Donostiako zuzenbide fakultatean duen
bulegoan hartu gaitu Iñaki Agirreazkuenagak. Bulegoa txiki
geratu zaio, izan ere, liburuz eta paperez gainezka du. Gai askori
buruz galdegin geniezaiokeen zuzenbide administratiboan katedraduna
den gizon honi, baina euskararen gaiari lotu gintzaizkion.
Euskararen ofizialtasuna, euskararen egoera, eta etorkizunari
begira indarrak nora bideratu beharko liratekeen izan genituen
hizketagai. Elkarrizketan zehar behin eta berriz azpimarratu
zuenez, euskararen egoeraren gakoa ez dugula legeetan bilatu
behar, baizik eta errealitate soziolinguistikoan.
-Zenbaterainoko garrantzia
du hizkuntzak, gure kasuan euskarak, euskal berezitasunean? Berezitasun nabarmenena
euskararena da. Kirolean ere badira desberdintasunak eta baita
kulturan ere, adibidez ondare mailan, baina horrelako berezitasunak
herri guztiek dituzte. Inolako zalantzarik gabe, hizkuntza da
bereizten eta desberdin egiten gaituena.
Desberdintasuna Euskal Herri guztiari dagokio bere osotasunean,
baina jakina, Euskal Herri barruan ere ezberdintasunak daude,
euskarak bizi duen egoerari dagokionez anitza baita. Horregatik,
legeak garatzerakoan, pluraltasuna kontuan hartu behar dugu.
Hau da, ezin dira neurri berdinak ezarri Ataunen edo Eltziegon,
eta nire ustez, etorkizuneko hausnarketa hortik bideratu beharko
litzateke. Horrekin, hala ere, ez dut esan nahi politika berbera
aplikatu behar ez denik. Politika eta lege berdinak ezarri bai,
baina gero berezitasun horiek legalki erregulatu egin behar dira
tokiaren arabera.
-Konstituzioak dio derrigorrezkoa
dela gaztelera jakitea, ez du, ordea, derrigorrezkotzat jotzen
gainontzeko hizkuntzen ezagupena, adibidez, euskararena. Neurri
horrek bigarren mailan uzten du euskara? Gure buruari galdetzen
badiogu zergatik dakigun gaztelania, Konstituzioak horrela agintzen
duelako da erantzuna? Legez, Autonomi Erkidegoan, inork ez du
gaztelaniaz hitz egiteko obligaziorik. Errealitate orori irakurketa
positiboa eta negatiboa egin diezaiokegu, baina askotan irakurketa
negatiboan jartzen dugu indarra. Konstituzioa eta Estatutua,
nire ustez, positiboak dira, biek euskararen ofizialtasuna onartzen
baitute. Ofizial izateak, berriz, hiru ondorio dakartza. Lehenik,
hizkuntza hori hitz egiteko eskubidea dugula arlo pribatuan zein
publikoan, eta gainera, eraginkortasun osoz. Jakina, Iparraldean
euskaraz hitz egiten bada horrek ez du inongo ofizialtasunik
eta inongo balio juridikorik. EAEn eta Nafarroaren zati batean,
berriz, ofizialtasunaz eta balio juridikoaz hitz egin daiteke.
Bigarrenik, ofiziala izatearen ondorioz, derrigorrezko hezkuntzan,
nahi eta nahiez, bi hizkuntza ofizialak irakatsi behar dira,
eta botere publikoek dute eraginkorki bi hizkuntzak irakasteko
ardura. Horrela, ikasle orok, derrigorrezko ikasketak bukatzerakoan,
bi hizkuntzak ezagutzeko gai izan behar du. Hori horrela gertatzen
ez bada, errua ez da legearena, baizik eta legea ezartzen dutenena.
Hirugarrenik, botere publikoek eraginkorki irakasten badituzte
hizkuntza ofizialak, herritarrek ezingo dute etorkizunean esan,
ez dakitela bata edo bestea.
-Beraz, zein abantaila
dakar ofizialtasunak? Euskararekiko guztiak.
Bat azpimarratzekotan esan daiteke, gune ez euskaldunetan, adibidez,
Arabako lautadan, gaur egun jende askok euskara jakin ez arren,
baina ofiziala denez gero, gazteei irakatsi egiten zaiela eta
etorkizunean ere gune hori euskaldun bihur daitekeela.
-Aipatu duzun bezala, Nafarroan
egoera bestelakoa da. Nafarroaren iparraldean ofiziala da, baina
hegoaldean, ez.
1980an Nafarroako Parlamentuak ofizial aldarrikatu zuen euskara
Nafarroa osoan. Horrela izan zen 80tik 82ra arte, LORAFNA onartu
arte. LORAFNA-rekin, onartu
zen ofiziala izango zela gune euskaldunetan, eta ondoren, 1986ko
Vascuencearen Legearekin, finkatu zen iparraldea gune euskalduna
dela, erdialdea mistoa eta hegoaldea ez euskalduna. Legea onartzerakoan,
Valentziako sistema juridikoa aukeratu zuten eredu gisa nafarrek.
Valentzian, katalana ofiziala da komunitate osoan, baina bere
efektu juridikoak modulatu egiten dira, eta gurasoek hala nahi
badute bakarrik irakasten da valentzianoa eskoletan.
Nafarroako hezkuntzan hiru eredu linguistiko daude: D eredua,
euskara hutsean dena; A eredua, eredu honetan euskara ikasgai
gisa irakasten da, eta hirugarrenik G eredua, eta honetan euskararik
ez da irakasten. Aurtengo ikasturtean matrikulatu diren 3 urteko
neska mutilen kopuruari begiratuz gero, A eta D %57k aukeratu
dituzte, eta G eredua %43k. Horrek esan nahi du, Nafarroan aldaketa
soziolinguistikoa etor daitekeela gehiengoa osatzen duten ikasle
horiek euskara ezagutzen badute etorkizunean. Horregatik diot
legeen irakurketa positiboa egiten jakin behar dela.
-Iparraldean, berriz, egoera
kaxkarragoa da. Orain dela 50 urte
Iparraldean zegoen euskaldun kopuru handiena, %60 edo %70a euskalduna
zen Iparraldean. Gaur egun, Zuberoan eta Baxenafarroan oraindik
euskaldunen kopurua garrantzitsua da, baina Lapurdin euskaldun
kopurua gutxitu egin da nabarmen. Egoera zailena Iparraldekoa
da.
Frantzian, iraultza frantziarraren garaian, %40ak bakarrik hitz
egiten zuen frantsesez, gehienek beste hizkuntza batzuetan hitz
egiten zuten. Gaur egun, berriz, hizkuntza minoritarioak ez ofizialak
dira Frantzian. Kortsoak, bretoiak edo euskarak ez dute estatus
juridikorik. Zentralismoak Frantzian hemen baino arrakasta handiagoa
izan du.
-Ofizial izateak aldatu
egingo luke euskararen egoera Iparraldean?
Noski, baina kontuan izan behar dugu legeek ez dutela errealitatea
aldatzen. Iparraldean, orain, ez da ofiziala, baina bertarako
herritarrek aukera dute euren seme-alabak euskaraz hezitzeko.
Hala ere, herritar gehienek ez dute aukera hori bereganatzen.
Ez dugu pentsatu behar euskara hainbat urtez hegoaldean debekatuta
egon den bezala, gaur egun iparraldean ere debekatuta dagoenik.
Iparraldeko egoera soziolingustikoa eta politikoa aztertu behar
dira konturatzeko, ez dela hain erraza ofizial bihurtu, eta ofizialtasunaren
ondorioz hezkuntzan euskara ikastea derrigortu. Adibidea Valentzian
dugu. Ofiziala da, baina horrek ez du esan nahi derrigorrez bertako
gazte guztiek valentzianoa ikasi behar dutenik.
-Aldaketa juridikoek, beraz,
ez lukete derrigorrez euskararen egoera hobetuko. Aldaketa juridikoetaz
hitz egiten dugunean, mailak desberdindu behar dira. Hegoaldean
askotan alperrikako eztabaidak izaten ditugu. Uste dugu euskararen
egoera kaskarra legeetan oinarritzen dela, eta juxtu alderantzizkoa
gertatzen da. Hegoaldean daukagun marko juridiko linguistikoa
katalanek duten berbera da. Desberdintasunak errealitate sozioligustikoan aurkitu behar
dira. Katalanei ere Konstituzioak ezartzen die derrigorrez gaztelania
jakin behar dutela, baina Konstituzioak ez du esaten derrigorrez
gaztelania erabili behar denik. Euskaldunak legez ez du euskara
erabiltzeko eragozpenik, errealitate soziolingustikoan daude
eragozpenak. Eltziegon, euskara ofiziala da, baina errealitate
soziolingustikoak erakusten digu inork gutxik dakiela euskara
Eltziegon, beraz zaila izango da hor erabiltzea. Arazo nagusienak
ez daude beti legeetan, nahiz eta egon, baizik eta errealitate
soziolinguistikoan.
Juridikoki begiratuta, Konstituzioa mesedegarria da hizkuntza
arloan, izan ere, euskara ofizial aldarrikatzen du. Beste herrialde
askotan, berriz, bertako hizkuntzek ez dute ofizialtasunik. Hemen
ez bada euskara gehiago erabiltzen, kasu gehienetan herritarrek
ez dakitelako da, ez legeak ez duelako babesten. EAEn euskara
dakigunok gutxi gara, baina etorkizunean egoera alda daiteke,
herritarrek hala nahi badute eta legeak horrela babesten duelako.
Nire ustez, etorkizunari begira estatu garatuetan aurkitu behar
dugu eredua, Danimarka, Noruega, Suedia, Islandia edo Luxenburgo
bezalako estatuetan. Nazioarteari begira euskaldunak gutxi garenez,
euskara hizkuntza minoritarioa izango da. Beraz gaztelania, frantsesa
edo ingelesa bezalako hizkuntzak jakitea beharrezkoa da nazioartean
harremanak edukitzeko. Estatu garatuenetan bertako hizkuntza
bermatzen da, baina normaltasun osoz ingelesa erabiltzen dute.
Herri txiki guztiek ezagutu behar dute euren hizkuntza, baina
plurilinguismoari beldurrik izan gabe. Euskara gure hizkuntza
da, eta hemen balio juridiko osoa izan behar du, baina etorkizuneko
euskaldunak euskara eta beste hizkuntza batzuk ezagutu behar
ditu. Horretarako, derrigorrezko hezkuntzan ongi irakatsi behar
dira, euskara, gaztelania eta frantsesa edo ingelesa. Etorkizunean
gai izan behar dugu munduko edozein lagunekin hitz egiteko. Mundua
txikitzen ari da, eta etorkizuneko gazteek horretarako prestatuta
egon behar dute.
-Eta gaur egungo hezkuntz
sistemak bermatzen al du etorkizunean gazteek hiru hizkuntza
jakingo dituztela? Niri ez zait gaur
egun dagoen hezkuntz eredua gustatzen. Aurrera begira, derrigorrezko
hezkuntzan, taldeak elebidunak izan beharko lirateke, eta gainera,
ikasketa batzuk ingelesez edo frantsesez eman. Nire ikuspuntutik,
derrigorrezko hezkuntza amaitzerakoan ongi ezagutu behar dira
hiru hizkuntza: bi ofizialak eta nazioarteko hizkuntza edatu
bat. Ondoren, unibertsitatean, eskolak hiru hizkuntza horietan
jarraitu beharko lirateke. Horrela lortzen da hizkuntzak ezagutzea,
eta orain, berriz, gaztelaniaz ikasten duenak bakarrik gaztelania
daki ongi, eta euskaraz egiten duenak arrisku berdinean erortzeko
aukera du.
-Hezkuntzan hausnarketa
berri bat egitearen aldekoa zara? Bai. Derrigorrezko
hezkuntzak hizkuntza ofizialen ezagupena bermatu behar du, eta
ezagupen ona. Hori gaur egun horrela gertatzen ez bada, botere
publikoek hezkuntza ondo antolatu ez dutelako izango da. Beharbada,
hiru urtetik seira eredu bat jarraitu behar da, seitik hamabira
beste bat, eta hortik hemezortzira beste bat. Ez dut esango zein
eredu, eta ez ditut buruan A, B eta D. Nik diodana da, hiru hizkuntza
ondo jakin behar direla, eta horretarako, beharrezkoa da ikasgaiak
hizkuntza desberdinetan ikastea. Hau da, hezkuntza irakatsi hizkuntza
desberdinetan. Adibidez, historia ingelesez irakatsi. Zorionez,
dagoeneko EAEn badaude ikastetxeak ikasgaiak ingelesez irakasten
dituztenak.
Unibertsitatean gauza bera. Gaur egun, unibertsitateko eredua
banaketarena da, alegia, talde euskaldunak eta erdaldunak ditugu.
Eredua litzateke, ikasgai batzuk gaztelaniaz eman eta beste batzuk
euskaraz, edo ingelesez. Nik badakit hau ezin dela bihar bertan
ezarri, baina buruan izan behar dugu. Legebiltzarrean onartu
berri da Unibertsitatearen Antolaketarako Legea, eta niri penagarria
iruditzen zait lerro bat bera ere ez eskaintzea hizkuntzen gaiari.
Derrigorrezko hezkuntzan orain dela 16 urte ezarri ziren ereduekin
jarraitzen dugu, baina orain 16 urte errealitate soziolingustikoa
oso desberdina zen.
-Dagoeneko urte batzuk
pasa dira Eusko Jaurlaritzak perfil linguistikoen sistema ezarri
zuenetik administrazio publikoan. Plan hori emaitza onak edukitzen
ari da? Oro har, bai, plangintzaren
emaitzak nahiko positiboak izaten ari dira, baina hobekuntzak
egin daitezke. Alde batetik, ahaztu egiten da hizkutz eskakizunen
plangintza 29.000 funtzionariri aplikatzen zaiela bakarrik, baina
ez da ezartzen Ertzaintzan, Osakidetzan (hemen 22.000 funtzionari
daude), Justizia Administrazioan, Unibertsitatean... hau da,
arlo askotan ez da aplikatzen.
Argi dago herri euskaldunetan administrazioak euskaldunagoa izan
behar duela, eta gainera arlo guztietan, ez udaletxean bakarrik.
Egin dena garrantzitsua da, baina egiteko asko dago, baita Eusko
Legebiltzarrean onartu behar diren legeen aldetik ere. Zentzu
horretan, EAEn pausuak eman behar dira, baina bereziki gune euskaldunetan.
Eltziegon, nahiz eta ofiziala izan, euskaldunak gutxi direnez,
ez dago hizkuntz eskubideak bermatzerik. Alderantziz, Azpeitian
edo Ondarrun, hizkuntz eskubideak bermatu egin behar dira. Mailakatu
egin behar dira helburuak, eta jakin non diren aplikagarriak.
Nahiz eta hizkuntz politikak berdina izan behar duen komunitate
osoan, ondoren, neurriak desberdinak izan behar dira gunearen
arabera. Nire ustez, epe laburrera helburua izan behar da, euskaldunok
gure hizkuntz eskubideak bermatuta edukitzea gune euskaldunetan.
Argazkiak:
Maria Agirre
Euskonews
& Media 53.zbk (1999 / 11 / 5 - 12) |