EGITASMOAREN
AURREKARIAK
Euskal Herriko Unibertsitateko Didaktika
eta Eskola- antolakuntza Saila alde batetik eta Euskal
Herriko Bertsozaleen Elkartea bestetik elkarlanean ari dira
Ahozko Komunikazioa Lantzeko Metodo bat diseinatzen azkenengo
bi urte akademikoetan zehar.
Adierazi beharra dago, egitasmo
honek Europa Elkarteko dagokion komisioaren oniritzia jasoa duela
jada idatziz.(AURKIBIDERA)
EGITASMOAREN
HELBURUA
Ikasleen ahozko komunikazioaren
gaitasuna landu eta areagotzea du diseinatu nahi den metodoak
helburu. Helburu nagusia hori bada ere, idatzizko komunikazio-gaitasuna
ere lantzen da, ahozkoaren lagungarri baita idatzizko gaitasuna,
eta ez haren etsai,. Azken buruan, jendaurreko bat-bateko ahozko
jarduna ere lantzen da.
Mintzamena lantzearena zehaztu
beharra dago, ordea: jendaurrean arrakasta izateko moduko mintzmoldeak
eta estrategiak dira metodoan lantzen direnak. Arrakastaz hitz
egitea, berriz, zera,da: entzule ditugunengan eragiteko moduan
hitz egitea, haiengan noiz zirrara, noiz barregurea, noiz haserrea
edo beste edozein emozio sorraraz dezakeen hizkeraren jabe izatea,
alegia.(AURKIBIDERA)
EGITASMOAREN
EGUNGO EGOERA
Ikuspegi askotatik begiratuta
ahozko komunikazioaren eredu agertzen zaizkigu bertsolariak:
entzuleengan era askotariko sentipenak eragiteko moduan moldatzen
eta jazten baitituzte beren bertsoak; oso iaioak dira lan horretan.
Egitasmoak dituen helburuak lortzeko diseinatze-bidean dagoen
metodoak bertsolariek landu eta erabili ohi dituzten estrategia
eta errekurtso literarioak hartzen ditu oinarritzat. Horretarako
lehen-lehenik burutu den lana, estrategia eta errekurtso horiek
aztertzea eta eredu didaktiko teoriko batez baliaturik irakaskuntzarako
prestatzea izan da.
Bertsolariek orotariko gaiak
erabiltzen eta jorratzen dituztenez, beste albo-helburu bat ere
badu metodo honek, gizartean munta handiko diren gaiak plazaratu
eta eztabaidatzeko aukera ezin hobea eskaintzen baitu bertsoak.
Aukeratutako gaiak ikasleentzat esanahi handikoak direnez, hizkuntzaz
aparte iritziak aurkezten eta eztabaidatzen ere ikasiko dute,
itxaron daitekeenez, metodo honen bitartez.
Orain artean buruturiko lan hori
esperimentalki lau ikastetxetan aplikatuko da 1999/2000 ikasturtean,
14-16 urte bitarteko ikasle-geletan.(AURKIBIDERA)
METODOAREN
OINARRI PSIKOPEDAGOGIKOAK
Metodoa guztiz induktiboa da.
Esan nahi baita, nola-halako emozioren bat sortu izan duen piezaren
bat hartzen dela beti abiapuntu. Kasu honetan bertsoak dira pieza
horiek guztiak.
Metodoaren oinarri praktikoa
ahofitxa deitu ditugun unitateak dira. Ahofitxa bakoitzak
bertso(saio) bat du abiapuntu, ikasleek gustoko duten gairen
bati buruzko eta komunikazio arrakastatsurako eredugarri.
Bertso(saio) hori kantatuz ekiten
zaio beti unitateari (aukeratutako bertso guztiak ikus-entzunezko
euskarrian eskaintzen ditu metodoak), eta honako hiru urrats
hauetan egiten da lanketa:
- Gozatu: bertsoak entzunez, jatorrizko grabaziotik abiatuta.
Bertsoak zein testuingurutan kantatu ziren agertzen da atal honetan,
eta ikasleek berek adierazi behar dute ze emozio-mota eragin
dien bertsoak eta zein pasartetan izan den bereziki bizia emozio
hori. Goza-prozesuaren buruan, ikasleek epaia ematen dute, bertsoak
eragin dien edo ez adieraziz.
- Jabetu: bertsoak ikasleengan emoziorik sortu
badu, ez da halabeharrez izango. Bertsolariak emozio hori sorrarazteko
antolatu zuen bertsoa, baliabide poetiko-erretoriko deitzen ditugun
estrategien laguntzaz baliatuz. Bigarren urrats honetan, emozioa
sorrarazi dion bertso(saio) horren estrategiak bistaratuko zaizkio
ikasleari. Ideia edo sentipen bakar bat adierazteko estrategia
txikietatik hasi, eta bertso bat baino gehiago hartzen dituen
estrategietara, ahozko komunikazioan maizenik erabiltzen diren
baliabideak azalduko dira, beti ere beren komunikazio-egitekoari
loturik.
Komunikatu beharraren zerbitzuan
jartzen da, beraz, teoria, edo, hala nahiko balitz, teoria praktiko
bat da guztiaren oinarrian dagoen ikuspegi psikopedagogikoa.
Ikuspegi honek erretorika (zaharra zein berria), pragmatika,
oralisten ikerketak, persuasioaren teoriak hartzen ditu oinarritzat,
guzti hori irakaskuntza aplikatzeko orduan marko teoriko berri
bat eratu beharrean aurkitzen bagara ere. Baliabideen sailkapen
formaletatik harantzago, ikasleak dituen behar espresiboei irtenbidea
emateko balio duten neurrian soilik erabiltzen dira aukeratutako
baliabideak.
- Jardun: bertsoaz gozatu eta gozamen hori eragin duten
estrategia eta baliabidez jabetu ostean, estrategia eta baliabideok
bertsozko ez diren beste jardunetan aplikatuko ditu ikasleak:
jendaurreko hitzalditxoak, irrati nahiz telebistarako berbaldiak,
debate-eztabaidak, eslogan publizitarioak eta gisako jardunak
osatuz. Lanketa hori guztia idatziaren laguntzaz egingo da hasieran.
Laguntza hori soilduz joango da piskanaka gero, eta azkenerako
inprobisazioa ere landuko da.
Aipatu hiru atalok metodologikoki
baino ezin dira bereiz, gozatzen ari denean bertsoaren egituraz,
bertan agertzen diren estrategia eta errekurtsoez jabetzen ere
ari baita ikaslea aldi berean. Eta estrategiez jabetzen joan
ahala hauek imitatzen eta beste esparru batzuetan aplikatzen
ere jardun beharko baitu.
Irakasleak metodologian prestaturik
daude jada, 1998/1999 ikasturtean GARATU programaren barruan
eskaini zaien ikastaro luze batetan parte hartu ondoren. Ikasleek
erabili behar dituzten lanketa-fitxak ere prestaturik daude,
nahiz eta berriak prestatu beharko diren prozesuak eskatzen
duenaren arabera. (AURKIBIDERA)
EGITASMO
METODOLOGIKO/DIDAKTIKO HAU ETORKIZUNERA BEGIRA
Adierazi beharra dago, era berean,
gaur egun Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) ohikoa den
hizkuntzaren eremuko planteamendu curricularrarentzat alternatiba
bat izan nahi duela proposamen berri honek. Hizkuntza bera izan
da eta da oraindik ere aztergai eskolatze-aldi horretan. Beren
ikasleak EGA ziurtagiria eskura dezaten prestatzen ahalegintzen
ari dira, nekez eta ahaleginez, DBHko eskola asko eta asko. Eskola-ordu
gehiegi eskatzen die eginkizun horrek beren ideiak eraginkortasunez
adierazteko zailtasun handiegiekin aurkitzen diren ikasleei.
Harreman eta komunikabide eraginkor eta aberatsa izan behar du
lehenik hizkuntzak, horretarako sortutako tresna baita. Eta,
ondorioz, helburu honen lorpena dago zihurtatu beharra. Tresna
egokia denean ekin beharko litzaioke hizkuntzaren azterketa gramatiko/
sintaktiko/morfologikoari.
Honek guztiak ez du zera esan
nahi, ordea, zuzentasun eta egokitasun gramatikalari eta besteri
garrantzirik eskaintzen ez zaionik. Oso bestela, hizkuntza adierazbide
moduan lantzen den neurrian eta horren zerbitzuan aztertu beharko
litzateke, gure ikuspegitik, tresna hori. Inolaz ere ez alderantziz.
Baina landu beharko litzateke; ez dugu hau ukatzen.
Datozen bi ikasturtetako saioaren
emaitzek adieraziko digute ahaleginak merezi izan duen ala ez.
Gu baiezkoan gaude. (AURKIBIDERA) Joserra Gartzia, Lontxo Oihartzabal,
UPV/EHUko irakasleak |