Aurreko
artikulu batean nioen bezala, Sebero Altuberen bizitza harrigarria
izan bazen ere askoz gehiago utz gaitzake txundituta arrasatearrak
buruturiko lanak, batik bat eta orduan ere garbi utzi nahi
izan nuen- heziketa akademikorik gabea zelako. Jakintza arloko
espektro zabalean hainbat diziplina jorratu zuen, hasiera hasieratik
tiratu zuena musika izan zelarik.
Auskalo zer izango zatekeen gure
gizona, Arrasate txiki hartatik atera izan ez balitz, hain zuzen
ere Gernikako Musika Bandaren zuzendaritza irabazi ondoren! Erantzuterik
ez dagoenez, hobe dugu dakizkigun erreferentziak erabili eta
Seberoren zientzia ekarpena nolakoa izan zen azaltzea, hori bai,
aldez aurretik zera abisatu behar dudalarik, ez naizela batere
aditua balorazio zientifikoetan. Gainera, Altube diziplinaskotakoa
izanik, edozein balioztatzailek ere ez luke lana ongi burutuko.
Baina utz dezagun alde batera burutazio hori eta gatozen harira.
Sebero Altuberen bisita-txartelean
zer jartzen zuen ez dakit, baina seguru nago zer jarri nahi zuen
galde bageniezaio Musikoa erantzungo zigukeela. Seberok,
bere anaia Benigno eta Cristobal Bediarekin hiruak arrasatearrak-
Euskal Herriko dultzaina talderik ospetsuenetakoa osatu zuen.
Bere heziketa musikalak Arrasateko Musika Banda zuzentzera eraman
zuen 1899an. Bi urte beranduago, dena den, "Cor Jesu"
zeritzan bandarako martxa batekin Gernikako Musika Bandaren zuzendaritza
irabazi zuen. Eta ordudanik, Arrasatetik Gernikara aldatu zuen
bere egoitza.
Gernikan Abesbatza sortu zuen
eta baita Musika Akademia ere. Bere zaletasunak eraginda, laster
hasi zen artikuluak argitaratzen, batez ere Bilboko "Revista
Musical" eta Donostiako "Euskalerriaren alde".Bitxia
bada ere, euskararen azterketa lanetan sartzen denean, gure hizkuntza
morfologia, joskera eta tonoarengatik ikertu beharko litzatekeela
dio Seberok, ate berri bat irekiz euskal linguistikako zereginetarako.
Hizkuntzaren gaineko arloan lan
egiten, berriz, mende hasieran hasi zela esan genezake. Berak
aitortzen du linguistikak tiratzen zuela eta europar hainbat
hizkuntzalari ospetsuren obrak irakurri zituela. Hovelacque,
Dauzat, Gregoire, Meillet eta beste hainbaten teoriak ezagutu
zituen, bereak egituratzen hasi orduko. Teoria apurtzaileak,
askotan, Altubek euskararen kasura aplikatu nahi izan zituenak.
1909koak dira Azkuerekin dituen
lehenengo harremanak, batez ere hiztegi gaiak zirela eta. 1918an
Oñatin zegoen, Eusko Ikaskuntzak bere lehen Kongresua
eratu zuenean. Handik sortu zen Euskaltzaindia eratzeko ideia
eta urtebete bat beranduago lehen euskaltzainak. 1920ko ekainaren
22an, Txomin Agirreren heriotzak utzitako hutsunea betetzeko
Sebero Altube izendatu zuten euskaltzain. Ordurako euskarari
buruzko bere lanak ezagunak ziren. Geroxeago aipatuko ditut,
arlo honetan Seberok eginiko lanik sonatuenak.
Baina aipamen berezia merezi
du Erderismos izenekoak. 1929an "Euskera" aldizkarian
argitaratutako lan honek liburu gisa atera zuen urtebete beranduago.
Ordurarte euskal hizkuntzalaritzan inondik egindako ekarpenik
eztabaidatuenetakoa gertatu zen obra hori. Azkuek ez zuen ontzat
hartu eta urte batzuk beranduago Luis Mitxelenak ere kritika
zorrotza egin zion, Altubek "dena eta nahi lukeena"
nahasten zuela salatuz.
Egia da Altuberen lan horrek
ez duela euskal joskera bere osotasunean neurtzen eta alde horretatik
egin dakiokeen kritika zuzena dela. Baina Seberoren asmoa ez
zen euskalki guztien gaineko ikerketa egitea. Gehien bat, garaiko
euskal idazleengan antzematen zituen hutsik nabarmenenak ekiditeko
arauak finkatu nahi zituen. Askok, Seberok beste garbizalekeria
bat ezarri nahi izan zuela egozten diote, lexikoari dagokionaz
gain. Joskera irreala sortu nahi izan zuela diote. Baliteke,
izan ere askotan zurrun samar agertzen baita, baina ez da egia
txikiagoa gure hizkuntzari buruz egin daitezkeen hainbat galderari
erantzun egokia eskaintzen zaiela Altuberen teoriatik.
Alea ere, badira noski-
arrasatearraren lana goraipatzen dutenak. Aita Villasante, Aita
Onaindia eta Iokin Zaitegi dira, besteak beste, Altuberen lana
behin baino gehiagotan defendatu dutenak. Altubek, azken finean,
euskara bizi eta egunerokoa maite baitzuen, argi eta garbi: "Atara
aixetara geure izkera maitiau, erabilli beti ta beti, edonun
ta edonorekin, emon orretaraxe bizija ta indarra... Beste asmokeri
ta barrikerizko bideok, alperriko ta kaltegarri baño eztira..."
Altuberen hizkuntzalaria oraingoz
alde batera utzita, gogora dezagun izan zela Altube filosofo
bat, zeharo kezkatuta gizartearen arazoekin. Berak dioenez, Gernikako
bonbaztapenaren ondoren sortu zen berarengan giza oinazearen
zergatia ezagutzeko grina. Horren ondorioz eta europar filosoforik
aipagarrienen lanak irakurri ondoren, "La fonction de
la douleur" deritzan liburua kaleratu zuen Pauen.
Sortzezko literaturan, berriz,
Altuberen jaioterriaren kontrako bonbaztapenean oinarritzen du
bere obrarik ezagunena :Laztantxu eta Betargi. Oso euskara
txukun agian zailxe samarra den arren- erabiltzen du, gertakari
lazgarriaren deskribapen historiko fikziozkoa egiteko.
Sebero Altuberen lana begi kritikoz
aztertu dela esan dut goian. Eta kritika ez da beti oso aldekoa
gertatu, batez ere zorroztasunik eza egotzi zaiolarik, joskeraren
gaineko teoriak euskara osora aplikatu nahi izan dituenean. Agian
horrela da. Gaur egun ontzat emango ez liratekeen teoriak egituratu
zituen. Baina horretan, behintzat, meritua eman behar zaiola
iruditzen zait, ausarta izan baitzen, euskal linguistikaren zutabeak
hutsaren hurrena zirenean. Seberok bide bat ireki zion euskal
linguistikari. Ez da gutxi, berak zioen bezala, euskara joskera,
morfologia eta tonoaren aldetik ikertu behar dela eskatzea. Eskatu
eta, noski, horri ekin, arrasatearrak egin zuen legez.
Aita Villasantek, nire "Sebero
Altube" liburuan zioen: "Gizon gehienetan bezala,
Altuberengan ere egon daitezke mugak. Baina Altube jaunaren pertsona
eta lana, bere balio eta muga guztiekin, hor geldituko zaigu
beti tente, ispilu eta mugarri antzo. Denontzat ikaspide".
SEBERO ALTUBEREN
LAN LINGUISTIKO BATZUEN ERREFERENTZIAK
1911. Euskerazko
itzak (Euskal Esnalea, I-58/60)
1919. De sintáxis
euskerica (Euskal Esnalea, IX)
1920. Euskeraren
joskera dela ta (Euskal Esnalea, X, XI, XII)
Erderatiko
itzak; itz barrijak eta antxinako itzak (Euskera II)
Izkuntz jakintzia
eta euskeriaren bizitzia (Euskera 1921)
1922. Euskel
itz barrijak, eurok eraltzeko erderak zetara lagundu bear deuskuen
(Eusko Ikaskuntza III Kongresua)
1923. De fonética
vasca (RIEV XV)
1925. Modismos
euskericos (Euskera VI)
1929. Erderismos
(Euskera; eta liburu gisa, Gaubeka Irarkola)
1932. El acento
en la prosa y en el verso (liburu gisa, Gaubeka Irarkola)
1933. La vida
del euskera. Divulgación a los principios de la lingüística
general aplicables a su defensa. (EuskeraXV; liburu gisa,
Gaubeka Irarkola; Azkueren Morfologiaz batera, La Gran Enciclopedia
Vasca)
1934. Observaciones
al tratado de morfología vasca de Don Resurrección
María de Azkue (Euskera, XV; liburu gisa Gaubeka Irarkola;
eta La Gran Enciclopedia Vasca)
1936. Más
sobre la vida del euskera (Euskera, XVII; liburu gisa Gaubeka
Irarkolak)
1948. Fonética
y etimología esukéricas (Eusko Jakintza I,II,
III, IV)
1949. La unificación
del euskera literario (Eusko Jakintza, III)
1950. Erderakadarik
txarrenal (Euzko Gogoa, I,II,III)
1956. Literatur-
euskara: sobre sintaxis vasca (Euskera I)
1960. Euskerari
buruz (Euskera V) |
Josemari Velez
de Mendizabal, idazlea |