Zehazki ez daki noiztik den bertsolaria,
baina bere burua bertsolari atipikotzat jotzen du. "Pentsa,
nik sotana eta guzti kantatu izan dut" diñosku Amurizak
horren adierazgarri. Ondoren, sotana kendu, eta bertsolaritzan
murgildu zen burubelarri, XX. mendeko bertsolari garrantzitsuenetarikoa
izatera iritsi arte. Mendea bukatzear, bertsolaritza osasuntsu
ikusten du Amurizak, bere berbetan, bertsolaritza euskal esparru
guztietara heltzen baita gaur egun.
-Kanpotar bati nola azalduko zenioke zer egiten duen bertsolari
batek? Bertsolaria da, bat-batean
estrofa batzuk inprobisatzen eta kantatzen dituena. Bertsolaritza
ahozko tradizioaren barruan kokatzen da, eta Euskal Herrian ez
ezik, mundu guztian zehar egiten da. Guk euskaraz egiten dugu,
baina esan bezala ez da hemen bakarrik egiten.
-Zer dela eta hasi zinen bertsotan?
Ni bertsolari atipikoa izan naiz. Haurtzarotik gogoratzen dudanez,
gure aita oso kantaria eta jostaria zen, eta edozer kantatzen
zuen, bertso zaharrak bai gaztelaniaz zein latinez... Haurtzaroa
baso eta baserri giroan pasa nuen, eta gerra ondoko garaiak zirenez,
Bizkaia aldean ez zegoen bertsolaritzarako tradizio handiegirik.
Bertso jarriak ere irakatsi zizkidan aitak, eta baita Bizkaian
oso errotua zegoen koplagintza. Horregatik, koplagintzak afektiboki
gehiago hunkitu izan nau, umetatik jaso baitut. Koplagintza Bizkaian
tradizio indartsua izan da eta sustrai oso zaharretakoa. Horregatik,
kopla asko kantatzen nituen, eta tartean bertsoak ere bai.
Lehengo bertso saioa sei urterekin egin nuen baina zer egiten
nuen ez nekiela. Ondoren, 11 urterekin, fraile joan edo eraman
ninduten, eta gero handik seminariora. Beraz, 11 urtetik 24ra,
gure kulturarekiko basamortu bat pasatu nuen, internatu itxian
egon bainintzen. Bertsotan egiteko aukerarik ez nuen.
Jarraian abadetza etorri zen, hiru urte eta e rdi
egin nituen abade. Egia esan oso garai epikoa izan zen, nire
bizitzako unerik garrantzitsuena, bizia, indartsua. Abade talde
batek Gogor mugimendua sortu zuen, eta hor burubelarri sartu
nintzen. Mugimendu honek, nahiz eta minoritarioa izan, Bizkaian
bereziki oihartzuna izan zuen. Garai hartan noizbait aritu izan
nintzen bertsotan, baina ezagunagoa nintzen Amarotoko apaiza
izateagatik. Nik publikoan sotana eta guzti kantatzen nuen, eta
jendearentzat hori txoke izugarria izaten zen. Baina esan dezaket
orduan ez nintzela bertsolaria. Gero espetxea etorri zen. Zazpi
urte espetxean eta 35 urterekin atera nintzen berriro mundura,
1975ean. Espetxean bertso batzuk atera nituen, hiztegi errimatuari
buruzko ikasketa batzuk ere egin nituen..... eta hasi nintzen
nire burua bertsolaritzan ikusten. Abuztuan kartzelatik atera
eta hurrengo udaberrian, Gernikan, egin nuen debuta ikastolen
aldeko jaialdi batean. Gero 1980ko Euskal Herriko Bertsolari
Txapelketara aurkeztu nintzen. Nire lehenengo lehiaketa izan
zen, eta irabazi egin nuen.
-XX. mendeko bertsolaritzan
mugarritzat hartu izan zaituztete Txirrita, Basarri, Egaña
eta zu zeu. Amurizak zer aportatu dio bertsolaritzari? Modernotasuna
beharbada?
Bertsolaritzan nekazal mundua izan da nagusi. Ni neu ere nekazal
giroan hezi nintzen, baina ikasketak neuzkan, eta ikasketak eginda
dituen pertsona baten eta nekazal giroan bizi denaren erreferentziak
desberdinak dira. Nik bertsotan, adibidez, San Pedro eta Aristoteles
aipa nitzakeen, baina San Pedro nor zen mundu guztiak zekien
bitartean, Aristoteles ez zen ezaguna nekazal giroko jendearentzat.
Pentsa, jendeak tailerretan egiten zuen lan, baina erremienten
aipamenak gutxitan egingo ziren bertsolaritzan. Beraz, gaiari
dagokionez, ordurarte aipatzen ez ziren erreferentzia batzuk
sartzen nituela esan daiteke.
Horrez gain, teknika aldetik ere, aportazio batzuk egin nituen,
hiztegi errimatua egina neukan-eta. Bestalde, euskara batuaren
kontua dago. Nik Euskal Herriko Txapelketan batuaz kantatu nuen,
eta hori erronka handia izan zen. Euskal Herriko Txapelketa zenez,
denek ulertzeko batuaz egin behar nuela erabaki nuen.
-Euskara batuaren kontua aipatu
duzu. Gaur egun Bizkaiko bertsolari batzuek euskara batuaz edo
gipuzkeraz botatzen dituzte bertsoak.
Bizkaieraz edo mendebaldeko euskalkian hitz egiten dugunok, hasi
gara konturatzen astakeria handia egin dugula, kokoloegiak izan
garela. Batua, badirudi, mendebaldean bizi garenok hitz egiteko
bakarrik dela, zeren, askotan, guk bakarrik erabiltzen dugu euskara
batua. Haritschelhar euskaltzainak, adibidez, berea egiten du,
denek ulertzeko modukoa, baina berea. Gu batuaren alde gehiegi
entregatu gara, eta hori ondo egon da, baina euskalkia ez dugu
ondo tratatu, eta bizkaiera edo mendebaldeko euskalkia ez da
euskalki marginal bat, euskal hiztunen erdia mendebaldean bizi
da.
Pentsa euskalkia zein gaizki tratatu dugun, Bizkaiko Txapelketetan
ere euskara batua erabili dugula. Gertatu izan zait, bestalde,
Gipuzkoan baina bizkaieraz egiten den leku batzuetan, bizkaieraz
kantatu eta jendeari ez gustatzea. "Hik gure moduan egiten
dok" entzun izan dut, eta gipuzkeraz eginez gero, "horrela
hobe" esaten zidaten.
Baina gogoeta egin dugu, eta lortu dugu, azken txapelketan adibidez,
finalean gehienek bizkaieraz egitea. Garbi daukat, maila nazionalean
ari naizenean, batuaz egin behar dudala. Hala ere, hasi naiz,
Bizkaitik kanpo ere bizkaieraz egiten, baina bizkaiera jaso batean.
Bestalde, Bizkaiko gune batzuetan, Bilbon adibidez, euskaldun
berriak egoterakoan, batzutan batuaz egin behar izan dut, baina
hori ere gero eta gutxiago.
-Zelan ikusten duzu bertsolaritza
XXI. mendearen atarian?
Ondo. Bertsolaritzak lortu du euskal esparru guztietara heltzea.
Lehen, nekazal girora mugatzen zen. Adibide bat jartzearren,
lehen bertso saioa zegoen tokian land-rover mordo bat egoten
ziren aparkatuta. Gaur egun, berriz, aparkalekuan era guztietako
autoak ikus daitezke. Beraz, euskaldungoaren atal guztietan dago
ordezkaturik bertsolaritza. Bertsolaritza presente dago eskoletan,
unibertsitatean, kalean... Bertsolaritzaren gizarteratzea eginda
dago, eta alde horretatik bertsolaritza oso osasuntsu dago.
Emakumeen presentzia ere handituz doa, oraindik ez da hain handia,
baina nabarmenduz doa. Orain dela 20 urte, bertso eskolekin hasi
nintzenean, nahikoa lan egin behar izan genuen neskei plazara
irten zitezen animatzeko.
-Zerk izan du eragina bertsolaritza
atal guztietara zabaltze horretan?
Lan handia egin da, adibidez, bertso eskolek garrantzia izugarria
izan dute, bai eskolako orduetan zein eskola orduetatik kanpo.
1986an Euskal Herriko Bertsozale Elkartea sortu zen, eta horrek
ere bere lana egin du. Gainera, probintzi bakoitzean ere Bertsozale
Elkartea dago. Horrek guztiak eragina izan du.
-Komunikabideek
ere izango zuten zerikusirik?
Bai, baina komunikabideen bidez ez zara gazteengana heltzen.
Derrigorrezkoa da norbait eurengana joatea, eta eskolan lantzea.
Garbi dago bertsotan ikasi egin daitekeela. Kontu hau mitifikatuegia
egon denez, uste zen berezkoa zela eta bertsotan ezin zitekeela
ikasi. Baina azken finean bertsolaritza ez da hain zaila, niri
zailagoa iruditzen zait piano karrera egitea. Zentzu horretan,
pausu handiak eman dira eta iritsi gara hirigunerik hiritarrenera
ere. Adibidez, Bilboko udaletxeak liberatu bat dauka hango ikastetxeetan
bertsolaritza irakasteko. Esan daiteke, gaur egun, edozein eskolatara
heltzen dela bertsolaritza, horren kontrakoak ez badira behintzat.
-Bete al du sekula bertsoak
funtzio sozialik Euskal Herrian?
Funtzio soziala, ludikoa... Bertsolaritza hitzean oinarrituta
dagoenez, mezua kantua baino garrantzitsuagoa da. Hitz egiteak
funtzio soziala betetzen duen bezala, bertsolaritza ere komunikatzeko
era bat da. Azken finean zer da funtzio soziala betetzea? Jendea
dibertiaraztea, mezu bat helaraztea: politikoa, ironikoa, sentimenduzkoa,
garai batean erlijiozkoa...
Gerra ondoren, bertsolariak herriaren ahotsa ziren. Beno, herriaren
ahotsa esan zitezkeen gauzetan, baina egia da bertsolariak askotan,
inguru pribatuetagoan, esan ezin zitezkeen gauzak aipatzen zituela.
Frankismoaren azken urteetan ere, funtzio soziala eta politikoa
nabarmenagoak izan ziren. Garai epikoak ziren haiek, eta zerbait
polemikoa aipatuz gero, jendea izugarri berotzen zen. Nolabait
esateko, jendeak barruan zituen baina esatera ausartzen ez zen
sentimenduak publiko egiten zituen bertsolariak, eta hori garrantzitsua
izaten zen jendearentzat. Urte haietan Lopategi eta Azpillagak
izugarrizko eskea izan zuten, eta jendea joaten zen barruan zuena
bertsolariaren ahotan entzutera. Euren sentimenduak publikoki
adierazita ikustea, entzuleentzat garrantzitsua izaten zen.
-Eta gaur egun, betetzen al
du horrelako funtziorik?
Nik uste dut azken urteetan bagoazela funtzio hori pixka bat
berreskuratuz. Bertsolaritzaren gainean esan da politizatuegia
zegoela, eta horren aurrean, indarra hartu zuen bertsolariaren
helburua jendea dibertiaraztea zenaren usteak. Orain, berriro
ere, lehengora itzultzen ari gara, eta mezua indarra hartzen
ari da. Jendeari dibertiaraztea ondo dago, baina guk gure nortasuna
daukagu.
-Batzuek diote bertsolariak
kritikoa izan behar duela, zirikatzailea. Edo jendea dibertiaraztea
izan behar da helburua?
Kritikoa eta zorrotza bada, eta sentimendu batzuk baditu....
atera egingo zaizkio! Dibertiarazteko? Horretarako modu asko
daude, eta ez da derrigorrezkoa edozein tontokeriaz kantatu behar
izatea. Bertsoak entzutera doan jendeak ondo pasatu behar du,
baina zer da ondo pasatze hori? Horretarako txotxolekeriak esan
behar dira, gatzik gabeko gauzak? Hori ofenditzea ere bada. Guk
badakigu kritiko izanik ondo pasatzen. Bertsolaria ez da jendeari
barre eragiteko txontxongilo bat. Ondo pasatzea bai, baina balio
literario, estetiko batzuekin. Egon da bertsolaritza "txorrismora"
pasatuta, baina jendeak ez al du eskertzen sentimenduzko gai
bati bertso on bat botatzea?
-Bertsolariak oso pertsona
ezagunak zarete, eta edozein saltsatan ikusten zaituztegu. Hau
horrela izan da beti, edo gaur egungo fenomenoa da?
Komunikabideek asko indartu dute bertsolariaren irudia, baina
bertsolaria beti izan da popularra. Bertsolari bat edonon aurki
dezakezu, batez ere oso asekiblea delako. Bertsotan egiteko ez
da behar azpiegitura handiegirik, erraza da. Askotan, mikrofono
batekin edo hori barik nahikoa da. Bestetik, bada, esan behar
den edozer, bertsotan esanda hobeto dagoenaren ustea. Bertsoz
kantatuz gero, badirudi jendearentzako hobea dela. Populartasunarena
egia da, baina kontuan izan hori txikia den mundu batera mugatzen
dela. Hortik kanpora ez gaitu inork ezagutzen.
-Bertsolaritzak derrigorrezkoak
ditu euskarri modernoak, CD-ROMak, ikus-entzunezkoak...
Gaur egun dauden medioetara egokitzen ez bazara, desfasatua geratzeko
arriskua duzu. Bertsolaritza ez balego irratian, ez telebistan,
ez CD-ROMean, hutsune ikaragarria egongo litzateke.
-Gipuzkoako Txapelketa formula berriekin egin da. Herri artekoa
eta taldekoa izatera pasa da. Zein iritzi duzu formula berri
horren gainean?
Niretzat horrek ez du interes handiegirik. Beharbada ona izango
da taldetasuna eta elkartasuna bultzatzeko, baina horretarako
txapelketa bat egin behar izatea... Gainera gerta daiteke, finalera
heldu eta onenak atzean geratzea. Sakonean arrazoia zera da,
maila batetik gorako bertsolariek ez dutela banakako txapelketarik
nahi. Nire ustez, txapeketa, bertsotan behintzat, banakako lana
da. Baina maila batetik gorako bertsolariak ikusten du, txapelketetan
zer irabazi gutxi eta zer galdu asko duela. Bertsolaritzan dialektika
bat dago, berez norgehiagoka bat da, eta hori barik ez luke zentzurik
izango. Nik oso natural ikusten dut, hori modu arautu batean
behin edo behin txapelketa gisa egitea. Baina bakarka, zeren
horrela ikusten da nor zertarako den gai. Konpetitibitatea eta
antzerako arrazoiak erabiltzen dituzte, maila bat lortua izan
eta hori arriskuan jarri nahi ez dutenek. Beraz, txapelketak
norentzat? Beheko mailakoentzat. Baina horrek alderantziz beharko
luke izan. Umetan, lehia bigundu behar da, baina behin maila
batera helduta, orduan beharko lukete egin.
-Emakumearen presentzia handituz doala diozu.
Bai, hala dela uste dut. Orain dela 20 urte bertso eskoletan
hasi nintzenean, etsita ere egon nintzen. Ikusten nuen neskak
bertsotan hasten zirela, baina behin adin batera helduta, utzi
egiten zuten. Zorionez, hori bukatu da eta badira plazaz-plaza
dabiltzan emakumeak. Orain figurak falta dira, ez baitaude asko.
Batzuk badira, baina aurrera begira uste dut gehiago izango direla.
Euskal Herriko finalean egon da emakume bat, baina iritsiko da
eguna non zortzitik hiru edo lau emakumeak izango diren. Apur
bat itxaron beharko da, baina helduko da eguna.
Argazkiak: Maria Agirre
Euskonews
& Media 56.zbk (1999 / 11 / 26 - 12 / 3) |