|
1974an klase batzuk eman behar izan nituen
Arrasateko Gau Eskolan eta, ongi oroitzen dut, euskara irakasten
saiatzeaz gain, ikasleei euskal kulturari buruzko erreferentziak
ematen ahalegindu nintzen, garai hartako nire kultura-motxilan
pisu handirik ez neraman arren. Klase haietako batean Sebero
Altuberi buruz mintzatu behar nuela iruditu zitzaidan, alde batetik
herriko semea zelako eta, bestetik, ene ustez euskal kulturari
ekarpen baliotsua egin ziolako. Pentsatu eta egin. Nire harridurarako
ikasleen artean erabatekoa zen Altuberi buruzko ez ezagutza,
eta irakaslekideekin ere ez nuen maila jaso ahal izan.
Hiru urte beranduago, 1977ko
otsailaren 19an, Arrasaten bertan Plaza eder bat eskaini zion
Udalak Sebero Altuberi eta inaugurazio ekitaldira Iokin Zaitegirekin
hurbildu nintzen. Arratsalde hartan hara bildutako agintarien
hitzak entzun ondoren, Iokinek honela esan zidan: "Utzi
oraingoz egiten ari zarena, eta idatzi Sebero Altuberen biografia,
hemen inortxok ez baitaki ezer gure herkidearen gain"
Aurreratu behar dut, une haietan eta Iokinen beraren laguntzarekin,
bere biografia preparatzen ari nintzela, 1981ean argitaratuko
nuena.
Bi urte beranduago, 1979an, Altube
jaio zeneko lehen mendeurrena ospatuko zela eta, gogoz ekin nion
Zaitegik eskatutakoari eta urte hartako Abenduan Arrasaten Euskaltzaindiak
eratutako Biltzarraren barruan "Sebero Altube" liburua
aurkeztu nuen, ekitaldi polit batean. Horixe izan zen nire lehen
biografiatua, eta diodan bezala.- Iokin Zaitegi adiskide
zenari zor diot Altuberen biografoa izatea. Orain arteko biografiarik
beteena baldin bada ere, ateak irekita daude nahi duenak hobe
dezan. Ea, bada, norbait animatzen den.
Iristen ari da ospakizun haren
hogeigarren urtemuga, eta arrasatearraren Paueko artxibategia
Gernikara ekarri dutela jakin dugun egun hauetan bidezkoa iruditu
zait Seberoren gaineko zertzelada batzuk izkiriatzea, Euskonews
& Media-ko irakurleek ideia txiki bat egin dezaten gizon
horren gainean. Gaurkoan bizitzari buruzko aipamenak egingo ditut,
soilik, eta hurrengo aukera baterako uzten dut Altuberen obra
azaltzea.
Sebero
Altube Lertxundi Arrasaten jaio zen, 1879ko azaroaren 8an. Gurasoak
Juan Alejandro eta Maria Klara ziren. Hiru anaia-arreba izan
zituen, Benigno, Jesusa eta Hilario Mercedes. Seme-alaba koskorren
bizitza ez ei zen urdin kolorekoa, aita oso gizon zakarra baitzen
eta haurrek zein amak etxeko giro sumina pairatu behar izan zuten
sarritan. Seberoren ama hil zen eta aita bigarren eta hirugarren
aldiz ezkondu zen, ezkontza horietatik beste bi anaia jaio zirelarik.
Seberoren lehen ikasketak Arrasaten
egin zituen, Juan Jose Rodriguez "Maixu zaharra"-rekin.
Solfeo ere ikasi zuen, Victoriano Balerdi organulariarekin. Baina
Altube, musiko izateaz gain beste lan esparru desberdin batean
nabarmendu zen argi bereziz. Linguista izan zen, goi mailakoa
gainera, batez ere euskararen esparruan lan ikaragarri zabala
eginez. Non eta norekin ikasi zuen? Batere zalantzarik gabe,
barruko suak piztu zion linguistikako grina eta ezelako unibertsitatetatik
igaro ez zen arren, linguistikako eremua ongi jorratzen jakin
zuen. A! Eta Altube, aipatutako lan arlo horiez gain, enpresa
gizona ere izan genuen, Gernikan. Nondik zetorkion Seberori ikasteko
gogoa? Gizon hark ederki ongi ulertu zuen txikitandik ikasketen
bidetik lor zezakeela gogo askatasunerako giltza, eta horretan
saiatu zen bizitza osoan. Ezagutu zutenek diotenez, "Asko
jakinda be, arrokeririk bapez"
Sebero, bere anaia Benigno eta
Cristobal Bediak, hiruak Arrasatekoak, garai hartako dultzaina
talderik ospetsuenetakoa osatzen zuten, Euskal Herri osoan. Musikaren
ildotik bere bizitza zuzendu nahian nonbait, Gernikako Musika
Bandarako oposizioak egin zituen eta baita kargua irabazi ere,
1901ean. Hamabost urtez aritu zen Bandarekin, hain zuzen ere,
aldi berean zuzentzen zuen "Alkartasuna" fabrikako
gerentzia musika zuzendaritzarekin batera eramatea ezina zitzaiola
ikusi arte.
1918ko apirilaren 11an Gregoria
Gangoitirekin ezkondu zen Gernikan. Ez zuten seme-alabarik izan
eta bikoteak alabatzat hartu zuen Benigno anaiaren alaba Elixabete.
Azken honen laguntzari esker bildu ahal izan nituen Seberoren
gaineko datu ugari.
1931an Gernikako alkate izendatu
zuten Sebero. Hiri horren alde eta, orohar, Euskal Herriaren
alde ordurarte eginiko lan eskergak erakarri zituen botoak, alkate
aukeratua izateko. Bera ez zen gizon politikoa, baina alkatetzan
egon zen bost urteetan oroitzapen ederra utzi zuen herkideengan.
 1931. urtean Sebero Altube
Gernikako alkate izendatzen dute.Ezkerretik
eskuinera: Victoriano Askondo (alkate-ordea), Jesus Maria Leizaola,
Sebero Altube, Jose Domingo Iturrarán (artzapeza),
Antonio Astelarra, diputazioaren ordezkari bat eta Egileor (diputazioaren
idazkaria).
(Argazkia: Auñamendi Entziklopedia)
1936ko irailaren 29an exiliorako
bidea hartu behar izan zuen. Aurrenik, Argentinara joan zen,
emaztearen senitarteengana, baina handik Pauera aldatu zen, frantziar
hirian hogeita bi urtez bizitzeko. Bertan linguistika eta filosofiako
esparruetan egin zituen bere lanik sonatuenak.
1958an exiliotik itzuli ziren
Sebero eta Gregoria. Ordurako Sebero agure bat zen, osasun makalekoa.
Hala ere, Gregoria hil zen lehenago, 1961ean, eta Seberoren izpiritua
zeharo erori zen, bakartasun eta oinazean. Ez zen zuzpertu. Bi
urte beranduago, 1963ko abuztuaren 27an hil zen eta hilkutxan
ikurriña jarri zioten, Gernikako Arbola dagoen tokiko
lur eskukadarekin batera. Hileta elizkizunetan Gernikako Musika
Bandak jo zuen, Seberoren Banda, Gernikara Arrasatetik aldatzeko
arrazoi nagusia eta gure gizonaren izakirik kuttunetakoa.
Hurrengo artikulu baterako utzi
dut Sebero Altube musiko, enpresa gizon, linguista, filosofo
eta idazlearen obrak aurkeztea. Gutxitan eman du Euskal Herriak,
arrasatear honen gisako giza-ale arloaskotarikorik. Altube, euren
buruak etengabe lantzen dituzten pertsona horietako bat izan
zen. Josemari Velez
de Mendizabal, idazlea |