Hizkuntzalaria, filologoa, hispanista,
eta, batik bat, euskalaria dugu Vahan Sarkisian. Armeniar-Euskal
Ikastetxeko zuzendariak, lan asko eta denbora gutxi dauzkala
aitortzen digu; izan ere, ez dauka batere helburu makala: aitzina,
euskara eta armenierak hizkuntza unitate bakar bat osatzen zutela
dio, eta bi hizkuntzon lehenagoko egoera hori berreskuratu nahiko
luke.
Nahiko puzzle konplexua osatu
nahi du, baina Armenian erabiltzen den ter orgomia izeneko arrosario
tankerako baten laguntzari esker, kontzentratzea eta oreka mantentzea
lortzen du.
-Nor da Vahan Sarkisian?
45 urte ditut eta Erevan-en bizi naiz, Armeniar Errepublikako
hiriburuan. Estatuko Unibertsitatean zibilizazio espainiarrari
eta itzulpengintzaren teoriari buruzko eskolak ematen ditut;
Erevan-go Estatuko Unibertsitateko Armeniar-Euskal Ikastetxeko
zuzendaria naiz, eta Araxses izeneko armeniar-euskal nazioarteko
aldizkaria zuzentzen dut. Gainera, duela gutxi Armenian sortu
berri den Nazioarteko Hizkuntza Akademia erakunde zientifiko-kulturaleko
lehendakaria ere banaiz.
-Zenbat hizkuntza menperatzen
dituzu?
Gutxi, egia esan: armeniera (nire ama hizkuntza), errusiera,
gaztelera eta frantsesa. Eta ingeles eta italiera pixka bat.
Dagoeneko desagertuta dauden zenbait hizkuntza ere ezagutzen
ditut, eta latina ere bai, noski.
-Gutxi iruditzen al zaizkizu?
Burutu nahi dudan lana egiteko, askoz ere gehiago ezagutu beharko
nituzke.
-Eta euskara?
Zoritxarrez ez dut
hitz egiten, baina ulertzen eta ezagutzen dut.
-Hitz egizu Armeniari buruz.
Nolakoa da?
Herrialde asiar bat da, zibilizazio desberdinen tartean dagoena.
Armenian amaitzen da Europa eta hasten da Asia, eta alderantziz.
Desagertuta dauden zibilizazio desberdin askoren elementuak jasotzen
ditu bere baitan, eta, nolabait, kultura horien oinordeko nagusia
da. Berez nahiko kultura heterogeneoa da armeniarra, baina kutsu
europar argikoa, kristaua da-eta. Inbasio musulmanak jasan zituen
arren, bere horretan mantendu du kristautasuna.
Zaila da Armenian zenbat biztanle dauden zehaztea, mugimendu
handiko lekua baita, baina hiru milioi pertsona baino gehiago
bizi direla esan daiteke. Paisaia Euskal Herrikoaren antzekoa
da, eta izen asko berdinak dira; alegia, geografia eta hizkuntzaren
aldetik, egoera berbera dute. Armenian Araxses izeneko ibai bat
dago (Nafarroan bezala), Deba izeneko beste bat (Gipuzkoan bezala),
eta abar. Ehundaka antzekotasun daude.
-Noiz izan zenituen euskarari
buruzko berriak lehen aldiz?
Duela 25 bat urte. Gazteleraren azpigeruza aurrelatindarra aztertzen
ari nintzela, euskarak eta hizkuntza aurre-erromanikoek gaztelerarengan
izandako eraginari buruzko konparaketa batzuk iritsi zitzaizkidan,
eta horretan gehiago sakontzeari ekin nion, horren inguruko libururik
apenas zegoen arren. Zenbait euskalarirekin harremanetan jartzea
lortu nuen: Jose Maria Satrustegi, Enrike Knörr, Arana Martija...
-Euskararen eta armenieraren
arteko harremanari buruzko ikerketak egin dituzu. Zer adierazi
nahiean zabiltza? Zer dira euskara eta armeniera: neba-arrebak,
lehengusuak...?
Duela 70 urte, Joseph Karst hizkuntzalari aleman ospetsuak oso
azterketa garrantzitsuak gauzatu zituen, eta honako ondorioa
atera zuen: euskara eta armeniera, hizkuntza enbor bereko bi
aldaera direla, ia batere aldatu ez direnak. Neba-arrebak dira
beraz. Eta tesi hauxe defendatzera nator, datu eta proba berriekin.
Armeniarrak eta euskaldunak, kultura eta hizkuntzari dagokionez,
elkarrengandik oso hurbil daude. Familia erromanikoan hizkuntza
neolatinoek antzekotasun eta desberdintasunak zeuzkaten bezala,
halaxe dauzkate euskarak eta armenierak ere; batzuetan hainbesteko
antza daukate, itzultzailearen beharrik gabe ere ulertuko geniokeela
elkarri, gaiaren eta pertsonen xedagarritasunaren arabera, jakina.
Euskaraz zein armenieraz berdinak diren hitzen zerrenda bat egin
dut, eta 600 dira gutxi gorabehera. Hitz horiei esker erraz asko
komunika gaitezke; euskararen eta armenieraren berezitasunak
besterik ez genituzke ezagutu beharko.
Kontua da euskarak eta armenierak beren originaltasuna gorde
dutela, eta nondik etor ote litezkeen jakin nahi dugu orain.
Ikerketa honek, beharbada, bi herrialde hauek elkarrengandik
urrundu izanaren arrazoiren bat iradoki diezaguke. Nire ustez,
aitzina kultura euro-asiar handi bat zegoen, gero beste elementu
arrotz batzurekin nahastu zena, eta orduan erabat bereiztu ziren
euskara eta armeniera; horren ondorioz, aitzinako kultura honen
bi irla garrantzitsu ditugu gaur egun. Litekeena da gehiago ere
egotea, baina ezaugarri hauek oso eraldatuta daude beste kulturetan.
-Noraino iritsi nahiko
zenuke zure ikerketen bidez?
Nire egiteko nagusia,
desagertu zen hura berregitea da; hau da, armenieraren eta euskararen
protohizkuntza komuna berregitea. Aitzina hizkuntza unitate bakar
bat osatzen zuten, eta ez bi. Armenieraren eta euskararen aitzinako
egoerara heldu nahiko nuke.
Kristo aurreko laugarren edo hirugarren milurtekoraino jo beharko
dudalakoan nago.
-Nahiko zeregin zaila da
eskuartean daukazuna.
Ondo antolatzean dago gakoa, zeregin honek aldebakarrekoa izan
behar du-eta. Nahiko ongi ezagutzen dut euskara arlo honetan
lan egin ahal izateko; dagoeneko euskalaritzari buruzko hogeita
hamar liburu argitaratu ditut, eta euskal kulturaren inguruko
zenbait liburu armenierara itzuli. Ondorioz, nire herrialdean
dezente ezagutzen da euskal kultura, eta ikerlariek badaukate
lanean aritzeko moduko materialik. Baina, zer gertatzen da hemen?
Ezertxo ere ez. Euskal Herrian ez dago Armeniari buruzko ezagutzarik.
Oraindik ez dago kultura armeniarrari buruzko liburu bat bera
ere euskaraz; deus ez hizkuntzalaritza edo literatura armeniarraren
inguruan. Trajikoa da benetan. Armenian euskal hizkuntza eta
kulturari buruzko liburu batzuk dauzkagu, eta hemen gauza berbera
egin beharko litzateke. Ez dago orekarik, eta horrela ezin da
lanik egin.
-Ikusten al duzu egoera
aldatzeko modurik?
Erabat aldatzeko aukerarik ez, baina neurri serioak ari gara
hartzen hutsune hori hein batean bederen betetzeko. Alde batetik,
euskara-armeniera eta armeniera-euskararen bi hiztegi egin behar
dira, eta bestetik, gramatikako bi eskuliburu. Hau guztia, elkar
ezagutzen hasi ahal izateko.
-Zein erakunderen babes
ekonomikoa jasoko du proiektu honek?
Lehenik eta behin esan nahiko nukeena da Armenian lortu den guztia,
zailtasun ekonomiko larrien tartean egin dela. Hango bizi maila
hemengoa baino askoz ere apalagoa da, eta bertan ez daukagu ez
lekurik, ez eta lanarekin aurrera egiteko modurik ere. Dena den,
oso garrantzitsua da egoera horretan lortu dugun guztia: Jose
Mari Satrustegiren euskal mitologiaren antologia handi bati buruzko
5.000 ale ditugu armenieraz, eta baita ere Euskal Errefrauen
Bilduma, Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae... Hala
ere, inork ez dit galdetzen hori guztia nola lortu dugun. Denak
pozik daude egiten ari naizen lanarekin, baina inork ez dit galdetzen
nola egiten dudan. Erantzukizun hori nirekin elkarbanatuko duen
lankidetza euskalduna behar dugu, materialki zein moralki. Albiste
onak jaso ditugula dirudi, izan ere Gipuzkoako Foru Aldundiko
Euskara zuzendariarekin hitz egin dugu, eta euskara-armeniera
hiztegia eta gramatika eskuliburuaren proiektuak sustatuko dituela
hitz eman digu. Ea ezer lortzen dugun! Hiztegia Enrike Knörrekin
batera egingo dut, eta gramatika eskuliburua, berriz, Jose Maria
Satrustegirekin.
-Armeniar-Euskal Ikastetxeko
filologo zaitugu. Zein da gune horren egitekoa?
1994ean eratu zen,
Armeniako diru laguntzari esker. Uneotan bost kolaboratzaile
ditu, eta Araxses armeniar-euskal aldizkaria kaleratzen du. Armeniako
Gobernuak, baldintza ekonomiko negargarrietan baina, ikastetxea
eta aldizkaria bost urtez mantentzea lortu du; horrek aditzera
ematen du gure gobernuak seriotasun handiz hartu duela gai hau
bere gain. Euskalaritza gure gobernuaren politika zientifikoaren
barne dago ofizialki. Hala ere, arazo larriak sortzen hasi zaizkigu,
zeren eta euskaldunen aldetik erantzun ofizial seriorik jasotzen
ez dugunez, ikastetxean egiten dugun lanaren erabilgarritasuna
zalantzan jartzen hasia da gobernu armeniarra. Etorkizunerako
diru laguntza dago jokoan. Hemengo lagun batek, Luis Zamakona
Azkuna industriariak, hiru argitalpen finantzatu dizkigu jada,
baina, jakina, ezin du proiektu handietarako diru laguntzarik
eman.
-Izan al duzu inolako harremanik
Eusko Jaurlaritzarekin Euskal Herrira egindako ikustaldi honetan?
Ez. Barkatuko didazu, baina nire mailako ikerlari batek ezin
du atez ate diru eskean ibili. Egin behar izan dut halakorik,
eta zenbait ezezko ofizial jaso ditut. Baina, bitxia bada ere,
euskal ofizialtasunaren axolagatasun honen aurrean, Espainiako
Gobernuak euskalaritzako beka bat eman zidan akitaniar-euskal-armeniar
proiektu bat garatzeko. Beraz, hara zein den egoera: euskalaritza
Armeniako hizkuntza politikaren barne dago, eta, euskal-armeniar
arazoa, Madrilgo politika ofizialaren baitan. Euskadik, bien
bitartean, ez du deus esaten. Bitxia benetan.
Britainia Handiak, Frantziak eta Alemaniak enbaxadak dauzkate
Armenian; ba al dakizu zer egiten duten? Urtero milaka liburu
dohain banatzen dituzte. Nik, ordea, liburu bat eskuratzeko,
eskutitz batzuk bidaltzen ditut, baina ez dut ezer lortzen. Proiektu
honetarako, Luis Mitxelenaren Orotariko Euskal Hiztegiaren ale
bat behar dut (orain bertan Ibon Sarasola azken ukituak ematen
ari zaio), baina oso garestia da niretzat. Hiztegi hori erosteko,
urte eta erdiko soldata osoa aurreztu beharko nuke. Oraingo honetan
ere idatzi ditut eskutitz batzuk, baina gaur-gaurkoz ez dut inolako
erantzunik jaso.
-Apur bat haserre eta sumin
ikusten zaitut.
Apur bat ez, oso.
-Urtero etortzen zara Euskal
Herrira. Nola moldatzen zara ekonomikoki?
Orain arte ez naiz sekula gonbidapen ofizial bidez etorri Euskal
Herrira, pertsonalaz baizik, eta bitan Espainiako Gobernuak gonbidatuta.
Bitxia da, asko jota %20an naizelako hispanista, eta %80an euskalaria.
-Dena den, ez duzu etsi.
Ez, ez. Irabazi egin behar dut, beste aukerarik ez daukat-eta.
Gehiegizko eszeptizismoa somatzen dut hemen, konfidantza gutxiegi
euskal-armeniar ikerketaren etorkizunari dagokionez, baina nire
baikortasuna hori baino handiagoa dela iruditzen zait. Guda irabazita
daukat.
Argazkiak:
Maria Agirre
Euskonews
& Media 59.zbk (1999 / 12 / 17-24) |