Carmelo Bernaola oso pozik dago azken
hilabeteetan jaso dituen omenaldiekin. "Pozgarria da norberaren
meritu txikiak goraipatu izana. Alderantzizkoa esatea gezurrezko
apaltasuna izango litzateke".
Euskal Herriak musika garaikidean duen konpositore ezagunetarikoa
dugu Carmelo. 1929an jaio zen Otxandion (Bizkaia), eta Euskal
Herritik kanpo urte franko egin dituen arren, ez du galdu bere
gurasoengandik jasotako euskara. Edonola ere, berak hobekien
ezagutzen duen hizkuntza erritmo eta notena da. Hainbat galdera
egin dizkiogu Carmelori. Has gaitezen "piano piano".
-Italian, Frantzian eta
Alemanian ikasi duzu, eta askotan esan da, Europan musika irakaskuntzaren
plangintzak hemengoak baina hobeak direla. Egia al da? Nire ustez, musika
plangintzek ez dute garrantzi handirik. Garrantzitsuena, irakasle
onekin ikastea da. Espainiar estatuan, plangintzek agintzen dutena
ikastearekin nahikoa dela uste da. Nire ustez, hori ikasteko
modu kaskarra da. Musikaren arloan aurreratuago dabiltzan herrialdeetan,
Alemanian eta EEBBetan esaterako, irakaskuntza askeagoa da. Herrialde
horietan, irakasleen beharrei, ezaugarriei eta talentuari egokitzen
zaie irakaskuntza. Esaterako, ikaslearen ezaugarri teknikoak
direla eta, irakasleek Mozart edo Chopin ikastea agintzen diote.
Nolanahi ere, ez dago plangintza zehatzik. Leku horietan, irakaskuntza
hobea izan daiteke, baina ez plangintzengatik, tradizioa dagoelako
baizik. Hala ere, ez gara munduko azkenak. Musikaren arloan oso
ondo egiten diren gauzak ere badira Espainiar estatuan. Euskal
Herriaren kasuan, gaitasun handia dago musikarako, eta jendeak,
bidean oztopo franko aurkitzen duen arren, aurrera egiten du.
Gauzak hobeto egin zitezkeen, baina tira!
-Hala ere, gazte askok
jotzen du kanpora ikastera. Zer dela eta? Kanpora joanez gero,
gauza asko ikasi eta, batik bat, beste irizpide eta pentsamoldea
duten herrialdeetako irakasleekin harremanetan jartzeko aukera
dago. Nire ustez, hori guztia oso ona da. Aniztasuna onuragarria
da. Niri erabaki hori oso zuzena iruditzen zait, kanpoan, hemen
egin ezin diren gauzak egin daitezkeelako.
-Zer
egin daiteke kanpoan hemen egin ezin denik? Hemen, musika irakaskuntzaren
tratamendua ez da zuzena. LOGSEarekin, Goi Mailako Musika Irakaskuntzarena
sortu da. Nire ustez, LOGSEa bera, desastre hutsa da, maila guztietan.
Horrez gain, zer da goi mailako irakaskuntza? Musika, musika
besterik ez da, eta horixe da ikasi behar dena. Goi mailako irakaskuntzarena,
burugabekeria iruditzen zait. Nolanahi ere, ez dut uste, LOGSEaren
hutsuneak aztertzea merezi duenik, luze joko genuke eta.
-LOGSEren arabera, EAEko
hiribururen batean Goi Mailako Musika Eskola zabaldu behar da.
Non kokatu hori, eta zein irakaskuntza irizpiderekin antolatu?
Nire ustez, okerra da EAEko Goi Mailako Musika Eskola egitea.
Nik ez nuke inolaz ere, EAEn, Goi Mailako Musika Eskolarik egingo.
Espainiar Estatuan mota horretako bi zentro edukitzearekin nahikoa
da. Zer erakutsiko litzateke hemengo zentroan?. Gainera, ezaugarri
horietako zentro bat eraikitzea diru asko kostatzen da. Irizpideei
dagokienean, ez dut uste plangintza zehatzik behar denik. Beharrezkoena,
irakasle onak edukitzea da. Horixe da guri falta zaiguna. Badira
maila paregabea duten irakasleak, baina behar bada, kopurua ez
da nahikoa. Muga batzuk ditugu.
-Arrazoi ekonomikoak al
dira mugatze horren errudunak? Arrazoi ekonomikoek
erru handia dute. Musikaren irakaskuntzan askoz ere gehiago inbertitu
beharko litzateke. Horrexegatik diot, goi-mailako zentroek ez
dutela zentzurik. Zertarako behar dira? Orain arteko lan ildoari
jarraitzeko, baina beste gauza batzuk erakutsiz?. Horrek ez du
esan nahi musika eskoletan erakusten dena gaizki dagoenik. Goi-mailako
irakaskuntzaz ari naiz. Bestelako eskoletan irakasten dena, ondo
dago. Horren adibide da, hemen musikariak sortzen direla eta
horiek kanpora ikastera jotzen dutenean maila paregabea lortzen
dutela. Gauza bat dira LOGSEarekin sortu diren musika eskolak,
eta beste bat, Gasteizko Musika Eskola edo beste hainbat tokitan
daudenak. Gasteizko Musika Eskolak, esaterako, antz handia du
Europan dauden musika eskolekin.
-Batzuk
kanpora doaz ikastera. Beste batzuek, ordea, kanpotik etortzen
zaizkigu, Euskadiko eta Bilboko Orkestra Sinfonikoetako interprete
asko esaterako. Ez al da hori makal samar gabiltzanaren seinale?
Onena, tokian tokiko musikariak izatea izango litzateke. Haatik,
musikaririk ez badago, zerbait egin beharra dago. Ildo horretan,
azken 20 urteetan talentu handiko jendea sortzen ari da. Beraz,
hemendik urte batzuetara egonkortasuna lortuko dugula uste dut.
Dena dela, kanpoko musikariak edukitzea, ez da txarra. Izan ere,
hemengo interpreteek, asko ikasiko dute kanpokoengandik. Agian,
proportzioetan behar da oreka. Hori ere iritsiko da. Mailako
musikariak baditugu, musika zentroetan ondo irakatsi behar da.
-Askoren iritziz, azken
hamarkadetan, musikak, zentzu zabalenean, aurrera egin du: orkestra
eta interprete gehiago ditugu, jaialdi berriak sortu dira. Zein
balorazio egingo zenuke? Trantsiziotik hona,
asko irabazi dugu. Aldaketa handia nabaritzen da. Diozun legez,
gauza asko egin dira: orkestra gehiago dago, azpiegitura berriak
eraiki dira....
-Azpiegitura berriak aipatu
dituzu. Euskalduna Jauregia edo Kursaaleko Auditorium-a beharrezkoak
ziren? Oso beharrezkoak
ziren. Batzuek, horiek eraikitzea oso garestia dela diote, eta
hori, beharbada, egia izan daiteke. Nolanahi ere, dirua badago,
oso ondo iruditzen zait horiek eraikitzea.
-Ez al litzateke azpiegituretara
zuzendutako diruaren zati bat irakaskuntzara bideratu beharko? Ez dakit. Beharbada,
hobea da azpiegiturak eraikitzea, errentagarriagoa izan daitekeelako.
Beraz, hortik ateratako diruak beste hainbat gauza egiteko aukera
ematen du, adibidez, irakaskuntzan inbertitzeko.
-Beste gai bati helduz,
diozunez, multinazionalek ez dute musika garaikidea plazaratzen.
Jarrera horren atzetik irizpide ekonomikoak ezkutatzen al dira? Bai. Klasikoen eta
erromantikoen ondorenekoa eta aurretikoa, ez da ezagutzen. Musika
garaikidea ezezaguna da, multinazionalek inpresionismoaren ondoreneko
gauza gutxi kaleratzen dutelako. Gauza bera gertatzen da barrokoaren
aurretikoarekin. Zer ezagutzen dugu berpizkunde garaietatik?
Ezer gutxi. Nork ezagutzen ditu Guerrero edo Vitoria? Jendeak
ez du horien izena ezagutzen. Beraz, multinazionalek ez dute
horien musika plazaratzen.
-Multinazionalen jarrera
horrek ezjakin egiten gaitu? Plazaratzen dutenaren kontsumitzaile
hutsak gara? Zalantzarik gabe,
bai. Oro har, multinazionalek etengabe saltzen duten musikaren
kontsumitzaile da jendea, besterik ez. Euskarri elektronikoak
sortu direnetik Beethoven, Bach, Mozart eta beste batzuk bakarrik
plazaratu dituzte multinazionalek. Autore garaikideak itzalean
geratu dira.
-Jaialdi
eta ekitaldietako egitarauetan ere, batik bat, aurreko garaietako
musika interpretatzen da. Zer egin liteke musika garaikidea ezagutarazteko? Egitarauetan musika
garaikideko obrak sartu. Ez dago musika garaikidea bultzatzeko
beste modurik. Musikari bat ezagun bihurtzeko, horren musika,
behin eta berriz entzun behar da. Programatzaileek musika guztia
programatu beharko lukete, ez bakarrik garai zehatz batekoa.
Beraz, musika garaikidea ere bai. Azken hori, nahi genukeen baino
gutxiago entzun ohi da.
-Euskarri elektronikoak,
musika konposatzeko ordenadoreak... Teknologiak musika egiteko
modua aldatu al du? Ordenadoreak zenbait
gauza egiteko tresnak dira. Nolanahi ere, ordenadoreak ez du
konposatzen. Konposatzen duena musikaria da. Nire ustez, praktikotasuna
ekartzen duten berrikuntza guztiak onak dira. Aurrerakuntza onuragarria
da, bizitzako gauza guztietan.
-Zein iritzi duzu gaur
egun egiten diren musika estiloez: Rock-a, rap-a, musika elektronikoa...? Ez dut musika hori
entzuten. Beraz, ezin dut horren inguruko iritzirik eman. Etxean
disko asko ditut, oparitzen dizkidatelako, baina nik ez ditut
diskoak entzuten. Ni, ahal dudan neurrian, kontzertuetara joaten
naiz. Nire ustez, zuzeneko musika bakarrik da musika. Musika
unean bertan sortzen ari dena da, erlazio multzo bat da, eta
erlazio horiek ekoizten ari diren momentuan ematen dira.
-Bestelakoa hilik dagoen
musika dela deritzozu... Musika handia jotzen
ari den bitartean egiten da. Gainerakoa, hilda dago. Nire ustez,
musika zuzenean entzun behar da. Horretarako daude orkestrak,
eta ez diskoak grabatzeko.
-Behin esan zenuen txistua
ez zela musika eskolan erakutsi beharko. Nire ustez, txistua,
dultzaina, esku-soinua... ez lirateke musika eskola ofizialetan
irakatsi beharko. Tresna horiek herrikoiak dira, eta beste estadio
batzuetara eraman nahi izatea, erru bat da. Txistua, dultzaina,
esku-soinua....oso ondo jotzen ikasi behar dira. Hala ere, musika
eskoletan goi mailako musika erakutsi behar da, orkestra handiek
eta interprete handiek egiten dutena.
-Non irakatsi beharko lirateke
orduan instrumentu herrikoiak? Zein izango litzateke alternatiba
egokiena?
Hori ez dut nik esango. Ni, txistu azterketa
egin behar duen ikasleak egile klasikoen musika jo behar izateak,
erabat harritzen nau. Benetan harrigarria da. Horrek ez du esan
nahi, txistua gogoko ez dudanik. Are gehiago, euskal herritar
izanik, hunkigarria iruditzen zait. Hori bai, urruntasunean entzuten
dudanean, hau da, erromerian, euri artean, edo txistularien alarde
batean, baina ez musika eskolan. Goi-mailako musikak oraindik
ez du txistua erabili. Beraz ez diot zentzurik aurkitzen, folklore
instrumentuek musika zentroetan lekua edukitzeari. Musika herrikoiari
beste dimentsio bat eman beharko litzaioke. Egia da, instrumentu
horiek ikaragarri ondo jotzen duten musikariak badirela. Haatik,
hori, beste kontu bat da.
-Espainiako Autoreen eta
Editoreen (SGAE) elkarteko aholkularia zara. Zein da elkarte
horren gaur egungo egoera? Elkartearen funtzionamendua
oso ona da. Hori dela eta, nazioarte mailan, elkartea eredugarria
da. Gure egitekoa, autore eskubideak banatzea da, eta hori oso
ondo egiten dugu. Munduko herrialde askotako autoreen elkarteek
espainiar elkarteari erreparatzen diote.
-Aurten elkarteak autoreen
eskubideen aldeko hainbat eskaera egin ditu. Autore eskubideen
banaketarako araudia egokia ahal da? Autoreen banaketa
eskubideei buruzko araudia ondo egina dagoela iruditzen zait.
Noski, gehiago emango baligute, askoz hobeto. Dena dela, horretan,
gauza gutxi egin dezakegu, izan ere, araudi hori amankomuna da
Europa mailan. Europako direktibek agintzen dute nola egin behar
diren gauzak. Ez dezagun pentsa, eskubideen banaketarako araudia
Espainian asmatutako zerbait denik.
-Zinemarako eta antzerkirako
konposatu izan duzu. Zer nahiago duzu musika aplikatua ala bestelakoa? Oso gauza ezberdinak
dira. Aplikatzen den musikaren helburua, adierazpen artistiko
baten lagungarri izatea da. Lan egiteko orduan nahiago dut sorkuntza
musika. Hori, edozein konposatzailek esango lizuke.
-Musika aplikatuari dagokionean,
enkarguz lan egiten duzu.
Zeintzuk dira enkarguz lan egitearen alde on eta txarrak? Hori enkarguaren
araberakoa izaten da: noiz egiten dizuten, eta zein motatako
eskakizuna den. Hala ere, enkarguak, neurri handi batean, behartu
egiten zaitu. Bestetik, ni nahikoa perfekzionista naiz. Hori
dela eta, lana bukatu artean, aldaketa ugari egiten ditut. Beraz,
hori guztia, enkarguz lan egiten ari zarenean, ez da txarra lana
bukatzeko epe zehatz bat duzulako.
-Musika sortzeko orduan,
zein da zure inspirazio iturria? Ez dut ezagutzen
inspirazio anderea. Sortzeko pentsatu egin behar da, ostean lanean
hasteko. Baudelairek zioen, inspirazioa eguneroko lana zela.
Bestalde, askoren iritziz, artea egiteko orduan zintzotasuna
falta da. Ildo horretan, Ravelek zintzotasunaren izenean, artearen
historian tontokeria asko egin direla zioen. Ni, bat nator Ravelek
esandakoarekin. Zer da zintzotasunaren kontu hori?. Artea, artea
da.
CARMELO BERNAOLAREN MELODIAN
BARRENA
Carmelo Bernaola (1929-7-16), gazte gaztetatik
hasi zen musika ikasten. Gasteizen, Madrilen, Roman, Parisen
eta Alemaniako hainbat hiritan ikasi zuen, garaiko maisu handienekin,
hala nola, Evangelista, Celibidache, Siena, Petrassi eta Maderna.
20 urterekin Burgos-eko Orkestra Sinfonikoko zuzendari izendatu
zuten.
Hortik aurrerako bere ibilbidea
arrakastatsua da. Bernaola, beste hainbat gauzaren artean, klarinete
jole, pedagogo, Gasteizko Jesus Guridi Musika Eskolako zuzendari
eta atzerrian irakasle izan da.
Musikaren esparru guztietan egin du lan: Ganbara, sinfonikoa,
kantatak, musika elektronikoa, musika aplikatua...
Bere obren zerrenda luzea da: "Trio Sonatina" (1954),
"Suite divertimento" (1956), Juan Ramón Jiménez
poemetan oinarritutako "Tríptico de canciones"
(1975), "Constantes" (1961), "Piccolo Concierto"
(1960) eta "Jarraipen" (1967), besteak beste.
Musika aplikatuaren alorrean Antonio Mercero, Basilio Martín
Patiño, Giménez Rico eta beste hainbat zuzendarirekin
lan egin du. Berak sortutakoa da telebistan eta zineman ikusi
ditugun hainbat telesail, filma eta dokumentalen musika: "Numancia",
"Verano Azul", "La clave"...
Ezin aipatu gabe utzi, Otxandioko maisuak antzerki musikatuan
egindako lana: "La feria del come y calla", "Los
siete infantes de Lara", "El burlador de Sevilla",
"El pájaro azul", "Las mujeres sabias"...
Egun, Carmelok zuzendari postu bat du "Real Academia de
Bellas Artes de San Fernando" delakoan. Horrez gain, Madrilgo
Musika Eskolako katedraduna, Complutense Unibertsitateko "Honoris
Causa" doktorea eta nazioarteko zenbait musika lehiaketako
epai-mahaikidea da.
Musika garaikidearen alorrean egindako lanagatik hainbat sari jaso
ditu. Jarraian datozenak, horietako batzuk baino ez dira.
-Roma saria (1962)
-Musika Sari Nazionala (1967)
-Musikari gazteen Kamara Saria (1968)
-Zinemarako Musika Obren Saria (1968)
-Goya Saria (1992)
-Gasteiz Hiriko Urrezko Domina
-Madrilgo Udaleko Bellas Artes domina
|
Argazkiak:
Ainhoa Irazu
Euskonews
& Media 50.zbk (1999 / 10 / 15 - 22) |