Esan beharko litzateke alderdi guztiek
izan zutela, bakoitzak bere Estatutu Aurreproiektua bidaltzeko
aukera. Hala egin zuten 11 indarrek, 12.ak, EMK, ez zuen idatzi
nahi izan orduan, esan zutenez, Iturrioz parlamentario estreinatu
berria baztertu zutelako. Hamaikok, Gasteizko Eusko Kontseilu
Nagusiaren Idazkaritzako sarrera erregistroko ordenan, hauek
izan ziren: LKI, PCE/EPK, PSE/PSOE, PNV/EAJ, PT, ORT, EK/Partido
Carlista, EE, UCD, AP eta ELA(a). Azaroaren 25ean bukatu zen
lehen epea eta ondoren, 20 laguneko Ponentzia Batzorde bat izendatu
zen. Esan behar da, HBk izan zuela aukera, baina ez zuela garai
hartan erakundeetan parterik hartzen eta beste zenbaitek, PT,
ORT eta EPK ez zutela sartzerik izan, ez zutelako ordezkaritza
parlamentariorik.
 Estatutua osatzeko ponentzia
batzordea, lehenengo bileran
(1978-XI-20, Gasteiz). Argazkia: Auñamendi Entziklopedia
Hizkuntzari buruz talde bakoitzak
aurkeztutako testuak jakingarriak lirateke.
Harrigarria bada ere proposamenetariko
esaldi honek: "la normalización lingüística
del euskara, que permita superar la actual situación diglósica
de Euskadi", "Diglosia" hitza APko ordezkariarentzat
gaixo izenen bat omen zen eta kentzea eskatu zuen. Beste batzordekide
batentzat ordea, legegizona bera, arabar jelkidea garai hartan,
jerga hori ez zuela ezagutzen eta kentzea egokiagoa zela adierazi
zuen. Erantzun genion jerga juridikoan ere badirela hitz arraroak
eta beste diziplina batzuetakoek onartzen ditugula. Hala eta
guztiz ere, ez zen sartu.
Azkenean nola gelditu zen testua
da, alegia, "euskara, Euskal Herriaren hizkuntza propioa
zela", ez guk, baizik eta katalanak Sauko batzordekidearen
Kataluñarako testu berbera gauzatu zen, alegia, "la
llengua propia de Catalunya es el catalá". Hori gero
pasatu zen, bai gurera, bai Galiziakora eta Balearretakora ere.
Zoritxarrez, Nafarroa eta Valentzia, nabarrista eta valentzianistei
"esker" ez zen hori horrela finkatu.
2. lerrokadan eta hizkuntzaren
ofizialtasuna erregulatzea erakunde amankomunen eskuetan uzten
da. Eta zeintzuk dira hauek? Bistan da, Eusko Legebiltzarra
eta Eusko Jaurlaritza alde batetik, legegile eta administrazio
gisa, hirugarren bat, badelarik, eta Instituzio akademikoa da,
Euskaltzaindia.
3. lerrokada ere interesgarria
da, diskriminaziorik ez, arreta, eta 5.a ere, zeren eta Autonomia
Estatutuak Iparraldeaz pentsatzea eta Iparraldearekin harremana
izatea nazio estrategia ikuspuntutik oso garrantzitsua baita.
Gauza bera gero izan liteke Estatutuaren beste artikulu batetan,
hots, Nafarroako Foru Erkidegoarekikoak, gure zoritxarrerako
solaskideak falta izan baditugu ere. Egia esan, egon zen une
bat aukera hori izan zitekeena Nafarroarekiko, Alli gure ekialdeko
Erkidegoko presidente izan zelarik. Baina, hori tamalez, hankaz
gora joan zen. Iparraldearen, departamenturik eza da oztoporik
nagusiena, Pauen baitago departamentu hiriburuan, Biarnoko hiriburu
historikoan. Eta bestalde, herrialde "region" delakoaren
hiriburua Bordelen, urrunago eta arrotzago oraindik. Dena dela,
bilera bat izan zen Dantzarinean (Ainhoan), Ardantza, Alli eta
Valade tartean, baina bertan bera gelditu zen. Ahantzia zuten
nonbait Dantzarineako dermioan dela Urdazubi, zeinetan jaio baitzen
Axular. Noizbait sortuko dute gure "Instituto Cervantes"
edo frantsesen "Francophonie" delakoa, Axular erakundea,
non eta Axularren etxean bertan. Baina horretarako, indarren
korrelazio aldatu beharko da Nafarroako Foru Parlamentuan, eta
departamentua lortu. Ez da beraz, Gasteizko solaskidearen arazoa,
beste solaskiderik eza, besteak beste.
6. artikuluaren garapena da ondorioz,
Euskararen Normalizaziorako Oinarrizko Legea 1982.eko azaroaren
24an Eusko Legebiltzarrak onartua. Zoritxarrez, hiru urteren
buruan Madrilgo alderdi estatalistak indartu ziren, Felipe Gonzalez
gobernuan ezarri zela, urte horren bukaeran eta bere alderdiak
UCDrekin batera, LOAPA famatua bultzatu zuela. Horrek guztiak
ekarri zuenetik nolabaiteko gaztelau hegemoniaren berrindartze
bat eta tartean bazegoela beste arazo bat ere eta hau da: indar
abertzaleen batasun estrategikorik eza. Ondorioz, hizkuntzarekiko
zenbait garapen ez ziren gauzatu ahal izan, Estatutuaren 6. artikuluak
ematen zituen eta dituen aukerekin. Errua, beraz, ez da Estatutuaren
artikulu horrena, baizik eta beste arazo horiena baizik.
Euskal Herriari dagokion konpetentziak
deritzan 10. artikulutik, bestalde, lerrokada hauek hartuko nituzke:
17., 18., 19. eta 20.a, alegia, kultura, arteder, historia, arte
monumentu, arkeologi, zientzi ondareak, artxibo-biblioteka, museoenak
eta abar. Horietan konpetentzia esklusiboa ezartzen baitio testuak,
nola bete ahal izan diren eta administrazio arteko banaketak
zer modutan egin diren, beste gauza bat delarik. Hortaz luza
joango ginateke eta ez da egungo xedea.
Azkenik, Estatutuaren 22. artikulua
aipatuko nuke, zeinetan hiru lerrokadetan hiru gai interesgarri
aipatzen baititu: bata, Autonomi Erkidegoen arteko banaketa hitzarmenak
egin ahal izatea, beraien konpetentzia soil diren zerbitzuen
gestioa egiteko eta elkarri laguntzeko. Orobat, Autonomia Erkidegoak
hitzarmenak sor litzakeela beste herrialde historiko foralekin,
beraien konpetentziagai diren zerbitzu gestioa egiteko eta elkarri
laguntzeko. Bi horietan ikusten da argi eta garbi, Nafarroako
Foru Erkidegoarekin eta Nafarroako Foru Diputazioarekin, biak
baitira gauza bera, hitzarmenak egin ditzakeela Nafarroak, bai
Eusko Jaurlaritzarekin eta bai beste diputazioekin ere. Nahi
izanez gero eta zer behingoa hizkuntza eta kultura baino. Hizkuntzan
adibidez, bi adibide jartzeagatik, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza,
lau diputazioak sortuak baitira. Ez direla behar adina gauzatu
arazo puntualetatik kanpo, ez dela "Taalunie" erakunde
gisako bat sortu, ez da Estatutuaren faltaz, indarren korrelazioak
nondik nora joan diren, estrategi amankomunik indar euskaltzaleak
ez dutela izan, eta, indar estatalistak eta bereziki, nabarristak,
izan dute estrategia maltzurragoa, irabazle atera dela. Jose Luis Lizundia
Askondo, Euskaltzaindiko Idazkariorde Kudeatzailea eta parlamentari
ohia |