Zeruak
ez digu inolako eszenografia apokaliptikorik eskainiko, iragarpen
batek baino gehiagok bestelakorik dioen arren, ortzia betiko
moduan egongo baita 2000. urtean sartzeko unean. Astrofisikako
ikasketak dauzkan eta Iruñako Planetarium-eko arduradun
den Javier Armentiak, horrelako iragarpenekin bat ez etortzeko
joera dauka; are gehiago, bere zeregin nagusien artean teoriak
zalantzan jartzea dagoela ere esan liteke, komunikatzaile sozial
gisa kritikak egiteko daukan zaletasun berezia dela eta. Nahiz
eta gure gizartea "zientifikoki analfabeto"-tzat jotzen
duen, "arrazionalki baikor" azaltzen da, hiritarrengandik
gertu zabaltzen ari diren zentru dibulgatzaileei esker batik
bat. Sei urte bete berri ditu Nafarroako hiriburuan zuzentzen
duen guneak, kultur foro bat izan nahiko lukeen "espazioaren
antzokiak".
- Emango al zeniguke zeruak
urte bukaera honetarako daukan agendaren berri?
Jendeak udako hilabeteekin lotzen ditu zeruko ikuskizunak, baina
negukoak ere zoragarriak izaten dira. Oso izar distiratsuak ikus
daitezke, hala nola Sirio, Leoiaren konstelazioa, Zezenarena,
pleiadeena... Hilabete hauetan zehar ez da fenomeno berezirik
izango, bat izan ezik: duela gutxi aurkitu den eta datorren urtean
oso ongi ikusi ahal izango den kometa bat. Hala eta guztiz ere,
erraztasun osoz beha daitezkeen gauza pila bat dago, baina jendeak
ezagutzen ez dituenak.
- Zertarako balio du planetarium batek?
Uste bitxi ugari dago honen inguruan. Askok uste du zeruari begira
egoteko behatoki moduko zerbait dela, edota hona etortzeko beharrezkoa
dela astronomiarako zaletasuna edukitzea. Ba ez bata eta ez bestea.
Hemen ez daukagu benetako izarrik; "latazkoak" baizik.
Espazioaren antzerki bat bezalako zerbait da planetariuma, zinea
baino gehiago, izan ere proiekzio aretoan bideoa, efektu bereziak,
diapositibak, eta abar ematen baitira. Jendea hogei metroko kupula
baten azpian kokatzen da, eta ikusentzunezko emanaldi baten bidez
azaltzen zaie zer ikusiko luketen mundua beren eskuetan edukiz
mugitzeko aukera izango balute, edo mutur batetik bestera joateko,
edota denboraren joana azkartu ahal izango balute. Hau da, unibertsoa
deskribatze soila baino zerbait gehiago egin nahi dugu; behatu
eta ikasteko gune bat da, ez amaieran azterketa bat eginarazten
den horietakoa. Hemen ilargiarekin, eklipseekin eta, zergatik
ez, asto astronomoekin zerikusia daukaten istorioak kontatzen
ditugu, Bernardo Atxagaren Asto bat hipodromoan ipuinaren
gisakoak. Azken hau eta Lorcaren Unibertsoa, esaterako, Planetariumean
eskaini ditugun muntaietako biren ardatz izan dira.
- Nortzuk etortzen dira
bisitatzera?
Askotariko jendea. Kontuan hartu behar da hau kulturgune
bat dela, non urtero 15 eta 20 erakusketa artean izaten ditugun,
eta ehundik gora hitzaldi, solasaldi, antzerki eta kongresu.
Urtean 150.000 bisita izan ohi ditugu. Heren bat, "Izarren
Eskola" izeneko ekimenera Nafarroa, Euskal Autonomia Erkidegoa,
Aragoi eta Errioxatik etortzen diren eskolaumeek osatzen dute.
Ekimen horren baitan hezkuntzarako 12 egitarau desberdin daude,
euskaraz zein gazteleraz. Bestetik, aste bukaeretan etortzen
den jendea daukagu, eta gero eta gehiago datozen hirugarren adinekoak
eta aisialdiko taldeak.
- Iruñako azpiegitura
kulturalei dagokienez, hiritarrak sailkatu egin nahi izan dira:
etorkizuneko auditorioaren aldekoetan, eta Planetariumaren alde
agertzen direnetan. Zein da zure iritzia?
Nik uste dut eztabaida hori atzean gelditu dela dagoeneko. Normala
da hasiera batean galderak sortzea, Planetariumak Nafarroako
Gobernuaren erabaki politiko batean baitauka bere jatorria, baina
auditorioaz "gain" egindako apustu baten gisa, eta
ez "aurka". Kontua da denborak aurrera egin duela eta
auditorioa oraindik eraiki gabe dagoela. Hala ere, eskaera sozialik
ez zegoen; jendeak ez zuen planetariumik eskatzen, eta bere erabilgarritasuna
ez zegoen oso argi. Batzuek, inor etorriko ez zelakoan, bi urtera
itxi egin beharko zela ere pentsatzen zuten, baina jada sei urte
bete ditugu eta egun bisitari gehien jasotzen dituen azpiegitura
da gurea, alde handiarekin gainera. Iruñako kulturaren
geldotasuna kontuan izanik, oso gune dinamikoa da, eta bere eskaintza
xumea izanik ere, benetan garrantzitsua da. Bestalde, nolabait
bereiztu egiten gaitu beste eskualdeetatik, eta garbi dago jendea
erakartzeko egin beharrekoa horixe dela hain zuzen ere: gauza
desberdinak eskaintzea.
-Planetariumeko buru gisa
daukazun lanbidea ez ezik, ezaguna da zeure jarduera publikoa,
eta, bereziki, "pseudozientziak" deiturikoen aurka
duzun jarrera. Zer direla esango zenuke?
Hara, jende guztiak daki Gorbeako artzainak
eguraldiari buruz egiten dituen iragarpenak kultura herrikoia,
tradizioa... direla, baina metodo zientifikorik erabiltzen ez
duenez, inork ez du "meteorologia alternatiboa" denik
esaten. Eta, hala ere, asko erabiltzen da "medikuntza alternatibo"
hitza aurrezientifiko, azientifiko eta, batzuetan, antizientifiko
diren praktikak adierazteko, hala nola petrikiloen praktikak,
Ekialdetik datozkigun "medikuntza" holistikoak, homeopatia...
Pseudozientzia, zientzia faltsua da. Galdera egokiak eginez gero
nabari da bien artean dagoen aldea. Niri norbait etortzen zaidanean
plater hegalariak espaziuntzi estralurtarrak direla esanez, galdera
batzuk bururatzen zaizkit, eta batzuek hipotesien ehuneko 96
edo 98a zuzenean uzten dituzte bertan behera; are gehiago, normalean
datu ugari ematen dituzte pertzepzioaren psikologiari buruz,
plater hegalarien kontuaren marko soziologikoari buruz, edo batera
komunikazioaren fenomenoaz. Pentsa zein erraza izango zatekeen
enpresentzat pertsona jakin baten profila ezagutzea bere horoskopoko
zeinuan erreparatuz edo bere sinaduraren itxura zernolakoa den
ikusiz... Ez legoke laneko psikologia bezalako diziplinen beharrik.
Azken batean, gizakiaren gauzarik onena eta txarrena, galderak
egiteko gaitasun hori da.
- Nolanahi ere, ideia irrazionalen
defendatzaileak bezain dogmatikoak direla leporatzen zaie zientzialariei.
Zientzialariek ezin dute egunero gauza
guztiak zalantzan jartzen ibili; beste gauzen artean, ez luketelako
aurrera egiterik izango. Zientzialariaren espezializazioak berak
horren aurka dihardu, edota zientzia, soilik doktore tituluarekin
sar daitekeen komentutxo berri bat bezalakoa dioen ideiaren alde.
Zientzialariek, oro har, gustura utziko liokete hain goretsiak
izateari, baina egia da gustukoa dutela ospea izatea. Zientziak
arazoak ere baditu, beste edozein giza jarduerak bezala, baina
tasun bat dauka: bere okerrak aintzat hartzeko gaitasuna. Zientzialariak
etengabe balioesten eta kritikatzen du bere burua. Egia esateko,
zientziak normalean beste pentsamendu sistema batzuek baino askoz
ere lehenago ematen du amore.
- Norbaitek esan zuen segurtasun
ezak neurosia sorrarazten duela gizakiongan, baina are neurosi
latzagoak sorrarazten dituela gehiegizko segurtasunak.
Zientziak ez ditu gauza ziurrak esaten; nolabaiteko irtenbideak
emango ditu, eta aldibaterakoak gainera. Baztertu egin behar
izan zen Newtonen mekanika, eta bere ordez mekanika kuantikoa
finkatu. Horrek ez du aurreko mende guztietan zehar egindako
lana deuseztatu egiten denik esan nahi.
- Zenbatekoa da kultura
zientifikoaren maila?
Analfabeto zientifikoak gara. Baina errua ez da jendearena, hezkuntza
sistemarena baizik. Eta politikariek ere ez dute oso eredu ona
ematen; galdetu edonori zeintzuk diren Newtonen legeak, eta,
lasai asko, letretakoa dela erantzungo dizu. Merkealdietako deskontuetan
ehuneko hamabosta zenbat den jakiteko jotzen du jendeak matematiketara.
Hala ere, gizartea gero eta arduradunagoa da gai zientifikoen
inguruan, eta zientzia garrantzitsua dela ikusten hasia da.
- Inoiz ulertuko al diote
elkarri prentsak eta zientziak?
Espainiak ez dauka oso tradizio sendorik komunikazio zientifikoari
dagokionez, bai ordea Frantziak edo bereziki Britainia Handiak.
Hemengo intelektualitatea "letretakoa" izan da eta
lotura handiagoa izan du filosofiarekin, pentsamendu politikoarekin...
Edonola ere, aldatzen ari dela esango nuke. Sofaren hirugarren
hanka, zientzialariek zientziari buruz egin beharreko komunikazioa
da; oraingoz ez da ongi egiten, baina egingo da. Kontuan hartu
behar da hemengo zientzialariak unibertsitateari edota enpresa
pribatuari lotuta daudela; gehien ikertzen dutenak erakunde publikoetan
daude, eta aurrera egiteko ez dute zertan egiten ari direnaren
berri eman behar. Lanpostu batera jotzeko orduan ez da dibulgazioa
aintzakotzat hartzen, lanaren beharrezko zati bat bezala ikusten
da eta. Estatu Batuetan, haatik, diru publikoari esker ikertzen
ari direnek beren ekintzen berri publikoki emateari eskaini behar
diote denbora bat. Egia da, hortaz, ez dagoela zientzialari eta
kazetarien arteko elkar aditzerik, oso hizkuntza desberdinak
erabiltzen baitituzte, baina ez elkarren aurkakoak. Nik arrazionalki
jarrera baikorra daukat, batez ere zientziaren museoen hedapenagatik,
oso paper garrantzitsua daukatelako eta gauza asko oso modu erakargarrian
ikas daitezkeelako. Hala ere, komunikabideek, gai zientifikoak
jorratzeko orduan, zehaztasunari eman beharko liokete lehentasuna,
jendeak beren bitartez ikasten duelako. Alde batetik, zientziaren
alor batek hedapenaz arduratu beharra dauka, baina bestetik,
prentsa bera da mugitu behar duena, Estatu Batuetan lobby-en
presioaren ondorioz dituzten ondorio zitalak bezalakorik ikus
ez ditzagun.
- Dibulgazio zientifikoaren
alde apustu egitea, benetako demokraziaren alde egitea dela esaten
da. Ez ote da zertxobait utopikoa?
Ez dut uste. "Kultura zientifikorako europar astea"-ren
gisako ekimenek ideia hori bultzatu nahi dute; izan ere, hiritar
modernoak bere eskubide demokratikoak egikaritu ahal izateko,
informatuta egon beharra dauka. Kontrako kasua sistema totalitarioetan
topa dezakegu, Sobiet Batasunean adibidez: ez zeukaten fisikari
kuantiko onik, fisika kuantikoa burgesen asmakizuna zela esaten
zutelako. Ikerketari ideologia gainjartzen zioten, eta horrela
zihoazkien gauzak. Nire ustez, iritzi zientifikoa sortzen denean
iristen da gizarte bat adinagusitasunera. Gauzak kritikatu egin
behar dira.
- Aholka iezaguzu libururen
bat zientzia-gizartea gatazka errotik ezagutu nahi dutenentzat.
Duela gutxi, Edward O. Willson-ek idatzitako bat irakurri dut,
"Conscilience"; "bateratasuna"-edo.
Ezagutza ezberdinek bat egin eta beste ezagutza berri bat sor
dezaketela esaten du. Hau bera medikuntzan ikus genezake: gero
eta harreman estuagoa dauka genetikarekin; honek, aldi berean,
biokimikarekin; biokimikak fisikarekin... Wilsonen iritziz, bateratasun
hau ezagutzaren beste alorretan ere gerta daiteke. Oso liburu
ausarta da.
- Eta astronomian ezjakin
direnentzat?
Bada oso dibertigarria den lan bat, gerora izen bereko telesail
baten oinarri izandakoa: "Cosmos", Carl Sagan-ena.
Gizon honen obra paregabea da dibulgazioari dagokionez. Hil aurretik,
demokrazia eta gizateriaren etorkizuna ziurtatzeko zientziaren
aldeko aldarrikapena egin zuen. Argazkiak: Euskaldunon Egunkaria
Euskonews
& Media 58.zbk (1999 / 12 / 10-17) |