Oraingoz, euskalari nagusien arabera,
euskara beste ezein hizkuntza bizi zein hilekin ez dago genetikoki
ahaidetuta. Baina egoera hori ez da, ez saiatzearen ondorioz,
euskararen etorki eta ahaideei buruzko proposamenak jada XVI.
mendetik daudelako. Geroztik euskararen ahaidetza Europako zein
beste kontinenteetako ia edozein hizkuntz familiatan bilatu da.
Mendebaldeko Europan dagoen hizkuntza ez-indoeuropear bakarra
denez, euskarak, hizkuntzalari akademikoenak zein hizkuntza arraroenganako
zaletuak erakarri ditu. Horren ondorioz, gai honi buruz dagoen
produkzio historiografikoa itzela da.
Teoriarik fantasiosoenak euskara,
eta minoera, etruskoa, piktoera, sumeriera, edo guantxearekin
loturak ezartzen saiatu dira. Azkenaldian, Ruhlenen proposamenekin
batez ere, euskara egungo beste hizkuntza uhartekin harremanetan
jartzeko ekimenak egon dira, hizkuntza ezezagun asko biltzen
dituzten superfamiliak osatuz. Ruhlenen euskal moldaketa Martinez
Lizarduikoak egin du. Dena den, euskara ahaidetzeko askosaz ere
saiakera interesgarriagoak egon dira, hala nola, euskara eta
europera zaharra zein indoeuroperarekin harremanetan jartzen
saiatu direnak. Euskararen
ahaidetze lanetarako gehien erabilitako hizkuntzak hauek izan
dira: euskara eta hizkuntza semitikoak zein kamitikoak, batez
ere iragan mendeetan landua; eta XX. mendean, euskara eta afrikar
hizkuntzak. Adb. H. Schuchardtek (irudian), euskara eta bereberea
harremanetan jarri zituen, zeren euskara berdin iberiera bazen,
eta iberiera Afrikatik bazetorren, euskararen jatorri zein ahaideak
han egon behar zuten. Euskara kaukasiar hizkuntza batzuekin edo
guztiekin ahaidetzeko ahalegina, azken mendeko joera da. Ustezko
kidetasun horren inguruan egindako lanak beste ezein hizkuntza
konparaketek baino maila hobeagokoak izan dira, euskalari garrantzitsuenak
berau landu dutelarik. Baina Mitxelenak, bi hizkuntzen arteko
antzekotasun corpusa aztertzean, hitz parekoen zerrenda kasuala
zela adieraziz, auzia itxi egin zuen.
Bukatzeko, nahiko historiografia
sendoa duen, euskara berdin iberiera, ekuazioa aipatu beharra
dago. Bien arteko lotura ezartzen saiatu zen lehenengoetarikoa
Poza (1587) izan zen, tubalismo teoriaren, edo hobe esanda, ideologia
politikoaren babespean. Tubalismoa, teoria ideologikotzat hartu
behar da, euskal oligarkia intelektualak, helburu juridiko eta
politikoekin, euskara ideologia baten sinbolo bihurtu zuelako.
Tubalismoan, euskara, hizkuntza babilonikotzat hartzen da, hau
da, Genesiaren arabera, Babeleko nahasketaren ostean sortutako
72 hizkuntzatariko bat da, eta Tubalek, Jafeten semeak, Iberiar
Penintsulara ekarriko zuen. Ondorioz, bi tradizio bibliko nahasten
dira, batetik hizkuntza babelikoena eta bestetik tubalikoa. Bestalde,
penintsularen populatzea azaltzen duen Tubalen teoriari, euskokantabrismo
ideologia gaineratzen zaio, hau da, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko
probintziak, Kantabriar lurraldeekin lotuz, erromatarren zapalkuntzari
aurre egin zioten lurralde garaitu ezinak izan zirela.
XX. mendearen erdialdeaz geroztik,
W. v. Humboldtek (1767-1835) -irudian- proposatutako teoriari
Caro Barojak vascoiberismo
izena jarri zion, gerora erabat arrakastatsua izan den izendapena.
Euskoiberismoa, tubalismoaren jarraitzailea izan zen arlo askotan,
eta aldi berean, berritzailea
beste horrenbestetan. Euskoiberismoak tubalismotik mailegutan
jasotakoa honela labur daiteke: batetik, aintzinatasunaren kontzeptua,
bai hizkuntzarena baita biztanleena ere, bestetik metodoa, aintzinateko
toponimoen etimologian oinarrituta, XVI. mendeko apologistek
jada erabiltzen zutena. Berriz, euskoiberismoak tubalismoa berritzen
du, euskarari jatorri babelikoa ukatzen dion heinean, eta metodologikoki
konparazio bidezko ikerketetan oinarritzearekin batera, euskararen
azterketa linguistikoa, mitotik zientziaren aurreko atarira igarotzen
delarik.
XX. mendeko euskoiberismoak denetariko
ordezkariak izan ditu; zoroak (Cejador de Frauca), serio itxurakoak
(P. Beltran, D. Fletcher,
), baina denak arras gaindituta
gelditu direnak ikerlari kritikoen lanei esker, (Mitxelena, Tovar,
Caro Baroja, Untermann). Dena den 1985etik aurrera, oraindik
argi ez dagoen arrazoi batengatik, inoiz erabat baztertuta egon
ez den euskoiberismoa indarberrituta azaleratzen da autore hauen
eskutik: Edelmio Zamanillo -Lectura y traducción
de la lengua de los iberos, (1988)-, Roman del Cerro
-El desciframiento de la lengua ibérica, (1990)
eta El origen ibérico de la lengua vasca, (
),
(1993)- eta Jorge Alonso. Banan-banan azter dezagun bada
egile bakoitza.
Zamanillo, idazle euskoiberista baino, grekofiloa
da. Coguleko elebidunean oinarrituz, eta Gomez Morenoren signarioa
behar bezala moldatuz, zera ondorioztatzen du: hasieran euskara
eta iberiera bateratuta zeudela, eta aintzin hizkuntza honen
garapen maila grekera zaharrarekin konparatu daitekeela. Baina
greziar kolonizazioaren ondorioz batasun hori apurtu zen, bi
adar bereiztu zirelarik; bata euskara berarena, eta bestea, iberierarena.
Honela iberiera, euskara eta grekeraren arteko harremanen ondoriozkoa
izango litzateke. Hizkuntzon bilakaeraren hipotesi hau zenbait
testuren azterketan oinarrituko litzateke; Botorritako brontzea,
Liriako zeramika gaineko esgrafiatuak, Cabeço das Fraguas-eko
inskripzioa, Yatova,
-. Hau da, hizkuntza indoeuropar eta
ez-indoeuroparrak dituzten testuak nahastu ditu, hizkuntza ez-indoeuroparrak
direnetaz ezer esateko. Bere milaka akats linguistiko eta historikoak
alde batera utziz, Zamanilloren grekera eta iberiera harremanetan
jartzeko asmo hori ez da doakoa, autorearen xedea zera baita,
momentu historiko hartako kulturarik zibilizatuenarekin, helenikoarekin
alegia, iberiar mundua parekatzea, bere maila berdinera igotzeko.
Zamanillok, penintsulako adierazpen kultural guztiak sistematikoki
izaera greziarra dutela dio. Batetik, hizkuntza mailan, iberiera
eta euskara grekerarekin ahaidetuta daude, bestetik, antolakuntza
politiko mailan, kleros itxurako erakunde greziarra ba omen dago;
iberiarrek greziarrak berezkoa omen duten izaera "demokratikoa"
dute, eta erlijio mailan Olimpo iberiko bati buruz hitz egin
daiteke. Beraz, iberoak, Espainiako biztanleak, greziarrak beste
garatuta badaude, orduan, aintzinaroan Espainian bilakatutako
kultura ere garatua eta handia izango zen greziarraren antza
zuen heinean. Era honetan iberierak euskararekin duen harremana
gai kolaterala baino ez da, Espainiaren batasun originala oinarritzeko
balio duena. Aintzin Espainia batu horrek, loraldia bizi izan
zuen, harik eta erromantarrak heldu arte.
Roman del Cerroren lan biek oihartzun handia izan dute
zenbait egunkaritan, nahiz eta akats mordoa duten. Egia esan,
bere teoria euskoiberista, beste hiru autoreena baino hobeto
planteatuta dago, baina hala ere bere proposamenak aiza errefusa
daitezke. Roman del Cerro ez da Valentzia aldean euskoiberismoa
aldarrikatu izan duen bakarra. Valencianismoa defendatu dutenak,
hau da, Valentziako hizkuntzak katalanarekin zerikusirik ez duela
aldarrikatzen dutenak, euskoiberismoa landu dute bereizketa hori
frogatzeko, -horren adibiderik argienak P. Beltran eta D. Fletcher
dira-.
Jesus Berguari buruz ezer gutxi esan daiteke, bere
signario basicoak ez baitu irakurketa fidagarririk ematen; metodoaren
zientifikotasuna oso eztabaidagarria baita; euskara eta iberiera
parekatzeko orduan behar diren adaptazioak egitea zilegi dela
esaten baitu; linguistika mailan, hainbat hankasartze baititu;
anakronismoak baitarabiltza -adb. España hitza .SPANE.
hitzaren eratorria litzateke-; etabar. Euskoiberismoarentzat
J. Berguaren lanek ekarpena baino kaltea suposatzen dute.
J. Alonso euskoiberistarik oparoena da. Hainbat
obra idatziz aurrerromatar garaiko penintsularen ikuspegi ez-ohikoa
eskaintzen du. Antza denez, iberiera, tartesiera, etruskoa, eta
minoera deszifratzea lortu omen du. Arnaiz Villena Madrilgo Unibertsitate
Complutenseko katedratikoarekin batera idatzitako liburua, bere
libururik ezagunenetarikoa izan da: El origen de los vascos
y otros pueblos mediterráneos (1998). Elkarlan hau
jokaldi bikaina izan da, ale ugari saltzeaz gain, eta irizpide
kritiko gabeko egunkarietan oihartzun handia lortzeaz gain, tesi
euskoiberista garai "modernoetara" moldatzeko saiakeratzat
har daiteke eta. Euskoiberismoaren eguneratze horren ondorioz,
jada iberiera berdin euskara binomioak, orain trinititate itxura
hartu du, hots, iberiera-tartesiera berdin euskara, berdin geneak
(HLA haplotipoak). Arnaiz Villenak, Cavalli Sforzarekin bat eginez,
hizkuntzen arteko harremana geneetan ere isladatzen dela defendatzen
du. Aldiz, P. Sims Williamsek, genetika eta linguistikaren elkarrekikotasuna
oraindik frogatzeko dagoela erakusten du. Bere ustez, hizkuntza
jakin bateko etnia, gene eta hizkuntzaren arteko koerlazio erregularrak
aurkitzea ez da lortu oraindik.
Beraz, euskoiberistek maila akademikoan
ez dute oihartzunik, zientifikoki ez dutelako inolako ekarpenik
egiten. Akademiak autoreon lanak ez ditu barneratu, akatsez beteta
daudelako, eta inongo baliorik ez dutelako. Hasteko, edo ez dute
metodorik, edota edukita ere, metodoak ez du diskriminadorerik,
honela edozein iberiar hitzi euskal baliokidetasuna ematea posiblea
delarik. Batzuk, metodoa baino jokabide estereotipatua agertzen
dute, edozerk euskal itxura du, beronen frogapenerako hitzak
edozein modutan zatitzen dira, eta edozein etimologia absurdu
dute. Bestalde, aipatutako euskoiberistak, -Roman del Cerro ezik-,
formazioz ez dira linguistak, gaiaren inguruko zaletu autodidaktak
baino. Honela, euren ezjakintasunak euskara zein iberieraren
sintaxi eta morfologia gabezia aldarrikatzera daramatza. Horregatik,
euskara eta iberieraren arteko harremana maila semantikoan bakarrik
frogatzen dute. Baina hor ere huts eginez, euskararen linguistika
historikoa ezagutzen ez dutelako, eta latinezko edo are txarragoa
dena, erromantzetik euskarara mailegatutako hitzak iberiera jatortzat
hartzen dituztelako. Dena den, hau guztia ez litzateke gertatuko
baldin eta oinarrizko bibliografia ezagutuko balute (Mitxelena,
Tovar, Untermann, De Hoz, Gorrochategui,
). Hala ere, salbuespen
bat badago, euskarazko hiztegiak "behintzat" ezagutzen
dituztelako, Azkuerenak batez ere. Beraz, egungo euskoiberismoaren
ordezkarien ekarpenak euskara eta iberieraren arteko auzian hutsak
dira, edozein ikuspegitik behatuta ere.
Kasualitatez, edo agian ez hain
halabeharrez, Mitxelenaren ikerketen ondotik, euskaldun hizkuntzalari
garrantzitsurik ez dago euskoiberismoa defendatzen. Batzuk, jarrera
hau arrazoi politikoengatik dela esan dezakete, baina zein euskal
hizkuntzalarik ez luke nahiko euskara beste hizkuntzaren batekin
ahaidetzea! Orain arte erabilitako barne berreraiketa bidezko
informazio iturria beti ere mugatua baita, eta euskarak beste
hizkuntzaren batekin -bakarra balitz ere- harremanik balu, hizkuntzalariak
pozik leudeke. Hala ere, euskarak beti bezain isolatua jarraitzen
du, eta onargarria den harreman genetiko bakarra duela 2000 urteko
akitaniera da, oraingoz euskararen arbaso argiena eta bakarra.
Karmele Artetxe
Sánchez, Historian lizentziatua eta Eusko Ikaskuntzako
kidea |