialgok, hainbat komunikabideetan
marrazkilari gisa ari den gasteiztarrak.
Grafismoaren
garrantziaz jabetuta, gero eta gehiago dira informatzeko modu
horri heltzen dioten idatzizko hedabideak. Era berean, gero eta
gehiago dira eguneroko berriak txiste bihurtzen dituzten marrazkilariak:
Oroz (Diario de Navarra), Iñaki Martiarena (Euskaldunon
Egunkaria), Mikel Valverde (Zazpika), Asisko Urmeneta eta Marko
Armspach (Argia), Jabier Etaio (Gara), Xabi Mercero (Diario Vasco)
eta abar luze bat.
Idatzizko komunikabideetan jaio
zen umore grafikoa. Edonola ere, bada oraindik grafisten lana
baloratzen ez dela uste duenik.
"Umore grafikoaren plataforma
nagusiak idatzizko komunikabideak dira. Beraz, gai honi buruz
hitz egiterakoan ezin dira ahaztu komunikabideetan lan egiten
duten egileak. Alde horretatik, uste dut, komunikabideetako marrazkilarien
lana oso gutxi baloratzen dela. Liburuetarako egiten diren ilustrazioak,
prentsako umore grafikoa baino askoz gehiago baloratzen dira".
Hona hemen Euskal Herrian argitaratzen
diren komiki garrantzitsuenak:
 
 

       
La
COMICtiva: 5 urte komikigintzan |
La
COMICtiva izeneko
aldizkaria Euskal Herriko komikilarien elkarteko espresio tresna
gisa jaio zen, eta egun ere, aipatu elkarteko adierazpide nagusiena
da. Bi hilabetekaria da eta Bilbon du bere egoitza nagusia.
La COMICtivaren lehendabiziko
zenbakiak 1994an ikusi zuen argia. Orduan, komikiari eskainitako
fanzinea baino ez zen. Hasiera batean, Bilboko Udalak diruz laguntzen
zuen. Edonola ere, aurrerago, erakunde honek argitalpena babesteari
utzi zion.
Urteak aurrera egin ahala, zuri
beltzezko 32 orrialde zituen fanzine hark bilakaera garrantzitsua
izan du. Horretarako, bertako lagunek lan nekeza egin behar izan
dute finantziazio iturriak finkatzeko: publizitatea lortu, banaketa
sare egokia eratu, argitalpena hobetu eta abar luze bat.
Egun, komiki aldizkari txukuna
da, 64 orrialdez osatutakoa, % 60tik gora kolorez eginikoa. La
COMICtivak 15.000 aleko tirada du, eta espainiar Estatuko zein
Hego Euskal Herriko denda espezializatuetan eros daiteke 350
pezetaren truke.
Edukiei, gaiei eta egileei dagokienez,
Euskal Herrira baino Espainiara eta Latinoamerikara begira dago.
Komiki guztia, gazteleraz egina da.
Erredakzioan, Natxo Allende (zuzendaria),
Carlos Cristóbal eta Rubén Ontiveros komikilariek
jarduten dute. Horiez gain, hainbat eta hainbat kolaboratzaile
dituzte: Alex de la Iglesia, Santiago Segura, Javirroyo, Roberto
Garay, Borja Crespo, Mauro Entrialgo... Maketazio lanetan, berriz,
Jonardo ari da.
Natxo Allende da argitalpen honen
"alma mater"a. Napo pertsonaiaren egileak komikigintzan
aritzeaz gain, eskarmentua izan du telebistan, eta laburmetrai
baten egilea da. Bestalde, Borja Crespo autoreak ukitu gorea
ematen dio aldizkariari.
La Comictivan espainiar Estatuan
izen handia duten hainbat komikietako langileak diren zenbait
egile hazi dira, esaterako, Ladislao Kubala, Jose Luis Agreda
(Barrabás eta el elefante erranteren egilea) eta Pedro
Vera. Horiek, la Comictivatik El Jueves aldizkarira egin
dute jauzi. (ITZULI) |
La COMICtiva. http://comictiva.kender.es |
Gasteiztik
TMEO: guztien aita |
TMEO aldizkaria Arabako hainbat komikizaleen
ekimenez jaio zen 1987an. Arabako komikilariak antzindariak izan
dira argitalpenen sorkuntzan, izan ere, TMEO jaio baino urte
batzuk lehenago, komikiari eskainitako argitalpen xumeago bat
ere plazaratu zuten Arabako hiriburuan: Hamelin.
Hamelin fanzinea zen, eta horretan
jardun zuten kideak izan ziren TMEO aldizkaria sortu zutenak.
Ildo honetan ezin aipatu gabe utzi Ernesto Murillo komikigilea,
zeinek, TMEOren sortzaileetakoa izateaz gain, beste hainbat egitasmotan
parte hartu duen, esaterako Euskadi Siux-izeneko bilduman.
Euskal Herrian egindako komiki
aldizkari zaharrenetakoa dugu TMEO, guztien aita.
12 urte bete ditu aurten, eta
urte horietan guztietan, bertako lagunek 53 zenbaki atera dituzte.
Bi bilduma ezberdin plazaratu ohi ditu bi hilabetekari honek:
TMEO eta Anzuelo izenekoak, hain zuzen ere.
TMEOko
autoreei dagokienez, espainiar Estatuko komiki aldizkarietan
(Vibora, El Jueves) izen handia lortu duten hainbat egile
daude, esaterako, Mauro Entrialgo eta Álvarez Rabo.
Lehendabizikoak hainbat argitalpenetan
parte hartu du: El Vibora, El gran musical, Primera Linea,
El País...Komikigintzaz ezezik, Entrialgo beste zenbait
esparrutan ere sartu da: musika, antzerkia eta zinea, besteak
beste. Gasteiztar honek sortutako pertsonaien artean, ezin ahaztu,
"Herminio Bolaextra" Sobradun antzerki taldeak agertokira
emandako pertsonaia. Álvarez Rabo, bestalde, espainar
Estatuko autore interesgarrienetakoa dugu. Galiziar-euskaldun
honek polemika piztu du, batik bat, sexuaren inguruan plazaratutako
bere komiki istorioengatik. Azkenik, Mikel Valverde gasteiztarraren
izena aipatu behar, zenbait argitalpenetan kolaboratzaile moduan
aritzeaz gain, ilustrazioaren munduan bide oparoa jorratu baitu.
Berak sortutako pertsonaien artean komikizaleen artean nahikoa
ezaguna den "Canaille" komisarioa dago. Bestelako kolaboratzailerik
ere bada TMEOn: Orue, Larry, Kini, Kike Turmix, Azagra, J.C Palacio
eta abar luze bat. (ITZULI) |
TMEO. http://www.geocities.com/Soho/Bistro/9891 |
Nafarroatik
Napartheid: euskara hutsezko komiki bakarra |
1988ko
negu gorrian jaio zen Napartheid. Izen hori erabiliz,
Napartheid-eko lagunek Nafarroan euskararen ofizialtasuna
arautzen duen legea salatu nahi dute.
Egitasmoa abian jarri zuen taldearen
helburua euskara hutsean eginiko argitalpen bat aurrera eramatea
izan zen. Lehendabiziko zenbakiak bitarteko aldetik xumeak izan
arren, arrakastatsuak izan ziren. Horren adierazle jendearen
artean sortutako zalaparta.
Urteak joan urteak etorri, argitalpena
hobetuz joan da. Batetik, autoreen zerrendari izen berriak gehitu
zaizkio: Aritz, Iñigo, Martin. Une honetan, sortzaileek
(Asisko Urmeneta, Patxi Ugarte...) egile gazteen esku utzi dute
erreleboa: Iñigo, Aritz, Martin eta abar. Napartheid
dugu erredakzioan emakume gehien dituen komiki aldizkaria:
Maite, Agurtzane eta abar.
Bestetik, denbora igarotzearekin
batera, egitasmoa sendotzen joan da, tirada, 3.000 aletara iritsi
da.
Ale bakoitzean gaurkotasuna duen
gai bat jorratzen dute, beti ere, ikuspuntu kritikoarekin, hau
da, komunikabideetan aurkitzen ez den errealitatearen berri eman
nahian.
Banaketari dagokionez, Nafarroatik
Euskal Herri osora hedatu da. Komikia liburudenda espezializatuan
eros daiteke, baita tabernetan ere.
Napartheiden izaera finkatuz joan da, eta egun,
lau ardatz nagusi ditu aldizkariak:
Batetik, aldizkariko marrazki
taldeak arte adierazpen ezberdinak ekoiztu eta argitaratzen ditu,
beren sormena bideratu eta, bide batez, mezuak hedatzeko. Taldea,
berez, euskaraz bizi da. Ondorioz, ekoizpen guztiak euskara hutsez
izan ohi dira.
Napartheidek berez underground izaera du, hau da,
antolaketa horizontala da, inolako ierarkiarik gabea. Horrez
gain, aldizkaria merkatiliskotik at kokatzen da. Gaien tratamenduaren
aldetik, esan bezala, Napartheid-ek jarrera kritikoa du.
Egun, aldizkariaz gain, taldekideek
bestelako ekimenak lantzen dituzte: liburu bitxiak, grafitiak,
bideogintza eta fanzinoteka. (ITZULI) |
Napartheid. http://www.napartheid.org |
Comic
Club fanzinea |
Comic Club argitalpena orain dela 5 urte sortu
zen Durangon. Sortzaileen asmoa, marrazkigintzan eta mundu grafikoan
zebiltzanei euren lanak argitaratzeko leku bat eskaintzea zen.
Hasiera batean fanzin euskarria zuen. Gaur egun, Comic Club
izenekoaren itxura oso bestelakoa da. Fanzin eta aldizkariaren
artean koka genezake. Ez du orrialde finkorik, batez beste 50
orrialde ditu. Azala koloretakoa da eta barrukoa, berriz, zuri
beltzean. Batik bat, komikigintzari begira egindako argitalpena
da, edonola ere, bestelakorik ere aurki daiteke bertan: artikuloak
eta musika aipamenak, besteak beste, bai euskaraz eta baita erdaraz
ere.
Comic Club egiten duten kideek hobby moduan hartzen
dute beren jarduna. Ismael Igesias gaztea da erredakzio batzordeko
burua. Jon Roman, berriz, maketazioaz arduratzen da. Horrez gain,
badira kolaboratzaile finak: hala nola, Xabier Etxeita, Ander
Lauzirika, Piedad Ortiz eta Maite Yurrebaso.
Horiek guztiek, gehien bat eguneroko
bizimodua dute hizpide beren komikietan: sexoa, frustazioak,
kezka politikoak, gizarte kritikak...
Normalean bi zenbaki ateratzen
dituzte urteko. Orain arte, guztira 12 zenbaki kaleratu dituzte.
Tirada, berriz, 500 alekoa da.
Une honetan, bi finantziazio
modu dute fanzine honetako lagunek: herriko eta inguruetako tabernari
eta dendariek egindako publizitatetik aterako sosak, eta Durangoko
Udalak emandako dirulaguntza. (ITZULI) |
Comic Club. Pinondo etxea z/g Durango 48200 |
Ipurbeltz
Euskal Herriko komiki
aldizkari zaharrena |
Ipurbeltz Euskal Herriko komiki aldizkari zaharrena
da, orain dela 22 urte sortu zen. Garai hartan ikastolak sendotzen
ari ziren eta euskararen transmisioari eusteko tresnak asmatzen
ari zirela, komikiak sortzea bururatu zitzaien. Asmoari itxura
ematen Julen Lizundia, Anjel Lertxundi, Antton Olariaga ,eta
Jon Zabaleta ibili ziren besteak beste, helburu didaktikoa zuen
komiki aldizkaria sortzeko asmoz.
22 urteren ostean, Ipurbeltzek
etapa ezberdinak izan ditu: erabat komiki izan zen sortze garaian,
Antton Aranbururen gidaritzapean. Geroago, eskola giroari gehiago
begiratzen hasi zen, haurren partehartzeari eraginez, eta ipuinak
plazaratuz. Jexux Mari Arrietaren lana ere ez zen
nolanahikoa izan. Aldi hartan bi irakasle izan ziren Ipurbeltzen
arduradun, Aitzpea Goenaga eta Mertxe Ezeiza. Kontsolidatze aroa
izan
zen, beharbada. Ondoren, Agate Eskisabelek koordinatu zuen aldizkaria,
sekzio emanez batetik, eta formula berriak saiatuz, bestetik.
Esaterako, ETBrekin landutako Super Bat nabarmenduko genuke
etapa honetan.Azkena, duela hiru urte hasitako bidea da, Ipurbeltzek
komikiak eta kazetaritza kutsuko idazlanak argitaratzen dituenetik.
Etapa eta garai bakoitzarekin, irakurleen adina ere aldatuz joan
da konturatu gabe, Ipurbeltzen adin espektroa zabaldu
egin da, bertan biltzen diren komikiek hainbat irakurketa maila
onartzen bait ditu.
Euskal komiki aldizkari zaharrena garai
berrietara moldatzen ari da eta hurrengo urteetarako baditu erronka
garrantzitsuak. Euskal Herrian diren eta ez diren zoko guztietara
iritsi nahi du, harpidedun kopurua 2.000 tik 4.000 ra bikoiztuz
eta haurren eta gaztetxoen erreferentzia izanez. Haur prentsa
lau haizeetara ezagutzera eman nahi du Ipurbeltzek, horretarako
hilabetekariak Internet-en orria ere behar du izan etorkizun
laburrean. Erronka handiak. Geroak esango du. (ITZULI)
|
Ipurbeltz. http://www.erein.com |
Ainhoa
Irazu eta Ainara Iraeta, kazetariak |