Ana Maria Freire Araújo, "Nita",
Paulo Freire brasildar pedagogo handiaren alarguna da. 10 urte
eman zituen Freireren ondoan, 1997ko maiatzean Paulo zendu zen
arte. Historiagilea izateaz gain, "Nitak" irakaskuntza
doktoretza egin zuen Sao Pauloko (Brasil) Unibertsitate Pontifizioan.
Berak, Freirek idatzitako azken liburuetan parte hartu zuen.
Maistra lanetan ere, jardundakoa da. Alde horretatik, "Nitak"
bat egiten du bere senarraren eredu pedagogikoarekin. Paulok
legez, "Nitak" irakaskuntzaren ezaugarri politikoa
nabarmentzen du. Euskal Herrian, zenbait irakaskuntza zentrok
Paulo Freireren ildoari jarraitu diote, AEK helduen alfabetatze
koordinakundeak eta Gasteizko EPA helduen heziketarako zentroak,
besteak beste. Irakaskuntza izan dugu hizpide elkarrizketa honetan.
-"Paulo
Freireren ekarpenak" Freirek idatzitako azken liburuaren
euskarazko itzulpena aurkeztera etorri zara. Liburuak, egilearen
hainbat ideia zahar berreraikirik aurkezten ditu. Zein da liburuaren
mamia? Liburuak irakasle
baten ezagutza biltzen du. Irakasle oro, ezagutza batean oinarritzen
da irakasteko. Liburu honek, Freire, aurrerakoia zen irakaslearen
jakintza ezagutzera ematen du. Liburuak hiru atal ditu. Lehendabizikoan,
irakastearen baldintzaz hitz egiten da. Bigarren atalak, irakaskuntza
"bankarioaren" eta irakaskuntza freirearraren ezberdintasun
nagusiak biltzen ditu. Azkenik, hirugarren atalak, irakastearen
giza berezitasunaren berri ematen du.
-Zeintzuk dira irakasle
"bankario"aren eta irakasle aurrerakoiaren arteko ezberdintasun
nagusiak?
"Bankarioek" ez bezala, irakasle
aurrerakoiek aditzen dakite. Hori oso garrantzitsua da, bai norberarentzat
eta baita ezagutza teorizatzeko ere. Pauloren teoriak ekarpen
berritzailea du: aditzen jakitea. Berak aditzea eta entzutea
ezberdintzen zituen. Entzuten duzunean, gero entzundakoari buruzko
oroipen bat duzu, baina oroipen arina da. Aldiz, aditzen duzunean,
aditutakoa barneratu egiten duzu. Beraz, aditutakoari buruzko
kontzientzia hartzen duzu, hau da, solaskidearen nahiak eta beharrak
zeureganatzen dituzu. Ondorioz, horrenganako maitasuna eta elkartasuna
garatzen dituzu. Paulok aditutakoari buruzko hausnarketa egiten
zuen, ondoren jasotakoa sistematizatu eta idazteko. Prozesu guzti
hori ez da egiten entzute soilarekin. Horretarako aditu beharra
dago. Pedagogia freirearraren zutabe nagusia elkarrizketa da.
Zeregin horretan aditzen jakiteak berebiziko garrantzia du. Guztia
da elkarrizketagai, jakintzagai. Objektua, edozein izanik ere,
hor dago ezagutu dezagun. Finean, gure ustez, irakastea ez da
ezagutza transferitzea, baizik eta, ezagutza ekoitzi eta eraikitzeko
bideak jartzea.
-Ezagutze prozesuan gizakion
jakinmina behar beharrezkoa dela zioen Freirek... Jakinminak esperimentatzera
eramaten gaitu, eta esperimentatzetik ezagutzara iristen gara.
Jakinminik gabe ez dago ezagutzarik. Horrez gain, jakinmina berezkoa
da eta beraz, bilakatu egin behar da epistemologikoa bihurtzeko.
Prozesu horretan, irakasleak alaitasuna piztarazi behar dio ikasleari.
Normalean ikastetxeetan ukatu egiten zaio alaitasuna irakasleari.
Horrek guztiak ikastetxetik urruntzen du. Nire ustez, ezagutza
guztiek alaitasuna dakarte. Haatik, gehienetan ez da hori lortzen.
-Milurteko berriaren atarian,
zein eredutan oinarritu beharko litzateke pedagogia? Filosofia modernotik
datozen eredu pedagogikoak egun ez dira eraginkorrak. Ezta postmodernismotik
edan duten ereduak ere. Azken horiek deshumanizatzaileak dira.
Gizonezkoak zein emakumezkoak gizakiak dira, eta gizakiok etika
bat dugu, desioak, nahiak ditugu. Horiek guztiak giza ezaugarriak
dira. Gaur egun nagusi diren pedagogia ereduek ez dituzte giza
beharrak kontuan hartzen. Horiek kapitalismoaren merkatuaren
beharrei erreparatzen diete bakarrik.
-Beraz, irakasleek, irakasteko
orduan, materialismotik urrundu eta giza beharrak aintzakotzat
hartu behar dituzte. Horixe da, hain zuzen, pedagogia aurrerakoiaren
mamia.
Bai, horretan dago gakoa. Nire ustez, heziketak
hausnarketa batera eraman behar gaitu, horrela gizakion arteko
elkartasuna uztartzeko. Nagusitu den irakaskuntza teknizismoari
estu lotuta dago. Nire ustez, eredu hori pedagogia aurrerakoiarengatik
ordezkatu behar dugu. Horrek gizonezko zein emakumezkoak hezi
ditu, elkartasunean, duintasunean...Ez dugu onartzen itxaropen
eza edo etorkizun eza uztartzen dituen heziketa, hots, oraina
betikotasunari lotzen duena. Nire ustez, guzti hori kontraesan
bat da, paradoxa. Modernista edo postmodernista zarenean mekanizista
zara. Ildo horretan, Marx-ek zioen etorkizuna proletarien diktaduratik
abiatuta eraikiko zela. Komunismoak zioen guztia guztiona izango
zela. Hala ere, hori ere pentsamendu mekanizista zen. Nire ustez,
mekanizista izateagatik pentsamendu modernoa ukatzen duen pentsamendu
postmodernoak, beste mekanizismo batera jauzi egiten du. Azken
hori bestea baino kaltegarriagoa da, itxaropena eta historia
ukatzen baititu. Postmodernismoaren arabera, etorkizuna oraina
bezalakoa izango da. Nik ez dut sinesten horretan, izan ere,
nire ustez, gizakiok ez gara perfektoak, bukatugabeak gara. Horrek
guztiak jakinmina piztu eta etorkizunari begirako egitasmo bat
eraikitzea ahalbidetzen du. Helburua mundu hobeagoa eraikitzea
da. Irakaskuntzak munduan eskuhartzeko eta gaizki dagoena eraldatzeko
bidera garamatza.
-Nagusitu den irakaskuntza
eredua oso arriskutsutzat jotzen duzue, utopia eta munduaren
bilakaera baztertu, injustiziak sortu eta natura suntsitzen duelako,
besteak beste. Krisialdia bizi al dute sozio-kulturaren eta sozio-heziketaren
esparruek? Bai, zalantzarik
gabe. Zerbait amaitzen denean krisialdia dator. Ezerk horrek
ez badio errealitateri erantzuten, krisialdia jasaten ari den
seinale. Hori bai, sarritan krisialdiaz hitz egiten dugunean
apokalipsian pentsatzen dugu, eta hori ez da horrela. Krisiak
aurrera egitera eramaten gaitu. Neoliberalismotik sortu den globalizazio
ekonomikoa da krisialdiaren erruduna. Zein izan daitekeen konponbidea?
Ezin dugu komunismoa indarrean jarri, ez dugulako bat egiten
Sobietar Batasuneko soziokultura eta ekonomia ereduekin. Ezta
sozialdemokraziarekin ere, pertsonak gehiegi babesten dituelako,
eta guk asintenzialismoari zenbait akats ikusten diogu. Protekzionismoarekin
bukatu behar dugu. Bakoitzak prebisioak egin, eta etorkizunari
begira garatu behar da. Azkenik, kapitalismoak pertsonengan uzten
du erantzunkizun guztia. Pedagogia postmodernoa bakarrik formakuntza
tekniko-profesionalean oinarritzen da. Ondorioz, irakaskuntzaren
xedea ikasle lehiakorrak hezitzea da. Haurrek onenak izateko
ikasten dute, eta ez besteenganako elkartasuna garatzeko. Nire
ustez, horrek ez du formatzen, baldintzatzen baizik. Formatu
hitzak esanahi zehatza du: pertsona bat bere eskubide eta eginbeharrei
txukun eusteko haztea. Formakuntzaren zutabe garrantzitsuena
etika da. Egungo pedagogia ereduek, ordea, giza-etika etika-ekonomikoarengatik
ordezkatu dute.
-Finean, zein baloreri
eutsi behar die irakaskuntzak? Itxaropena oso garrantzitsua
da guretzat. Ez gara nihilistak, derrotistak. Egun hobeak iritsiko
direlakoan gaude. Etnia, kultura eta sinesmen ezberdinekiko eta
pertsonarenganako errespetoa bultzatzen dugu. Irakaskuntzan,
etika behar beharrezkoa da, hau da, ez gara arraza, jenero eta
klaseen ezberdintasunean oinarritzen den diskriminazioaren aldekoak.
Horrez gain, gure ustez, munduko pertsona guztiek duintasunean
bizi-irauteko bitartekoak eduki behar dituzte. Mundu zabaleko
pertsona guztiak elikatzeko adina janari dagoen arren, franko
gosez hiltzen da. Beste balore batzuk ere jorratu beharko lirateke:
tolerantzia, besteenganako elkartasuna, ikaslearenganako maitasuna,
kontzientzia kritikoa, bereizketaren baztertzea, koheziketa,
ikaslearen autonomia eta abar.
-Nolakoa da zure ametsetako
eskola? Lehen harritzarrez
eginiko hesiez inguraturik zeuden eskolak, eta haurrak hesi horien
barruan bizi ziren. Haurrek ez zuten inolako harremanik hesi
horietatik kanpoko munduarekin, izan ere, ziotenez, kanpoko mundua
oso arriskutsua zen. Beraz, haurrak purutasunean hezi behar ziren,
aurrerago kanpoko mundua aldatzen saia zitezen. Mende honetako
50. hamarkadara arte, eskola horrelakoxea izan da. Zorionez,
pixkanaka hori aldatzen joan da. Edonola ere, oraindik, eskola
gehienetan munduan eta gizartean gertatzen dena mahaigaineratu
gabe uzten da. Hau da, hesi intelektualak oraindik hortxe dirau.
Egun, ikasleek liburu bat hartu eta buruz ikasten dute, ikasitakoa
ulertu gabe. Horrek ez du inolaz ere ezagutza hazten. Horixe
da irakaskuntza "bankarioa". Eskola mota horrek ez
du askatasunaren bidea hartzeko aukerarik ematen. Gainera zigorrak
erabiltzen ditu eta haurrak beldurtu. Haurrak alaitasuna eta
segurtasuna sentitu behar ditu. Hargatik, irakasteko metodoei
dagokienean, bitarteko elektronikoen aldekoa naiz, horien bitartez
ikasleek ikasteko prozesuan gozamena sentitzen baitute. Horrez
gain, norberak bizitzan zer egin nahi duen, eta nahi duena egiteko
zein aukerak dituen jakin behar du. Eskolak haurren eta gurasoen
arteko elkarrizketa bideratu behar du. Aldez aurretiko inposaketa
ez da batere ona.
-Nolakoak dira irakasleen
eta ikasleen arteko harremanak? Gure eskoletako irakasleak
eta ikasleak postmodernisten eskoletakoekin alderatuta, ezberdinak
dira. Irakaslea eta ikaslea ez dira antagonikoak. Bata ez da
bestea baino gehiago, ez da ezberdintasun hori ematen. Gainera,
irakasleak ez dira autoritarioak. Hala ere, bere bizipenak direla
eta, bere ezagutza dela eta, irakasleak autoritatea eduki behar
du. Baita diziplina ere, irakasteko. Hala ere, gure eskoletako
irakaskuntza ezin da gogorra izan, malgua baizik. Bestalde, irakasle
aurrerakoiek baldintza batzuk bete behar dituzte: gaitasun profesionala,
bihotzabaltasuna, konpromezua, askatasuna, elkarrizketarako prestutasuna,
hezigaienganako maitasuna eta errespetua eta abar. Irakaslearen
prestakuntza zientifikoak bat etorri behar du bere zuzentasun
etikoarekin. Hezitzaileek zein hezigaiek ezin dute zorroztasun
etikotik ihes egin.
 Ezkerretik eskuinera, Paulo
Freire, Arantxa Ugartetxea
eta Ana María Freire Araújo
-Zeri begiratu behar zaio
ikasgaien antolakuntza osatzeko orduan? Ikaslea etorkizunean
autonomoa izateko beharrezkoak diren ikasgaiak jorratu behar
dira. Garrantzitsuena ikaslearen gaitasuna garatzea da, erabakiak
hartzeko gai izan dadin. Dena dela, ezin ahaztu, irakaskuntza
formakuntza tekniko, zientifiko eta profesionalaz gain, ametsez
eta utopiaz baliatu behar dela. Irakaskuntzak hainbat diziplinetatik
edan behar du: etika soziala, soziologia, artea, historia, geografia...
Ikasgai horiek mundua ulertzen laguntzen dute. Behin, nire ikasleek
beste irakasle batekin izandako esperientzia aipatu zidaten.
Ikasleek jazotako gertakizun bati buruz galdetu zioten. Honako
erantzuna jaso zuten: ez dugu horretaz hitz egingo temarioan
sartzen ez delako. Behartu aditzaren sintaxia aztertzea dagokigu.
Ikasgaiek tokian tokiko testuinguruari eta gugan eragina duenari
lotu behar zaie. Dena dela, zientziak irakasten direnean, derrigorrez
munduaren errealitateari eta horren beharrei erreparatu behar
zaie. Esaterako, hemengo ikastetxeetan euskal identitatea jorratzeko
euskal gaiez hitz egiten bada bakarrik, akats handi baten aurrean
egongo ginateke. Beste erreferenteak behar dira: Euskal Herria,
espainia eta frantziar estatuak, Europa eta mundua. Horiek guztiak
kontutan hartuz ulertuko da hemen gertatutako zapalkuntza. Euskal
eskolak munduari eta beste kulturetako ezagutzari zabaldu behar
dizkio ateak, konparaketak egin ahal izateko. Irakasten ditugun
edukiekin lan egiteko eran, gurekin ados ez dauden autoreak aipatzen
ditugu. Ezin dugu autore baten kritika egin haren obra gainetik
irakurrita.
-Irakaskuntzak munduari
ezezik bestelako gaiei ere erreparatu behar die: hizkuntza, kultur
identitatea eta nazioaren errealitatea, besteak beste. Euskal
eskolari dagokionean, nola egokitu nazioaren errealitateari berez
nazio izatea ukatzen badigute? Hemen arazo handia
duzue. Argi dago zuek zuen identitatea duzuela, baina Espainia
eta Frantziari lotuta zaudete, eta beraz, lurralde horietako
beste etnia eta kulturei. Euskal naziotasuna eskatzen duzue baina
espainiar edo frantziar naziotasuna duzue. Arazo korapilotsua
da, izan ere, populazioz Espainia eta Frantzia Euskal Herria
baina askoz handiagoak dira. Hemen, Brasilen ez bezala, arazo
etnikoa bat duzue. Erreparatu diezaiogun Brasilgo etnien adibideari.
Han txuriak eta beltzak nahastuz joan dira. Hala ere, etnia talde
batzuk, guztiz isolatuta bizi dira. Oso gutxi izan arren, horiek
ez dute zibilizazioan sartu nahi, beren herrietan bizi nahi dute,
oihanean. Brasilgo komunitatearekin harremanetan jartzean, beren
ohiturak eta beren kultura zapaltzen ari dira. Edonola ere, portugaldar
kolonizazioak tolerantzia handiagoa izan zuen talde etniko horiekiko,
espainiar eta frantziar estatuek Euskal Herriarekin izan dutena
baino. Beraz, Brasilen talde batzuk eta besteak ez dira hain
ezberdinak sentitzen. Arazoa ezberdina da. Hango arazo nagusiena
klaseen arteko ezberdintasuna da. Mutur batean aberatsak daude,
horiek gutxi batzuk baino ez dira. Beste muturrean, berriz, populazioaren
gehiengoa dago, txirotasunean bizi dena. Hori da gure arazo nagusiena.
-Irakaskuntzak nola heldu
beharko lioke auziari gure kultur identitatea gordetzeko, gure
hizkuntzak bizirik irauteko, eta finean, aurrera begira, euskal
hiritartasunaren alde egiteko?
Paulok zioen irakaskuntzak aldaketaren
sortzaile izan behar zuela. Beraz, euskal irakaskuntzak euskal
identitatea eta euskara izan behar ditu zutabetzat. Horiek gai
sortzaileak dira. Haurrak txikitatik gai horien inguruan hezitzen
baditugu, orduan beraiek euskaldunak espainiar eta frantziar
estatuen eraikuntza historiko baldintzatuaren produktu direla
jabetuko dira. Hemen, herriari galdetu gabe, Euskal Herria bi
herrialde ezberdinen artean banatu zuten: Frantzia eta Espainia.
Beraz, kontzientziatze lan horretan sakondu beharko litzateke,
horixe baita euskal eskolaren gai sortzaile nagusia. Zer da identitatea?
Dantza, musika, hizkuntza, izaera...guzti horiek osatzen dute
identitatea, eta identitatea mundua irakurtzeko modu bat da.
Ni brasildarra naiz, eta brasildarra izanik, modu batera irakurtzen
dut mundua. Zu, berriz, euskalduna zara eta euskaldun erara irakurriko
duzu mundua, euskalduna izatearen kontzientzia duzulako. Hori
guztia dela, herriaren nahiari lotutako eskola publikoa antolatu
beharko litzateke. Jakina, ezin ahantzi eskola publikoa zuzena
izan dadin egindako lanean, gobernuek zeregin handia dutela.
Zentzu horretan, argi dago gobernuek ezer gutxi egiten dutela
eskola publikoaren alde. Beraz, udal guztiek lan ikaragarria
egin behar dute eskola publikoa euskal identitatearen inguruan
eraikitzeko, batik bat lehen hezkuntzan eta aurre eskolan. Eskola,
hiritartasuna zehazteko eta hiritartasuna praktikan jartzeko
gune garrantzitsuena da.
-Kontzientzia hartze hori
gauzatzeko modua dela eta, ez al da askotan estatu zapaltzailearen
aurkako jarrera ez-egokia sortzen? Gai sortzailea euskal
identitatea bera mantentzea izango litzateke, baina horrek ez
du esan nahi espainiar eta frantziar estatuekiko gorrotoa bultzatu
behar denik. Kontua da euskal identitateari estu lotutako indar
sendoa lortzea. Horrek etorkizunari begira, euskal subirotasuna
lortzeko aukera emango du. Baina, Paulok zioen bezala, bide egokia
ez da zapaldua izatetik zapaltzailea izatera igarotzea. Gauzak
horrela egiten badira sumisio batetik ateratzen zara bestea sumisiopean
uzteko. Beraz, hori ez da bide egokia. Jarrera erreakzionario
bat jorratzen baduzu, sekula ez duzu askatasuna ezagutuko, zapalkuntzak
jarraituko duelako. Zapaltzaileak ez du ez identitaterik ez idealik.
Bere jardunaren helburua bestea zapaltzea, itotzea da. Zapalduak
daudenekin nago, edonola ere, ez dut ezeren izenean, bortizkeria
onartzen, indarkeriak ukatu egiten baitu etika unibertsala deritzona.
-Euskara euskal identitatearen
euskarri garrantzitsuenetakoa dugu. Hala ere, euskara gaztelera
eta frantsesarekin alderatuta bigarren mailako hizkuntza dugu
oraindik. Zer egin? Ez dut euskal auzia
azaletik baino ezagutzen. Edonola ere, argi dago euskal identitatea
ezin dela diskriminaziotik abiatuta sortu. Beraz, euskararekiko
maitasuna eta errespetua bultzatu behar dira. Euskara hizkuntza
bat da, zuen hizkuntza, baina horrek ez du beste hizkuntzak baino
gehiago ez gutxiago balio. Euskara euskal sentimendua adierazteko
tresna ederra da. Zuen hizkuntzaren egoera ez-normalduak zapalkuntzaren
egoera historikoa azalaratzen du. Beraz, euskara ikasten hasten
denak hizkuntz zapalkuntzaren kontzientzia eduki behar du. Kontzientzia
horrek nagusi den botere soziolingistikoaren garapenaren aldeko
aukera egitera eramango du ikaslea, haurra zein heldua izanik
ere. Aurrerago hasierako helburu kontzientziatzailea motibazio
elementu eragile bilakatuko da.
-Hego Euskal Herriko ikastolek
eredu pedagogiko eraikitzailea hartu dute. Dekroly, Freinet,
Piaget, Freire eta Kilpatrick pentsalarien ezagutzatik edan da
heziketa moduak osatzeko orduan. Tolerantzia, bakea, justizia,
berdintasuna, harreman naturalak...horren guztiaren aldeko irakaskuntza
jarri da abian. Bide onetik al gabiltza? Helburu nagusia formakuntza
etikoa bultzatzea da, ongizatea lortzeko. Ez dakit zehatz mehatz
nolakoa den hemengo irakaskuntza. Dakidana da, herrialde
garatuetako jende askok uste duela 3. Munduko pertsonak alperrak
eta lapurrak direla, ez direla zintzoak. Beraz, hori ez da etikoa.
Gutako asko bai garela horrelaxekoak, baina ez gara ontologikoki
horrelakoak, zerbaitek horrelakoak izatera eraman gaitu. Zerk
eraman gaituen horretara? Herrialde garatuek 3. munduekiko eragin
duen zapalkuntzak. Nire ustez, oro har, herrialde garatuek krisialdi
etikoa bizi dute, zeren eta indarrean dagoen eredu politiko-ekonomiko-soziala,
demokrazia delakoa, ez da etikarekin kezkatzen. Etika pertsonen
berdintasunean datza, sexua, arraza, klasea, sinesmenak, hitz
egiten den hizkuntza... edozein izanik ere. Munduko herri guztiak
errespetatu behar dira. Beraz, ezin dugu onartu Kosovon, Kuban,
Granada uhartean edo Ertamerikako herrialde askotan gertatzen
den zapalkuntza. Hori guztia onartzen duen irakaskuntza krisialdian
dago.
-Xabier Garagorri Euskal
Herriko Ikastolen elkarteko pedagogia burua, eta EHUko irakasleak
diotenez, irakaskuntza gizartearen ispilua da. "Irakaskuntza
gaixo badago, gizartea gaizki dabilen seinale". Dioenez,
aldaketa politiko eta ekonomikoek eragin handia dute irakaskuntzaren
bilakaeran. Dena dela, herrialde garatuetan oraindik bada, aldaketa
hirugarren munduan eman behar dela uste duenik... Herrialde garatuetako
herrialde aberatsenak biltzen direnean, 3. munduko herrialdeek
ekonomia eta sozio-kultura ereduak aldatu behar dituztela diote.
3. munduko herrialdeak, ordea, ezin aldatu dabiltza horretarako
baldintza egokiak ez dituztelako.Aldaketa bien artean landu beharko
litzateke. Inork ez du txirotasuna berez aukeratzen, hori inposatu
egiten da. Zapaltzaileek zapaltzaileari inposatzen dio, hau da
bera zapaltzetik aberasten denak. Eta zein da zapaltzailea? Herrialde
garatuak eta beren eredu ekonomiko soziala, hots, kapitalismoa
eta neoliberalismoa. Oraindik gogoan dut orain urte batzuk ikusi
nuen dokumentala. Horretan, pentsalari suitzar batek Suitzako
neutraltasun eza salatu zuen. Berak zioen suitzar gobernuak apartheid-a
diruz babesten zuela. Hauxe, lehen munduak hirugarren munduarekiko
indarrean duen zapalkuntzaren adibide garbia da.
-Edonola ere, gero eta
ugariagoak dira heziketa herrikoiaren eta 3. munduko garapenerako
kooperazioaren alde egiten duten irakasleak eta giza taldeak.
Hemen, urrutira jo gabe, GKE hainbatek eta bestelako kooperazio
taldeek bide hori hartu dute. Baikorrak izan gaitezke? Gobernuek hezkuntzan,
osasunean eta beste zenbait arlotan duten erantzunkizunari ez
heltzeko GKEk erabiltzen ari dira. Hori oso arriskutsua izan
liteke. GKEk laguntza handia ematen dute baina ez dute arazoarekin
bukatzen. Momentuan momentuko laguntza, asistentzia, eskaintzen
dute baina ez diote arazoari errotik heltzen. Bestalde, badira
mugimendu kritiko batzuk zeintzuk errotik egindako bilakaera
nahi duten, eta bilakaerarik ezean nahiago dute ezer ez egin.
Ekimen guzti horiek momentuan lagungarriak izan daitezke, baina
momentuko laguntzak dira. Beraz, ez dut uste mota horretako laguntzak
eraginkorrak direnik. GKEek jasotzen duten dirua arduradunen
artean banatzen da, baina finean, gauza gutxi egiten da. Gainera,
nire ustez, estatu batek bere gobernuari eskatu behar dio laguntza
eta ez GKE bati. Aldaketak ez dira emango sistema asistenzialistei
esker. Nire ustez, estatu demokratiko eta partehartzaile batek
herriaren eskaerak entzun behar ditu. Hortik etor liteke aldakuntza
eta ez momentuan momentuko laguntza horiek direla medio. Gainera,
ez da ahaztu behar GKEak gobernuen babespean daudela. Zoritxarrez,
oraindik ez ditugu asmatu irekiak, parte hartzaileak eta benetan
demokratikoak diren gobernuak.
Ana Maria Freire Araújoren
argazkiak: Ainhoa Irazu
Euskonews
& Media 54.zbk (1999 / 11 / 12 - 19) |