Gernikako estatutuak hogei urte bete izanak
hainbat gogoeta eragin dizkit. Hala ere, gogoeta guztiak ezin
dira sartu artikulu honen muga estuetan eta, horrenbestez, bi
nabarmendu nahi nituzke bereziki. Lehenengoak erakundeak hartzen
ditu aintzakotzat; Estatutuari esker sortu ahal izan ditugun
euskal erakundeak, alegia.
Nire kasuan, ezinbestekoa da
erakundeen aipamena; izan ere, azken urteotan herri-erakunde
bateko zuzendari izateko aukera eta ohera izan baititut: Herri
Arduralaritzaren Euskal Erakundekoa, hain zuzen. Erakunde hori
egotea bera ezinezkoa izango zatekeen gure autonomia-erkidegoko
erakundeen oinarrizko arauak 1979an hasitako autogobernuaren
esparrutik kanpo.
Izan ere, Estatutuak herri-botere
burujabe sendoa sortzeko bidea eman du: Euskal Autonomia Erkidegoko
erakunde-multzo berezia. Eta erakunde horiek helduz joan diren
heinean aukera ederra izan dugu hainbat arlo arautzeko, ekonomi
baliabide kopuru garrantzitsua kudeatzeko, gai publiko asko administratzeko
eta gizarte-ekintzako hainbat arlotako politikak eta programak
ezartzeko.
Azken aldi honetan, gizarteko,
politikaren munduko eta erakundeetako hainbat taldek salatu egin
dituzte botere zentralak Estatutuaren garapenari jartzen dizkion
oztopo gogorrak, batez ere garrantzi handien duten gaietan. Horrekin
batera, Estatuko Administrazioak zerbitzuak Euskal Autonomia
Erkidegora lekualdatzeko ezarri duen erritmo motela ere oso biziki
kritikatua izan da.
Ez diot nik garrantzirik kendu
nahi Estatuko erakundeen jarrera larri eta kritikagarri horri;
jarrera horrek jarraitzen badu euskal herritar askok Estatutua
onartu zenean testuak eskaintzen zituen autogobernurako aukeretan
jarri zituzten itxaropenak barkamen barik zapuztu baititzake.
Nolanahi ere, orain egiaztatu
nahi dudana da dagoeneko garatuta dauden Estatutuko aurreikuspenek
oinarri sendoa eskaintzen dutela euskal botere politiko autonomoa
egituratzeko. Oinarri hori, egia da, legez kontra hesitu du Estatuaren
hertsikeriak eta zikoizkeriak, eskumenak autonomi erakundeetara
eskualdatzerakoan, baina eremu interesgarria eskaintzen du ahalmen
politikoa erabili ahal izateko.
Autonomi administrazioko kargu
publiko gisa ardura batzuk egokitu zaizkidanez, jarduera publiko
batzuetan partehartze handiagoa izan dut --eta horietaz bakarrik
egin dezaket berba behar besteko zehaztasunez--, eta jarduera
horietako bat aipatzekotan euskarari dagokion atala nabarmendu
nahi nuke bereziki.
Euskal hizkuntzaren mendetako
historian, Estatututik eratorritako araua izan da, zalantza barik,
errotiko inflexio-puntua, Euskal Herriko berezko hizkuntzaren
egoera juridikoa, eta baita soziala ere, goitik behera aldatu
duen norabide-aldaketa.
Esan daiteke mendeetan zehar
lehenengo aldiz Estatutuaren indarrez aitortu dutela botere publikoek
euskara, alde batera uzten baditugu azkarregi zapuztu zen 1936ko
aurrekaria, eta tarteka -ia modu anekdotikoan esan dezakegu-
historian zehar herri-erakundeek euskaraz idatzitako dokumentazio
ofiziala sortu eta onartu izana. Euskara komunikatzeko baliabide
gisa aitortu dute, erabateko balio eta eragin juridikoarekin,
administrazio barruko nahiz administrazioak herritarrekin izaten
dituen harremanetarako.
Euskarari ofizialtasuneko status
juridikoa eman zaionez, edo, zuzenago esanda, ofizialkidetasuna
gaztelaniarekin batera orain arte ezezagun zitzaigun aro
berri bati ekin behar izan diogu, erronkez eta eginkizunez betetako
aro berri bati. Aro berriak eragin dituen erronken artean hemen
nabarmendu nahi nuke euskarari beharrezkoak dituen baliabideak
eta tresnak emateari dagokiona, orain arte erabili ezin izan
dituen eremuetan zuzen eta eraginkortasunez erabili ahal izateko.
Ondoen ezagutzen ditudan zientzien
eremuari dagokionez benetan uste dut Herri Arduralaritzaren Euskal
Erakundeak hizkera juridikoa eta administraziokoa normalizatzeko
eta estandarizatzeko lan eskerga garatu duela eta, oro har, positiboa
izan dela. Horri esker, eta baita noski gai juridikoak euskaraz
irakasten ditugun unibertsitateko irakasleek egiten dugun ekarpen
garrantzitsuari esker, eta Eusko Ikaskuntzak ELERIA aldizkariaren
bitartez -- gai juridikoez euskara hutsez argitaratzen den bakarra--
hartu duen ekimenari esker ere, esan daiteke gaur egun euskarak
badituela hizkera juridikoan eta administraziokoan beharrezkoak
dituen tresna terminologikoak, fraseologiakoak eta sintaktikoak.
Une gogoangarri honek eragin
didan bigarren gogoeta pertsonalagoa da eta Estatutuaren Xedapen
Gehigarria aipatzera narama.
Estatutuko xedapen gehigarria
hainbat arrazoirengatik iruditzen zait interesgarria. Lehenengoa
guztiz hunkigarria da. Aitzindaririk zaharrena, Lizarrako Estatutuaren
Xedapen Gehigarria, herri horretan bertan 1931ko ekainaren 14an
izandako udalen biltzarrean onartu zuten, jatorrizko testuari
aurkeztutako zuzenketa bati esker, eta zuzenketa hori nire herriko
alkateak aurkeztu zuen: Bermeokoak.
Bigarrena nire bizitzako esperientziarekin
lotuta dago. Botoa emateko eskubidea izan nuen lehenengo aldia,
hain zuzen ere orain hogei urte bete dituen Estatutuaren referenduma
izan zen. Garai erakargarri hura bizi izan zutenek gogoan izango
dute batzuk Estatutuaren aurka zeudela aberriko unitate sakratua
hausten zuela eta, arrazoi ontologikoak tarteko, haustezina zela
iritzi zutelako; gizarteko eta politikako beste sektore batzuk,
berriz, ezezko botoaren alde zeuden testuak autogobernurako eskaintzen
zuen esparrua eskasa iritzi zutelako herriaren nahiak asetzeko.
Bada, azken arrazoi horren aldekoak
ziren batzuk estatutuaren alde egin zezaten konbentzitzeko erabili
genuen argudio erabakigarria xedapen gehigarriarena izan zen.
Izan ere, xedapen gehigarriarekin badirudi iragankortasunaz bustitzen
direla artikulu guztiak:
"Estatutu honetan finkatu
den erregimen autonomikoaren onarpenak ez du esan nahi, Euskal
Herriari herri gisa historian barrena dagozkiokeen eskubideei
uko egiten zaienik, ordenamendu juridikoak erabakitzen duenaren
arabera gaurkotu daitezkeelarik."
Estatutu hau --hala argudiatzen
genuen nahiz eta kasu guztietan solaskidea konbentzitzea lortu
ez- ez da kale itsu bat, ez da hermetikoki itxita dagoen tiradera.
Aitzitik, aurrerapauso garbia da eta gainera ez du arriskuan
jartzen Euskal Herriaren etorkizuna, ate bat zabalik daukalako,
xedapen gehigarria, autogobernuaren zidorra hartuta aurrera segitzeko,
historiaren indarrez legozkiokeen eskubideak asebete ahal izan
arte.
Azkenez, xedapen gehigarriak
badauka niretzat eskuratzen zailak diren arazo juridiko guztiek
oro har daukaten erakargarritasuna.
Zaila da benetan zehaztasunez
esatea zein den Estatutuko agindu berezi horren esanahia eta
noraino heltzen den. Baina, horren exegesiak zailtasun handiagoa
edo txikiagoak izanagatik ere, ezin dugu ahaztu arau juridikoa
dela eta lege-testu batez osatuta dagoela eta, horrenbestez,
ezin dugula hartu balio erretorikoa besterik ez duen aldarrikapen
huts gisa, eta ezin zaiola, ez eta ere, esanahi estua eman eta
de facto eduki juridiko guztia kendu.
Baina ikuspuntu erabat juridikoa
hartuta arazoak ematen baditu ere, kontuan eduki behar da mintzagai
dugun xedapena esangura politiko handia duen xedapena dela eta,
beraz, gako eta erabaki politikoek bakarrik eman ahal izango
diotela edukia
Josu Erkoreka
Gervasio, IVAP / HAEEko zuzendaria eta Administrazio Zuzenbideko
irakaslea Deustuko Unibertsitatean |